Hasiera »
Jon Mintegiagaren bloga - Txabolotik
Jon Mintegiaga Oiarbide
Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan
Demagun
2016-01-20 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Demagun gezi gorriei segika Arabako lautadan lekutzen gaituztela.
Demagun gure etxekoek ordu erdi edo ordubeteko bidaiak egin behar dituztela.
Demagun patioko 50-100 lagunok kideak garela 1989aren aurretik bezala.
Demagun gure buruak gobernatzen ditugula; guk garbitu, guk sukaldatu, guk zerbitzatu.
Demagun murrizte neurriak altxata gure gutunak bi egunetan iristen direla eta ez 20-25etan.
Demagun arauak zentzu zabalean hartuta aurrez-aureko bikoitzak eta hirukoitzak ditugula.
Demagun euskaraz ikasteko eskubidea berrekuratzen dugula.
Demagun herriko berriak irrati-telebistetatik euskaraz jasotzen ditugula (txistu egiten diguzue baina maite zaituztet oraindik).
Demagun baldintzen arabera, lanera begira, tornuak, fresak, aroztegiko herramintak maneiatzen ditugula.
Demagun formakuntza ikastaroak antolatzen ditugula.
Demagun batzar irekietan patxaraz eztabaidatzen ditugula aurrera begirako urratsak.
Demagun herriko eragileekin aurrez-aurreko proposamenak partekatzen ditugula.
Ez litzateke askatasuna, garbi dago; baina ukitzen ari garela sentituko genukeen. Eta ukitzen den hura errazago heltzen da.
Li Bai txaboloan
2016-01-12 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
Ilargiarekiko miresmena ez da oraingoxea. Haren dirdirak lurrak, urak, ileak eta pertsonen gogoak erakartzen ditu, inguratzen duen misterioak pertsonak berezkoa duen jakin min eta zalantzak elikatuz. (gehiago…)
Azterketa soziologikoa
2015-12-09 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Azterketa soziologiko eta inkestak ehuneko portzentaietan argitaratzen dira errealitate jakineko hurbilpen bezala. Hala batean, gure moduluan 100 laguneko zenbaki borobilera iritsi ginenean, begirada zorroztu eta bertako erradiografia egiteko parada aproposa eskaini zidan kasualitateak. Pastel zati hauek begitandu nituen: (gehiago…)
Norabait
2015-11-25 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Bozgorailutik nire bi abizenak deituta leihatilara hurbildu naiz, gutunen bat, egunkariren bat, instantziaren baten erantzuna izango delakoan. Ez da halakorik: “Recoja las cosas que se va de conducción”. Bihotzean zartakoa nabaritu dut (ibilera hauetako enegarrena), odol emari jarraian bat bateko borborra, itsasertze barean emeki hurbiltzen diren uhinen ondotik Belharra olatua altxa balitza bezala. “De acuerdo”, erantzun dut instintiboki. (gehiago…)
Tazmamorteko zerua
2015-11-10 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
1971ko uztailak 10ean, militar talde batek Marokoko erregearen jauregiari eraso egin zion. Matxinadak porrot egin ondoren arduradun nagusiak exekutatuak izan ziren, koadro ertainak 20 urteko espetxealdira zigortu zituzten bitartean; horietatik 18 hilobietan igaro zituzten. Zaila egiten da beste hitz bat erabiltzea egoera deskribatzeko. (gehiago…)
Espetxekeriak (I)
2015-10-27 // espetxekeriak // Iruzkinik ez
Espetxekeriak espetxe bizitzaren egunerokoan behin eta berriz errepikatzen diren egoerak dira, bere logikatik sortuak eta halabeharrez garatzen joan direnak. Espetxekeriei espetxean hasi eta bukatzen zaie zentzua. Txabolo barruan adibide xume ugari ditut. (gehiago…)
Autobuseko txangoa
2015-10-05 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Espetxetik espetxerako lekualdaketa Guardia Zibilak burutzen du, pertsonak baino, abereak garraiatzeko aproposagoa den autobus tankerako ibilgailu batean. Miaketa arin baten ondoren, norberaren zakutoak maletegian utzi, eta txandaka, preso bakoitzak egokitutako zenbakian toki hartzen du, auzitegietako joan-etorrietan ez bezala, eskuburdinik gabe. Gaitzerdi. (gehiago…)
Zigilurik gabeko gutunak
2015-09-22 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Burkide maitea:
Pozarren jaso nian hire gutuna. Jadanik, dozena erdi bat kidek bideratu dizkidazue, ongi etorri modura, animoak helarazteko lehen hitzak. Ez zarete makalak gero! (gehiago…)
Oinarrizko hiztegia
2015-08-03 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Asteazkena asteko egunik aztoratuena izaten da, Peculio eguna: astean zehar pilatzen joan diren zor txiki eta handiak kitatzeko eguna, kontuak ematekoa eta eskatzekoa. (gehiago…)
Gutun bereziak
2015-07-27 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Gutun klase asko eta ezberdinak iristen zaizkit. Horien artetik aprezio berezia diet politikoki nigandik urrun xamar egon daitezkeen lagunek idatzitakoak direnean, euskaldunok espetxearen inguru-marian antolatu antzera duzun zirkulutik kanpokoa denean, non hasi bai baina non bukatzen den argi ez duzun eta osatzen omen duzun mundu horretatik kanpokoa denean. (gehiago…)