Nire komunetik 110529

Imanol Epelde
0

 

Maiatzeko, loraileko azken egun hauetan hasi da igartzen ekainaren, ekiaren hilaren presentzia. Giroa bero, hondartza deskantsura tentatzen eta itsasoa eder, erakargarri. Baina uretara sartzean ohartzen da bat, korronte eta zurrunbiloak asko izaten direla eta surflariek hain erraz eskaneatzen dituzten olatu poetikoek zakar urazpiratu zaitzaketela. Batzuetan alfer-alferrik da itsasoari kontra egitea.

Aste honetan hil da 19 urteko gazte bat Zarautzen. Itsasoan. Eta kontuz ze, itsasoan bezala politikan ere ustekabeko lekuetan sortzen baitira sarri korronte eta zurrunbiloak. Eta hitz eder eta poetikoek zakar jo eta azpiratu zaitzakete. Hauteskunde batzuen ostean batez ere. Batzuetan itsasoari bezala, alfer-alferrik da politikari ere kontra egitea.

Baina hasi gaitezen asteburutik. Pasa den asteburuko irudi asko geratuko zaizkigulako imaginario kolektiboan artxibaturik. Larunbat arratsaldean Zoncolan gainean, garaipena oparitu zigun Igor Antonek. Gauean berriz, Osasunak eta Errealak emozio amaiezineko bi ordu eskaini zizkiguten, bigarren mailako ligatik libratu nahian, BBVA garaiezinaren ligan jarraitzeko. Eta Athleticek ere lortu zuen nahi zuena, eta baloi batekin bakarrik gainera, Europara joateko aukera bat golak sartzea dela erakutsiz, beti hegazkina, autoa edo trena hartzen ibili beharrean.

Eta igandea. Igandean beste egun historiko bat eman zigun Euskaltel-Euskadik. Mendirik altu eta elurtuenetan ere estaldurak hutsik egiten ez diola demostratuz. Edo gehiago: hortxe funtzionatzen duela ondoen, oraingoan, Mikel Nieve Leitzar gaztearen oinetatik. Azken kilometro luze, gogor eta amaiezinak ordea, ez ziren Italiako Giroan bakarrik bizi izan, hauteskunde gaueko emaitzak jakin arteko unea ere halaxe joan baitzen askorentzako: luze, gogor, amaiezin. Bai botoa eman zuten guztientzako behintzat. 3tik 1ek ez baitzuen eman botoa. Eta hori asko da. Instituzioetan euren ordezkaritza, (sinbolikoki bada ere), aulki hutsetan gorde beharko litzatekeela pentsatzeraino, bozka ematen ez dutenen ausentzia presentzia bihurtzeko.

Hasierako inkesten emaitzek sortutako harridurarekin, eta ondoren, behin-betiko emaitzek sortutako are harridura handiagoarekin, batzuek gaua ospakizunean luzatu zuten, eta besteak, ba hamaiketarako joan ziren lotara. Halere, benetako historia astelehen honetatik aurrera hasi da, politikariek mikrofono aurrean diotena eta euren artean hitz emanda dutena egiazkoa den asmatu ezinik. Monopolira ari dira jolasten: batek hiru alkatetza eta diputazioa eskainiko zizkion besteari, honek 7 herri eta Foru Aldundia eskatu, edo transferentzia batzuk, edo diru zorrak kitatzeko.. Auskalo! Baina horrelaxe pasako dugu beste aste bat gutxienez eta bi gehienez, udalak osatu arte. Egiten dituzten akordio eta tratuei begira. Hain dira momentu emozionanteak une hauek, ahots asko entzun ditugula hauteskunde gehiago nahi dituztela eskaka. Baina momentuz, eta ez da gainerakoak baino garrantzia gutxiagokoa, hemen egingo diren hauteskunde bakarrak, Athleticenak dira, San Fermin egunean.

Eta bitartean, munduaz ahaztu gara. Baina, Fukushiman gero eta okerrago baitabiltza. 57 tona ur erradioaktibo ”galdu” egin omen zaizkie. Galdu, bai, niri erosketatik bueltan tipulin sortak galtzen zaizkidan bezala. Erreaktoreetako ur maila ez da omen da jaitsi gainera, eta beste 5.000 tona ur erradioaktibo bota beharko omen dituzte itsasora, kontrarik egin ezin zaion itsasora.

Eta ez da arindu Libiako egoera ere. Bere aurkako erasoak gero eta maizago eta ozenagoak dira, gurera, isiltasun ozena baino iritsi ez arren. Eta bitartean, koadrilako kolegak bailiran, barbakoa bat eginez zelebratu dute euren nagusitasuna, tornadoetatik ihesi dabilen Obamak… eta Cameronek, G8a Frantzian bildu bezperan, munduaren aurrean nagusi zein izan diren, zein diren eta zein izango diren adieraziz.

Euskaldunak berriz, altuerako nagusi izaten darraigu. Eta ez Euskaltel-Euskadikoengatik bakarrik, Edurne Pasaban eta batez ere, Joanito Oiartzabal, aste honetan ere protagonista izan baita, zirkotik gero eta gehiago duen ahalegin desesperatuan.

Bestela, beti geratuko zaigu literatura, jakinik ikuspegi poetikoa dela interesgarria zaigun begiratu bakarra. Izan ere, Euskarazko wikipedia 100.000 sarreratara heldu den aste berean, aurkeztu da Literaturia, Larrabetzu literaturaren hiri bihurtuko duen asteburua, Mikelazuloren poesia astea ere martxan da eta Deban Goaz taldearen 25. antzerki astearekin hasi dira. Gustu duenak izango du letren itsasoan non bainatu… Aio, aio…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA