Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Kooperatibagintza hurbiletik ezagutzen
Atalak: Kooperatibigintzaren oinarriak, Topaguneen haria
Egilea: Unai Garcia, bitartekaritza-taldea
Bitartekaritza-taldea KunArte-n elkartu zen goizeko 9etan. 2016ko irailaren 7a zen, asteazkena, eta Eskoriatzan zain genituen, HUHEZI-n, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Lanki-ko hainbat kiderekin geratu ginen kooperatibismoa hurbilagotik ezagutzeko, guztiok ezagutzen dugun gauza baita, baina inork ez du erabat argi. Haiek izan dira orain arte Kooperarock proiektu hau aurrera atera dutenak, gizarte-ekonomiaren alorreko ezaguera kooperatiboak helaraziz. Aitzol Loiolak eta Maider Iriartek eman ziguten harrera eta berehala lortu zuten inguru hurbil eta atsegin bat ezartzea. Aitzol aita izan da bigarrengoz duela gutxi eta bere aitatasun-bajan dago, baina irribarre batekin hartu gintuen.
Bene-benetan eskertu genuen kafe bat hartu ondoren, fakultateko azken solairuko ikasgela bateko mahai baten inguruan bildu ginen. Maiderrek Lanki-ri, bere lanari eta bere ikerketa kooperatiboei buruzko aurkezpen labur eta interesgarria egin zigun.
Talde txikia baina oso estua
Azkar asko, Aitzoli utzi zion txanda eta Aitzolek Leintz bailararen ibilbide historiko eta sozial batean barna lagundu gintuen. Momentu honetan entzun zuen taldeak lehenengoz bailarako kooperatibismoaren aita den Don José María Arizmediarrietaren izena. Elizgizona Arrasatera bidali zuten Gerra Zibila amaituta eta berak ezarri zituen korronte honen oinarri teorikoak zonaldeko herritarren artean. Gizon honen pentsamoldearen aurkezpen bat aurki dezakegu hemen.
Zalantza orokorrak galdera zehatzago bilakatzen hasi ziren. Ongi, ados, baina nola gauzatzen da kooperatibismoaren gauza hori? Gauza bat baita teoriak azaltzea eta beste bat gauzak zehazten hastea. Gorroñogoitia eta Ormaecheari buruz hitz egin ziguten, oraindik ere bizirik dauden eta 1955. urteko garai horietan izan ziren bi kideak.
Garai hartan, bailararen motor ekonomikoa Unión Cerrajera zen. Garai hartako testuingurua ezagutu eta ulertu beharra dago ohartzeko orduko lan-baldintzak gaur egungoak baina okerragoak zirela. Askoz ere okerragoak gainera. Gorroñogoitiak eta Ormaecheak, dagoeneko hil diren Usatorre, Larrañaga eta Ortubayrekin batera, Unión Cerrajera utzi zuten eta Ulgor sortu ziren, beranduago Fagor izena hartuko zuena. Izen hori oso ezaguna zaigu, noski. Aurreko guztiari buruz, aldiz, ez genekien ezer ere ez.
Bilera aurrera joan ahala geroz eta galdera gehiago genituen eta horrek esan nahi zuen bide onetik gindoazela. Aitzolek proposatu zigun kooperatibismoa zer den islatzen duen elementu batean pentsa genezan, eta gainera marrazten saia gintezen! Bi taldetan antolatu ginen, bakoitza bere istorio eta bitxitasunekin. Aizu, emaitza harrigarria izan zen. Zer pentsatu ez genekiela hasi ginen eta berehala hasi ziren ideiak sortzen, ohe elastiko batera edo pieza askoko puzzle batera iritsi arte, pieza bakoitza beharrezkoa baita hurrengoa eusteko eta unitate handi bat sortzeko. Ideia interesgarriak, ezta?
Ohe elastikoak koordinazioa eskatzen du osagaien oreka lortzeko
Orduan iritsi ginen auziaren hiltzera, guztiaren oinarrira, hor zegoen koska. Enpresa kooperatiboak lortzeko, PERTSONA KOOPERATIBOAK behar baitira. Tatatatxan!! Eta nondik atera pertsona horiek? Honela iritsi ginen Arizmendiarrietaren filosofiaren giltzarrira, hiru osagaiek osatua: hezkuntza, HEZKUNTZA eta HEZ-KUN-TZA. Horrexegatik hain zuzen, 1943. urtean, Eskola Profesional Politekniko bat sortu zuen zuzendari, teknikari eta langile kualifikatuak prestatzeko inguruko enpresetan eta, batez ere, kooperatibetan lan egin zezaten.
Ados. Momentu horretan bagenekien kooperatibismoari buruzko zer edo zer gehiago. Bagenekien helburua dela GIZARTEA ERALDATZEA, bidegabekeria gutxiago eta banaketa bidezkoagoa duen mundu baterantz jotzea. Bidea luzea da, baina oso interesgarria. Dena den, zalantzak sortu zitzaizkigun… Prestakuntzari, industriari eta banaketari buruz hitz egin genuen (ekonomatuei buruz ere eta, jakina, EROSKI taldeari buruz) eta batez ere finantzaketari buruz (Laboral Kutxa, noski). Baina ordura arte kultura, sormena, artea eta halakoen aipamenik ez zen izan. Eta galdetu genuen, jakina, galdeontziak baikara gu. Eta jakin-nahiak, betidanik.
Momentu horietan sortu ziren ideia interesgarrienak: kooperatibak egungo munduak planteatzen dituen erronken aurrean. Munduak XX. mende amaieratik bizi izan dituen eraldatze sakonez solasean aritu ginen, eta kooperatibismoak, bere etapa desberdinetan zehar, pasa dituen autokritika-prozesuez. Ekologiaz aritu ginen, ekoizpen-eredu berriez, emakumeen funtsezko paperaz –gizonak kooperatibismoaren abentura “eroetan” sartzea ahalbidetu zuena alegia–, emakumeek kooperatibetan duten paper aktiboaz, emakumeen parte-hartzeaz eta garapenaz, gizarte-erantzukizunaz, arteaz, kulturaz.
Saioa amaitu zuen hausnarketa izan zen kooperatibek mundu globalizatu batean duten paperaren eta horrek kooperatiben biziraupenerako dakartzan zailtasunen ingurukoa. Maiderrek komunikabideei argi eta garbi zuzendutako galdera planteatu zuen. 2013an, Fagorren krisiaren garaian, azkar asko jarri zen zalantzan eredu kooperatibista. Zergatik ez zen zalantzan jarri kapitalismoa, horrela, orokorrean, Bankia erori zenean?
Eta giro bikain horrekin jantokira joan ginen denok elkarrekin gatza partekatzera.
ARRATSALDEKO SAIOA
Saioaren arduradunak Amaia Antero eta Maider Herze izan ziren, Arizmendi Ikastolako kideak. Zergatik da interesgarria Arizmendi Ikastola? Hilabete hauetan zehar jakingo dugu, baina hona hemen interesgarria suerta daitekeen bideo bat. Dena hasi zen Amaiak oparitu zigun ipuin baten irakurketarekin. Ipuinaren izenburua zen “¡Eres un desastre!“ eta azaltzen zuena zen zenbaitetan asko kostatzen zaigula aurrean dugun pertsonari begiratzea eta hain zuzen ere horretaz ohartzea, PERTSONA BAT dela, bere dimentsio guztiekin, bere nahi eta desio guztiekin, bere zailtasun eta bertute guztiekin… Horregatik, elkarrizketak aurrera egin ahala, aipatu egin zen zenbait komunitate indigenek ez dutela “bestearen” ideia erabiltzen, baizik eta beste pertsona batzuk aipatzeko “beste nia” esaten dutela. Ideia honek errotik aldatzen du konturatu gabe dugun gure solaskidearen pertzepzioa.
Nola hasi zen guzti hau? Sustraitik egindako eraldaketaren bila ari ziren “andereño asaldatu” talde batekin. Haiek proposatu zituzten ALDAKETAREN ETA ERALDAKETAREN ideiak. Zenbait lankidek nahiko modu latzean pentsatu zuten “txoriez eta loreez” ari zirela, baina haiek ez zuten amore eman. Ikerketak egin zituzten, irakurri, idatzi, berridatzi zuten, proba egin zuten, huts egin zuten, berriz ere saiatu ziren, asmatu egin zuten… horren amaiezina da hezkuntza eta humanismoaren bi izar hauen grina. Izan ere, irudika badezakezu, zergatik ez saiatu?
Konfiantzaren pedagogiaren eraldaketa hezkuntzaren alderdi guztietan gertatu behar da
Amaiak esan zigunez, guztia hasi zen, nolabait, gu bildu ginen ikasgela horretan bertan. Garai hartan bera berriz ere ama izan berria zen eta Rafael Cristobal ezagutu zuen urtebeteko ikastaro batean. Bere hitzetan, horrek berehala aldatu zuen, zuen haurren hezkuntzaren ikuspuntua aldatu zuen. Ohartu egin zen topaketa horien ondoren ezer ere ez zela gauza bera izango. Orduan, Ikastolan emaitza handirik lortu ez zuen lehenengo etapa baten ostean, 2013tik aurrera zuzendaritza-taldea aldatu zen eta momentu horretan hasi ziren lanean haiek, Amaia eta Maider, zekarten ideia berrien uholde guztiarekin batera.
Liburu bat argitaratu zuten, eskuliburu antzeko bat, “Una pedagogía de la confianza” (Konfiantzaren Pedagogia, 2015.01.12. Liburuaren aurkezpen-bideoa, hemen eta hemen ere bai) eta bertan proposatu zuten hezkuntzarako esparru bat. Esparru hori haiek beraiek garatu zuten Arizmendi Ikastolako lehenengo ataletan. “Ez zaigu gustatzen egin dugunaz aritzea, baizik eta egiteke dugunaz”, zioen Amaiak. Maiderrek Amaia moztu eta esan zigun: “Amaiari ez zaio gustatzen nik hau kontatzea” (Amaiak harriduraz begiratu zuen, esango zuenaren jakin-minaz), “baina gauza bat da guk azaltzen dizuegun teoria bikain guzti hori eta beste gauza bat da tokira iritsi eta ikustea oraindik ere egiteke dagoen lan guztia”. Noski, ez genuen espero bestaldean ortzadarra aurkitzea, baina gustatzen zaigu jakitea badirela pertsona ausartak “malo conocido” horrekin geratzen ez direnak, eta hezkuntza sustraitik aldatzeko beharra sentitzen dutenak, bere garaian Don Jose María Arizmendiarrietak esan zuen moduan, hezkuntza baita behar dugun oinarria “pertsona kooperatiboak sortzeko eta, beraz, mundu kooperatiboago bat sortzeko”.
Saioa itxi genuen bihotzean irribarrea genuela, mundu posibleak irudikatuz, non jendeak bere ohe elastikoan salto egiten duen, erritmoak errespetatuz eta geroz eta gorago iritsiz.