Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Mamuak, etxe sorginduak eta antzekoak, zer ote dira?
Atalak: Sailkatugabeak
Aste honetan Defuntuen Eguna datorrenez, mamuen balizko azalpen batzuri buruz ariko gara. Aurretik bihoa: ez gara eztabaida metafisikotan sartuko, heriotza ondoreko bizitza badagoen edo ez eta horrelakoetan, baizik eta mamu bat “ikusi” duela ziurtatzen duenak, benetan zer ikusi duen azaltzen saiatzen baizik.
mamua?
Kasu hauetarako azalpen zabalena edo ugariena iruzurra izango da, jakina. Mamuak ikusi dituela edo izpirituekin komunikatzeko gai dela ziurtatzen duenak, ia beti etekin ekonomiko baten bila dabil; ezjakinen sineskeriatik edo desesperatuen sinesteko beharretik probestu nahi du. Adibideak anitzak dira eta ziur guztiok izenen bat baino gehiago emateko gai izango ginela.
Baina horietaz aparte, mamuak ikusi edo haien presentzia atzeman duen lekuko askoren kasuak daude, gehiegi, gezurretan ibiltzeko arrazoirik ez daukatenak. Ez hori bakarrik, leku jakin batzuetan (eliza edo etxe abandonatuak esaterako) elkarren artean harremanik izan ez duten pertsonek mamuak ikusi dituztela ziurtatu dute, aurretik leku hori sorgindua omen zegoela ohartuak izan gabe.
Diru bila iruzurretan ez dabiltzan mamu ikusle horien atzean zer azalpen (zientifikoa) egon daitekeen ematen saiatuko gara.
Azalpenaren hasiera infrasoinuetan datza. Infrasoinuak frekuentzia baxuko soinuak dira, kontzienteki entzun ezin direnak, baina hala ere belarriek sumatzen dituztenak. Infrasoinuak beraz zentzumenentzat informazioa dira baina euren jatorria, nondik datozen, atzeman ezina da. Guzti honengatik, burmuinean eta sentimenetan eragina daukate. Infrasoinuak deskubritu zirenean, hauek sentimen ezberdinak eragin ditzaketela frogatu zen, urduritasunetik oinaze jasanezinetaraino. Zehazki, 7 eta 19 Hz arteko frekuentzian kokatzen diren infrasoinuek beldurra eta ikara eragiten dituztela frogatu zuten ikertzaileek. Frekuentzia horietako soinuak naturan daude: olatuek, sumendiek, lurrikarek, haizeak, piztia batzuek (tigreek esaterako) igortzen dituzte, alegia, gizakientzat arriskutsuak diren iturrietatik datoz infrasoinu horiek, eta eboluzioak giza burmuina garatu du horiek igartzerakoan beldurra sentitzeko.
Laburbilduz, ikusezina den, kontzienteki igarri ezin den fenomeno bat daukagu, beldurra eragiten duena … Mamu baten definiziotik nahiko hurbil gaude. Baina oraindik ez dugu ezer ikusi. Vic Tandy izeneko ikertzaile batek bai, ikusi zuen, eta azalpen zientifiko bat ematen saiatu zen:
http://www.richardwiseman.com/resources/ghost-in-machine.pdf
Bere lantokian, lankideek beldur eta depresio sentimenak zeuzkaten sarritan, eta baita norbait haiei begira zegoela sumatzen zuten, begiradaren ertzetan irudi arraroak ikusten zituzten … Tandyk berak behin, lanean zebilela, bere idazmahaiaren alboan irudi edo itzal bat ikusi zuen minutu batzuez, eta esperientzia hark azalpen bat izan behar zuela erabaki zuen. Bere hasierako susmoa lantokiaren airean gasa egon behar zuela izan zen, eta lankide guztiak drogatuta zeudela, baina ez zen horrela izan. Ikertzen jarraituz, haizagailu puskatu bat aurkitu zuen, igarri ezineko zarata eragiten zuena, hau da, infrasoinuak igortzen zituena, 18.9 Hzkoak, beldurra eragiteko bortitzenak. Baina zerbait gehiago berretsi zuen: infrasoinuek begietan ere erresonantzia egiten dutela, begia bibratu eraziz eta “ikusmen lohia” (“smeared vision”) deritzona eraginez. Alegia, infrasoinuak begiak bibratu araztean, estatiko den zerbait (betaurrekoen markoa edo begi ertzean dagoen hautsa), handia den eta mugitzen ari den irudi edo itzal bat bezala ikustea eragiten du.
Eta honela ingeniarien lantoki bat leku sorgindu batean bilakatu badaiteke, nola ez abandonatutako eliza edo bestelako eraikin bat: hauen gangak, hoditeriak etab … oihartzunak, infrasoinuak eta ikusi dugun mamu sortzaile prozesu osoa martxan jartzeko aproposak baitira.
Azalpen honek, jakina, ez ditu “mamuen” kasu guztiak azaltzen, baina besteren bat gehiago ere badaukagu.
http://www.nature.com/news/2006/060918/full/news060918-4.html
Suitzako ikerlari talde bat epilepsia gaixo baten burmuina ikertzen zebilen, ebakuntza baterako prestatzen. Burmuineko alde ezberdinetan elektrodoak jartzen zizkioten, hizkuntza eta mugimenduak kontrolatzen dituzten eskualdeak identifikatzeko, ebakuntzan kaltetuak izan ez zitezen. Horretan zebiltzala, elektrodoak ezkerreko tenporoparietal loturan jarri zizkioten, eta orduan gaixoak, beste pertsona bat ikusten zuela esaten hasi zen, bere jarrera eta mugimenduak errepikatzen zituena. Tenporoparietal lotura hau “ni” eta “zu” ezberdintzeko funtzioaren arduraduna omen da. Gaixoak beste lagun hau bere atzean igartzen zuela errepikatzen zuen, lurrean etzanda zegoenean ere; eta lurrean eserita belaunak besarkatzen zituenean, lagun hau atzetik zetorkiola besarkatzera esaten zuen. Gaixoari orri bat irakurtzeko eman ziotenean, “itzalak” ez ziola irakurtzen uzten esaten zuen eta orria eskutik kentzen saiatzen zela.
Guzti honengatik ikerlari talde honek ondorio hauek atera zituen: ezkerreko tenporoparietal loturan gehiegizko estimulu batek fenomeno ugariren azalpenaren atzean egon daitekeela, hala nola eskizofrenia kasu batzuk, mamuak, gorputzetik kanpoko bidaiak eta antzekoak…