Nire komunetik I

Imanol Epelde
0

Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako lehen irratsaioa.

Nire komunetik idatzitako kronikak izango dira astero hemen (irakurriko) ditudanak. Komunean sartuta egoten bainaiz ni, gazteluetako dorreetatik atera ezinik egoten diren ipuinetako printzesak bezala. Diferentzia batekin: ez da ni salbatzera etorriko den zaldunik. Ez da ni salbatzera etortzerik nahi dudan kaballerorik. Zoazte denok trostan, perretxiko bila!

Komuna baita nire territorio libre bakarra.

Intimitatea aurkitzen dudalako
errefuxiatzen naiz komunean
musika jarri eta katedral batean nagoela dirudielako,
kaka larriak askatzea libertatea delako,
komunera joan beharraren larririk gabe aske pentsa dezakedalako,
bainatzean burua ur azpian sartu eta Pazifikora egiten dudalako ihes
dordokekin musean jolastera.

Baina hara! Egun batez, komun on batean, lasaitasunik baizen etzen lekhüan nengoela, ekarri zuen solasa Manu Etxezortuk, eta “Nire komunetik”, astearen errepaso poetikoa egiteko zidan eskatu.

Argi esan nion, Manu! Niretzat poesia komunetako eltxoek airean idazten dituzten gezurrak deszifratzea da. Niretzat poesia tronu txurian eserita jardunean aritzea da. Niretzat poesia, Manu! komun honek daukan leihotik begiratzea da. Eta halaxe egingo dut astero. Halaxe egingo dut orain.

Komun honetako leiho honetatik aste honetan ikusten dudana amona xahar da bat da autobus geltokian zain. Bere auzora eramango duen autobus urdinaren zain. Zain, zain zain. helmugan zain zeudelako Igor Antonen senideak ere, mailot gorriarekin noiz iritsiko. Aurrena ez, bigarrena ez, hirugarren ere ez. Igorrek berak itxoin behar izan zituen senitartekoak azkenean. Ospitalean.

Baina larunbatean, gu ere zain egon ginen. Manifestazioa baimenduko zuten jakin nahian zain egon ginen Azkenean, Intxaurragaren justiziak Ertzainen kaputxekin egin zuen topo. Argia aldizkariaren egutegiko orria askatu nuen orduan. Eta komuneko ezker paretean itsatsi, Euskal Herrian ere egun seinalatua izango dela jakitun. Irailaren 11ka.

Igandean ere zain egon ginen. Kontxan. Traineruak noiz helmugaratuko baino gehiago… Korta handiak zer esango. Hori da hori ahoa zabaltzeko abilidadea! Ni falta naizen egunetan, Manu! astearen errepaso poetikoa egitera ekarriko nuke Korta, hona.

Astelehenean, berriz, zain egon gabe, Elebidera deitu nuen. Hainbeste propaganda egiten ari direnez… nola da esaten dutena? “barkatu nire lankidea está de vacaciones, eta yo no se euskeraz”. Eta galdetu nuen Elebiden, ea nire benetako lehendakaria ere oporretan zegoen, “yo no se euskeraz” adierazten digulako behin eta berriz Barakaldoko semeak.

Eta zain jarraitu nuen asteartean, asteazkenean, ostegunean. Madrildik Udalbiltzakoen berri jasotzeko zain, delitu larria egina baitute: Euskal Herriko udaletxetako komunak komunean jartzea. Eta hori ez dago ametitzerik andre/jaunok. Inoiz. Inon. Inola. Eskerrak batzuk gerrako kontu tristeak kantu eder bihurtuta ekartzen dizkiguten, Joseba Tapiak bezala.

Zain geratu beharko dute speed bila ateratzen diren Euskal Herritarrek ere, ehun kilo speed harrapatu baitzituen poliziak Durangon. Baina, ez, o ez. Ez dut uste hainbeste itxaron beharko dutenik hemengo sudurzaleek. Edozein droga klase esku-eskura baititu euskal herritarrak. Ondo daki hori komunean bizi den batek, komunetan errefuxiatzen direlako drogazaleak oro.

Eta zuek ere zain geratu beharko duzue beste astebetez: “Nire komunetik” idatzitako bonba kronika gehiago entzun nahi badituzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA