Julen Leuza
Folklorea eta musika, orokorrean. Soinutresnak jotzea, kantatzea eta dantzatzea gustoko dut, eta idaztea baino hobe egiten ditut gauza horiek, beraz blog hau nire errealitatearen isla txiki bat besterik ez da izango. Traizioa tradizio bihurtuko dugu. Iruñea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Julen Leuza(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Iñaki(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Jon Torner(e)k Futbolari buruzko 4 kantu paregabe bidalketan
- Inaxio Esnaola(e)k A ze lotsa bidalketan
- Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz(e)k A ze lotsa bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko otsaila
- 2012(e)ko abendua
Hellfest, day three: Hellmuga
Atalak: Sailkatugabeak
Azken eguna. Esnatu eta aurreko egunekoaz hitz egiten pasa genuen goiza (hau ere, euri, hotz eta haize bolada arriskutsuekin). Idatzi nuen bezala, Korn taldeak eman zuen kontzertuarekin zoraturik bueltatu nintzen ohera ni, baina argi geratu zen gainontzekoentzat Kiss izan zela larunbateko jaun ta jabe. Bederen denok bat gentozen kontu batean: Anselmok eta Down taldeko lagunek emanaldi aparta eman zuten.
Berriro ere bazkal ostean joatea erabaki genuen. Batzuk Newsted taldea ikustera joan ziren (ex-Metallica den Jason Newsted baxujolearen talde berria). Nahiko mingotsa, haien ustez. Beste batzuk, ordea, beranduxeago joan ginen, egun horretan talde bat ikusteko irrikitan ginela eta: Gojira.
Ostiralean Berri Txarrak nafarrek jo zuten, baina ez ziren jaialdian egon zen Euskal Herriko talde bakarra izan. Askoren harridurarako, Gojira Baionako taldea da. 90. hamarkadan sortu zen, eta Death Metal tekniko aparta egiten dute. Mundu mailan gero eta ezagunagoak dira, eta gaur egun ohikoa da jaialdi erraldoietako Mainstageetan Gojira ikustea. Hori bai, ingeleraz abesten dute. Programan, ordea, “la formation basque” bezala aurkezten zituzten, baina publikoaren erantzuna ikusiz, argi geratu zen etxean jolasten zutela, hau da, gaur egungo Frantziako metal talderik internazionalena. Atera berri duten “L´Enfant Sauvage” diska aurkeztu eta ordu beteko kontzertu bizia eman zuten. Gitarjoleek ez bazuten punteorik egiten ere, taldearen teknika eta entsaio orduak agerian gelditu ziren. Kantek etengabeko erritmo aldaketak zituzten, eta aipatzekoa izan zen Mario Duplantier bateria-jotzaileak bonbo bikoitzarekin zuen azkartasun eta abilidadea (2012an metal musikako bateria-jotzailerik onena izendatu zuen metalsucks.org-ek). Musika mota hau entzuteko gai den ororentzat Gojira bezalako talde bat ikustea zoramena da. EH Zuzenean jailadian jo zuten iaz, ea hegoaldera hurbiltzen diren aurki ba.
Gojira ondoren, beste Mainstageean Symphony X talde estatubatuarraren txanda etorri zen. Izenarekin soilik jakin daiteke egiten duten musika mota (Metal Progesiboa, Power Metal). Teklatuekin egiten den metalari higuina diogunez beste eszenatokietan zer zegoen ikustera animatu ginen, non eta infernuan bukatu genuen. Temple eszenatokian lagunetako batentzat jaialdiko talde onenetariko bat izan zena aurkitu genuen, bai eta gainontzekoak oilo ipurdiz utzi gintuena: Dark Funeral suediarrak, Black Metal iluna egiten zuten antikristo batzuk edo. Black Metala entzuteko adorea izan behar da, egia da, baina onartu behar da bateria-jotzaile horiek beste mundu batetik etorri direla. 3-4 minutuz bonbo bikoitzarekin semifusak egiten egon daitezke, atseden hartu gabe eta erritmoa mantenduz. Bai eta besoekin egiten dutena ere, breaketan tom guztiak jotzen baitituzte bakoitzean 8 kolpe emanez. Krudela. Hori bai, ahotsak oihuz ari den katu baten eta Star Warseko areetako biztanleen arteko nahasketak izaten dira normalean.
Duela gutxi Metal Hammer aldizkarian irakurri nuen ordu horretan ere, Valley eszenatokian, Masters of Reality taldeak jo ezin izan zuenez larunbatean jo zuten Downekoak igo zirela oholtzara (haien proposamena bezala, parrandan jarraitzen baitzuten), eta lagunentzako kontzertu moduko bat eman zutela. Bertsioak egin zituzten batez ere, eta Panteraren Walk mitikoarekin bukatu omen zuten. Pena handia hor ez egotea, lastima!
Mainstageera itzuli ginen infernutik atera eta gero. Stone Sour yankiek jotzen zuten orain, batez ere Slipknot taldeko abeslari (Corey Taylor) eta gitarjolearen (James Root) beste taldea izateagatik ezagunak (haiek talde honetan Slipknoten baino lehen zeunden arren). Musika mota ezberdina egiten dute hauek; Heavy Metala zen, baina ez Slipknotek egiten duen muturreko metal pisutsua. Ahotsa melodikoa zen kanta guztietan (abeslariak hainbat estilotan kantatzeko gaitasuna zuen, Slipknoten egiten duena kontuan hartzen badugu). Pertsonalki asko gustatu zitzaidan, kantak ezagutzen ez nituen arren, eta Corey Taylor primerako frontmana iruditu zitzaidan, alaia, bizia eta publikoa animatzen zekiena. Aipatu behar da ere haien artean giro ona nabaritzen zela, eta hori ezinbestekoa da publikoa pozik mantentzeko.
Stone Sour amaitzean Lordi ezagunen ordua zetorren. Bai, Eurovisión bat irabazi zuten suediar mozorratu horiek. Gu, ordea, afaltzera joan ginen eta ez genituen ikusi. Itzuli ginenean Volveat jotzen hasiak ziren, Danimarkako Trash & Roll (hala jartzen zuen programan) taldea. Eta hala zirudien bai: Slayer eta Metallica bezalako taldeen Trash Metala Elvis edo Stray Catsen Rockabillyarekin nahasten zuten kantetan. Arrakasta handia hasi da lortzen talde hau, mundu mailan gainera, baina guri ez zitzaigun bereziki gustatu. Hori bai, soinua eta musikarien kalitatea jaialdiko onenetarikoa izan zen. Formazioan Anthrax taldeko gitarjolea izan zen Rob Caggiano sartu berria zeramatzaten, eta bertsio modura Slayeren Raining Blood, Judas Priesten Breaking the Law eta txalotua izan zen Johnny Cashen Ring of Fire eman zuten. Publikoa, orokorrean, oso gustora daniarrekin.
Amaitu aurretik, Valley eszenatokira gerturatu ginen. Bertan Estatu Batuetako Swank taldea zegoen. Talde hau 80ko hamarkadan sortu zen, 1992an utzi zuten eta 2010an oholtzetara bueltatu ziren. Musika esperimentala, muturreko rock psikodelikoa alegia, eta muturrekoa esaten dugunean The Beatlesen Lucy in the Sky with Diamonds edo Pink Floyden The Great Gig in the Sky kantak bigarren maila batean uzten dituela esan nahi dugu. Bolumena erraldoia zen, bi gitarra ultradistortsionatuak, baxua, bateria eta tipo bat perkusioa eta haizezko soinutresnak tartekatuz. Adibide bezala, akorde batekin 7-8 minutu egon ziren. Publikoa 60 eta 70 hamarkadetako LSDzaleen tankeran, begiak itxita burua aldeetara mugituz, eta bateon bat lurrean botata. Bizitzeko momentua.
Jaialdiko azken taldeak Mainstageean, Danzig behar zuen, baina programan aldaketa baten ondorioz Ghost izan zen azkenekoa. Suediarrak hauek ere (esanen nuke estatubatuarrekin batera jaialdiko talde gehienak Eskandinaviako herrialdekoak izan zirela), Heavy Metal light batekin, ahotsa aldiz leuna eta melodikoa zen. Hori bai, denak mozorratuak, monastegi bateko monjeak balira (baina beltzez eta buruhezurren maskarekin), eta abeslaria Aita Santu sataniko baten gisara. Slipknot taldearen kasua muturrera eramana da hauena: Iowakoei, askori behintzat, baxujolea hil zenean eman zuten prentsaurrekoa arte ez zitzaien aurpegia publikoki ikusi ere. Ghostekoak, berriz, izenak ere ez dituzte eman. Hau da, informazio bakarra Estokolmokoak direla da. Besteak beste, haien kantu bat Isabel Báthory hungariar aristokratari eskainia dute, esaten denez, historian erahil gehien egin dituen emakumea dena. Tankera honetakoa, ba.
Nekatuak geunden, eta Ghost amaitu aurretik kanpinera itzuli ginen. Eguneko txapeldunak, zalantzarik gabe, Gojira izan ziren. Lo gutxi egin (batzuk ez zuten jaia amaitu nahi, antza) eta hurrengo egunean goizean-goiz Iruñera abiatu ginen bueltan.
Ondorio bezala, esango dut Hellfest Europan dagoen jaialdirik handi eta gogorrenetariko bat dela. Ezinezkoa da nahi dituzun talde guztiak ikustea, eta beraz erabaki gogorrak hartu behar dira. Gu, hasiberri emozionatu batzuk bezala, jaialdia gehien bat Mainstageetan eman genuen, baina jende asko beste eszenatokietan egotera joan zen. Askok ere (eta hori nabaritu genuen) talde berriak deskubritzeko helburua zuten soilik. Orain pentsatuta, goizeetan ez joatea pekatua iruditzen zait, baina momentuan genuen neke, hotz eta buruko minak ez zigun indarrik ematen. Esango dut ere ez naizela kazetaria, eta ez nintzela jaialdira kronika bat egiteko ideiarekin joan (hori gero suertatu zen), beraz nire ikuspuntua oso subjektiboa da, eta hala konprobatu dut beste aldizkarietako kroniketan nik idatzitako gauza askoren kontrakoa irakurri dudanean.
Besterik gabe, esango dut (berriz ere) Korn taldearekin txunditurik gelditu nintzela, eta orokorrean talde guztiekin disfrutatu genuela. Hau izan zen, Latzenek bere azken birarako erabilitako hitz jokoa erabiliz, gure Hellmuga.