Chirigotak: ikasteke dugun ikasgaia
Bideoa pasa zidaten, eta ondoren sare sozialetan ikusi dut. Hasiera batean, estereotipo festa kutrea iruditu zitzaidan. Kritikatu daitezkeen hamaika detaile ikusi nituen ere, esaterako karlisten txapelak eramatearena. Gaur, ordea, osoa ikusteko parada hartu eta aho bete hortz gelditu naiz. Onerako geratu ere. Banekien chirigota askok (ez dakit denak izango diren) egungo arazo politiko eta sozialak kritikatzen zituztela, baina zinez diot ez nekiela hainbesterako zenik. Bideo honekin konturatu naiz Cadizeko jendeak chirigota aldakarrikapen sendoak egiteko arma duela, eta aparteko argitasun eta graziaz erabiltzen duela. Arazo larriak umore finarekin salatzea Goya sarietan lau gauza esatea baino gogorragoa izan daiteke, eta ziurrenez boteretsuei amorru handiagoa sortaraziko die. 26. minutuan, akaberatik gertu, popurriaren amaiera Ikurriñari eskainiko diotela esan eta hurrengoa kantatzen dute:
Que nadie tenga miedo al ver mi bandera,
bandera de una tierra que tiene esperanza.
Bandera que no mata, bandera que no sobra,
que aquí las que dan miedo y son más peligrosas
son las que van luciendo gaviotas y rosas.
Honek hunkitu nau, eta hau idaztera animatu. Bideoa modu batez hasi eta modu guztiz ezberdinaz amaitu. Tortillari buelta emanda, gainera, esango nuke estereotipo guztiak haien buruaz barre egiteko erabili dituztela, guk andaluziako jendeaz ditugun estereotipo guztien harira.
Etor daitezela euskal intelektualak bideoa larrutzera, ni beste guztiarekin geratu bainaiz. Hemen ez dugu horrelako aukerarik, horrelako plaza irekirik, eta akaso, beste formatu batean bada ere, bilatzen hasi beharko genuke. Lortuta ere, gutxik izanen zuten cadiztarrek duten adorea gauza asko esateko tenorean.
Halere kritikatzekoa da antzezle guztiak gizonezkoak izatearena, emakumeak lorontzi moduan erabiltze horrrek pena handia eman dit. Agian hor ere hemen ditugun eztabaida eta liskarrak dituzte, eta hala bada, emakumeek chirigotetan merezi duten lekua lortzea espero dut bihotzez.
Besterik gabe, hona agurra, duela zenbait urte Palestinari buruz egin zen honekin.
Biba chirigotak!
Inauterietako ezinbesteko osagaietako bat da satira. Cadiz-en txirigoten bitartez bideratzen dute haien inauterietako kritika, baina gurean ere bada halakorik. Zer dira bestela Maskaradetako Buhame jaunaren eta Kabanaren predikuak, edo Ituren eta Zubietako mozorroek sortzen dituzten zenbait karrozen gaiak (Erregea, Aita Santua, Obama, Foruzainak, Guardia Zibilak, Barcina…) Inauterietako erritoez kanpo ere satira nagusi da Erriberako paloteadoetan Rabadanak eta Mayoralak botatzen dituzten bertsoetan, adibidez (udal batzuek debekatu nahi izan dituzte paloteadoak hartzen zituzten kritikak tarteko, pentsa!). Jotak gaur egun erabat epelduta daude eta “stablishment”aren gustuko diren gaiak jorratzen dituzte, baina ez da beti horrela izan. San Ferminetako peñen pankartak ere txirigotenak bezain kritika fin nahiz krudelak zabaltzen dituzte. Forman agian gure satirak ez dira Cadiz-ekoenak bezain “salgarri”, baina ez dut uste ikasteko lekziorik dugunik.
Kaixo Aritz, eskerrik asko hemen idaztera animatzeagatik.
Zuk aipatutako adibideak ezagutzen nituen hau idatzi aitzin, eta uste dut ez dutela nik postan idatzitakoa ezeztatzen. Cadizeko chirigoten lehiaketa gure satira ereduen gainetik egotea edo ez, eztabaida interesgarria liteke, baina ez da ere hemen idatzitakoaren helburua. Deskubrimentu itzela izan da niretzat, eta hasiera batean hemen horrelako salaketa aukera handirik ez dugula iruditu zaidanez hori jarri dut, baina chirigoten fenomenoa duintasunez defenditzea izan da idatziaren arrazoia.
Mila esker.
Ez dira karlisten txapelak, forratutako ur beroko poltsak baino, kar kar kar!
Aurten egon gara Cadizeko ihauterietan lehen aldiz eta ez dogu ezberdintasun arazo handirik nabaritu. Kalean emakumezkoen chirigotak ikusi doguz, baita mistoak ere. Eta uste dot baldintza beretan parte har dezaketela bideoan agertzen den lehiaketan. Baina tira, azaleko hautematea da, noski.
Hona hemen interneten aurkitu doten iritzi bat
http://www.musikawa.es/la-mujer-en-el-carnaval-de-cadiz-por-zoraidaperez/
Barkatu bikoiztea, Julen :S
Ezabatu lehena ahal badozu.