Hasiera »
Ibon Larrazabalen bloga - Liber Prodigiorum
Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Michelle Funk: ordu bat baino gehiago ur izoztuetan murgilduta
2013-10-17 // Azalpenik gabekoak, Bizitza errealeko X taldea // Iruzkinik ez
Guk, gizon-emakume arruntok, minutu erdi eta minutu bat artean gutxi gora-behera eutsi diezaiokegu arnasari urpean. Ongi trebatutako igerilariek bi eta hiru minutu ere eutsi diezaiokete. Perla arrantzale japoniarrak sei eta zazpi minutura heltzen dira, eta munduko errekorra bederatzi minututan dago, murgildu aurretik oxigenoa hartu gabe. Ordu erdiz oxigenoa hartu eta gero murgilduz, errekorra hogeita bi minutura heldu da duela gutxi.
1986 urtean oxigenorik gabe bizirauteko gaitasunari buruz dauzkagun datu guzti hauek lehertu zituen gertakari bat ezagutu genuen: bi urteko Michelle Funk neskatilak, Utah estatuko bere herriko erreka batera erori eta bertako ur izoztuetan ia 70 minutu murgilduta egon ondoren, burmuinean inolako kalterik gabe biziraun zuen. “Journal of the American Medical Association” aldizkariaren esanetan, ezaguna den murgilketa luzeena da, burmuineko kalterik gabe bukatu dena.
Nola gerta zitekeen halako zerbait? Aipatu dugun “Journal of the American Medical Association” aldizkarian ere, kasu honen inguruan kaleratutako artikuluan, gertakaria “miragarri” hitzarekin deskribatu zuten. Esan beharrik ez dauka sendagileek beraiek gertakari bat miragarritzat hartzen dutenean, gertakariak azalpen zientifiko gaitza (gutxienez) daukala ulertu behar dugula. (gehiago…)
Giza-berogailu budistak
2013-10-13 // Bizitza errealeko X taldea // Iruzkinik ez
Pop kulturaren edo New Age modaren eraginez, guztiok entzun dugu noizbait moje budistek meditazioaren bidez erdiets ditzaketen mirarien berri. Gu bezalako sineskaitzentzat halako zurrumurru eta kondairek beti iruzurren antza hartzen dute, edo sekta edo antzeko zerbaiten propaganda (ustez erakargarri) baten susmoa: zoko bakarti eta ezkutatu batean, Mendebaldeko pentsamolde arrazionalistatik urrun, bilakatzen ari den mendetako sekretu bat jakinaraziko zaigu, gure begien aurrean eta gure eskura… Buru ezjakin, xinple, pentsamendu kritikorik gabekoentzat doi den zerbait iruditzen zaigu. Horregatik ia inoiz ez ditugu horrelakoak aintzakotzat hartzen. Baina Harvard Universityko medizina irakasle eta ikertzaile bat horren atzetik ibili bada azken hogeita hamar urteotan, bere ikerketetan mendebaldeko zientziaren metodoak erabiliz eta Harvard Universityren dirua eta izena konprometituz, orduan sinesgarria (eta interesgarria) bihurtzen zaigu gaia.
gorputz funtzioen neurketa
Eta aurretik bihoa: emaitza txundigarri eta oraindik azalpenik gabekoak lortu ditu Harvardeko irakasleak. (gehiago…)
Holandar Hegalariaren elezaharraren egia
2013-10-08 // Naturaren bitxikeriak // Iruzkinik ez
Lasai: nahiz eta mamuak eta elezaharrak aipatu izenburuan, ez dugu Iker Jiménez eta antzekoen ildotik jarraitzeko inolako asmorik, kontrakoa baizik. Hauek mamu, izpiritu edo martetarrei leporatzen dizkiete fenomeno (edo iruzur) ugari, eta guk fenomeno horiek azalpen zientifiko eta arrazional erraz bat daukatela gogoratu nahi dugu.
XVII. mendetik hasita eta orain dela gutxira arte, “Holandar Hegalariari” buruzko elezaharrak kontatu dituzte marinelek. Holandar Hegalari hau ustezko mamu itsasontzi bat omen zen, ekaitz bortitz baten ondorioz hondoratu zena, baina bekatu baten ordainean edo (arrazoiaren bertsio ezberdinak jasotzen ditu ahozko nahiz idatzizko tradizioak) betirako itsasoa zeharkatzera kondenatua izan zen, sekula portu batera heldu gabe. Izenak iradokitzen duenez, mamu itsasontzi hau ez dabil ur azaletik, itsasoaren azalaren gainetik hegan baizik (eta horrek ikusleari mamu itsasontzi baten aurrean egotearen zantzua eman beharko ziola suposatzen dugu). Marinelen kondairek esan ohi zutenez, Holandar Hegalaria ikustea ekaitz bortitz eta arriskutsu baten iragarpena zen nonbait, herioaren hurbiltasunaren iragarpen bat.
Ados, marinelek denbora luzeegia ematen zuten itsasoan, bakardadean, gorabehera handirik gabe, eta portura heltzerakoan euren esperientziari buruzko interesa piztuko zuen zerbait asmatu beharko zuten. Gainera, guztiok badakigu elezaharrak nola sortzen eta zabaltzen diren: nik ez dut ikusi, baina nire anaiak-lehengusuak-koinatuak ikusi zuen … Baina marinel hauek (edo guztiak ez behintzat) gezurretan ez zebiltzala esango bagenu? Kondaira honek atzetik egia daukala esango bagenu?
holandarra, ez dakigu, baina hegalaria bai
Zer deritzozue hemen alboan atxiki dugun argazkiari? Photoshopik ez daukala ziurtatzen dizuet. Itsas azalaren gainetik hegaz doan (edo itxura hori ematen duen) itsasontzi bat.
Argazki honen azalpena, eta Holandar Hegalariaren kondairarena ere, “Fata Morgana” izeneko ispilatze mota batean datza. (gehiago…)
Bagdadeko pilak
2013-10-06 // Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
Egun Bagdad, Irakeko hiriburua, ez dago munduko bidaia agentzien eskaintzen ezta turisten helburuen artean, guztiok ezagutzen ditugun arrazoiengatik; baina guztiok badakigu ere egungo Irakeko lurrak mendeetan zehar zibilizazioen jaioterri eta iturri izan direla eta bertan aurkitu direla garai askotako aztarna arkeologiko garrantzitsuenetarikoak. Horregatik, Bagdadeko Nazio Museora bidaiatxo bat interesgarria gerta daiteke … museoak oraindik zutik badirau (antza denez, bai, zutik dirau).
Bertan, museora 1936an heldu ziren tresna batzuk ikus genitzake: 13 zentimetro luzerako terrakota ontzi batzuk, ahoa betunez itxita daukatenak; ontzion ahoak 3 cm neurtzen ditu eta bertan doi sartzen dira burdinazko barra bat eta, hau inguratuz, xafla bat kiribilduz egindako kobrezko beste barra bat; ontziaren barnealdeko herdoildura eskasaren aztarnak, eduki azido bat izan zutela iradokitzen du, limoi zukua, mahats zukua edo ozpina esaterako. Kobrea, burdina eta azido bat … Oinarrizko hezkuntzan egindako esperimentuak gogoratzen badituzue, zeren aurrean egon gaitezkeen asmatuko zenuketen dagoeneko: burdinazko eta kobrezko barrak elektrodoak izango ziren, eta eduki azidoa, elektrolitoa; elektrolitoak burdinazko eta kobrezko elektrodoen arteko potentzial diferentzialarekin korronte elektriko bat eragingo zuen eta, hortaz, pila bat izan behar zuten tresna hauek.
Bagdadeko pilak
Arazoa (edo zalantza) orain dator: hori horrela bada, eta Bagdadeko museoko tresna hauek K.o. lehenengo mendeetakoak badira, Alessandro Voltaren XIX. mendeko hasierako asmakizunari mila urte baino gehiago aurreratu zitzaizkion. (gehiago…)
Henrietta Lacks andrearen zelula hilezkorrak
2013-10-01 // Bizitza errealeko X taldea // Iruzkinik ez
Henrietta Lacks
Henrietta Lacks izeneko andrea umetokiko minbizi batek jota hil egin zen 1951n, baina bere gorputzetik baimenik gabe eta jakinarazi gabe erauzitako zelulek egundaino bizirik eta ugaltzen diraute, eta azken hamarkadetako biologia eta medikuntza ikerketetan funtsezko lanabes izan dira. (gehiago…)
Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan?
2013-09-25 // Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkin bat
Municheko unibertsitatean, 1992. urtean, antzinako zibilizazioetan kontsumitzen ziren drogei buruzko ikerketa zabal bat egiten hasi ziren. Ikerketa honen barruan, Svetla Balabanova doktorearen laguntza eskatu zuten, Ulmeko unibertsitateko toxikologoa, giza gorputzetan drogen aztarnak bilatzeko metodo berriztatzaile batzuen asmatzailea. Balabanova doktoreak Munichko museoan gordeta zegoen 21. Dinastiako momia bat aztertu zuen, Henut-Tawy, Bi Lurraldeetako Andrearen momia hain zuzen ere. Azterketaren emaitzek txundituta utzi zituzten Balabanova eta bere taldea, zeren momia honen ile, azal eta hezurretan, nikotina, kokaina eta haxix aztarnak aurkitu baitzituzten.
Botanika eta kimika eskuliburuek nikotina tabako landaretik soilik eratorritako sustantzia bat dela diote, eta kokaina, koka landaretik eratorritakoa, eta landare bi hauek amerikar jatorrikoak direla. Historia liburuek bestalde Kolonek Amerika 1492an aurkitu zuela diote, tabakoa Europara Amerikatik Sir Walter Raleighek ekarri zuela, eta kokaina Victoria erreginaren garaian. Henut-Tawyren momiak 3.000 urte bazituen, zer egiten zuten sustantzia haiek han? (gehiago…)
Ben Underwood, giza-sonarra
2013-09-23 // Bizitza errealeko X taldea // Iruzkinik ez
Ezer baino lehen zera esan beharra dago: sarrera honen protagonista, Ben Underwood, 2009ko urtarrilean hil zen, hamazazpi urte oraindik bete gabe zituela. Hau dela eta, artikuluaren tonua ez da miresmenekoa soilik izango eta mutil gazte baten heriotzak (hain hurbilak gainera) eragiten duen doluaz nahastuko da nahi eta ez.
ben saskibaloian
Californiako Riverside hirian jaioa zen Ben, 1992an, eta txikitandik futbolean eta saskibaloian jolasten zuen, zuhaitzetara igotzen zen, patinetan eta skatean ibiltzen zen eta bideo jokoetara jolasten ere trebea zen. Gaztetxoa zenean, surf egiten ere ikasi zuen. Guzti honengatik Ben ez litzateke bere garaiko eta inguruko beste nerabe arrunt bat besterik izango, berezitasun batengatik ez balitz: Ben Underwood guztiz itsua zen, minbiziak erretinak kaltetu eta hiru urterekin bi begiak erauzi baitzizkioten. (gehiago…)
Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua.
2013-09-18 // Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
Greziako Antikythera irlako uretan, 1900. urtean, belaki arrantzaleen talde batek hogei mende lehenago hondoratutako itsasontzi baten aztarnak aurkitu zituen. Bertatik brontze nahiz marmolezko estatuak, zeramikazko eta beirazko ontziak, txanponak, bitxiak…. atera zituzten eta Greziako Arkeologia Museora bidali. Guzti hauen artean herdoildutako erloju baten hondakinak ziruditenak zihoazen, baina Arkeologia Museoan ez zieten jaramon handirik egin, garai desberdin bateko hondakinak zirela uste baitzuten adituek.
Urte batzuk geroago, 1950ko hamarkadan, adituak lekuz kanpoko aztarna haiek arreta handiagoarekin aztertzen hasi ziren eta ikerketen emaitzek hasiera batetik aho zabalik, zur eta lur, utzi zituzten munduko historiagile eta zientzia gizonak: tresna hura K.a. I. mendearen hasieran egina zegoen, baina hura eraikitzeko erabilitako teknologia K.o. XIV. mendera arte ez zela ezagutzen uste zuen mundu guztiak, Europan erloju astronomikoak eraikitzen hasi ziren garaian hain zuzen ere. Hau da, Antikytherako Mekanismo hura Historiaz genuen ezagutzari hamabost mendetan aurreratu zitzaion!! (gehiago…)