Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Nor da nor?
Atalak: Aurkezpena, Bitartekaritzaren haria
Egilea: Unai García, Bitartekaritza-taldea
2016ko Iraialaren 9a. Eguerdian elkartu gara KunArten. Egun gardena, garbia, freskoa egiten du. Ematen du norbait gutaz errukitu eta labearen atea itxi izana. Aurreko egunean ezagutu genuen elkar, baina badirudi funtzionatuko duela. Berehala igarri eta hartu diogu usaina elkarri, gustatu gara. Ez dago arazorik. Askatu beharreko mataza koloretsu hori gara. Ez gu bakarrik. Ataza ausart honen partaide bakoitza den zuntzetik tira eginda aurkituko ditugu aukera amaigabeak.
Leunki hartu gaitu alfonbra bigunak. Pilar, Rosi, Zuriñe, Meri, Itziar Nano eta ni neu. Eseri gara, etzan gara, luzatu eta zuzendu gara eta elkarri begiratzen jarraitzen diogu, jakinmina begietan. Banaka-banaka gure burua ezagutzera ematen goaz, keinu, begirada eta errebelazio konplizeak. Zer garen eta zer izan nahi dugun.
Kontakizunean hitzak errepikatzen doaz: egonezina, aditzera emateko beharra, partekatu, gizartea, formakuntza… Bide ezberdinak, xede antzerakoak. “Begiak dir-dir egiten didate hau gauztia hasi zenetik”. Horrela deskribatu zuen esperientzia norbaitek. Eta, hala da, begiak dir-dir eta bihotzak dar-dar egiten digu. Ikusten duguna gustatzen zaigulako. Elkarrekin sortzeko gogoa dugulako.