Argentina-Bolivia-Argentina XXVII-XXXV

Imanol Epelde
0

XXVII

 

Juan de Garayk fundatu zuen Buenos Aires, Zabala abizeneko batek Montevideo, Madariaga izena du Argentinako herri batek…

Herriko enparantzetan monumentu gorenenak eraiki dizkiete garai batean Oñatitik, Markiñatik edo Peraltatik etorri eta Amerikak kolonizatu zituzten otso hauei. Hiriak eurek fundatu zituztela diote oroigarrietan, aurretik leku horietan inor bizi izan ez balitz bezala, Ameriketan historia kristo ondoren beharrean, euskaldun zenbaiten ondoren hasi izan balitz bezala.

 

XXVIII

 

Tren guztiak desagertu omen ziren izendaezinaren, Menem lehendakariaren garaian, etorkizun oparoaren izenean gizarte segurantza ere pribatizatu zuenean. Baina oraindik bada Buenos Airesetik Tucumanera doan tren bat eta huraxe hartu genuen Boliviara bidean.

Goizeko 10:30etan igo ginen trenera. Bidean, Rosario izeneko hirira 17:00ak aldera iritsi ginen azken ordu erdia ojalatazko eta uralitazko txabola-zabor-miseria gorrienen zeharka egin ostean. Harrika hartu gintuzten. Mutil koxkorrek harriak bota zizkioten trenari, palestinarrek tankeei bezala. Eta gu espektakuluak hunkitu gintuen gauak pobrezia ikusezin bihurtu zuen arte.

 

XXIX

 

Gautzean Eduardo Galeanoren “Las venas abiertas de America Latina” liburua irakurtzen jarri gara amorrazioz, pausatuki, trenaren mugimenduak kulunkan. Liburua eleberri bat, beste eleberri arrunt bat izatea desiratu dut. Baina ezkutatzen diguten errealitatearen eta gezurtatu diguten memoriaren kronika da liburua. Gordina, odolezkoa, injustua.

1970ean argitaratu zuen liburua. Gaitzerdi azken 40 urteetan historia berridatzi nahi izan baldin bagenu. Baina ez, gizon zuriaren historia liburu beltzari ez zaio puntu eta aparterik berehalakoan jarriko.

Guri dagokigu beste historia bat idaztea. Ez daukagu dagoena salatzera soilik mugatzerik.

 

XXX

 

Buenos Airesetik 10:30etan atera gara eta Tucumanera 10:30etan heldu. 24 ordu trenean. Errekor pertsonala jarri dugu Argentinan. Erdi eserita, erdi etzanda egin dugu lo. Eta aitortzen dut aurreneko aldiz gaur amestu dudala nire etxeko ohearekin. Inoizko postura egokiena topatu ezinik nire ohe zabal goxoak kastigatzen ninduen ametsetan, bera abandonatu izanaren mendekua hartu nahi izango balit bezala.

 

XXXI

 

Rosarion bezala Tucumaneko tren geltokira heldu bidean espektakulu gordina. Zabor txabola artean miseriak oka egin digu gehiago ezinda. “La Gaceta” egunkariak dio Argentinako ekonomia atzeraldian sartzear dela. Pobretuta dago herri hau. Pobretuago laister.

Autobus geltokian, inon ez bezala, txanpon truke funtzionatzen hasten den telebista makinak daude eserlekuetan. Itxaronaldia eta errealitatea anestesiatzeko.

 

XXXII

Country izeneko auzo hesituetan bizi dira aberatsenak Argentinan. Country da gurea ere. Basque Country. Gurea ere poliziak harresitutako herria da eta Visa ondo betea behar da bertan bizi ahal izateko.

 

XXXIII

Trenez 24 ordu eta autobusez 6 eginda Jujuyra iristear gaude. 21:44ak dira eta neka-gose-zikin sentitzen gara. Orain hostala bilatu behar, dutxatu, afaldu eta lotara. Eta bihar akaso bidaian segiko dugu. Boliviako Potosi hirira iristeko 15 ordu beharko omen ditugu autobusean. Asko? Bai. Baina bizioa ere hartzen zaio bidaiari, kristaletatik herriak eta jendea kontenplatzeari, inoiz gautuko ez balu eta autobusetik jaistean, 2 ordutara ere, lurrak azpitik ihes egiten digula irudituko ez balitzaigu.

 

XXXIV

Lanean opor egunak amesten dira: despertadore gabeko goizak, presarik gabeko ilunabarrak. Opor egunetan aspertzen ahaztu zaigula berrikasi behar dugu eta desiratutako bazkari pasa koipetsuak eta postre gozoak aski ez direla antsiatutako zoriona lortzeko. Gaur bezala. Jujuytk Tilcara herrira igo gara 2000 metrotara: herri ondare historikoduna, mendi eta inguru galaiak… Baina bazkalostean zer egin jakin gabe opor egun desiratu horietako batean. Bolivia salbazio, bihar iritsiko gara.

 

XXXV

La Quiaca herrira heldu gara. Argentinako mugako azken herrira. Igual igo ditugu 2.000 metro autobusean kolpera. Paisaia mortua, harroa, lokatzezkoa. Eta parez pare dugu Boliviako lehen herria: Villazon.

Muga ibai batek bereizten du eta zain gaude ilara luzean Bolivian sortu eta Argentinan bizi den senar-emazte batekin Argentinaz hizketan.

Azken urteetan egoera ekonomikoak behera egin duela dio senarrak. Diktadura garaiak izan omen ziren onak: autopistak egin eta industria berpiztu zenekoa.

Ni mutu Galeanoren liburua besapean. Sinestuta diktadura hura eta hura bezalakoengatik daudela Argentina eta beste leku asko miserian. Baita arlo intelektualean ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA