Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Overtoun Zubiaren misterio lazgarria
Atalak: Azalpenik gabekoak
Overtoun Zubia
Eskoziako Dumbarton hiritik hurbil Overtoun zubia aurki dezakegu, 1.895. urtean eraikia, 15 metroko garaierarekin, izen bereko erreka zeharkatzen laguntzeko. Hasiera batean arrunt dirudien zubi hau munduko lekurik beldurgarrienetako bat izan daiteke, batez ere txakurrak maitatzen dituztenentzat.
Berriz ere gogora dakargu blog honen asmoetako bat funtsik gabeko esamesa edo elezaharrak ez ateratzea dela, baizik eta datu enpiriko eta frogatutakoetan oinarritutako fenomenoak soilik, batez ere datu horiek gure errealitatearen irudia zalantzan jartzen dutenean edo azalpenik ez daukatenean. Eta hori da Overtoun Zubiaren kasua, azalpenik gabeko misterio lazgarri bat gordetzen baitu: Azken mende erdian, hirurogeiko hamarkadan hasita, 50 txakurrek baino gehiagok zubi honetatik jauzi egin dute, haren azpiko harkaitzen aurka hiltzeko. Zehazki, 2.005ean, sei hilabeteko epean bost txakurrek egin zuten salto Overtoun zubitik (eta hil ziren).
Eta honek hotzikara nahikorik eman ez badizue, lekukoek diote hasierako jauzitik bizirik irten diren txakurrak, berriz zubira igotzerakoan, berriz salto egin dutela!!
Jauzi guztiek gune berean gertatu dira, hots, zubiko eskuma aldeko azkeneko bi parapetoen artean, eta beti egun eguzkitsuetan. Jauzi egin duten txakur guztiek sudurluzedun arrazakoak izan dira (collieak, retrieverak…).
Zerk bultzatzen ditu txakurrak heriotzara daraman jauzi hori egitera? Esan dugunez egun ez dago azalpen guztiz ziur bat fenomeno honentzat.
Bere buruaz beste egiteko erabakia har dezakete txakurrek? Animalien psikologian adituek diote argi dagoela txakurrek burmuineko gaixotasunak izan ditzaketela, hala nola, psikosia edo depresioa. Era berean, uste da txakurren jabeek euren sentimendu ezkorrak animaliei pasatzen dizkietela. Guzti hau kontutan hartuta, egia da Dumbarton, zubitik hurbil dagoen hiria, depresio ekonomikoak jota egon dela eta suizidio tasa altuak izan dituela, baina zubitik salto egin duten txakurren jabeetatik batek ere ez du aitortu depresiorik edo suizidatzeko asmorik izan duenik inoiz. Gainera, gizakietan, suizidio asmoak bihar gaur baino hobea izango ez dela sinesteak pizten ditu, eta txakurrek “gaur” eta “bihar” ezberdintzeko gaitasunik ez dutela uste dute adituek. Hortaz badirudi Overtoun Zubitik jauzi egiterakoan txakurrak ez daudela bere buruaz beste egiten.
Benetako arrazoia bilatzearren, David Sands doktoreak, animalien psikologian aditua, zubitik jauzi egin ondoren biziraun zuen txakur bakarrarekin jo zuen berriz zubira. Bertan, txakurra jauzien puntura heltzerakoan berriz urduri jartzen zela igarri zuen. Txakurraren zentzumen nagusietako bat aktibatu behar zen bertan, ikusmena, entzumena edo usaina. Zubiaren harrizko hormek ez zioten ezer ikusten uzten, beraz, ezin zitekeen ikusmena izan. Txakurrek bai baina gizakiek entzun ezin dezaketen soinu bat izan zitekeen, eta hori ikertu zuen Sandsek (zubiaren dardara, hurbileko zentral atomikoren bat, telefono antenaren bat … ) baina ez zuen ezer aurkitu. Usaimena izan behar zuela erabaki zuen.
Zubi azpian, erreka bazterrean, saguak, urtxintxak eta bisoiak bizi zirela aurkitu zuen Sands doktoreak, eta hauetako baten usainak txakurrak erakartzen zituela suposatu zuen. Sudur luzedun arrazako hamar txakurrekin esperimentua egin zuen ia zein animaliaren usainak gehien erakartzen zituen, eta %70a bisoiaren usainak gogor erakartzen zuela frogatu zuen.
Hori da Sandsen teoria: bisoi emeen usain gogorrak txakurrak erakartzen ditu eta haiek ehizatzeko asmoz jauzi egiten dute, zubiaren hormen beste aldean dagoen jausia ikusi gabe.
Baina teoria honek hutsune argiak ditu: bisoiak Eskozia osoan zehar daude (26.000 bisoi omen daude Eskozian) eta Overtoun Zubian soilik gertatzen da txakurren tragedia. Gainera, zergatik beti gune zehatz beratik jauzi egiten dute txakurrek, bisoiak errekaren bi aldeetan badaude?
Azalpen esoteriko eta irrazionalak gustuko dituztenentzat ere, jakina, ez zaizkigu falta: zubia eta bere alboko etxebizitza sorginduak daudela, Overtoun zelten mitologian zerua eta lurra hurbilen dauden lekua dela, txakurrak espirituak gehiago igartzen dituztela gizakiak baino … Eta horrelakoak.