Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Stephen Wiltshire: makinarik gabeko argazkilaria
Atalak: Bizitza errealeko X taldea, Naturaren bitxikeriak
New York
Stephen Wiltshire
Blog honetako aurreko sarrera oroimen sinesgaitz bat zeukan lagun bati buruzkoa zen eta horrekin lotuta, beste oroimen txundigarri bat dakargu oraingoan: Stephen Wiltshiren kasua.
Stephen Wiltshire artista bat da, margolari bat, paisaien eta hirien irudiak margotzen ditu buruz, haiei begiradatxo labur bat bota ondoren. “Hara zelako abilezia!” esan dezake batek baino gehiagok, horrelako zerbait edonork (edo jende ugarik bai bederen) egin dezakeelako. Baina Wiltshirek buruz marrazten dituen paisaietan zehaztasunak erabatekoak dira: eraikin guztiak agertzen dira, bakoitza bere kokapenean eta elkarren arteko distantziak, erlazioak eta proportzioak zehazki gordez, estilo hiperrealista batean, argazki batean bezala. Ideia bat egiteko: Antonio Lópezen irudien antzekoak dira, baina buruz margotuta. Adibidez, 2009an Manhattan irlaren inguruan helikopteroz hogei minutuko bidaia bat egin ondoren, New York hiriko aurreko irudia marraztu zuen. Txundigarria, ezta? Eraikin guztiak, bakoitza bere benetako maila kopuruarekin,leihoak, ateak … bakoitza bere lekuan eta elkarren artean errealitatean gordetzen duten distantzia eta proportzioekin.
Irudi honekin Wiltshirek 2005ean hasitako serie bat bukatzen zuen, munduko hiriburu nagusien panoramikak biltzen dituena. Lehenbizikoa Tokyoko 10 metroko panoramika bat izan zen, helikopteroz bidaia bat egin ondoren, zazpi egunez margotu zuena. Honi beste hiriburuotako panoramikak jarraitu zioten: Erroma, Madril, Londres, Dubai, Hong Kong, Frankfurt, Jerusalen eta ikusi dugun New York.
Badirudi irudi guztiak zehazki oroitzeko gai dela (froga nahiko badago), baina gainera ez ditu oroimen hauek irudiak margotzen dituen bitartean gordetzen, baizik eta betirako gordetzeko gai ere omen da adituen esanetan (Ipar Karolinako Unibertsitateko Geraldine Dawson doktorea).
Norbaitek zalantzak balitu edo froga gehiago behar balu, Wiltshiren bizitza eta lanari buruzko informazio gehiago ematen duen web orri ofizial bat ere badago:
http://www.stephenwiltshire.co.uk/
Mundu osoan zehar famatua da bere lanagatik eta sari ugari jaso ditu bere bizitzan zehar, haien artean Britainiar Inperioaren Kidea izendatua izan zen 2006an.
Stephen Londresen jaio zen 1974an eta hiru urte zituenean autismoa zeukala diagnostikatu zioten. Bost urterekin Queensmill eskolara bidali zuten eta bertan marrazteko eta margotzeko zaletasuna erakutsi zuen hasieratik. Bederatzi urterekin bere lehen hitza esan zuen: “papera”. Hamar urterekin jada Londresko monumentuen irudi serie bat kaleratu zuen, “Londresko alfabetoa” deitu zena, irudi bakoitza alfabetoko hizki bati zegokiolako.
Handik aurrera margolan ugari egin ditu eta liburu anitz kaleratu ere, eta bere margolanak munduko bilduma garrantzitsu askotan daude. 2003an atzera begirako erakusketa bat egin zioten Londresko galeria batean eta 2006tik bere galería iraunkor bat dauka Londresen ere.
Aipatu dugun Dawson doktorearen esanetan, autismoa garapen neurologikoaren gaitz bat da, bizitzan goiz agertzen dena eta gizarte harremanetan eta orokorrean komunikaziorako zailtasunak suposatzen dituena. Autismoak erronka handiak suposatzen ditu, baina aldi berean indar bereziak suposa ditzake, adibidez Stephen Wiltshiren kasuan, artegintzarako abilezia eta oroimen bisual txundigarri bat.
Autismoak burmuineko alde ezberdin jakin batzuen arteko komunikazioa eragozten du, eta honek burmuinak informazioa prozesatzeko daukan gaitasuna zeharo murrizten du. Baina eragozpen horiek, aldi berean, Wiltshire bezalako norbaiti detaile guztiak inolako interferentziarik gabe gogoratzen laguntzen diote.
Wiltshire bezalako norbaiten abileziak ikusterakoan, giza burmuinak gordetzen duen benetako ahalmenez jabetzen gara.