Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Suge bihozdun laguna (literalki): eboluzioaren txantxa
Atalak: Sailkatugabeak
narrasti bihotz zirkulazioa (nonbait)
miokardio ez konpaktua (omen)
2010an Texas Heart Institute Journalek kasu txundigarri bat argitaratu zuen: 59 urteko gizonezko bat ospitalera heldu zen bularreko min handiekin, arnasa hartzeko zailtasunekin eta nekearekin. Gaixoak bihotzekoak ematen ari ziola susmatzen zuen eta medikuek bypass bat egin behar ziotela suposatu zuten hasieran. Elektrokardiogramak eta bihotzaren erradiografiek ez zuten ordea arazorik aurkitu eta kateter baten bidez arterian ez zegoela buxadurarik baieztatu zuten. Baina bihotzaren angiograma batek bestelako gorabeherak aurkitu zituen: gaixoaren bihotzaren miokardioa ez zen konpaktua eta, aldi berean, ezker eta eskuin bihotz-arteriek zuzenean odola isurtzen zuten ezker bentrikulura, fistula anitzen zehar.
Guzti honek zer esan nahi zuen? ba, lagun haren bihotzaren miokardio arkitekturak eta bihotz-zirkulazioak narrasti baten antzekoak zirela (sinusoidal itxurako miokardio bat eta komunikazio zuzenak bentrikulura) eta ez ugaztun batenak.
Atabismo kasu baten aurrean zeudela erabaki zuten medikuek. Atabismoa zera da, organismo moderno batean eboluzioan arbaso bat izan zenaren berragerpen arraro bat. Zientzialarien esanetan, “ontogeniak filogenia errepikatzen du”, alegia, animali baten enbrioiaren garapenak espeziearen eboluzioaren garapena errepikatzen du; eta beraz, guri dagokigunez, giza enbrioiak giza espeziearen eboluzioa errepikatzen du. Denok dakigunez, ugaztunak, gizakiok barne, narrastiak bezalako bestelako ornodunetatik eratorriak gara milioika urteko eboluzioarengatik. Horregatik, gizon-emakumeengan atabismo kasuak aurki ditzakegu.
Izatez, giza enbrioi batean, bihotza hasieran arrain batenaren antza dauka, banatutako barrunberik gabe eta odola aorta bakar batetik irteten delarik. Aurrerago narrasti batenaren antza hartzen du, guztiz banatutako bi bentrikulurekin eta guztiz banatu gabeko aurikulekin. Soilik azken epean giza enbrioiaren bihotzak lau barrunbe guztiz banatuta dauzka, miokardio konpaktu bat eta odola hiru arteria epikardialetatik hartzen du.
Narrastien eta ugaztunen bihotzen anatomia ezberdina da: narrastien bihotzak bentrikulu bakarra dauka, odola birika-zirkulaziora eta sistema-zirkulaziora banatzen dituena, eta zirkulazio bi hauek ez daude erabat banatuta. Honek energia kontserbatzen laguntzen die hibernazioan zehar. Gainera, narrastien bihotz-zirkulazioa ezberdina da, ez baitaukate bihotz-arteriarik, eboluzioan hegaztiak agertu arte ez baitziren bihotz-arteriak garatu. Narrastiak odol hotzekoak izanik, nahikoa zaie beharrizan metaboliko txikiagoak dauzkatelako, baina ugaztunetan, eta gizakietan, ez da nahikoa.
Texas Heart Institute Journalek gainera kasu hau bakana eta txundigarria dela gogoratzen du, baina ez bakarra, 2006an beste narrasti-bihotz kasu bat deskribatu zelako.