Ez naiz nekatuko esaten

Imanol Epelde
3

Demagun matematikako irakaslearekin batera grabatzen dudala bideo bat. Nik euskarako irakasle honek. Sexu langile batek zakila nola jaten didan erakutsiz. Matematikakoak atzetik ematen dion bitartean. Eta nahi gabe edo nahita zabaltzen dela bideoa herrian. Jakinda eta entzunda, sexu langileak irudirik ez hartzeko eskatzen digula. Didala.

Demagun hori gertatzen dela. Esaidazue zenbat klase ordu geratuko litzaizkidakeen eskolan. Zenbat goiz herrian. Esaidazue zenbat gurasok egurtu nahiko ninduketen. Zein ikastetxetan utzi ahal izango nituzkeen curriculumak. Zenbatek madarikatuko ninduketen euren semearen edo alabaren irakaslea izan naizelako. Urtetan.

Bi futbolarik egin dute hori eta ez da gertatu ezer. Partiduak jokatzen segituko dute. Txaloak jasotzen asteburuko partidetan. Kaleratuak izan gabe. Kalenturarik gabe. Oso ondo azaldu zuen hori orain gutxi Asier Sarasuak.

Goi-goian dagoena soilik hustu daiteke ahulenean bere botere guztia isuriz. Eta txalotua izan.

Azken hauteskunde kanpainan zenbaitzuk egin bezala beste bideo batekin. Euskara administrazio publikoan eskatzea kritikatu eta elebakarren hizkuntza eskubideak defenditzean. Goi-goian dagoen hizkuntzaren hiztunak soilik hartu dezake hori esateko pribilegioa. Hilzorian gauzkatenean. Eta zenbaiten txaloak jaso gainera: Zarauzko herriko zinegotziarenak besteak beste. Ulertu ezinik Onartu nahi ezean administrazio publikoan lan egitea ez dela eskubide bat, eta herritar elebidunon eskubidea dela gure hizkuntzan artatuak izatea.

Alferrik ari gara ikastetxeetan Bizikidetza eta Sexu harreman afektiboen inguruko mila eta bat programa abian jartzen, gero 15 segundoko bideo batek dena kakaztuko badigu. Alferrik Hizkuntza Normalkuntza Planak abian jartzen, eta mila milioika euro eta langile eta asmo on inbertitzen horretan, gero herriko aginte organoetan daudenek tweet bakarrean  hustuko badizkigute euren botere guztiak.

Ez naiz nekatuko esaten: Denbora da Zarauzko udal gobernutik kanpora beharko lukeela zinegotzi horrek. Bi futbol izarrek Eibarretik bezala.

(Parlantzua.eus atariko hitz hartze bat)

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA