Erlojuaren aurkako asteari begiratua

Imanol Epelde
0

Urduritasuna nabari zen partidaren hasieran. Baloia mugimenduan jarri bezain pronto, Arnaldo izeneko jokalari batek aurkariari baloia lapurtu eta Pello Urizarri pasa zion eskuin hegalera. Pellok Patxi zuen zain, Patxi Zabaleta, aste honetan alderditik hainbat kide kaleratu dituen bera, area inguruan tokia egiten. Eta ezker hegaletik egindako korrikaldi ikusgarri batekin, defentsa guztiak gainditu eta Oskar Matutek gol ederra.. bildu zuen. Jokaldia ederra izan zen, estrategia finekoa, Gernikako Akordioa izenez ezaguna. Ospakizunak baina ez zuen gehiegi iraun. Gola nolabait baliogabetzeko modurik aurkitu ez eta Arnaldo eta beste hainbat jokalari kalera bota zituen epaileak, eta jokatzea debekatu urte luzez. Futbol zelaiko epailea Espainiako Auzitegi Gorenak izendatzen badu, axola gutxi du zergatiak, arrazoiak… eurenak baitira legeak, eurenak zelaiak eta eurenak partidak.

Ez zirudien posible izango zenik baina, futbola beste asteetan baino protagonistagoa izan da aste honetan. Eta Bateragune auziaren harira politikaren partida ikusten aritu garenak.. jo eta ma geratu gara. Berriz ere ez dute penaltirik pitatu aurkariaren arean, jokoz kanpo utzi dute Gernikako usoa, Picassoren koadroko zaldi burua eta herri honek notizia onak entzuteko duen gose asegaitza. Batzuk diote, kiroltasunez errespetatu behar dela erabakia. Irabazleen bandokoek diote hori, jakina, ze beste aldean gaudenoi, baloia zulatu eta futbol zelaian porruak landatzeko gogoa sartzen zaigu. Baina orduan, orduan ere gu izango ginateke gaiztoak, legeak hausten dituztenak, terroristak hitz batean. Pilotakadaka hartuko gintuzkete gainera, eta hil edo larriki zaurituta utzi, aste honetan Iñigo Cabacas manifestazio isil batean oroitu den bezala, edo Xuban Nafarrateren aitak bertsio ofizialaren herrenak salatu dituen bezala.

Pentsatu epaia kontrakoa izan balitz, alegiya, Bateragune auzikoak kalean baleude orain. Gogo berrituta ekingo genion asteari, bizitzari eta (beitu ze polita…) irri egingo genioke haizeari. Baina batzuk tematuta daude esperantzarik ez sortzen eta makurtuta nahi gaituzte euren oinetara. Berriz ere egingo dugu larrutan gutxi herri honetan! Horregatik egingo zuten akaso, hainbeste negar Llorentek eta batez ere batez ere Muniainek.

Gainera, epaiaren berri eman dute mundu guztia beste futbol partida bati, Bucaresteko UEFAko finalari begira zegoenean. Koldar hauek ez dakite duinak izaten, ezta garbi jokatzen ere. Eta ikaratu naiz, ikaratu naiz beste final bat daukagulako laster, eta ez dudalako asmatzen zein beste notizia beldurgarri eman nahiko diguten Athletic eta Bartzelonaren arteko finala hasi baino ordu batzuk lehenago!

Bai, herri honetan futbolera jolasten dute umeek, futbolera jolasten politikariek, futbolera jolasten Jainkoek eta noski, eta eskerrak hala den, baita futbol jokalariek ere. Irabaztera beti, gerra bat bailitzan. Eta horrelakoetan, dramatismo beldurgarriz beteta, eskutik datoz futbola eta.. poesia. Bai, literatura bihurtzen dira kirol orrialdeak. Hori frogatzeko final handiaren bezperan idatziak irakurri besterik ez dago: “hegazkin bat bete ilusio”, “zerua ukitzeko prest” edo hurrengo eguneko “zerua beste nonbait dago”.

Polita eh? Penaz esango diogu azkenean agur aurtengo futbol ligari, poesia liburu bat amaitzen dugun bakoitzean bezala. Pozez hartuko ditugu ordea hanka peloten eta pedal kolpeen kapitulu berriak. Aste honetan hasi da Italiako giroa.. Danimarkan. Eskerrak aldapa behera den Danimarkatik Italiarako bidea.. mapan.

Marka da gure txirrindulariak ez direla batere abilak aldapa beheretan, gorakoan nabarmentzen dira, gainontzean aurka izaten dituzte ordekak, esprintak eta… erlojuak. Aurten ere Euskaltel azkena izan baita erlojuaren aurkako taldekakoan.

Baina denok gara hemen erlojuaren aurka gabiltzanak, ekonomiak nola estutzen gaituen ikusita. Garai batean dena ondo zihoala esaten ziguten. Nazioarteko Diru Funtsak edo FMI delakoak sinestarazi zigun gauzak ondo zihoazela, eta dena zen armonia, dena guai, todo guai… “erosi, erosi lasai! Zoriontsu egingo zaitugu eta”. Horrela, 40 urtera arteko hipoteketan sartu ginen, oporretara bi astez ez, hilabete osoz joan ginen kreditua eskatuta eta GPSdun autoak erosi genituen… Horixe zen FMIko Rodrigo Ratoren gidaritzapean saldu zigutena, eta gerora ohartu ginen dena izan zela burbuila, dena gezurra. Geroztikakoak dira erreformak, erreformen erreformak, murrizketak eta negarrak. Aurreikuspenetan hanka sartu zutenek egindako penitentzia berriz, eredugarria izan da. Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko ekonomia ministro ohia Caja Madrid-eko presidente izendatu zuten, Bankiakoa gero. Eta orain, jubilatu egin dute 1,2 milioiko indemnizazioa ordainduta. Nik ere erabaki dut: ama, handitzen naizenean, bankari izan nahi dut!

Orain Bilbotar bat jarri dute Bankiako agintari: José Ignacio Goirigolzarri. Fijatu zarete gol bat duela abizenean? GoiriGOLzarri. Amona euskaldun baten ilobaren iloba izan behar du honek. Eta aktiboak desintoxikatzera dator. Adreiluak ogi bihurtzera edo horrelako mirariren bat egitera. Ea ez digun urre koloreko egunsentirik ekartzen, Greziako hauteskundeetan gertatu bezala. Edo Errusian bezala, Putin aste honetan itzuli baita Kremlinera. Frantzian jarri behar omen da esperantza orain. Hasiera berri baten aurrean omen gaude Europarentzat eta munduarentzat. Eta batek ez daki hori entzunda barre edo negar egin. Horregatik izendatuko dituzte barrearen nazioarteko eguna bezalakoak, bai eta Leioakoa bezalako umore azokak. Terapia ona baita barrea, eta gehiago aste honetako eguraldi beroak hartu gaituenean. Ai ama! Eskerrak nire komun honetan fresko-fresko egoten den bat. Ai ama! esaten amaitu beharko dugu, bai, amaren eguna ospatu dugun aste berean, mundu arrano honek harrituko gaituen asterik ez baita pasatzen. Ea hurrengo astean zer datorren Manu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA