Malen Aldalur
Gaztekeriak gaiztakeriak izan daitezke sarri, baina ez beti. Gaztea ez da gaiztoa, bihurria baizik. Gazteak badu mundua aldatzeko nahi bat, mundua hobetzeko motibazio bat. Gazteez mintzatuko naiz blogean baina ez gazteentzat bakarrik, baita behin gazte izan zirenentzat eta gazte izango direnentzat ere. Ongi etorri denok gaztetasunerantz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Beatriz Casado, Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala | Gaitzerdi(e)k Formakuntza politikoa, ezinbestekoa herri mugimenduetan bidalketan
- Paula del Cid, Guatemalako Alianza Feminista: “Arrazismo estrukturala ikusarazteko arazoak ditugu” | Gaitzerdi(e)k Formakuntza politikoa, ezinbestekoa herri mugimenduetan bidalketan
- Paula del Cid, Guatemalako Alianza Feminista: “Arrazismo estrukturala ikusarazteko arazoak ditugu” | Gaitzerdi(e)k Herri mugimenduen menua osatu nahian bidalketan
- Beatriz Casado, Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala | Gaitzerdi(e)k Herri mugimenduen menua osatu nahian bidalketan
- Zwordz(e)k Kaiolan, aske edo preso? bidalketan
Artxiboak
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
Aurpegiak biluzten
Atalak: Gaztekeriak
Angel Errok Berria egunkarian idatzitako iritzi artikulu bati tiraka iritsi naiz hemen biluztera. Aspaldion konturatu naiz ez dakidala nor naizen, edo agian ez dudala jakin nahi. Filosofikoegi jartzeko inongo asmorik gabe, aitortuko dut ez naizela pieza bakarreko pertsona, nire sustraiak arantzen eta loreen helduleku direla. Faltsukeriatzat hartzen da maiz aurpegi ezberdinak erakustea; konfesatzen dut nik bat baino gehiago ditudala, eta espero dut zuek ere baietz.
Ez naiz oraino jabetu zerk bultzatzen nauen era batera edo bestera jokatzera; izan liteke, egoera, giroa, aldartea, edo ziurki uneko konpainia.
Gurasoekin zakarra naiz, konfiantzak eta “maitasun eternaok” ematen baitute horretarako tartea. Inguru sozialeko eta afektiboko bestelako lagunekin ez bezala gurasoekin ez naiz itxurakeriatan ibiltzen, eta alboratu egiten ditut kortesiazko galderak eta behartutako irribarreak. Aiurri txarrekotzat naute amak eta aitak, eta ez da harritzekoa, sarri astean bildutako haserre guztiak okatzen baitut etxera iristerakoan. “Kanpo arrosa” naizela esaten didate askotan, eta dakigunez, arrosa guztiek dituzte euren arantzak; nik nereak etxean uzten ditut.
Beno, ez da guztiz egia, bada bigarren familia bat. Familia bat diot ia behartua dela esatera ausartuko nintzatekeelako. Tonbolan tokatutako nukleo estruktural eta (des)egonkor horri buruz ari naiz, kuadrillaz alegia. Biziki maite baditut ere, maiz ezagutu dituzte nire arantza(txoa)k. Alta, ausartuko nintzateke esatera eurak direla nire aurpegi gehienak ezagutu dituztenak, preseski, badutelako zerbait familiatik eta zerbait lagunetik. Negarrez ikusi naute pozaren pozez eta penaren penaz. Gutxitan ikusiko ninduten haserre eta nire onetik aterata. Lasaia naizela esango lukete agian, eta alaia ere bai gehienetan. Inoiz ezetz esaten ikasi ez duen eta ikasiko ez duen pertsonatzat naute, jakin baitakite baietza beti izaten dela errazagoa niretzat (etxean izan ezik).
Bizilekuak, adinak eta ikastola berdinera joan izanak elkartu nauen lagun talde horrez gaindi sortu dut inguruan bestelako lagun sare bat. Unibertsitate garaian herritik kanpo pasatutako lau urteetan eta etxetik kanpo bizitzea lortu dudan azken honetan beste “ni” bat eraiki dut. Txikitako etiketa, anekdota eta bestelakoetatik askatu izanak ematen dizun libertatetik sortu dut aurpegi berria. Garai horietan ezagutu nauenak usteko du irekia naizela, alaia, parradazalea. Bakarren batek lotsagabetzat ere izango nau; eta zoritxarrez ez dute denbora asko behar izan nire despiste eta baldarkeriez ohartzeko.
Bikotelagun izan dudan norbaiti galdetuta, espero dut, maitekor eta goxotzat izango nauela. Ziurki, baita burugogortzat ere, behin baino gehiagotan entzun behar izan baitut halako kexurik. Errez haserretu eta errez adiskidetzen naizen horietako naiz, momentuan lehertu arren denbora gutxi behar izaten dut berriro lehengora bueltatzen.
Ohelagunekin berriz, aldi berean izan naiteke lotsati eta lotsagabe. Aurpegia desberdina izan liteke (literalki ere bai) alkohola tartean badago edo ez. Agian ez naiz berdina larrua jo aurretik eta gero. Normalean hizketan bizi eta abil ibiltzen banaiz ere, mihia errez nahaspilatzen zait halakoetan. Zuzena izan naiteke batzuetan eta zeharkakoegia besteetan eta maiz intimitatearen mugak hausten ditut, oraindik ze aurpegi erakutsi erabaki aurretik.
Beraz, ez dakit benetan zein naizen: Etxeko otsoa, parrandazalea, lotsagabea, burugogorra edo bestearen gosez norbere burua irentsi duena.
Laboaren abestiak dioen bezala baliteke denak eta inor ez izatea. Dena den, kontuz, gehienetan aurpegiak erakusten baldin baditut ere, noiz edo noiz badakit ipuerdia erakusten (momentuz bakarra).