Hasiera »
Kooperarock-en bloga - Kooperarock
Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Ekonomia Feminista eta zaintzak
2016-03-08 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ekonomia feministari buruz hitzegiten hasteko, deshazkundearen oinarrian dauden bi kontzeptu nagusietatik abiatuko gara: ekodependentzia eta elkardependentzia. Hau da, gizakiok, bizitzeko eta gainbizitzeko, bai mundua eta baita beste gizakiak ere zaindu behar ditugula onartzea. Era grafikoan azaltzeko, iceberg-aren metáfora erabiltzen da sarri. Izan ere, icebergaren hamarrena bakar bakarrik ikusten badugu ere ur kanpoan, bada urazpian ikusten duguna baino hamar aldiz handiagoa den izotz puska. Beno, ba esan dezakegu, horixe dela ere bizitza publikoa eta pribatuaren artean, edota ekonomia publikoa eta ekonomia pribatuaren artean dagoen lotura ere: Ordaindutako lana haintzakotzat hartzen duen gizarte batetan bizi gara “ikustezina” bilakatu ditugun lanak egunero eremu pribatuan egiten diren bitartean. Ekintza “ikustezin” hauen artean, hiru dira nagusienak: erreprodukzioa, zaintza lanak eta nekazari txikien lana. Etxe barruan gertatzen direnak, gehienetan emakumezkoen eskuetan daudenak eta gizarteak orohar baloratzen ez dituenak. Nahiz eta, hauei esker eta hauen gainean, lan ordaindua eta egungo sistema ekonomikoa oinarritzen den.
ENTZUN IRRATSAIOA ONDORENGO ESTEKAN:
Lehena, erreprodukzioa aipatu dugu, hau da, haurrak egin eta hezitzea, sistema kapitalistak hain maite dituen “giza baliabideak” edo errekurtso humanoak izateko. Arrazoi biologikoengatik eta kulturalengatik ere, prozesu honen zati handiago bat, emakumezkoen gain erortzen da.
Bigarren elementua, zaintza lanak dira. Gaixo, haur eta agureak zaintzea, bazkaria prestatzea, etxekolanak egitea… hauek ere, maiz, emakumeek egiten dituzte etxebarruetan… kulturalki “zaintzak” emakumeen eginbeharrak direla sinestarazi digutelako.
Eta azken elementua, gurean ez horrenbeste, baina hegoaldeko herrialdeetan ohizkoak diren nekazal txikien lanak dira, hau da, etxe ondoko baratz eta ikuiluetan etxerako lantzen diren lurrak eta zaintzen diren animaliak.
Erreprodukzioak, zaintzek eta nekazal txikien lanek egungo sistema ekonomikoaren iraunkortasuna bermatzen badute ere, sistema horrek ez ditu ez honartu ez saritzen eta, hori gutxi balitz, maiz emakumeak zigortu egiten ditu eremu publikoan, haurrak izateko garaian dauden emakumeak ez kontratatuz, urrutiagora joan gabe.
Kontsumoan oinarritutako egungo ekonomia heredu nagusiek, esparru pribatua, hau da, etxe barrukoan, kontsumitzaileak besterik ez dituzte ikusten, kontsumitzaile potentzialak besterik ez. Hau da, arropa hau edo beste, xaboi hau edo hura, erosiko dituzten giza seme-alabak. Horrela, egungo gizartean baloratzen den lan bakarra esparru publikoan egiten den ordaindutako lana da, etxeetan ere ekoiztu egiten dela onartu gabe. Izan ere, etxebarruak produzkio guneak bait dira, bizitza bermatu eta giza baliabideak sortzen direlako bertan, etxeko zaintzei esker ordaindutako lana posible bihurtuz.
Kooperatibigintzaren hastapenak: Arizmendiarrieta eta eraldaketa soziala
2016-02-23 // Kooperatibigintzaren oinarriak // Iruzkinik ez
Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz markinarra dago kooperatibigintzaren astapenetan. Luze hitz egin genezake berari buruz, gizon argia izan bait zen, bereizia, ezagutu zutenen hitzetan, bere garaiko pentsamendutik harat joan zena, bisionarioa akaso… bihotzbera eta gizatasunaren alde gizatasunez aritu zena.
Arizmendiarrieta, pentsalaria baino, ekintza gizona izan zen. Lanean egin zuen bizitza eta ez zuen ia idatzizko legadorik utzi. Bere pentsamenduaren inguruan gurera iritsi zaizkigun gogoeta gehientsuenak, berarekin lan egin zutenek jaso dituzte. Eta idatzizko hondare urri horren baitan, bada, Arizmendiarrietarentzako gizarte eraldaketa zer zen ondo laburbiltzen duen esaldi bat. Bere hitzetan, “Ez gara mundura mundua behatzeko jaio, mundua aldatzeko baizik”. Gizakiaren eta munduaren arteko lotura, Arizmendiarrietaren ustez, eraldaketa lotura bat da… hau da, gizakiak mundua aldatzeko erantzunkizuna duela. Eta nondik hasi eraldaketa hori?
ENTZUN IRRATSAIOA ONDORENGO ESTEKAN:
Kooperatibigintza, 50 urteko hamarkadan sortu zen Arrasaten, gerraondoan, diktadura testuinguru gordin batetan. Garai hartan familia gehienek ezin zituzten euren oinarrizko beharrak hase, bidegabekeria eta desberdintasun sakonak zituen gizarte baten baitan. Eta bidegabekeria eta gizarte desberdintasun horiek izan ziren, hain zuzen ere, Arizmendiarrieta bortizki kolpatu zutenak Arrasatera apaiz lanak egitera iritsi zenean. Gizarte egiturak aldatzea larria dela pentsatuko du, eta aldaketa hori norbanakakoen aldaketatik datorrela lehen urratsean. Baina nola bideratu aldaketa hori? Lanean beste era batetan jardun behar dela argi ikusiko du Arizmendiarrietak eta horretarako, lehen urratsean, komunitatearen zerbitzura lan egingo duten sujeto kooperatiboak sortu behar direla.
Abiapuntu hori hartuta, Arizmendiarrietak, norbanakoen aldaketa bultzatzeko alegia, hezkuntzatik hasiko da. Hezkuntzak forma ematen bait dio gure pentsakerari eta baita gure mundua ulertzeko erari ere. Eta horrela, Mondragoneko Eskola Politeknikoa sortuko du 1943. urtean. Zertarako? Lana gizarte eraldaketaren mesedetara (eta ez dirua pilaketarenera) jarriko duten giza seme-alabak hezitzeko.
Eta horrelaxe gertatu zen: Eskola Politeknikoan ikasitako ikasleek, haize berriak ekarri zituzten lantegietara… eta 1956 urtean, Arizmendiarrietaren inguruan zebilen langile talde batek, ULGOR lantegian lan heredu berri bat martxan jarriko du helburu bakar batekin: hazkunde ekonomikoa pertsonen ongi-izatearen mesedetara jartzea eta ez, diruarenera. Hau da, era ximpleenean esanda: lantegietako erabaki guztien abiapuntu eta helmuga, langileak ondo bizitzea izatea, eta ez diru gehiago irabaztea. Eta erabaki hausart horrek, ordurarte ezagutu ez zen aberastasuna ekarri zuen bailarara eta berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako gizarte berri bati hasera eman zion. Gaur egun ere, bere argi-ilunekin, bizirik dirauena, munduari utopiak eta ametsak, egi bihur daitezkeela erakutsiz.
Kooperarock: Kooperatibigintza DSS2016ren baitan
2016-02-16 // DSS2016: Kooperarock // Iruzkinik ez
Kooperarock, Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren baitan jaiotako proiektua da, Kooperatibigintzaren oinarrian dauden balioak gizarteratzeko helburuarekin. Hortik KOOPERA … Eta ROCK? Zergaitik rock? Kooperatibigintzaren oinarrian dauden balio horiek artearen bitartez gizarteratu nahi ditugulako. Kasu honetan, antzerkiaren bitartez nagusiki. Horregatik, izena: deigarria izateaz gain, proiektuaren bi oinarriak uztartzen dituelako: hau da, Kooperatibigintza eta artea. Koopera-rock. Eta uztartze hori azpimarratzeko, proiektuari abizena eman zaio: Kooperarock. Kooperazioaren artea.
Proiektua, Mondragon Unibertsitateko LANKI, Lankidetzaren Ikertegitik bultzatzen ari gara, kooperatibigintza eta ekonomia solidarioaren alorrean lanean ari den beste hainbat eragile eta erakunderekin batera. Hala nola, EHU, Deusto eta MUko Kooperatibingintza ikertegiak, ekonomia solidarioan lanean ari diren OLATUKOOP eta REAS sareak, Mondragon Taldea, Leintz Bailaran heredu pedagogiko berria lantzen ari den Arizmendi Ikastola Kooperatiba… eta beste hainbat eragile eta erakunde izango ditugu bidailagun.
Asteartero leihotxo bat irekiko dugu Info7ko Zebra Bidea saioan eta baita blog honetan ere maiz utopikotzat ditugun gizarte eta ekonomia egitura alternatiboak bideragarriak ote diren gure buruei galdetzeko asmoz. Ondo baino hobeto dakigu utopiak egi bihur ote daitezkeen frogatzea ez dela erronka makala, baina hala ere, saiatuko gara! Izan ere, Joseba Sarrionandiaren hitzetan… Mundua aldatzeko ez da derrigorrez mundo osoa aldatu behar. Nahikoa da puntu txiki bat, eta mundua aldatzea posible dela obserbatuko dugu puntu horretan. Ongi etorri ba gurera, ameslari.
ENTZUN IRRATSAIOA ONDORENGO ESTEKAN: