Hasiera »
Ibon Larrazabalen bloga - Liber Prodigiorum
Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Vancouverko oinak: azalpenik gabeko kointzidentzia beldurgarria
2014-03-10 // Azalpenik gabekoak // Iruzkinik ez
Aurkikuntzen eremua
oin bat zeraman zapata
Salish Itsasoa Ipar Amerikako ekialdean dago, Kanadako British Columbia eta Estatu Batuetako Washington estatuetako kostaldean. Itsaso horretan irlatxo ugari dago eta horietako batean, Jedediah irlan, 2007ko abuztuan hondartza batean neska batek Adidas markako kirol zapata bat aurkitu zuen, barnean galtzerdi bat zeukana, eta honen barnean … giza oin bat. Ondorengo ikerkuntzek oina gizonezko batena zela antzeman zuten eta zapata 2003 urtearen aurretik ekoitzia izan zela eta Indian saldua.
Oin bat gorpu batetik banatzea nahiko arrunta izan omen da, deskonposizioagatik, orkatila erraz puskatu daitekeelako. Era berean, adituen esanetan, eskuak, buruak edo oinak gorputzetik banatu daitezke, nonbait, gorpua uretan deskonposatzen ari denean, baina ez dute flotatzen normalean. Aitzitik, zapatek eta bereziki kirol zapatek uretan flotatzeko dentsitate egokia izan ohi dute, eta hortaz, oina zapata batean sartuta badago, gorputik banatzerakoan oina ur azalera igo daiteke gorpua hondora doan bitartean, askoz errazago gainera zapatak airea edo aire ganbara bat badauka barruan. Dena dela, oina aurkitzea baina ez gorpua, arraroa dela esan ohi dute adituek.
Sei egun geroago bigarren oin bat agertu zenean eskualde berdineko Gabriola irlan, hura “milioi baten arteko kasualitatea” zela esan zen. Sei hilabeteren buruan hirugarren oin bat agertu zenean eskualde berdinean, historian antzeko zerbait gertatzen zen lehenbiziko aldia zela eman zen jakitera. 2008ko maiatzean laugarren bat aurkitu zutenean, txantxa makabro baten susmoak pizten hasi ziren, eta datua estatistikaren ikuspuntutik “bitxia” bezala kalifikatua izan zen. Ez zen hilabete bat igaro bosgarren oin bat, beti kirol zapata baten barnean, agertu zenerako. Aurrekaririk gabeko fenomeno arraro honek munduko hedabideen arreta erakartzen hasi zen.
Ezin zitekeen bestela izan, horrekin ez baitziren aurkikuntzak bukatu: 2012ko urtarrilera arte guztira hamalau oin agertu ziren Salish itsasoko hondartzetan!! (gehiago…)
Terminator polimeroa: “bizidun” (euskal) material sintetikoa
2014-02-25 // Zientzia bitxia // Iruzkinik ez
Polimero naturalak edonon aurki ditzakegu, gure larruazalean adibidez, eta era berean, polimero sintetikoak ere nonahi daude egun. Polimero naturalak, larruazala adibidez, ebakitzerakoan, berez sendatzeko edo konpontzeko gai dira, baina hauek ez bezala, polimero sintetikoek ez daukate ahalmen hori. Edo, hobe esanda, ez zeukaten, zeren Donostiako CIDETEC zentroko ikertzaileek aurkitu duten polimero bat berez konpondu baitaiteke, kanpoko laguntzarik gabe. Begira bideo hau:
http://www.youtube.com/watch?v=6tVJL7RDOA8&feature=player_embedded
Polimero zati bat laban batez bitan ebaki ondoren, bi orduren buruan %97ko sendaketa bat erakusten du, eta aldi berean, nahiz eta alde bietatik tiratu ez da apurtzen. Materiala, poli(urea-uretano)zko elastomero bat da, eta konponketa eragiten duena disulfito aromatikoen metastasi erreakzio bat da, hauek tenperatura arruntean eraldatzen baitira. Ikertzaile taldeko Ibon Odriozolak dio polimero hau bizirik balego bezala portatzen dela, bere burua etengabe sendatuz, eta “Terminator Polimeroa” deitu du, Terminator 2 filmean agertzen den T-1000 errobotaren omenez. (gehiago…)
Im Dong-Hyun: arkulari itsuaren munduko errekorra
2014-02-17 // Bizitza errealeko X taldea // Iruzkinik ez
Im Dong-Hyun
Joko Olinpikoen garaian gaudenez (neguko Joko Olinpikoak, bai, baina Joko Olinpikoak azken finean), logika apurtzen duen kirolari olinpiko batez ariko gara oraingoan.
2.012ko Londresko Joko Olinpikoetan Im Dong-Hyum arkulari korearrak jokoetako lehen munduko errekorra gainditu zuen: 72 fletxekin 699 puntu lortu zituen. Aurreko munduko errekorra, hiru puntugatik hautsi berri zuena, gainera, berea zuen ere. Hau nahikoa ez balitz, bere bi taldekideekin batera taldekako munduko errekorra ere gainditu zuten sailkapenetan. Meritu handikoa litzateke guzti hau, baina ez blog honetan ateratzeko modukoa … Horrela litzateke, ados, Im itsua ez balitz.
Egia esateko erabat itsua ez da, baina bai ofizialki edo legez itsua. %20ko ikusmena dauka ezkerreko begian eta %30koa eskumakoan. Honek zera esan nahi du, ikusmen normala daukan edonor baino 10 bider hurbilago egon behar duela objektu bat berdin ikusteko. Eta jakina ez du betaurreko edo lenterik erabiltzen. Lehiaketan itua 70 metrora kokatzen da eta honen zentroak laranja baten tamaina dauka. Ikusmen normaldun edonorentzat ituaren zentroa beso baten distantziara txintxeta batek izango lukeen tamainarekin ikusten da. Nola ikus dezake Imek itua? Hitz batez, Imek ez du itua ikusten. Bere hitzetan, “uretan isuritako tinta orbanak” bezala ikusten ditu urrunean dianaren zirkuluak.
Nola moldatzen da hortaz ikusmen normaldun arkularien gainetik munduko errekorra eskuratzeko? “Gihar oroimenaz”. Alegia, ez du diana ikusten, baina jaurtiketa bakoitza sentitzen du bere gorputzarekin, eta bere gorputzeko gihar guztiak entrenatzen ditu jaurtiketa bakoitza ahalik eta “berdinen” izan dadin, bai uztaia sakatzerakoan bai gezia jaurtitzerakoan.
(gehiago…)
Alexandriako Hero: bi mila urtedun lurrun makina eta “vending” makina
2014-02-11 // Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
Heroren aeolipilea
Heroren vending makina
Blog honetan (estreinako sarreran) aipatu genuen antzinako greziarrek erdietsitako aurrerapen zientifiko eta teknikoek Historiari buruz daukagun ustezko ezagutza ugari zalantzan jartzen dituztela: zehazki, Antykitherako Mekanismoa bezala ezagutua den gailuak, Berpizkunde garaikoak ziren aurkikuntzak K.a. I. mendean jada ezagunak zirela frogatzen digu.
Oraingoan, Alexandriako Heroren eskutik, beste antzinako greziarren beste asmakizun batzuk ekarriko ditugu, Anykitherako Mekanismoa baino apur bat ezagunagoak, baina hura bezain harrigarriak. Hero K.o. I. mendean bizi zen Alexandrian, matematikari eta ingeniaria zen eta Antzinako Aroko asmatzaile nagusietako bat. Alexandriako museoan irakasle aritu behar izan zuen eta ezagunak zaizkigun bere idazlanak, eskolak emateko notak dira. Idazlan hauetan fisika, matematika, mekanika, pneumatika eta antzeko zientzien eskolak biltzen dira, eta, izena XX. mendean asmatua bada ere, zibernetikaren aurrekari bezala hartua da ere, “Automata” bere lanagatik, historiako lehen errobotika liburua. Idazlan hauetan asmakizun pila bat deskribatzen dira, eta hauen artean bereziki txundigarri izan daitezkeen bi, Historiari buruz daukagun ezagutza nolabait eraldatzen dutelako: historiako lehen lurrun makina eta historiako lehen vending makina. (gehiago…)
Ouija taula: ideomotor efektua
2014-02-05 // Oraintsu argitutakoak, Zientzia bitxia // Iruzkinik ez
ouija taula
Gutariko askok egingo zuen noizbait (nerabezaroan batik bat): lagun talde bat biltzen da kandelez argitutako gela ilun batean ouija taula baten inguruan eta honen gainean edalontzi bat edo antzeko zerbait jartzen da erakusle bezala erabiltzeko; taldekide bakoitzak atzamar bat jartzen du erakuslearen gainean eta espirituei galdera bat egiten diete; erakuslea ouijan zehar mugitzen hasten da espirituaren erantzunak emanez, nonbait.
Arrazionalista edota adimentsu den edonork ez du ontzat hartuko espirituen erantzunaren azalpena, eta, aldi berean, espiritu, mamu eta antzekoetan sinesten duen edonork ere ez dut uste suposatuko duenik horren erraza izan daitekeenik espirituekin, hildakoekin solasean hastea. Baina arrazionalista eta adimentsua izanik ere, proba egin duenak erakuslea mugitzen dela frogatuko zuen eta erantzunak ematen dituela baieztatu. Azalpen bat egon behar du, eta hori da blog honen asmo nagusietako bat, alegia, tradizionalki azalpen esoteriko edo magiko bat izan duten fenomenoen azalpen arrazionalista bilatzea.
Ouijari dagokionez, begira bideo hau:
http://www.youtube.com/watch?v=JA5uYhXpa-E
Bertan lagun talde bat jartzen da ouijaren inguruan, begiak estalita, eta haiek jakin gabe ouijari 180 graduko bira ematen diote. Erakuslea mugitzen hastean, hitzak eta hizkiak bira eman gabe egon beharko luketen lekuetara doa. Ustezko espirituek ouijaren posizioa ikusteko gai izan beharko lukete, baina ikusten ez dutenek taldekoak dira. Hortaz … erakuslea mugitzen dutenak taldekideen burmuinak dira.
Halaxe da: ouijarekin “jolastean” benetako solasaldi bat hasten da, baina ez ustezko espiritu batekin, burmuinaren alde inkontzientearekin baizik. Taldekideen eskuek erakuslea mugitzen dute ouijan zehar, baina borondatezkoak ez diren gihar mugimenduen bidez. “Ideomotor efektua” deritzo honi, alegia, zure burmuinak zure giharrak mugiarazi ditzake, zuk baimen edo agindu kontziente bat eman gabe. Burmuinak alde handi batean automatikoki lan egiten baitu, norberaren kontzientziarik gabe. Horrela, kasu honetan, burmuinak erantzun bat pentsatzen du eta inkontzienteki erakuslea bultzatzen du. Bulkada inkontziente hau norbanako baten kasuan ez litzateke nahikoa erakuslea mugiarazteko, baina talde baten bulkada inkontzienteak batuz, erakuslea bere kabuz mugitzen ari dela dirudi. (gehiago…)
Teotihuacan nork eraiki zuen?
2014-01-24 // Azalpenik gabekoak // Iruzkinik ez
Teotihuacan
Bertako eskulturaren adibidea
Mexiko hiritik 45 Km-ra Mexiko estatuan turista gehien biltzen dituen aztarnategi arkeologikoa aurkitzen da: Teotihuacan. Bertan hain ezagunak diren Eguzkiaren Piramidea, Ilargiaren Piramidea, Lumadun Sugearena edo Hildakoen Galtzada aurkitzen dira. Hiri hau Ameriketako kolonaurreko hiri handiena izan zen eta baita Mendebaldeko Hemisferioko hiri zaharrenetariko bat. Teotihuacan izenak “Jainkoen Hiria “ edo “Jainkoak eginak diren hiria” esan nahi du azteka hizkuntzan, aztekek jarri baitzioten izena hiriari. Baina ez zuten haiek eraiki, aztekek hiria aurkitu zutenerako Teotihuacan 500 urte baitzeraman abandonaturik!
Halaxe da, Teotihuacan hiriaren urrezko garaia K.a. I. mendetik K.o. VII. mendera luzatu baitzen. Garai horretan 100.000 eta 250.000 biztanle artean batzen ziren hiri barnean; milaka etxebizitza eta dozenaka tenplu zeuzkan eta 21 Km2-ko zabalera izatera heldu zen.
Nork eraiki zuen beraz? Galdera horren erantzuna egun oraindik misterio bat da, teoria ezberdinak proposatu badira ere, bat ere ez baita baieztatu.
Aurrekoaz gainera beste galderak planteatzen ditu Teotihuacanek: zein izan zen hiriaren gainbeheraren arrazoia? Eta arkeologo adituen esanetan garrantzitsuena dena: Zergatik iraun zuen hainbeste denbora? Zeintzuk izan ziren hainbesterako egonkortasuna ekarri zuten gizarte, politika eta erlijio egiturak?
(gehiago…)
Perfluorokarbonoak: likido arnasgarriak
2014-01-15 // Zientzia bitxia // Iruzkinik ez
likidoa arnasten
efektu berezirik gabe
Perfluorokarbonoak (edo fluorokarbonoak) hidrokarburoetatik eratorriko sustantzia batzuk dira, hidrogeno atomo guztiak fluor atomoengatik ordezkatuz. 1.920ko hamarkadan sintetizatu ziren lehenbiziko aldiz eta 1.940ko hamarkadan, Manhattan Proiektuaren barnean, industriarako garatuak izan ziren. Perfluorokarbono likido hauen ezaugarri nagusia molekula barneko loturen indarra da (karbono eta fluorraren arteko lotura, kimika organikoan ezaguna den lotura bakun indartsuena da) eta aldi berean molekulen arteko indarren arintasuna. Likido argiak dira, usainik gabekoak, ura baino bi bider dentsoagoak, lipidoetan disolbatu daitezkeenak baina ez uretan. Eta hemen hizpide dugun gaiari dagokion ezaugarri nagusia: gas kopuru handiak disolba ditzakete, fisiologia aldetik garrantzitsuak diren gasak hain zuzen ere, oxigeno eta karbono dioxidoa batez ere. Eraman dezaketen oxigeno eta karbono dioxido kopuru handiengatik, perfluorokarbonoak likido arnasgarriak dira, arnastu daitekeen likido baten ideiak erokeria bat badirudi ere.
Hortaz, “Abyss” filmean agertzen diren bi eszena ez dira zientzia fikziozko filma baterako asmatutako txorakeriak edo bitxikeriak, baizik eta benetako zientziaren lorpenak fikziozko narrazio batera ekarriak: sagu bat likidoz beteriko ontzi batean murgildu eta arnas egiten duenean, eta pertsonaia baten eskafandra arrosa koloreko likido batez betetzen dutenean eta honek arnas egiten duenean.
1.966. urtean Leland C. Clarke eta Frank Gollan izeneko zientzia gizonek artikulu bat kaleratu zuten fluorokarbonoekin egindako esperimentuen emaitzekin: saguak eta katuak fluorokarbonoetan murgildu zituzten eta arnas egin zezaketela frogatu zuten. Esperimentuon alde arraroena zera izan zen, likidotik berriz airera ateratako sagu eta katuak laster hiltzen zirela, likidoan murgilduta zirautenak astetan zehar bizi ziren bitartean. Dena dela esperimentu hauek perfluorokarbonoek posibilitate ugari gordetzen zituztela agerian jarri zuten lehenbiziko aldiz.
Perfluorokarbono bitartezko arnasketa gizakiengan 1.989an probatzen hasi zen, haur goiztiar batzuen tratamenduan. Hauen birikek hobeto erantzuten zutela eta xurgatzen zuten oxigeno kopurua handiagoa zela frogatu zen; baina esperimentuak ezin izan ziren orduan zabaldu edo orokortu, likidoak arnasketa sisteman sartzeko beharrezkoa zen teknologia egokia oraindik ez zegoelako. (gehiago…)
Stephen Wiltshire: makinarik gabeko argazkilaria
2014-01-10 // Bizitza errealeko X taldea, Naturaren bitxikeriak // Iruzkinik ez
New York
Stephen Wiltshire
Blog honetako aurreko sarrera oroimen sinesgaitz bat zeukan lagun bati buruzkoa zen eta horrekin lotuta, beste oroimen txundigarri bat dakargu oraingoan: Stephen Wiltshiren kasua.
Stephen Wiltshire artista bat da, margolari bat, paisaien eta hirien irudiak margotzen ditu buruz, haiei begiradatxo labur bat bota ondoren. “Hara zelako abilezia!” esan dezake batek baino gehiagok, horrelako zerbait edonork (edo jende ugarik bai bederen) egin dezakeelako. Baina Wiltshirek buruz marrazten dituen paisaietan zehaztasunak erabatekoak dira: eraikin guztiak agertzen dira, bakoitza bere kokapenean eta elkarren arteko distantziak, erlazioak eta proportzioak zehazki gordez, estilo hiperrealista batean, argazki batean bezala. Ideia bat egiteko: Antonio Lópezen irudien antzekoak dira, baina buruz margotuta. Adibidez, 2009an Manhattan irlaren inguruan helikopteroz hogei minutuko bidaia bat egin ondoren, New York hiriko aurreko irudia marraztu zuen. Txundigarria, ezta? Eraikin guztiak, bakoitza bere benetako maila kopuruarekin,leihoak, ateak … bakoitza bere lekuan eta elkarren artean errealitatean gordetzen duten distantzia eta proportzioekin.
Irudi honekin Wiltshirek 2005ean hasitako serie bat bukatzen zuen, munduko hiriburu nagusien panoramikak biltzen dituena. Lehenbizikoa Tokyoko 10 metroko panoramika bat izan zen, helikopteroz bidaia bat egin ondoren, zazpi egunez margotu zuena. Honi beste hiriburuotako panoramikak jarraitu zioten: Erroma, Madril, Londres, Dubai, Hong Kong, Frankfurt, Jerusalen eta ikusi dugun New York.
Badirudi irudi guztiak zehazki oroitzeko gai dela (froga nahiko badago), baina gainera ez ditu oroimen hauek irudiak margotzen dituen bitartean gordetzen, baizik eta betirako gordetzeko gai ere omen da adituen esanetan (Ipar Karolinako Unibertsitateko Geraldine Dawson doktorea).
Norbaitek zalantzak balitu edo froga gehiago behar balu, Wiltshiren bizitza eta lanari buruzko informazio gehiago ematen duen web orri ofizial bat ere badago:
http://www.stephenwiltshire.co.uk/
Mundu osoan zehar famatua da bere lanagatik eta sari ugari jaso ditu bere bizitzan zehar, haien artean Britainiar Inperioaren Kidea izendatua izan zen 2006an. (gehiago…)
Kim Peek: benetako Rain Man
2014-01-02 // Bizitza errealeko X taldea, Naturaren bitxikeriak // Iruzkinik ez
Kim Peek bere aitarekin
Dustin Hoffmanek “Rain Man” filmean egiten zuen pertsonaia, benetako pertsona batean oinarrituta zegoen, Kim Peek izenekoa. Kim Peek honek, filmeko Raymond Babbitek bezala, guztia gogoratzen zuen. Ez dago argi “argazki oroimena” deitzen duguna benetan existitzen den zerbait den, baina hala balitz, Kim Peek argazki oroimen horren eredurik hoberena izan zela esan dezakegu.
1.951ean jaio zen Peek eta, haren aitaren esanetan, 16-20 hilabeterekin jada gauzak gogoratzen zituen. Laster irakurtzen hasi zen, eta liburu bat ordu bat baino gutxiagoko denboran irakurtzeko kapaza zen, ezkerreko orrialdea ezkerreko begia erabiliz eta eskumako orrialdea eskumako begiarekin irakur zitzakeelako. Gainera irakurritako guztiaren eta aldi berean bere bizitzan gertatu zitzaionaren %98a zehazki gogoratzen zuen. Times aldizkariko artikulu batean Peek jaunak 12.000 libururen edukia gogoratzen zuela esan zuten, literatura, geografia, historia, musika eta kirolei buruzko milaka (miloika) datu gordetzen zituela bere burmuinean.
Rain Man filmagatik ospetsu bihurtu ondoren, Kim Peekek bere oroimen txundigarriaren erakusketak egiten zituen ikastetxeetan eta bestelako leku publikoetan. Horrelakoetan, adibidez, ezezagun bati bere jaiotza eguna galdetuz, asteko zein eguna zen esaten zion, eta egun hartan egunkarietako azaletako albisteak zeintzuk izan ziren. Estatu Batuetako mapak ere argazki bat bezala gordeta zeuzkan buruan, eta ezezagun bati bere jaioterriagatik galdetuz, herri horretara heltzeko hartu beharreko errepide guztiak esaten zizkion, baina baita herria zein konterrian zegoen, zein zen herriko posta kodea, telefono kodea, zein telebista kateak ikus zitezkeen bertan eta herriko historiaren hamaika datu. Baina, Rain Man filmeko pertsonaia ez bezala, ez Kimek ez bere senideek ez zuten Kimen abilezia jokoan dirua irabazteko baliatu; are gehiago, Kim Peekek berak esan zuen horrelako zerbait egitea “etikaren aurkakoa” izango zela.
Bidaia guzti hauetan Kim Peek bere aitak laguntzen zuen, eta ez batak ez besteak ez zuten inoiz dirurik edo bestelako ordainik kobratu ikuskizunengatik. Aitaren hitzetan, Kimen autoestimurentzat ona zelako eta Kim beste pertsonekin egotean pozik sentitzen zelako egiten zituzten “ikuskizunak”.
Zeren, bestalde, Kim Peekek gizarte harremanetarako zailtasun handiak izan zituen beti, eta jaiotzatik mugimenduak koordinatzeko zailtasun handiak izan zituen ere. Esaterako, heldua zenean ez zekien ezta bere alkandoraren botoiak lotzen ere. Ez hori bakarrik: nahiz eta bere oroimen txundigarria (edo honekin lotuta), 87ko adimen kozientea zeukan, alegia, bataz bestekoa baino murritzagoa. (gehiago…)
Nan Madol: arkeologoen buruhaustea
2013-12-28 // Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
Nan Madol
Nan Madol
Mikronesiako Pohnpei irlaren ekialdean irlatxo txikiago bat dago, Temwen izenekoa, eta honi lotuta irlatxo artifizialez osatutako hiri bat: Nan Madol. Harri erraldoiez eraikitako ehun bat irlatxo artifizialek osatzen dute Nan Madol, ur kanalez inguratuta eta zeharkatuta. Guztira, hiriaren harrizko hormek 1,5 Km luzerako eta 0,5 Km zabalerako gune bat inguratzen dute.
Egun ez da inor bizi Nan Madolen, Pohnpei irlako biztanleek Nan Madol leku madarikatu bat dela sinesten baitute, baina bada arkeologoen ikerketen objektu. Nork eraiki zuen eta zertarako, badirudi badakigula: Nan Madol Saudeleur dinastiaren hiriburua izan omen zen, 1.628ra arte Pohnpeiko agintari izan zirenak. Egun Nan Madol dagoen esparruan K.o. II. mendeko giza aztarnak aurkitu dira eta irlatxoen eraikuntza VIII. mendean hasi omen zen, baina hain esanguratsu den eraikuntza megalitikoa XII edo XIII. mendeetan hasi zela dio karbono bidezko datazioak.
Hemendik aurrera sortzen dira zalantzak, egun konponbiderik ez daukaten zalantzak: badakigu nork eta noiz eraiki zuen, baina, nola egin zuen? Nan Madoleko ehun irlatxoak eraikitzeko guztira 800.000 tona harri erabili zirela kalkulatzen da, eta harri nagusietako batzuek 50 tonako pisua ere badaukate. Hau nahikoa ez balitz, Pohnpei irlako ekialdean ez da harrobirik aurkitu, beraz, 800.000 tona horiek, 50 tonako harritzar horiek, garraiatu behar izan zituzten. Nondik? Nola?
Arkeologek egun ez dute azalpenik ematen asmatu. (gehiago…)