Beterri: la résistance Erriberan
“Mil euskaldunes en la Ribera equivalen a diez mil en Tafalla, a cien mil en Pamplona y a un millón en el Baztán” (Montxo López de Goikoetxea)
Ohiko ohitura dugu udan herrietako jaietara joatea. Orokorrean, Euskal Herriko herri nabarmentsuenetan erraza izaten da giro euskalduna aurkitzea. Giro euskalduna, euskaraz hitz egiten duen jendeaz gain (hori ez baita hain ohikoa), musika, jarrera edo estetika konkretu batzuk biltzen dituzten giroak. Nafarroako Erriberan, ordea, azken hau ere aurkitzea ia ezinezkoa da.
Tuterako jaietan egon gara asteburu honetan. Beterri peñak urtero antolatzen dituen ekitaldiek gainontzeko egitarauan ikusten ez den euskal kutsua dute beti. Tutera bezalako hiri batean hori ikusteak poztu egiten gaitu.
Ostiralean dantzan aritu ginen. Urteak daramatza Beterrik dantza kalejira/emanaldi bat antolatzen hiriko kaleetan barna. Azkeneko sei urteetan Iruñeko Duguna dantza taldeari egokitu zaio eginkizun hori. Arratsaldeko 8ak aldera, tenperatura 30 gradutara jaitsi zenean, biribilketan abiatu ginen. Geldialdi batzuk egin, hainbat dantza eskaini (esan gabe doa, tragoren bat hartu ere), eta azkenik 9ak aldera Foruen Plazara iritsi ginen. Bertan Zezenzuskoak Otsagabiko Jota bat nola zapuzten zuen ikusi eta gero, dantzaldia amaitu genuen ondoko txoko batean. Ederki, ohi den moduan.
Dantza emanaldia alde batera utziz, benetan harritzekoa da hiri horretan dantzarako duten gogo nekaezina. Gauerdiko dantzaldian ehunka lagun elkartzen dira Tuterako Jota, Polka, Larraindantza eta bestelakoak dantzatzeko. Ondoren, “La Revoltosa”rekin amaitzen dute, Sakanako jaietan bezala, plazako kioskoari bueltak ematen dantzatzen den pieza.
Hau guztiaz gain, Beterri peñak gauero kontzertuak eskaintzen ditu bere egoitzan, eta hori ezean, DJ bat aritzen da musika jartzen. Denetatik entzun daiteke baina tarteka Erriberako hiriburuan entzuten ez dena aditzeko parada izaten da.
Bejondeizuela, Beterriko lagunak. Gora Erribera euskalduna!
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks