Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
“Copiale Cipher”: masoien eskuliburu ezkutua
Atalak: Oraintxu argitutakoak
azala
Eskuizkribuaren bi orri
Hirurogeita hamarreko hamarkadan, orduan Ekialdeko Alemania zeneko liburutegi batean, liburu bitxi bat aurkitu zen: 105 orriko eta 75.000 karakteredun eskuizkribu bat zen, urre eta orlegi koloreko luxuzko azal batekin. Baina testua ezin zitekeen irakurri, zifratua baitzegoen. Gutxi gorabehera 90 karaktere ezberdin aurki zitezkeen testuan, hizki latinoak, hizki grekoak, puntuazio zeinuak eta irudi abstraktuak. Gainera, guztiak etengabeko ilara batean, hutsunerik gabe, agertzen ziren, deszifratzea zailago bihurtuz. Testu osoan bi esaera besterik ez zeuden kodifikatuta, batek “Copiales 3” esaten zuena, eta bestea “Philipp 1866”. Ikertzaileen ustean azkeneko hau liburuaren aurreko jabe baten erreferentzia bat izan behar zuen, eta bestea, “Copiale 3”, liburuari izena emateko erabili zuten. Hasiera batean 1.760-1.780 bitartean kokatu zen liburuaren jatorria. Nahiz eta deszifratzen saiatu baziren ere, inork ez zuen orduan lortu eta ahaztu egin zen urte askotan.
Baina orain dela gutxi, 2.011ko apirilean, hiru ikertzailez osatutako talde batek testua deskodifikatu zuen, Kevin Knight, Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatekoa, eta Beata Megyesi eta Christiane Schaeffer, Uppsalako Unibertsitatekoak. Knight doktorea munduko aditu nagusienetakoa da ordenagailu bidezko itzulpenean, eta beste testu itzuli ezin batekin lanean ari da: blog honetan deskribatu dugun “Vojnich Eskuizkribua”.
Adituek diotenez, “Copiale”-rena “zifratu homofoniko” bat da, alegia, hizkiak beste sinboloengatik aldatuz ezkutatzen dira, baina berezitasun batzuekin: jatorriko hizkuntzan gutxien errepikatzen diren hizkiak sinbolo bakar batengatik aldatzen dira, baina gehien errepikatzen direnak bi sinbolo edo gehiagoengatik alda daitezke, zantzurik ez usteko.
Taldeak hasiera batean hizki latinoek informazioa ezkutatzen zutela uste zuten eta gainerako sinboloek ezkutatzeko besterik ez zutela balio, baina ez zuten emaitzarik lortu. Hamaika hizkuntzatan egin zituzten probak eta ez zuten emaitzarik lortu, baina alemanez idatzita egon behar zuela suposatzen zuten, Alemanian aurkitua izan baitzen eta “Philipp” hitza agertzen baitzen, alemaniar idazkerarekin, bi “p” erabiliz. Azkenik zera antzeman zuten, benetako informazioa gainerako sinboloetan zegoela, eta hizki latinoek hutsuneak edo paragrafoen arteko banaketa adierazten zutela.
Horrela testua deszifratu zuten eta zera eman zuten jakitera: testuak XVIII. mendeko talde masoi baten errituala deskribatzen zuen, “oftalmologoak” deitu omen zirenak, hots, “begiak zabaltzen zituztenak”.
Aurkikuntza berri honek oihartzun zabala izan zuen egungo talde masoien inguruan, liburua XVIII. mendeko lehen erdikoa baitzen (hasieran uste zena baino zerbait zaharragoa), talde hauen “urrezko garaia” baino mende bat lehenagokoa. Garai hartan talde hauek euren erritualak eta gainerako informazioa ezkutatzen hasi ziren, Clemente XII. Aita Santuak 1.738.ean masoiak debekatu ostean.