Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Vancouverko oinak: azalpenik gabeko kointzidentzia beldurgarria
Atalak: Azalpenik gabekoak
Aurkikuntzen eremua
oin bat zeraman zapata
Salish Itsasoa Ipar Amerikako ekialdean dago, Kanadako British Columbia eta Estatu Batuetako Washington estatuetako kostaldean. Itsaso horretan irlatxo ugari dago eta horietako batean, Jedediah irlan, 2007ko abuztuan hondartza batean neska batek Adidas markako kirol zapata bat aurkitu zuen, barnean galtzerdi bat zeukana, eta honen barnean … giza oin bat. Ondorengo ikerkuntzek oina gizonezko batena zela antzeman zuten eta zapata 2003 urtearen aurretik ekoitzia izan zela eta Indian saldua.
Oin bat gorpu batetik banatzea nahiko arrunta izan omen da, deskonposizioagatik, orkatila erraz puskatu daitekeelako. Era berean, adituen esanetan, eskuak, buruak edo oinak gorputzetik banatu daitezke, nonbait, gorpua uretan deskonposatzen ari denean, baina ez dute flotatzen normalean. Aitzitik, zapatek eta bereziki kirol zapatek uretan flotatzeko dentsitate egokia izan ohi dute, eta hortaz, oina zapata batean sartuta badago, gorputik banatzerakoan oina ur azalera igo daiteke gorpua hondora doan bitartean, askoz errazago gainera zapatak airea edo aire ganbara bat badauka barruan. Dena dela, oina aurkitzea baina ez gorpua, arraroa dela esan ohi dute adituek.
Sei egun geroago bigarren oin bat agertu zenean eskualde berdineko Gabriola irlan, hura “milioi baten arteko kasualitatea” zela esan zen. Sei hilabeteren buruan hirugarren oin bat agertu zenean eskualde berdinean, historian antzeko zerbait gertatzen zen lehenbiziko aldia zela eman zen jakitera. 2008ko maiatzean laugarren bat aurkitu zutenean, txantxa makabro baten susmoak pizten hasi ziren, eta datua estatistikaren ikuspuntutik “bitxia” bezala kalifikatua izan zen. Ez zen hilabete bat igaro bosgarren oin bat, beti kirol zapata baten barnean, agertu zenerako. Aurrekaririk gabeko fenomeno arraro honek munduko hedabideen arreta erakartzen hasi zen.
Ezin zitekeen bestela izan, horrekin ez baitziren aurkikuntzak bukatu: 2012ko urtarrilera arte guztira hamalau oin agertu ziren Salish itsasoko hondartzetan!!
Hotzikarak eragiten dituen fenomeno bitxi hau azaltzeko teoria ezberdinak eman dira, baina batek ere ez du frogatu aurkikuntza guztien jatorria. Oinen jatorria aurkitzea ezinezkoa gertatu izan da, itsas korronteek milaka kilometrora garraiatu ditzaketelako flotatzen duten objektuak eta Salish Itsasoa korronte ezberdin eta kontrajarriek zeharkatzen dutelako. Gainera, giza gorpu bat hogeita hamar urtez ere egon daiteke uretan murgildua desagertu gabe, eta denbora luze honetan oinek deskonposatzean jasaten duten eraldapenak zantzuak bilatzea zail bihurtzen du.
Ikerketa guztien ondoren, hamalau oin “galdu” eta “umezurtz” haietatik, bosten jabeak soilik identifikatu dira. Bitxikeria bezala, haietako bi, hirugarrena eta seigarrena, lagun berdinarenak omen ziren, 2004an British Columbiako New Westminster hiriko zubi batetik salto eginez bere buruaz beste egin zuen emakumezko bat. Zurrumurruak zabaldu ziren orduan, gainerako oinak ere beste suizida batzuenak izango ote ziren, baina ez zen honen frogarik aurkitu.
Teoria batek, oinen “jabeak” 2004an Asia Hegoekialdeko kostaldea jo zuen tsunamiaren biktimak zirela defendatu zuen. Izatez, askotan, oinekin aurkitutako zapatak, data hura baino lehenago ekoitzitako eta tsunamiak kaltetutako eremuan saldutako modeloak ziren, lehenago esan dugunez, baina ez zen hori gertatzen kasu guztietan.
Beste teoria batek, oinak itsasontzi edo hegazkin istripuetan hildakoenak izan behar zutela defendatu zuen, baina ikerketek ez dute teoria hau frogatzea lortu.