Julen Leuza
Folklorea eta musika, orokorrean. Soinutresnak jotzea, kantatzea eta dantzatzea gustoko dut, eta idaztea baino hobe egiten ditut gauza horiek, beraz blog hau nire errealitatearen isla txiki bat besterik ez da izango. Traizioa tradizio bihurtuko dugu. Iruñea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Julen Leuza(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Iñaki(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Jon Torner(e)k Futbolari buruzko 4 kantu paregabe bidalketan
- Inaxio Esnaola(e)k A ze lotsa bidalketan
- Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz(e)k A ze lotsa bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko otsaila
- 2012(e)ko abendua
ZENONEN LARRAIN DANTZA
Atalak: Sailkatugabeak
SARRERA
Ez zen bortxatzen ninduten lehenbiziko aldia, baina bai oroitzapen txarra eman ez zidan lehenbizikoa. Lehenengo aldia auzoan izan zen, bederatzi urte edo nituen, eta katekesian geunden. Lehenbiziko jaunartzea hurran zela, erretorearen apaizkide bat etorri zitzaigun laguntzaile lanak egitera. Arropa beltz azpiko guztia frogatzera eman zidan, jan behar ere, behin hasita. Minik ez nuen sentitu, bada zerbait, eta eskerrak. Baina nazka, hura amaigabekoa. Hain zen handia sentitu nuen nazka! Enpo nintzen, eta hain zen txarra… Bigarren bortxaketa urte batzuk beranduxeago izan zen, behar baino lehenago heldu egin nahi izan nindutenean. Larunbat arratsa zen, partida bukatu ostean, eta koadrilako mutikotek putetxera eraman ninduten. Pattar urrin pairaezineko ematzar erdi biluzi baten aurrean gizontasuna ezin probatuz, behartu eta guzti egin ninduten hartara. Horrek bai egin zidala mina, fisikoa ez ezik bestea ere bai. Bestea bereziki. Auzoan eztupan suak bezala hartu zuen berriak zalui lasterrean. Oraino senti dezaket orduko min hura, auzoan jada bizi ez banaiz ere, ipurtzuloan bezala ariman ere ongi sustraiuturik baitaukat. Baina hirugarrenean ez nuen halako minik sentitu, halako lotsarik, eta ez gutxitan gomutatzen naiz orduko epelaz. Lehenbiziko amodioarena bezalakoa izan zen niretzat, garrantzitsu.
KARRIKA DANTZA
Hamahiru urte izanen nituen, eta Mañuetako dendan nenbilen maka azken urtean. Lankide berria iritsi zitzaidan, Sakanako herri koxkor batetik, euskaldun peto-petoa. Dendara aunitz euskaldun etortzen ziren larunbatero; ekartzen zuten umerria edo barazkiak Santo Domingo azokako patioan saltzen zituzten eta erdietsiriko sosak gurean uzten zituzten arroza, pimentoia, odolkitarako espezieak, txokoltea, fruitu lehorrak eta hamaika gehiagoren truke. Askok uzten zituzten erosketak dendan bertan, eta San Nikolas aldera jotzen zuten hamaiketako legea egitera. Eguerdi aldera niri egokitzen zitzaidan zama hori guztia gurditzar batean autobus geltokira eramatea. Ni dendan sartu aitzin itxi zituzten Irati eta Plazaolako tren geltokiak, eta eskerrak, baina toki bakarrera joan behar banuen ere, gorriak ikusten nituen larunbateroko txango haietan. Halako batean nire jabea konturatuko zen hamaika-hamabi urteko mukizu hau ez zela gauza gurditzar hura berak bakarrik bultzatzeko, areago Mañueta karrikako zulotik ateratzeko, edozein bidetik joanda ere malda piko zuena, eta bigarren maka bilatu zuen. Egia esateko, kalean ez nuen sekularenean ere arazo handirik izan gurdia mugiarazteko, eta nire nekeak ikusi orduko ondokoren batek edo bestek laguntzen ninduten bulkatzen Gaztelu plazaraino Mañueta eta Txapitelan goiti, baina hasiera batean maka berriarena zinez eskertu nuen, lagun berriak konpainia eginen zidalakoan dendako lan gogorrean. Konpainia baino zerbait gehiago izanen zen.
KATEA
Nire gurasoak Iruñerrikoak ziren, kokuak, Zendeakoak, eta pobreak. Hantxe itxoitean zetzan sekretua, hau da, hirira joan zirenek pobre jarraitu dute, eta herrian geratu zirenak aberats berri bilakatu ziren gero porlanari esker. Edo hala iduri zait niri orain, nire familiaren etxea izan zena herrian geratu zirenen eskutan ikusten dudanean. Aita errekete sartu zitzaigun gerratean 17 urterekin, baina ez zuen borrokarik nozitu, edo gutxi bederen, adiestramenduko maniobratan ez bazen. Halako batean zauritu, eta ospitalean eman zituen ia hiru urteak. Ez zen zauri larria, baina bere herritik hurbilekoa zen sargentu batek estimuan hartu eta berekin eraman zuen ospitaleko zuzkidura arduradun. Hura merkatua, aitak gogoratzen zuenaren arabera. Aita ez zen aberastu baina, nahikoa izan zuen ongi bizirik eta ospitale psikiatrikoan bertan funtzionario postuarekin, alabaina sargentu hark dirutza egin zuen, herriz herri zebilela, hamaika herrixkatan sukaldatzeko behar zen gantza utziz eta magroa eramanez, graduazio altuko militarrentzako kario saltzen zuena. Gerra bukatu zenetik gose garaiek luze jo zuten, eta gurea ez zen salbuespena izan. Ongi dut buruan hamaika urte nituela dendan maka sartzeko aitak esan zidanean. Poztu nintzen. Baneramatzan hainbat urte etxeko txerri bien gorotzak baratzez baratz saltzen eta ateratako diru pixarrekin familia osoarentzako axuri odola erosten. Huraxe zen eguneroko afaria oraino Txantrean bizi ez ginen ama eta bost anaiendako. Aitak ospitalean afaltzen zuen komunzki, ingresatutakoei familiek ematen zienetik puxka bilduz. Behar zen azala horretarako, baina aitak soberan omen zeukan. Dendan hasi nintzenetik, asteko saria amari ematen nion, eta gauero dendan bertan erdi afaldurik iristen nintzaion.
Dendako lana gogorra zen, luzeagatik batik-bat, baina entretenigarria ere, eta eskolara joatetik libratu ninduen; hura pagotxa! Orain damu naiz nire garaian gehiago ikasi ez izanaz, baina garai hartan bazen zerbait maisu erretxinaren ostikoak ez jasotzea, zumeaz gehiago ez gozatzea. Guztiarekin ere inozo xamarra izan naiz beti, eta dendak irekitzen zizkidan aukerez ez nintzen sobera konturatzen, Dani iritsi bitartean bederen. Izan ere, Dani etorri zenean, gauza asko aldatu baitziren niretzat, gehiegi agian, eta neurri batean orain naizena berari esker izan zen.
FANDANGOA
Danielen aita gerran hil zen. Herriko batzuek partida famatu bat osatu zuten, krudel eta basatienetakoa. Halako batean nahiko famatu ziren Sanferminetara etortzeko tren bat bahitu omen zutelako, eta asteburua Iruñean eman ostean, tren beretsuan frontera itzuli zirelako. Ez zituzten zigortu, eta borroka latzenak zeuden tokian paratuz ordainarazi zieten egindakoa. Orduan hil zen Danielen aita. Ez dakit zein nolako lotura zeukan Danielen familiak dendako jabearekin, baina gurekin hasi zenetik osaba-iloba bailiran agertu ziren beste guztion aurrean, nahiz benetako osaba batek iloba zainduko lukeen modu berean ez egin, izan ere, zein benetako osabak utziko luke bere iloba denda zahar baten soto ilunean gauero lo egiten? Gure jabeak bakarrik egin zezakeen hori, Serapio Donezar, ez gaiztoagatik zekenagatik baizik. Alabaina, eta bere deskarguan, beste garaiak ziren horiek, ez horren urrutikoak denboran, baina bai ahanztorraxeak; adimeneko distantzia edo.
Danielekin zortzi ginen dendan geundenok: dendako jabeak ziren senar-emazte Donezar-Garziriain, mostradorearen atzean despatxatzen aritzen ziren Juan, Joxe eta Jabier enplegatuak, eta hiru makok. Hirugarren maka Pedro Fermin jauna zen, Erraondoko indiano erdi itsu bat, erdaraz ia ez zekiena, eta neure ustean ia ezer egiten ez zuena, baina nonbait lan garrantzizkoren bat egiten zuen, neronek ikusten ez banuen ere. Izan ere, ni ez nintzen gauza halako lanik ikusteko, nekien bakarra zen maka deitzen ziotela baina inoiz ez zuela pakete bakar bat ere lurretik jaso. Nik zer gerta ere, eta aitak agindu bezala, nik ikusi eta ixildu. Horixe baitzen ene leloa, ikusi eta ixildu.
Ez zen hura Danielen leloa baina. Harexen leloa zen, orain josta eta gero gerokoak. Bizitzaz jostatu nahi zuen pertsona zen, inondik inora. Gogoan dut sotoan geunden batean nola azaldu zidan koñaka botila bat lapurtzeko plana. Nik pasako nion trastiendako leihotik bera kalean zegoela probestuz. Izkutatuko zuen nonbait, eta bion artean edanen genuen gustora geroxeago. Botila eman nion, baina ez nuen probatu ere egin, dendatik ni atera orduko berak salduta zeukalako. Ateratako diru horiek bien artean partitu genituen. Amari ez nizkion eman, eta bizitza osoan jostatu nuen lehenbiziko soldata izan zen hura. Ez zen azkena ere izanen.
BALTSA
Astea dendan bertan ematen zuen Danielek, Pedro Fermin jaunarekin batera. Lo sotoan egiten zuten, gutti-goitti beheittiko gorputz garbiketa azokako komunetan behar zuen, eta zerabilten arropa gutxiaz jabearen emaztea arduratzen zen, Maria sorgina. Alabaina, gutxi zen dendan behar zen arropa: bata urdin luzea, bonbatxoak eta oihal nabarreko txiruka hotzak; barneko arropez inoiz ez dut gauza handirik jakin. Larunbat arratsaldeetan herrira joaten zen osaba Rafaelenera, hasieran behinik-behin, izan ere, hilabeteak aitzina joan ahala etxerako bisitak bakantzen hasi baitziren nabarmen, bereziki sanferminetakoa gertatu zenetik. Zortzi edo bederatziko goiza zen, guretzat festarik gabeko eguna bederen, eta konpartsa zakatinetik behera zetorkigun. Gaita asotsez besteok baino lehenago konturatu zen Daniel. Dendako lana utzi, eta bikote europarraren bila abiatu zen lasterrean. Iruñeko erraldoiekin hantxe zebiltzan Lizarrako gaitari jaun eta jabe, Montero, Lazarraga eta Romanoren ondorengo beste guztiak, harroxko, txuri-gorriz jantzirik oraino beste inork egiten ez zuenean. Atsedenaldian zeudela probestuz, poltsikotik atera zuen gaita behar zuen zerbait, dendako sotoan gorderik bide zeukana, eta zezen plazan espontaneo batek eginen lukeen modura, jotzen hasi zen. Konpartsari laguntzen zebilen jendeari gustatu zitzaion antza, musikari kasu egin ziotenei bederik ere, baina gaiteroei ez zitzaien grazia zipitzik egin, eta modu zatarrez moztu zioten halako batean, nor zen ongi ezagututa nonbait. –Hi, barrankes, hoa hire zortziko matrakosoarekin Lezizapunttako urdeak zaintzera! Alu zorritsua!
Danielena gaitarien familia zen. Bera hartu zuen osaba Rafael 13 urterekin suertatu omen zen saritua gerra aurretik eginiko gaita leihaketa batean; ohorezko aipamena eta 50 pezeta! Daniel ere sartua zuten ofizioan, eta aparteko trebezia zeukan atabalatzen Mañuetako dendara arribatu zitzaigunean. Hala erakusten zigun, Serapiok ikusten ez zuenean, botila, kutxa zein apaletan eztiaren egurrezko bi kutxetekin joaz. Arratsaldero, eguna bukatzera zihoanean, dendako zakuak bete behar ziren. Babarrunetan saila luzea zen oso: txuri borobilak, luzeak, Barkokoak, gibelekoak, Granjakoak, kanelak, horiak, frijoleak edo indabak, beltzak, gorriak, ñabarrak, palmeñak, kalboteak, pilarikak, txiroarenak…; txitxirioetan edota dilistetan ere baziren ale batzuk: Mexikokoa, pedrosillano, Kordobakoa, Mirafuenteskoa…, Salamankakoak, pardinak, purerako; purea egiteko ere babak eta ilarrak, eta alean berriz baba txikiak eta ur gozoko baba zabalak, alpiste nahasia, alpiste soila, kañamona, artatxikia, arroz txuria, arroz beltz osoa, arroz luzea, artoa, koko xehetua, irinak, semola, patata purea egiteko fekula… Jakiak tamaina ezberdineko zakuetan ekartzen zizkiguten, 25, 40, 50, 60 kiloko zakutan alegia. Dendako zakuak, berriz, guztiak berdinak ziren: berde ilunez tindaturiko arpillerazkoak, luzeak eta meharrak, ahalik eta gehien sartzeko dendako hormaren kontra lerro bakarrean. Hortxe aritzen ginen egunero, itxi aurreko orduetan, zakuak berdintzen, olibak gordetako metalezko lata zahar batez lagundurik. Nagusia gure gainean zegoenean dena zaluiago izaten zen, ez zuen inortxok ere ahoa zabaltzen, eta zintzo-zintzo betetzen ziren zakuak bihirik alferrikan galdu gabe. Hura falta zenean, ostera, Daniel hasten zen bere kontzertuekin, eta lata ezean zakuak ezin berdindu; hura errieta Serapiok egiten ziguna arratsaldeko zortzietarako zakuak bete gabe uzten bagenituen. Behin baino gehiagotan geratu behar izan nintzen Danielekin zaku betetze lanetan denda itxita zegoela. Horrelakoetan ere ez zitzaidan sobera ardura, baina hurrengo egunean epelak entzun behar nituen nagusiarengandik faltan botatzen bazuen bezperan ohosturiko afaria.
JOTA ZAHARRA
Sanferminetakoa Danielen osabarengana iritsi zen. Tontakeria bat izan zen, eta nagusiak ez zuen sobera gaizki hartu makak baimena eskatu gabe dendatik irtetea, areago halako egun batean eta musika konpas dozena pare bat gaitaz jotzeko, areago bezero gehiago erakartzeko baliagarria izan zitekeen neurrian, baina Rafaelek ezin okerrago hartu zuen. Garai horretan Lizarrako familiek kontrolpean zuten Nafarroako gaitaren mundua, eta bokilak zein bestelakoak lortzeko ez omen zegoen beste biderik. Danielekin gertaturikoak arazoak ekar lekizkioke Rafaeli, eta gainera ez zegoen zalantzarik Danielen nortasunaz, nork joko zukeen bestenaz Arbazuko zortzikoaren hasiera ondoko herriko gaitari batek ez bazuen? Danielen etorkizun hurbila garbi zegoen: ez zen familiarekin gaita zein danbor jole denbora luzexka batez aterako. Gainera dendan egonda, etorkizun hori are zalantzagarriago gertatzen zen. Eta etxekoendako ez zen gauza filuse sabel bat gutxiago izatea egunero bi aldiz berdintzeko. Gaitari faltarengatik ez zen behinik-behin. Daniel hobe hirian.
Baina Danielek ez zuen horren errazki onartu. Bere familiarekin ez zen berriz ere gaitari aterako, baina horrek ez zuen esan nahi gaita jotzeko bidea guztiz itxita zeukanik. Bilatu behar zuen beste inor gaitaren arrastoan sartuko zuena, baina nor? Iruñean zail zegoen gaia, bertako azken gaitariek utzia zutenetik bereziki. Eta Lizarrakoekin jai zeukan edozein modutan ere, batzuekin zein bestetzuekin. Konponbidea dendan bertan agertu zitzaion baina, Pedro Fermin Izko, Erraondoko indianoaren eskutik.
Pedro Fermin ez zen gaitaria, baina bai ordea ttunttuneroa. Kaliforniara joan aitzin ttunttuna jotzen ibilia zen Erraondon, bere herrian, Zangotza bideko herrixkan hain zuzen. Asko ziren Pedro Ferminek ezagutzen zituen jotzeak, etxean aitarengandik ikasiak, Ttunttunoineko sukaldean. Aita luze ibilia zitzaion Izaga eta Taxoarez bi aldeetako herrietan mezeten eta bestelakoen animatzaile. Pedro Ferminek ongi zuen gogoan bere aitak kontaturikoak oro, nola Liberriko jauretxean bertakoen afarian ibilia zen musikari, edota nola Elkanon izan zen jotzen hango ingurutxo eta joku dantzak idazlea omen zen herriko apaizaren oniritziz, on Joatxin Lizarragaren abegionez alegia. Pedro Fermini, baina, ez zitzaion halako egoerarik suertatu, eta Ameriketan aitak irakatsitako jotze guztiak ongi errepasatuak bazituen ere, itzulitakoan inork ez zion interes zipitzik agertu. Guztiarekin ere, Pedro Fermini min handien egin ziona euskararen galtzea izan zen, Ameriketara baino lehen lur euskalduna utzi, eta bueltan topaturikoa beste zerbait baitzen; hain denbora laburrean nola alda zitekeen horrenbeste, paisaia eta guzti, sinistezina zitzaion. Baina orain izanen zuen aukera gaitari nahi zuen horri zerbait erakusteko, azken buruan, ttun -ttun edo gaita berdina zen, kontua zen betiko jotzeak gordetzea, betiko jotzeak berrerabiltzea, betiko jotzeekin jendeak dantza egitea eta ongi pasatzea. Zekizkien guztiak Sakanako mutikoari behin erakutsita, lasai har zezakeen azken hatsa.
BOLERAK
Kulantxoren txakolinean inoiz egona nintzen aitarekin. Hark ikaragarri laket zuen Agerre jauretxe zaharreko sotoan sartzea eta orduak ematea txakolin gorri garratza urrupatzen. Etxetik eramaten zuen zerbait jateko, aztura zaharrari jarraikiz, komunzki sardin-zaharrak, eta hantxe egoten zen betiko lagunekin tar-tarrean eta arrain gatzatuak periodikotan zanpatzen garbitzearren. Horiek ziratekeen bere bizitza osoan baliaturiko egunkari bakarrak. Urmeneta alkateak eraikina botarazi zuenean gure aitak nabarmen zahartu zen, etxearekin erori ziren harri puxkak berauk zamatu urteak bailiran. Azken txakolinaren azkena, zihoan mundu baten parabola, etxean arrotz sentitzen hasia zen belaunaldi oso baten akabera. Aitak ez zuen ezagutzen sortzen ari zen hiri berria, ez utzitako herria, eta horren ondorioz gero eta nekezago kokatzen zuen bere burua munduan, gero eta ezezagunagoa egiten zitzaion bere baita. Txakolindegirik gabe, lantoki zuen teilatu gorriko etxean bilatu zuen aterpe, lanean gero eta sartzenago, bezeroengandik geroz eta hurbitzenago. Eroetxea neuretxea zioen askotan etsipen ukitu batez, etxekoengandik urrundu ahala.
Bi urtetara Kulantxorena zena toki apartan berreraiki zuten, ez soto moduan, agerian baizik. Lehen barne zena orain kanpo da, lehen errai zena orain azala. Ikuspegi berria inondik inora ere, baina hutsa. Izen berria jarri zioten, Zaldi Txuriaren ostatua, dena itxura eta handiustea. Dorre txikerra ere ezarri zioten hornitzaile, eta udal beharretarako bideraturik, kaleko jendeari hertsirik eman zioten bataioa. Urmenetak alkatetza utzi baino zerbait lehenago, txakolindegi zaharretako giroa berpiztu nahi izan zuen gau batez bederen. Aitzakia lan etnografiko bat egitea zen, Pregón aldizkarian pediatra gazte batek agertu behar zuena. Tartean ere, eta benetako helburu, sekulako festa egin zuten udalaren kontura, Iltzarbeko Iturrikoan belokitarrek oraino egiten zuten txakolin beltza ekarriz. Festari are itxura folklorikoago emate aldera, gaitari batzuk etorrarazi zituzten. Gaitarien mundua ez zegoen urte haietan bere onenetan Iruñean, eta sanferminetan jotzeko udaletxera iritsia zen Bilboko gazte batzuen eskaintza probestuz, hantxe azaldu zen Bilbotiko taldea frogantza moduan.
Txakolin gauari hasiera eman baino zertxobait lehenago, Bizkaitik etorri ziren gaitari gazteak dendatik pasatu ziren sardin zaharrak erostera. Nonbait txakolindegiko ohituren berri bazuten hauek. Hantxe geunden bi maka gazteok zakuak betetzen, eta askotan bezala, Dani txistuka ari zen Erraondoko ttunttuneroak erakutsitako fistukaren bat. –Hori bai dela fistuka ederra! Non ikasi duzu halako doinu zaharrik? -Ez hemendik sobera urruti jauna, baina berorrek nahiko balu beste zenbait gehiago txistukatuko nizkioke trago baten ordainetan-.
Bilboko gaitariekin izaniko elkarrizketa laburrak fruitu ederra ekarri zion Danieli. Ardo pare bat hartu ostean, eta betiko lagunak bailiran, txakolindegiko festara joan zen danborjole. Hurrengo goizean Dani ez zen dendatik azaldu, eta jabea ikaragarri haserretu zitzaion handik egun pare batera berriz ere agertuko ez zela esan zionean. Ni ere aunitz tristatu nintzen, baina aisa ulertzen nuen Daniren erabakia, hori baitzen bere betiko ametsa. Hilabete batzuk pasatu ziren Dani berriz ere ikusi bitartean. Sanferminetan izan zen, eta konpartsarekin zihoan gaitari, orduko hartan baimen guztiekin eta soldatapean. Ardo pare bat hartzera gonbidatu zidan, eta gehiago izanen ziren dendarako bideak lotuta eraman ez banindu. Orduan esan zidan nik ere gaita jotzen ikasteko aukera banuela, elkarrekin joko genuela, denda malapartatu hura uzteko eta bizitzaz zertxobait gehiago jostatzeko. Hasiera batean ez nion kasu handirik egin nahi izan, baina ideia hori itzuli-mitzulika hasi zen ene kaskoan pakerik eman gabe. Udazken hartan, Oberenak antolaturik, gaita klaseak Labriten hasi behar zirela irakurri nuen afitxa batean, eta bi aldiz pentsatu gabe, izena eman nuen damutu aitzin. Ikasi ikasi eginen nuen, agian, baina denda oraino utzi gabe; ez nintzen guztiz ausartzen, ezagun zitzaidan mundu ia bakarra bainuen, eta etxean ez zuten halakorik ulertuko, ez baimenik emanen.
BUKAERAKO KALEJIRA
Gaita klaseak hasi baino egun pare bat lehenago Dani dendara etorri zen. –Itxi ostean Marzelianon, hi. –Hantxe izanen nauk-. Ardo beltza ebaki zitekeen, ardoa baino, gelatina zirudien. Birikak ostera goxoak ziren, bero zirauteno behintzat. –Aixkol y birika cosa rica. –Zer diok, hik jan al duk inoiz aixkola? Ardi kaka hobea duk eta aixkola baino. Hi mutur fin askoa haiz horrelako jakietarako, musu ederregia daukak horrelako janak desitxuratzeko-. Isilik bukatu nuen azken birika muturra ezpainak pega-pega likatsu nituela. –Zer nahi duk? Zertarako deitu didak? –Izena eman duk gaita akademian, zergatik? –Ikasi nahi diat. –Zertarako baina?-. Ez nuen erantzun argirik. Daniren kasuan, emanda zetorkion, halako egurra halako ezpala, baina nirean ez zen musikari bat ere familia osoan. Marzelianotik atera eta Jarauta aldera jo genuen. Urrizelki, Orexa, Ronkal, Goal, 84… Aitzurtzen ari nintzen, malamaneran gainera. –Aurkeztu behar diat lagun bat-. Txakolin gauerako Bilbotik etorririko gaitari horietakoa zen. Huntaz eta hartaz jarduki ginen solas aspertuan Paris-Nizari ekiten geniola. Halako batean, eta osoro arraildurik nengoela, zuzenean galdetu zidaten ea gaitaria izan nahi nuenentz. Jakina. Zergatik. Ez nuen sobera argi, baina bazen zerbait geroz eta garbiago neukana, eta mozkorrak lotsatu gabe esatera ahalbidetzen zidana: Danielekin nahi nuen. Maka edo gaitari, Danirekin maka edo Danirekin gaitari nahi nuen. Hala behar zuen zoriontsu izanen banintz. Orduan, eta Danielen oniritziz, Bilboko maisuak bedeinkapena eman zidan, gotzaiak sendotza legez. Ez nuen minik sentitu, hain nengoen ttottal eginda, baina harrez geroztik familia berri batean sartu nintzen, inoiz ezagutu gabeko kofradia berri batean. Ordutik aurrera gaitari izanen nintzen, Daniren bikotea, Bilboko lagunaren maisutzapean, Bilboko maisuaren laguntzapean. Hura gaita-logia.
Urteak pasatu dira, berrogei inguru, eta egun oraino hemen nauzue, gaitari profesionala, oraintxe Sanferminetako zezen ostea musikaz betetzen, arratsaldeko dantzaldiari bukaera ematen. Ondoan nire Dani dago, lehenbiziko gaitarena jotzen, eta ni bigarrenarena. Gaurkoan Daniren iloba dugu danborjole, Rafaeltxo, herritik espreski etorria horretarako. Inoiz dendarekin gogoratzen jarraitzen dut, baina ez naiz damu bere momentuan utzi izanaz. Aspaldixkoan joan zitzaidan aita ere askotan izaten dut gogoan, ez bainuke bera bezain txoraturik bukatu nahi izanen. Bizitza honetan ahal dena baino, nahi dena egin behar baita. Mugak muga, oztopoak oztopo. Ni Zenon Iribarren nauzue, Iruñeko azken gaitaria. Nork esanen lidake?
Joxe Miel Bidador
Karmel aldizkaria, 2009-4