Korsikako FLNC berriz ere armak hartzeko prest da
Korsikaren independentzia aldarrikatzen duen FLNC erakundeak oharra bidali dio Frantziako Estatuari: Berriz ere armak hartzeko prest dira Estatuaren aurka. Corse Matin egunkarira bidali dute sei orriko agiria, Manuel Valls Barne Ministroa uhartean zela baliatuz.
“Ez dugu sekula halako kaos egoerarik ezagutu. Langile duinak mehatxatu egiten dituzte, beren lanabesak eta beren bizitzak askotan suntsitu. Gizon eta emakumeak arrazoi ilunak tarteko hiltzen ari dira, edozein dela ere beren funtzioa. Zigorgabetasun osoz ari dira eraso egiten hemengo enpresariei, emakumeei, abokatuei, hautetsiei eta langileei”.
Frantsesez idatzitako agirian diote azken urteetan borroka armatuaren intentsitatea murriztu dutela, baina ea zein den Frantziaren partetik jasotako erantzuna. Uhartean dauden mafia sareak mugimendu korsikarra desagerrarazteko helburuarekin Frantziako estatuak bultzatu dituztela uste dute. Frantziak azken 200 urteetan korsikarrenganako izan duen jarrera kolonialista ere etengabe salatu dute komunikatuan.
Vallsek, agiria idatzi aurreko egunetan korsikar hizkuntzaren ofizialtasuna ez zutela onartuko esan zuen. Abertzale korsikarren eskaera historikoa da hori. Erantzun gisa, Corsica Libera alderdiko kideek ministroari ongietorririk ez egiteko aldarrikatu zuten, Corsica Infurmazione gunean irakur daitekeenez.
“Valls maisua da dena nahasten, beti bezala maila berean jartzen baititu hilketa beldurgarriak eta demokrazia guztietan lekua duten manifestazioak. 40 urtean bere aurreko guztiak bezala, (…) autoritate ekonomikoaren menpe dago eta jendearen benetako arazoak saihesten ditu. (…) Korsikarren gehiengoak babestutako gure hizkuntzaren estatutu ofizialaren aurka Manuel Vallsek egindako adierazpenak betiko leloa dira. Badakigu ministroaren bisitak ez duela ezer berririk ekarriko eta Corsica Liberako kideok harrera inutil honetan ez dugu parte hartuko”.
FLNC ofizialki 1976an sortu zen eta Korsikaren independentzia aldarrikatzen du. Erakunde honen erasorik ohikoenak uharteko higiezin-enpresen interesen eta estatuaren aparatu ofizialen aurkakoak izan dira. Hemen ikus daiteke urtez urte egindako erasoen zerrenda. Guztira 9 heriotza eragin dituztela irakur daiteke Wikipedian. 2012ko uztailetik ez zuten atentaturik egin. Orduan ere, udatiarrentzat eraikitako hainbat bigarren etxeen aurkako erasoak egin zituen.
“Frantziak gure herriaren suntsiketan rol aktiboan jarraitzen du oraindik. Horregatik, edo neurriak hartzen ditu Korsikan bi mende eta erdiz egiten ari den kudeaketa penagarriaren eraginak konpontzeko edo bestela, armak hartuko ditugu berriz ere Frantziak gure eskubide nazionalak onar ditzan”, adierazi dute.
Informazio gehiago:
FLNC eta Korsikako abertzaletasunaren historia era eskematiko batean azalduta.
Joan den maiatzean ikusi zuen argia FLNCko kide izandakoak elkarrizketatuz egindako dokumental honek. Osorik ikus daiteke frantsesez.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks