Ene, euli bat!
Liburutegiko lau paretak gainera jauzten zaizkizula sentitzen duzun unean ageri da beti. Ez dakizu zergatik baina normalen hain nazkante iruditzen zaizun intsektu hori inoiz baino atseginago zaizu. Bizitzari kolorea eman nahian apunteak urdinez, berdez eta horiz azpimarratu dituzun horretan zeure burua harrapatu duzu begirada noraezean galduta. Ohartu gabe bista altxatu duzu hain aspergarri zaizun ikasgaitik eta puntu batera begira geratu zara, edo bistarekin zure ingurura etorri berri den euliari begira. Baina ez zara ohartu.
Normala baino kafe dosi handiagoarekin ekiten diozu goizeko saioari, goizekoari edo, ordu horretan oraindik oilarrak ere ez dira kukurrukuka hasi. Azken momenturako dena usteak egunsenti asko oparitzen dizkizu. Bai, badakit zu ere horietakoa zarela. Urteko beste garaietan ez bezala, goizeko zazpiretan Facebooka topera egoten da. Baina eutsi gazte, agian gaurko deribatuak biharko asmakizun bilakatuko dira.
Bitxia da gero liburutegiko habitata. Aurrean, ura lagun bakar duela, apunteetan jo eta ke bost orduz bere aulkitik jaiki ez den neskatoa. Motots bat ipurdiraino eta betaurreko handiekin. Ezkerrean, hiru lagun, elkarrekin ikastera etorri direnak. Ordu erdiro atsedenaldia eta bost minuturo hizketaldi txikiak elkarri egindako aurrerapenak kontatzeko. Eta eskuinean, liburutegian inoiz falta ezin den bikotetxoa. Muxu bat handik, beste xirri bat hemendik, barretxoak minuturo.
Apunteetan argazkiak ageri bazaizkizu (suertekoa zu), dagoeneko bibotez eta betaurrekoz josi dituzu, seguru. Politikan zein ekonomian hain famatu egin den emakume edo gizon horri ezapainak pintatu dizkiozun unean ohartu zara usteko ordua dela. Zeure buruari esan zenion demokrazia zer den apunteetan ikasi beharrean hobe zenuela larunbateko manifara joan. Já! manifara joan ez bazina larunbat arratsean ikasiko bazenu bezala.
Eutsi gazte, Eutsi! Euliak lagun ditugu. Jarri bibotea Margaret Tatcherri eta pintatu ezpainak Stalini.
aupa malen!!