Ken Loach film guztiak YouTubera igotzen ari da
Ken Loach zinema zuzendari ingelesak pausu bat egin du aurrera. Bere film guztiak, astean bat, YouTuben prestatu dioten youtube.com/KenLoachFilms kanalera igotzen ari da. Oraingoz Poor Cow (1967), Kes (1969), Riff-Raff (1990) eta Cathy Come Home (Telebistarako prestatutako filmea, 1966), Hidden Agenda (1990) eta Ae Fond Kiss… (2004) jarri dituzte ikusgai. Laster ikusiko dugu zinema zuzendari gehiago antzeko jokaldia egiten.
Oraingoz ez dute inongo azpititulurik, baina azkar konponduko dute hori. Kanalean bertan jendeak egindako iruzkin gehienak azpititulu eske idatzitakoak dira, eta YouTubeko hauek ez direnez batere tentelak, laster jarriko dizkiote (eta gehienen azpitituluak behintzat idatzita daude DVDetan).
ARGIAko zinema aditu Mikel Garciari zuzendariaren film batzuk gomendatzeko eskatu diot blog honetako irakurlearentzat esklusiban. Hauxe bere hautua: Black Jack, My Name is Joe, The Wind that Shakes the Barley eta Looking for Eric (Eric Cantona futbol jokalari ohia agertzen da film honetan). Axier Lopez lankide eta saltxeroak Land and Freedom, The Wind that Shakes the Barley, Raining Stones eta My Name is Joe gomendatu dizkit, elkarrizketa entzun baitu. Adi egon beraz noiz igotzen dituzten perla hauek!
Erabiltzailearen ikuspegia alde batera utzita, hori poza edukiko dutena Google-eko goi karguek (Google-k erosi zuen YouTube) Ken Loachekin tratu honetara iritsi izanagatik. Azken aldian Vimeo, Blip.tv eta zuzeneko bideoak emititzeko aukera ematen duten bideo sistemak asko hedatzen ari baitziren, eta nolabait, eremu honetan YouTuberen nagusitasunari itzal egiten hasiak ziren.
Oraingoz sarean jarrita dauzkanetatik Hidden Agenda gomendatzen dut: Belfastera Giza Eskubideen urraketak ikertzera joandako aktibista bat Britainia Handiko poliziak hiltzen du. Filma hemen txertatzen saiatu naiz, baina aukera hori ezgaituta dute, jendea Youtube-ra sar dadin eta horrela hauek Loach-i ordaindu dioten dirua bisitari kopuruan irabaz dezaten.
Aupa Loach! Nere zuzendari gustokoenetako bat! Ea euskarazko azpitituluak jartzen dizkiegun filmeei eta ETBko filmak antzarrak perratzera bidali!
Aupa Loach, bai!
Mila esker post honengatik! Hori bai, Loachen filmografiaz ari garela, ezin ahaztu Ladybird, Ladybird. Gogorra bezain zirraragarria!
Ken Loach bezalako zinegile gehiago behar ditugu, bai horixe!
Ez genituzke “It´s a free world”, “Sweet sixteen” eta “Raining stones” ahaztu behar… ETBn nekez ikusiko dugu halakorik.