Arma politiko bat
Ez gaitezen zozoak izan. Artea (musika kasu honetan) arma politiko bat dela diogunean ez gara soilik manifestazioan hitzetan atxiki doan balore iraultzaileari buruz hitz egiten ari. Egia da musika arma politiko nabaria dela guretzat Rage Against The Machine-ek “Who controls the past now controls the future, who controls the present now controls the past” esaten digunean, edo Negu Gorriak-ek “Independentzia, John Wayne naziaren ahoan ximaur usaina hartu arren, utopiarantz mugiarazten gaituen ideia dugu” azaltzen digunean, edo Los Chikos del Maíz valentziarrek “Tengo la frase Socialismo o barbarie tatuada en los genes” botatzen dutenean. Hiru kasuetan, eta ez da kasualitatea rap-a edo rap-ean oinarritutako musika estiloak izatea, artistek ez dute arazorik gauzak zuzen, taxuz, metafora txikirik gabe botatzeko.
Badira hitzekin norabide poetikoen bidez eduki politiko sendoak defenditzen dituztenak, eta noski, badira ere hitzetan oinarritu gabe musika arma politiko bezala erabiltzeko beste hamaika modu: musika estilo konkretu bat egin, zuzenekoetan hartzen den jarrera, autoekoizpena bultzatu, hizkuntza, egile eskubideak…
Ez baina, musikak badu askotan atzematen ez dugun arma izateko gaitasun erraldoi bat, aurreko guztien hamar halako indarrez gizartea lehertzeko gaitasuna duen bonba. Alegia, kontrako helburua duenean: artaldekeria sortzekoa, sendotzekoa. Demagun, konparazio batera, Monsters, Inc. filmean haurren negar eta barreen artean energia lortzeko dagoen aldea dagoela ere musikak masa piztu edo itzaltzeko daukan gaitasunen artean. Esan dezagun akaso “musikak ez du zerikusirik politikarekin” bezalako esaldiak direla, hain zuzen ere, musikari buruzko esaldirik politikoenak. Victor Lenorek hipster eta modernoen inguruan duen gogoeta bat aipatu beharko genuke hau hobe ulertzeko: “Horiek apolitikoak! Horiek dira kapitalismoa eta kontsumo gizartea gehien defendatu eta aldarrikatzen dutenak”, edo lehen aipaturiko Los Chikos del Maízen beste esaldi bat: “Hire rapa ez duk apolitikoa, txo, erreakzionarioa baizik”. Aise garbi aplikatu daitezke hausnarketa hauek oraingo musika hedatuan.
Gaur egun musika industriaren sistemak lortu du guk musika hutsa, eduki literariorik gabekoa eta musikalki sinplea (akordatu lau akordeen formula magikoarekin) azukrea bezala kontsumitzea. Biktimak izatea gutxi balitz ere, orain konplize bihurtu gara, gure taberna eta jai-giroetan musika hau jarriz (jendeak nahi duena da).
Ba hau guztia biribiltzeko, azken hamarkadako euskal musikaren erreferente nabarmen batek Miamitik berriki inportatua dirudien gaztelerazko runba-reggaetón bat (erraz asmatuko duzue, gainera, ze akordeekin) kaleratu du, bere azken diskoaren single moduan. Gaitz erdi, ordea, kantuak lortu baitu musika honen inguruko debatea piztea, eta hori serioski behar dugun hausnarketa da.
Nik, bada ezpada ere, euskara salbu ikusi arte ez dut kenduko bizarra.
Argitze aldera: Esne Beltza-ren abesti hori gaitza da, sinplea delako? Gaztelerazko hitzengatik? Runba-reggaeton erritmoa erabili dutelako? Ez daukalako mezu politiko sakonik? edo baduelako?
Ez da izango, zuri, pertsonalki, arrazoi guzti hoiengatik ez zaizula gustatu? Ona eta txarra zer den esan daiteke objetiboki? Seguru jende askori gustatu zaiola, dantzan jarri direla entzun dutenean. Ta agian, bakarrik agian, ez dira zu eta ni baino leloagoak.
Lau akordetan landutako musika sinplea ez da gaur egungo gauza berria ta euskal musikan ere ez. Ziur trikitixa maite duzula (nik ere bai). Artea eta musika ikuspuntu politikotik epaitzea ere ez da kontu berria. Artikulu honi kutsu hori hartu diot.
Kaixo Iñaki, barkatu, ez nuen iruzkina irakurri.
Oker zabiltza uste baduzu nik hau Esne Beltzaren kantua gustatu ez zaidalako idatzi dudala. Gustatzen ez zaidan kantu bakoitzarekin artikulu bat idaztera animatuko banintz gaixoa ni, eta denak.
Ez, azal dezagun. Musika industriala, nire ustez, zera da: salmenta programa batetik jaiota dena, funtzionatzen duten formula-konprobatuak dituena eta publikoa harrapatu, etekin galantak eman eta artaldekeri soziala sortzea helburu (hona arma politikoaren afera), detaile guztiak landuak dituena.
Nire kritika da Esne Beltzak, helburu hauek ez izan arren (edo bai, nork daki), formula guztiak betetzen dituen kantu bat sortu duela. Bakoitzak nahi duena egin dezakeela argi izanda, pena ematen dit euskal musikak beti izan duen izaera errebindikatiboa (Movidari aurre egin genion ere) galtzen ari duela bere ordezkari nagusietan. Besterik ez.
Ah, eta lau akordeena ez da akorde kopuruarengatik (badira hiru eta bi akorde dituzten kantu puskak), baizik eta “lau akordeen formula magikoa” erabiltzeagatik, guztiz akitua dagoena eta, behintzat nire belarrien ustez, dagoeneko aspertzen hasi duena.