Jon Mintegiaga Oiarbide
Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan
Gure herria ezagutzen
Atalak: Sailkatu gabea
Espetxeratu berria den euskal presoa, normalean kaletik ezagutzen ez dituen kideekin modulu edo galeria batean lekutzen dutenean, Euskal herriko beste herrialde bateko unibertsitatean matrikulatzen den ikaslearen sentipenek hartzen dute.Bat batean, Euskal Herria ezezagun bat agertzen zaio, bizitza garatu duen herri eta eskualdean existitzen ez ziren espezietako euskaldunez osatua.
Ama hizkuntza euskara izan eta lagunartean hika darabilen herritarrak, euskara etxean jaso ez eta eskolan nola hala ikasi duen hiritarrarekin elkartzen denean, pixkanaka, nahi gabe, batuarako joera gailenduko zaiola nabarituko du, lagunak buruarekin bai bai eginagatik, erdia baino ulertzen ez diola jabetzen denean.
Hiritarrak, kaletar petoa, aldameneko kidearengan, noizbait, aizkora eskuan, aitarena omen zen etxe hartakoen oinordekoa irudikatu du; edo Obabako biztanle bat. Kontrasteak askorako ematen du.
Oharkabean, batzuen eta besteen hizkera, euskalki, doinu eta ahoskerak nahastu egiten dira, popurri neutro bat eratuz.
Iparraldekoak eta Hegoaldekoak bat egiten duten gutxietan, erdaratik eratorritako hitzak ekiditeko joera nagusitzen da, euskara garbiari bide ematen.
Euskaraz ez dakiten apurrek, Erasmuseko ikasleak bezala, egokitzen zaienetik edango dute, ohitura on eta txarrak jasoaz.
Marka da gero, Espainia eta Frantzia sakoneko muturretan eraikitako sarraski guneetan lurreratu beharra, jatorrizko mikrokosmosetatik deserriratuta, Euskal Herria anitz eta aberatsa begien aurrean agertu eta haren ezagutzan sakontzen jarraitzeko.