Damu da Cervantes, euskararik ez zekielako

Imanol Epelde
0

Euskal literaturan ez daukagu Cervantesik, ez daukagu Shakespearik. Ez edukitzen hasita, ez daukagu Coliseorik ere.  Baserri eder askoak baditugu baina ez daukagu Alhambrarik eta ez zitzaigun okurritu, Urbasan  Machu Pichu bat eraikitzea. Baina bagara herri, nor izateko ez delako behar piramiderik Bardeetan: Nahikoa dugu hizkuntza. Eta hori ez dute inoiz jakingo euskararik ez dutenek. Hemen bizita ere. 

Ezin baitute guk bezala barre egin Iker Laurobaren txio txisteekin (gaizoak!), ezin dute Eider Rodriguez irakurri eta fantaseatu, ezin negarrik egin BECen Bertsolari txapelketa nagusian sentitzen den emozioekin, ezin dute Kirmen Uribe guk bezala mirestu eta amorratu bere iruzkin eta argazki monarkikoekin, ezin dezakete miretsi Zakilixut, maitatu Miren Azkareteren hizkera osoa, jasoa, ezin dute HAZI HEZI bezalako aldizkari puska irakurri, ezin dute guk bezala, irrintzi bat entzutean lurra sentitu. Ez dute inoiz jakingo gure pozak desberdinak direla, adibidez, herritik kanpo norbait euskaraz entzutean. Ez dute inoiz jakingo gure malkoek zapore berezia dutela: adibidez, epaitegietara eramaten zaituztenean euskaraz egiteagatik. Jakingo ez duten bezala euskara jendea izateak zein bizi indar ematen duen. Kasik bizi arrazoi bakar izateraino. 

Ez dute. Ez lukete. Baina balukete. Luketeki saiatuko balira. Bazinate.  



Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA