Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Giza-berogailu budistak
Atalak: Bizitza errealeko X taldea
Pop kulturaren edo New Age modaren eraginez, guztiok entzun dugu noizbait moje budistek meditazioaren bidez erdiets ditzaketen mirarien berri. Gu bezalako sineskaitzentzat halako zurrumurru eta kondairek beti iruzurren antza hartzen dute, edo sekta edo antzeko zerbaiten propaganda (ustez erakargarri) baten susmoa: zoko bakarti eta ezkutatu batean, Mendebaldeko pentsamolde arrazionalistatik urrun, bilakatzen ari den mendetako sekretu bat jakinaraziko zaigu, gure begien aurrean eta gure eskura… Buru ezjakin, xinple, pentsamendu kritikorik gabekoentzat doi den zerbait iruditzen zaigu. Horregatik ia inoiz ez ditugu horrelakoak aintzakotzat hartzen. Baina Harvard Universityko medizina irakasle eta ikertzaile bat horren atzetik ibili bada azken hogeita hamar urteotan, bere ikerketetan mendebaldeko zientziaren metodoak erabiliz eta Harvard Universityren dirua eta izena konprometituz, orduan sinesgarria (eta interesgarria) bihurtzen zaigu gaia.
gorputz funtzioen neurketa
Eta aurretik bihoa: emaitza txundigarri eta oraindik azalpenik gabekoak lortu ditu Harvardeko irakasleak.
Herbert Benson doktorea, Harvard Medical Schooleko medizina irakaslea eta “Mind-Body Medical Institute” izeneko instituzioaren presidentea, gorputzeko gaixotasunetan meditazioak izan ditzakeen eragin onuragarriak ikertzen saiatu da urte luzetan. Bere ustez, meditazioaren bidez, berak “relaxation response” edo lasaitasun erantzuna garatu daitekeela defendatzen du. Lasaitasun erantzun honek gorputzean eragina dauka, metabolismoa jaitsiz, odol presioa, bihotzaren erritmoa eta arnasarena ere, estresarekin lotutako gaixotasun batzuetan onuragarria gertatzen dena.
Baina gainera, Benson meditazio modu aurreratuek noraino alda ditzaketen gorputzaren funtzioak ikertzen saiatu zen. Xede honekin mendebaldeko ustezko aditu anitz elkarrizketatu eta aztertu zituen, baina guztiak iruzurgileak zirela erabaki zuen. Meditazioa aspalditik praktikatu eta garatu den lekuren batera joan behar zuela erabaki zuen, eta Dalai Lamak Harvardeko unibertsitatea 1979an bisitatu zuenean aukera zabaldu zitzaion. Horrela 1980ko hamarkadan bidaia ugari egin zituen Indiako iparraldean, Himalayako mendikatearen magalean zeuden monastegi budistetara.
Bertan, Himalayaren magalean, esperimentu txundigarriak egin zituen. Esaterako, Tum-mo izeneko meditazio mota praktikatzen zuten moje batzuek euren atzamarren eta behatzen tenperatuta 8 gradutan igotzea lortzen zutela berretsi zuen. Egun oraindik ez dakigu bero hau nola sor daitekeen. Gainera, meditazioan murgilduta zeuden mojeek euren metabolismoa edo oxigeno kontsumoa %64 jaisteko gauza zirela neurtu zuen, gaur arte ezaguna den metabolismo jaitsierarik handiena. Perspektiban jartzeko, meditazio arrunta praktikatzean metabolismoa %17 jaistera heltzen da, eta lotan %10-15. Ez dezagun ahaztu esperimentu guzti hauen emaitzak Harvard Universityren argiltapenetan kaleratu zirela, ez nolabaiteko zalantza zientifikoak eragin ditzaketen bestelako mediotan.
oihal lehortuak
1985an Benson doktoreak eta bere taldeak zera grabatu zuten bideoan: Himalayako monastegi hartako moje talde bat 4 gradutan zegoen gela batean meditatzen jarri ziren. Beste moje batzuek haien gorputz biluzien gainean 9 gradutan zegoen uretan bustiriko oihalak jarri zizkieten. Egoera arruntean hezetasunak eta hotzak dardara jasanezinak eragingo zizkioten pertsona bati eta, jarraituz gero, heriotza ere. Kasu honetan, segundu batzutan bustitako ohial hotzetatik lurruna irteten hasi zen, eta ordu baten ondoren oihala guztiz lehor zegoen. Jarraian beste oihal hotz busti bat jarri zioten moje bakoitzari eta hau ere lehortzeko gai izan ziren. Moje bakoitzak hiru oihal ur hotzean bustita lehortu zituen.
Urte beran, beste zera hau ikusi zuten: moje talde batek neguko ilargi beteko gaua monastegitik kanpo igaro zuten, otsailean, zero azpitik 18 gradutako tenperaturak egon ziren gau bat. Mojek dardarik egin gabe eta bata bestearengandik aldenduta (elkarri beroa emateko gai ez zirela) lokartu ziren eta egunsentiarekin esnatu eta monastegira itzuli.
Dena dela ikerketa hauek zailak izan ziren, Himalayako monastegietan neurgailu eta beste tresnentzat elektrizitatea ez zegoelako eta moje askok euren meditazio teknikak pribatuan gorde nahi izan zutelako beti. Gainera, ikerlari bat zure gorputzeko aldaketa guztiak neurtzen saiatzen ari dela, barne meditazioarako egoera hoberena ez da.
burmuinaren aktibitatea neurtzen
Horregatik, Bensonen lankide batek, Sara Lazardek, ikerketa Bostonen, Massachussets General Hospitalen egin zuen. Lazardek ikertutako moje taldea ez zegoen Tum-mo meditazioan trebatua baizik eta Kundalini izeneko meditazio mota aurreratuan. Moje hauen burmuinen erresonantzia magnetikoa egin zuen Lazardek. Nahiz eta Himalayan ez egon, ikerketak bere oztopoak izan zituen ere, oraingoan makina zaratatsu baten barnean meditatzen saiatzea, baina emaitza esanguratsuak lortu ziren. Hala nola, odol jarioa burmuinera asko jaisten zela frogatu zuen, eta burmuineko alde batzuk aktibatzen zirela, zehazki funtzio autonomoak kontrolatzen zituztenak, odol presioa edo metabolismoa esaterako.
2001 urtean Bensonek milioi bat dolarreko dirulaguntza jaso zuen Guiness garagardoaren jabeak duen fundazio batengandik, bere ikerketekin jarritzeko, eta Himalayako mojeak mendebaldera erakarri zituen ikerketak errepikatzeko eta berresteko. Emaitzak, gorputz tenperaturaren aldaketa eta metabolismoaren jaitsierari dagokienez, errepikatu ziren, baina oraindik zientzia gizonek ez dute jakin azaltzen nola (demontre) lortzen den.
http://www.youtube.com/watch?v=XZUdtFu_hwI