Katebegia
Hasiera » (C)politika » Lurralde Elkargoaren (h)arian
Urt14 0

Lurralde Elkargoaren (h)arian

Atalak: (C)politika, Ekonomia

 

Ipar Euskal Herria, Europa berrian agian!

Ipar Euskal Herria, Europa berrian agian!

 

Iparraldeaz: 1. partea

Gogoeta honen abiapuntua Industria Ipar Euskal Herrian erreportajean dago.

Lehen ondorioa: Lurralde Elkargo baten bidez, Ipar Euskal Herria aiseago eraikiko da/dugu. Dudarik ez.

Alabaina, anartean –Euskal Herri osoa hizpide–, hiru egitura administratiboek bereiz garatu beharko dituzte euren politikak oraindik ere, eta urte luzetan. Hau da, EAEk, Nafarroak eta Iparraldeak datozen 30 urtetan bereiz eginen dute bide. Besterik da, hegoaldeko erkidegoen autogobernu maila –marko juridiko-politikoa– nolakoa izanen den, eta Hegoaldeko bi erkidegoek eta Iparraldekoak (artean ez dute onartu, ametsa ameskeria ez dadin izan bederen) zein harreman instituzional mota partekatuko duten.

Dena dela ere, irudikatu ditzagun 30 urte buruan, Estatuen Europaren baitan, hein batean, edota horren ordez, Herrien Europa antzematen hasten dela: Eskozia, Flandria, Katalunia, Euskal Herria herriak aitzindari izaki.

– Hara luze joan haiz.
– Eta, artean zer?

Iparraldetik eta Iparraldeari begira hauxe:

1/ 30 urte luze joan dira EAEko eta Nafarroako Autonomia Estatutuak onartu zirenetik. Bi autonomien erakundetzea, alegia. Iparraldean Lurralde Elkargoa izan arren, areago Frantziako Estatu zentralistan, botere politiko horrek ez du tokian tokiko herritarrek behar duten politika egiteko adinako eraginkortasunik izanen. Izanez ere, ez du Hegoaldeko erkidegoen autonomiaren maila izanen.

2/ Tokian tokiko herritarrek (abertzaleak edo frantximentak izan) behar duten politikak tokiko ekonomia garatu behar du. Eta politika Iparraldean, batez ere, ekonomia da. Iparraldea herri kolonizatua da; “Hegoaldea” ez bezala, kakotxen artean nahi baduzu. Hots, ez du berezko ekonomiarik garatu aro modernoan. Herritarrak “sozialki” kolonizatua(go)ak eta “kulturalki” asimilatua(go)ak izan dira Hegoaldean baino. Frantses Iraultzaren eta II. Mundu Gerraren eraginpean heziak. Politika ekonomia da, beraz. Horra Iparraldeak nozitu duen lehen burujabetasunaren desjabetzea. Halaber,  desjabetze sozio-politiko-ekonomikoarekin batera Estatuaren bertze xede  nagusia euskararen desagertzea izaki.

3/ Horiek horrela, ETAren aroa amaiturik, Iparraldeko Batasuna deseginik, ezker abertzalea, EH Bai aukeran bildurik, jendartearen eraldaketarako motor politikoa izanda ere, abertzaletasunak (Estatu kolonizatzaileak emaniko Lurralde Elkargo instituzio horretaz harago) jendarteko ekimenen eta eragileen bidetik politika egiten ikasi beharko du, politika molde arrunt instituzionalaz harago lanean ariz. Ez da gauza berria, halaxe egin baitute funtsean “politika” abertzaleek azkeneko 40 urteotan. Alabaina…

4/ Abertzaletasunak eskuin-zentroko (UMP-Modem)  eta ezkerreko (PS) alderdieetan eragin du oraingo egoerara iristeko eta Lurralde Elkargoa eskura ahal izateko. Alta bada, aitzinatzean, horien alternatiba politiko izatetik urrun betiere, instituzioetan politika egitea baino lurreko politikan areago errotu beharko da, kolonialismoaren sustraiak erauzten hasiko badira.

5/ Europako eta Frantziako egiturak berritzen ari diren arren (baikor erranik), Estatu gabeko herri baten egungo emantzipazioa Estatu klasikoen egituren ildoan baino, herri ekimenetik jalgitzen diren egituren bidez gauzatuko da, gauzatuko bada.

Hara, aipatutakoak axiomak dira. Luze joan zait. Bihar, etzi edo etzi damu, bigarren partea. Aspertu gabe, hobe!

 

 

 

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Mikel Asurmendi

1958an jaioa. Zumarragarra eta urretxuarra, nahiz batzuentzat ezinezko bitasuna izan. ARGIAko kazetaria. Politika esparrutik literatura eremura doan jendarteko gaiak jorratzen ditut normalean, Hendaia munduaren epizentroa izaki.

Jarraitu @masurmendi @masurmendi(r)en Txioak

Kategoriak

  • (A)iruzkin literarioak
  • (B)literatura
  • (C)politika
  • (D)kulturgintza
  • (E)gizartea
  • (H)endaika
  • Antzerkia
  • Artea
  • Azpiegiturak
  • Bertsolaritza
  • Dantza
  • Ekonomia
  • Energia
  • Erlijioa
  • Euskara
  • Hedabideak
  • Hezkuntza
  • Historia
  • Hizkuntzak
  • Jaiak
  • Kirola
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Politika saioak
  • Sailkatugabeak
  • Zientzia eta teknologia
  • Zinema

Azken bidalketak

  • Badago zertaz lotsatu, baita zertaz beldurtu ere
  • Arbolaren Egia: politikak ez du egia esaten, poesiak agian!
  • Erremediorik ez dute, guk ere ez
  • Lau libururi aitorpen laua
  • Ene motzean, eta uste zuloan

Iruzkin berriak

  • Erremixio(e)k Ahal deneraino bidalketan
  • Mikel Asurmendi(e)k Jon Etxabe Garitazelaia: “Elizak erantzukizun handia izan zuen Zamorako kartzelan gertatuaz”. bidalketan
  • unai(e)k Jon Etxabe Garitazelaia: “Elizak erantzukizun handia izan zuen Zamorako kartzelan gertatuaz”. bidalketan
  • Mikel Asurmendi(e)k Beñat izeneko bati… (Nazioa kontu naturala da…) bidalketan
  • Eneko Aizpurua(e)k Beñat izeneko bati… (Nazioa kontu naturala da…) bidalketan

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA