Joxerra Aizpurua
Zientzia eta teknologia gaiak laborategietatik atera nahi ditut; ez naiz neutrala izango. Iritzi kritikoa eta eraikitzailea ematen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- EAEko hizkuntza-industriek 280 milioi euro fakturatu zituzten 2014an(e)k Euskadiko hizkuntza-industriek 280M fakturatu zituzten 2014an bidalketan
- Iker Etxaniz(e)k Euskal Herria 2025ean, estatu gisa pentsatzen hasteko garaia bidalketan
- itsasegia(e)k Garoñan harroputzek bakea sinatu dute bidalketan
Sorginkeriak
Atalak: Meteorologia
Telebistan, Tunisiako turistak mamuak segika izango balituzte bezala korrika ikustean, umetako amesgaiztoa etorri zitzaidan gogora: auzoko etxe zaharreko sototik korrika irteten zen jendea, inoiz ikusterik izan ez nuen sorginak ez harrapatzeko; bitartean, ni geldik, paralisiak jota.
Nire amesgaiztoa beste zenbaiti errealitate bihurtu zaiela sentitu dut egunotan.
Eklipsearen itzala beldurgarria da animalientzat, eta ilargia Lurretik oso hurbil izango denez, martxoaren 21eko marea biziek sorgin eta mamu bihurtuko dute itsasoa, Bretainian eta Normandian bederen. Marea beheran 12 edo 13 km egingo baitu atzera itsasoak, eta gorakoan, 6 edo 7 km/h abiaduran egingo duelako aurrerantz. Hango paduretan, oinak belaunetaraino hondoratzen direla, ezinezkoa izango omen da itsasoa baino azkarrago ibiltzea bi orduz, itsasoak harrapa ez zaitzan.
Gauerdian, izerdi patsetan ikusten dut nire burua. Zangoak hondar bigunean hondoratzen diren bitartean, itsasoko urak txorkatilak busti dizkit lehendabizi, eta belaunak hartu baino lehen, goizaldeko marea gorarekin batera ailegatuko den Korrika izango dut salbatzaile.