Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Nan Madol: arkeologoen buruhaustea
Atalak: Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak
Nan Madol
Nan Madol
Mikronesiako Pohnpei irlaren ekialdean irlatxo txikiago bat dago, Temwen izenekoa, eta honi lotuta irlatxo artifizialez osatutako hiri bat: Nan Madol. Harri erraldoiez eraikitako ehun bat irlatxo artifizialek osatzen dute Nan Madol, ur kanalez inguratuta eta zeharkatuta. Guztira, hiriaren harrizko hormek 1,5 Km luzerako eta 0,5 Km zabalerako gune bat inguratzen dute.
Egun ez da inor bizi Nan Madolen, Pohnpei irlako biztanleek Nan Madol leku madarikatu bat dela sinesten baitute, baina bada arkeologoen ikerketen objektu. Nork eraiki zuen eta zertarako, badirudi badakigula: Nan Madol Saudeleur dinastiaren hiriburua izan omen zen, 1.628ra arte Pohnpeiko agintari izan zirenak. Egun Nan Madol dagoen esparruan K.o. II. mendeko giza aztarnak aurkitu dira eta irlatxoen eraikuntza VIII. mendean hasi omen zen, baina hain esanguratsu den eraikuntza megalitikoa XII edo XIII. mendeetan hasi zela dio karbono bidezko datazioak.
Hemendik aurrera sortzen dira zalantzak, egun konponbiderik ez daukaten zalantzak: badakigu nork eta noiz eraiki zuen, baina, nola egin zuen? Nan Madoleko ehun irlatxoak eraikitzeko guztira 800.000 tona harri erabili zirela kalkulatzen da, eta harri nagusietako batzuek 50 tonako pisua ere badaukate. Hau nahikoa ez balitz, Pohnpei irlako ekialdean ez da harrobirik aurkitu, beraz, 800.000 tona horiek, 50 tonako harritzar horiek, garraiatu behar izan zituzten. Nondik? Nola?
Arkeologek egun ez dute azalpenik ematen asmatu.
Nan Madol, Saudeleur dinastiaren hiriburu politiko eta erlijiosoa izan zen. Garaiko noblezia eta apaizak bertan bizi ziren hortaz, baina ez bakarrik, guztira 500 eta 1.000 lagun arteko populazioa izan baitzuen hiriburuak. Irlatxo batzuetan lan jakin bat egiten zen, hala nola, janaria prestatu, txalupak eraiki edo koko olioa bildu, baina irlatxo gehienak apaizen egoitzek eta hilerriak okupatzen dituzte. Hilobi ugariren inguruan harrizko horma handiak aurki daitezke, haien artean nagusia, jakina, errege hilobikoa, 8 metroko garaiera daukana.
Nan Madolen ez urik ez janaririk ez dagoenez, Pohnpei irlatik ekarri behar zizkioten txalupaz eta irlatxo jakin batean hartzen zuten.
1.628an Isokelelel izeneko inbasoreak Saudeleur dinastia garaitu zuen eta Nan Madoletik bota. Isokelelel bera eta bere lehen ondorengoek Nan Madolen bizitzen jarraitu zuten, baina guztiz abandonatzen bukatu zuten.
Eraikuntzari buruzko galderak erantzutera asmoz, arkeologoek zera proposatu dute: harriak harrobitik Nan Madolera zurezko txalupetan garraiatu zituztela. Bidean hondoratu omen ziren harrien ilara bat aurkitu da inguruko uretan murgilduz, aurreko ideia baieztatuko lukeena; baina bestalde, antzeko garraio bat errepikatzen saiatu direnean inork ez du lortu, eta txalupak bata bestearen ondoren hondoratu dira (50 tonako harriak ez dira gauza makala zurezko txalupa baten gainean). Hortaz, eraikuntza metodoa azalpenik gabe dirau oraindik.
Bertako biztanleak, gaur egunekoak, Nan Madol mamuz beteriko leku madarikatu bat dela sinesten dutenek, bere azalpena daukate, mendeetan zehar ahoz-aho heldu zaiguna: Nan Madol bi azti bikiek eraiki zuten, Olishipa eta Oloshopa izenekoak, magia erabiliz harriak lebitatu egiten zituztenak, dragoi baten laguntzarekin.