Maitte ba(du)zu Nikolasa, maittekozo aren aza

Imanol Epelde
0

Garai bereziak ari naiz bizitzen. Maitemindu egin naiz. Sutsuki. Horregatik irudituko zait daudela inoiz baino ederragoak. Azak ere.

“Aza izoztua eta Lizarrustikoa”.

Hala dio esaerak. Hala ikusi ditut nik ere eguberri hauetan Aralarren. Hango aza baita erreka bazterrekoa baino samurragoa, mardulagoa, kizkurragoa, finagoa, urtsuagoa eta gozoagoa. Eguzkia gorenean denean, beroak zimeldu eta erre egiten ditu toki beherenetako azak. Ez die burua eratzen uzten. Hondatu egiten ditu. Aralarkoek orduantxe egiten dute irabazirik handiena; ederrak eta gizenak egiten dira. Ongarririk ere ez dute behar. Ardien kakarekin eta txizarekin nahikoa dute.

Xalau-xalauak dira gainera azak. Badaude:

  • aza berdea (ahuntz-aza)
  • aza gorria (azallorra)
  • zuria (aza zuria, azakoa)
  • aza zurruna (aza kizkurra).

Pentsa! K.a. 2500eko egiptoarrek ere jaten zuten aza. Greziarren eta erromatarren baratzeetan ere hor zen beti aza. Oso ontzat zeukaten alkohol-gehiegikerien aurka, eta baita digestioari laguntzeko ere.

Maiteminduta egon edo ez, gomendagarria oso gabon osteko egun hauetarako azak jatea. Errezeta ugari topatuko dituzue sukaldean.

Baina kasu! Aza gehiegi jateak baditu bere desbentajak-eta: belarriak hazten dira. Hobeto entzungo duzu akaso baina denek jakingo dute zer jaten ibili zaren.

Urte berri aza-oliotsua denoi!

image-43665

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA