Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Ben Underwood, giza-sonarra
Atalak: Bizitza errealeko X taldea
Ezer baino lehen zera esan beharra dago: sarrera honen protagonista, Ben Underwood, 2009ko urtarrilean hil zen, hamazazpi urte oraindik bete gabe zituela. Hau dela eta, artikuluaren tonua ez da miresmenekoa soilik izango eta mutil gazte baten heriotzak (hain hurbilak gainera) eragiten duen doluaz nahastuko da nahi eta ez.
ben saskibaloian
Californiako Riverside hirian jaioa zen Ben, 1992an, eta txikitandik futbolean eta saskibaloian jolasten zuen, zuhaitzetara igotzen zen, patinetan eta skatean ibiltzen zen eta bideo jokoetara jolasten ere trebea zen. Gaztetxoa zenean, surf egiten ere ikasi zuen. Guzti honengatik Ben ez litzateke bere garaiko eta inguruko beste nerabe arrunt bat besterik izango, berezitasun batengatik ez balitz: Ben Underwood guztiz itsua zen, minbiziak erretinak kaltetu eta hiru urterekin bi begiak erauzi baitzizkioten.
surf egiten
Ziur atzera egin duzuela Benek bere eguneroko bizitzan egiten zituenak berriz irakurtzeko. Hemen bazaudete berriro eta ulergarria den eszeptizismoarekin, zuen begiekin frogatzera gonbidatzen zaituztet, zeren, Ben orain dela hain gutxi gure artean egon zenez, bere abilezien froga eta lekukotza ugari dago interneten (youtuben batik bat). Kontuan izan gainera, Ben telebistako saio garrantzitsu askotan elkarrizketatu zutela, hala nola Oprah Winfreyren saioan edo Ellen Degeneresenean. Benen elkarrizketa eta agerraldi guzti hauen xedea ez zen izan dirua irabaztea edo zirkorako egokia zatekeen bitxikeria bat publikoari aurkeztea (Benen eta bere sendiaren asmoan bederen, Oprah andrearen asmoez ez baikara hainbeste esatera ausartzen), baizik eta lekukotza ematea. Ben eredu bat izan zedila nahi zuen bere amak, ikusmena galtzea bizitzaren bukaera ez zuela suposatzen aldarrika zezala eta bere egoeran egon zitezkeen beste edozein gaztek ere bizimodu normal bat eramaten saia zitezkeela.
Galdera orain dator: nola moldatzen zen ba Ben begirik gabe baloia saskian sartzeko edo skatean zihoala oztopoak saihesten? Ben Underwood gaztea maisu bat izan zen (maisu gorenetarikoa) ingelesez “echolocation” deritzon teknikan, oihartzun-kokapen bezala itzul daitekeena. Oihartzun-kokapen hau zera da, gizaki batzuk bere inguruko objektuak antzemateko daukaten abilezia objektu hauek eragiten dituzten oihartzunak sumatuz. Sonarrak eta izurdeak edo saguzarrek daukaten oihartzun kokapenak bezala funtzionatzen du. Honekin, itsu gehienek kaletik ibiltzeko gai dira, bere makilarekin, oinekin edo mingainarekin soinuak eginez eta hauek eragiten dituzten oihartzunak interpretatuz. Kasu honetan, Ben Underwoodek, bost urterekin hasita, mingainarekin soinuak eginez bere ingurua “ikusteko” gai izatera heldu zen.
bizikletan
Izatez, eta eskola garaian guztioi azaldu ziguten bezala, ikusmenak eta entzumenak antzeko oinarriak dauzkate: bietan objektuetan islatutako uhinak prozesatzen ditu burmuinak. Ikusmenaren kasuan objektuetan islatutako argi uhinak, eta entzumenean objektuek sortutako edo beraietan islatutako soinu uhinak. Soinua eta argia, biak, uhinak dira, frekuentzia ezberdinekoak. Horrela oihartzunek informazio handia eman dezakete inguruko objektuen kokapena eta itxurari buruz; itsu batek inguruan dauzkan objektuen zabalera, altuera edo dentsitatea antzeman dezake oihartzunak entzunez.
Gainera, orain dela gutxiko ikerketek zera aurkitu dute: oihartzun-kokapena garatzen ahalegindu eta trebatu diren itsuen kasuan, ikusmenari dagokion burmuineko aldea aktibatzen zaiela oihartzunak entzundakoan. Ez hori bakarrik, ingurumen bateko soinuak jartzen zizkietenean eta ingurumen berdineko soinuei oihartzunak gehitzen zizkietenean, entzumenaren aldean ez zen ezberdintasunik nabaritzen, soilik ikusmenaren zatian. Oihartzun berdinak ikusmena zuten pertsonek entzuten zituztenean ez zitzaien burmuineko alde honetan aktibitaterik nabarmentzen.
Esan dugunez beraz oihartzun-kokapen hau (“echolocation” delakoa) ez da hain bakana edo ezohikoa, eta aspaldiko garaietatik ezaguna da nahiz eta izen hori ez zuen hartu. Horrela, XIX. mendearen hasieran James Holan, “bidaiari itsua” izenarekin ezagutua izan zena, Europa guztian zehar eta Siberiaraino ere bidaiatu zuen laguntzarik gabe. XX. mendearen erdialdean sakonago ikertzen hasi zuten eta orduan eman zioten izen hau. Ordutik trebetasun handia lortu duten hainbat gizabanako nabaritu dira, baina guztion artean, beharbada, txundigarriena Ben Underwood izan da, aipatu dugun guztiarengatik.
bideo jokoan!!
Zeren, atzera begiratzen badugu berriro, ez al dugu ezer ulergaitzik aurkitzen? Ben zientzia-fikziozko pertsonaia batean bihurtzen duen ñabarduraren bat ez? Benek bideo jokoetara jolasten zuela esan dugu? Horrela da, argazkiak daude eta bere sendagilea ere aho zabalik gelditu zen estreineko aldiz ikusi zuenean. Bada, zer nolako oihartzunak bidaltzen ditu pantaila batean mugitzen ari den bi dimentsioko irudi batek?
www.benunderwood.com