Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Arizmendiarrieta, sujeto kooperatiboa eta eraldaketa soziala
Atalak: DSS2016: Kooperarock, Eraldaketa Soziala, Kooperatibigintzaren oinarriak
Joan den maiatzaren 19 eta 20ean Euskal Herriko Unibertistateko Donostiako Campuseko ikasle eta irakasle talde txiki batekin lehenik eta Mondragon Unibertsitateak Oñatin duen Empresaritza Eskolan ondoren, galdera bati erantzuten saiatu ginen Kooperarock: Kooperazioaren artea, DSS2016ko proiektuaren baitan: Noiz eta nola egiten da pertsona kooperatibo eta nola bultza dezake unibertsitateak prozesu hau? Hau da, nola sortzen da besteekin kooperazioan harremanak sortzen dituen sujetua, egungo gizarte kapitalistak bultzatzen duen sujeto konpetitiboaren ondoan? Sujeto kooperatiboa, mundua ikusi eta pentsatzeko beste modu integratuagoa duen sujetoa da. Eta sujetu honen sorkuntza izan zen, hain zuzen ere, Arizmendiarrieta eta bere garaikideak hezkuntza eredu berri bat sortzera bultzatu zituena. Eta nolakoa behar du hezkuntza berri horrek? Ba Arizmendiarrietaren begietan, integrala, bizitza osokoa eta komunitatearen mesedetara dagoena.
ENTZUN IRRATSAIOA ONDORENGO ESTEKAN!
Zer da hezkuntza integrala Arizmendiarrietaren begietan? Ezagutza teknikoei garrantzia ematen diena eta baita giza balore eta jarrera etikoei. Praktika eta teoria uztartzen dituena, burua eta bihotza, formakuntza oso eta integral bat sustatzen duena, alegia.
Beste alde batetik, Arizmediarrietak, formakuntzak, bizitza osorako behar duela aipatzen du. Ez 3 eta 25 urte bitartean betetzen dugun garaia. Bizitza osoan ari garelako ikasten, era formal edo ez formal batetan eta bizitzako garai guztietan ditugun ezagutza eta esperientziak baliagarriak direlako komunitatearentzako. Zentzu honetan, Arizmendiarrietak, zaharren ezagutza eta esperientziak balioan jartzen ditu, gaur egungo gizartean gertatzen ez den bezala.
Eta azkenik, hezkuntza, sujeto kooperatiboaren ekintza guztiak bezala, komunitatearen mesedetara egongo da, komunitatearen beharrei erantzunez eta komunitatea eraldaketara bideratuz.