Hasiera »
Geroa Galarragaren bloga - Mundu(ko)loreak
Geroa Galarraga
Idazterako orduan, arlo ezberdinak jorratzea gustatzen zait. Sail ezberdinak lantzea eta ikutzea, beste era batera esanda. Poesia edo bertsoak argitaratzea gustatuko litzaidake baina batez ere, iritzi artikuluak dira beti nire gustokoenak.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Geroa Galarraga(e)k Kapitalistoak. bidalketan
- Mikel(e)k Kapitalistoak. bidalketan
Pintura txuriak ezabatu zuenekoa…
2016-06-26 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Hondarra barru barruraino sartzen zitzaidala oraindik dut gogoan. Galtzerdiek oinak babestearen lana albo batera utzi eta kotoia igarotzen zuen hondar aleak sortzen zidan efektua memorian dut gaur egun. Itsasoaren soinua, bakardadea, ilunabarra eta lasaitasuna gorputzean…
Horrelako sentipenak ditut uda iristen den aldiro herria utzi nuenetik. Ni naizena izaten lagundu didaten sentimenduak. Naizena egin nautena eta izan nahi dudana izateko asko falta eta aldatu behar izan arren, oroitzapen hauek dira inoiz joango ez zaizkidanak. Itsasoak ere, inoiz saiatu bada ere, eraman ezin izan dituenak… Oharkabean, pintura txuri pote batek suntsitu nahi izan dituenak….
Bakardade eta isiltasun artean, lasaitasunaren maitale bilakatzen nintzen. Begien aurrean amaiezina den itsasoak babestua sentiarazten zidan bezela, eskuin aldera, “Freedom” hitzarekin margotutako horma txuri hark ere babestu egiten ninduelako. Betidanik ezagutu izan dugun idatzia.Batzuentzat, garrantzirik gabeko eskakizuna. Besteentzat ordea, printzipioa, nahia, beharra, memoria eta bide orria izateaz gain, kanpora joan aurretik herrian azkenengo momentuak pasatzen lagundu dizkigun hizkiak dira. Guztiok onartua izan duguna urte luzeetan zehar. Sensibilidade eta printzipio ezberdinen gainetik herritar guztiok gure bizitzako parte txiki bat ere, horma harekin eraikia izan dugulako. Zoritxarrez, aho batez herriak bozka eman gabe onartuta zeukana, itsasoak eraman ezin zuen hori, pintura pote txuri batek eraman du.
“Herri garbia” dugu bihotzean, eta herri garbia emango diegu herritarrei. “Herri garbia” emango diegu beste ezer ere eskaintzeko ez daukagunean. Iñaki Perurenak esango lukeen bezela: Y FUNTZIONA!!
Hala ere, kezkagarria ez da bere berean herri garbia nahi izateak sortu ditzazkeen desadostasunak edo herri garbi bat bideratzeko erabiltzen diren estratejia edo trikimailak. Kezkagarria dena da izenaren atzean dagoen nahia edo izenaren atzean dagoen helburua. Helburuaren erroa, ama eta sortzailea. Beste behin Madril.
“Herria garbi” lemak mozal ordenantza dauka atzean.
Espainiar estatuak udaletxeei beraien herritarrak ixilarazteko eskumen bezela eskaini dieten legea. Mozal legea nahikoa ez denez, beste behin, zigor gehituak jartzen jarraitzen dute. Hona hemen, mozal lege handiaren alaba txikia: mozal ordenantza. Mozioetan uko egiten diogunari eta praktikan besoak zabaldu bere alabari.
Dena den, arazoa ez da Madrilek eskaintzen duena. Arazoa udaletxeek eskaini nahi dutena da eta hori bermatzeko erabilitako informazio eraldatua. Udaletxeetako kargu guztiek Madrilek ezarritako lege desproportzionatu batzuen erabilerari uko egingo baliote eta usteltzen utzi, ziurrenik Madrilek ere indarra galduko luke. Baina zoritxarrez, gure Marianoren espirituak bertan jarraituko du, gure jarrerak berea bermatzen badu; eta gu ere Mariano ñimiñoak izango gara. Euskal Herrian behintzat, Mariano izatea ez zaigu gustatzen. Ez dugu gure burua berearekin identifikatzen. Ez omen ditu lege eraldatzaileak sortzen. Atzera omen goaz.
Dena den, Mariano izaten jarraituko dugu, aho batez onartzen diren eskari eta beharrak ezabatzen jarraitzen badugu eta bigarren aldiz, pintura pote batekin aho batez onartutakoa ezabatzen badugu.
Kapitalistoak.
2016-04-12 // Sailkatu gabea // 2 iruzkin
Itzaltzen hasi da. Desagertzera doa. Errauts bilakatuko da beste behin begiak kliskatu bezain pronto…. eta kea izanez berpiztuko da. Itzalak sortzen dizkigun kea. Gure aurpegiak putz egin bezain pronto ezabatzen dituena. Garena isilarazten diguna eta bizirauteko zoriontasuna ematen diguna: auto-iruzurra.
Eskuetatik ihes egiten dit keak. Korrika alde egin. Ahoan neukan zigarroa desegitear daukat. Zuzen zuzen begiratzen ari natzaiola, ea gu ere desegiten ari garen galdetzen hasi naiz neure buruari. Bizitzako irteera ate errezenak hartzera ez ote ari garen behartzen geure buruak, sortzen ari garen bizi esparruetan biziraun ahal izateko. Zer garen ahaztuta, nondik gatozen eta nora goazen ere ideiarik izan gabe.
Ezer ez daukanak. Ezer sentitu ez duenak. Ezer jaso ez duenak, ezerezaz elikatzen da. Airez betetzen ditu birikak asma sortu arte. Ezerezak alarma gorria piztuaz. Beldur naiz agian (edo ez hain again) gu ere ez ote garen izan nahi ez dugunaz gehiegi elikatu. Aireaz elikatu. Ezerezaz edo auto-iruzurraz. Nahi ez dugunak eta onartzen ez dugunak ez ote duen izan influentzia gehiegi gugan. Auto-iruzurra dugula esatea eta inguruak influentzia sortu digula esatea euskaldun abertzaleontzat onartezina baita.
Susmoa dut guk ere ez ote dugun sozialisten bidea hartu. Sozialistak sozialistok bilakatu diren bezala, gu ere ez ote garen kapitalista izatetik kapitalisto izatera pasa. Biziraun ahal izateko ez ote garen gu ere kapitalista bihurtu. Asko eta asko beti izan gara. Izaten jarraituko dugu. Nahiz eta “panpoxismoaz” baliatu sozialismoa dugula maite esateko.
Patatak. Patata gordinak. Frijituta ere murtxikatu ezin diren patatak. Norberak berea eginda berriro ere berea konpontzen saiatuko diren patatak. Horixe bilakatzen hasi gara. Norberak bere lana bermatu eta albokoa kaleratze prozesuan dagoela ikusita ere beste aldera begiratuko duen patata gordin, huts eta dijeri ezinak. Gutako asko kapitalismoaren esparru guztiak bermatuko dituen alferrikako gizaki hutsalak gara.
Gizaki hutsalak. Irteera errezeko ate hutsalak. Kea besterik sortzen ez dutenak eta kearen atzean ezkutatzen direnak. Baina kearen beste aldean zerrautsa ageri da. Haizeak eramango duena. Sugarra berpiztuko duen haizeak daramana. Askori eta askori behinola nondik etorri ginen eta nora joan nahi dugun gogoraraziko digun haizea. Langile mugimenduaren haizea. Sozialismoa ekarriko digun haizea. Hutsala, kea, eta auto iruzurra ezabatuko dituen haizea. Eraldaketaren haizea.
Independentziak ez baitu ezertarako balio estatu kapitalista bat bermatzeko baldin bada. Independentzia delako sozialismoa bideratu behar duena, helburu gorena azken hau izanik. Langile mugimendu eta herrigintzak, eraldaketa soziala mamituaz sor dezakeen sozialismoa. Kapitalistoak eraldatu beharko dituena. Patataz beteriko baratza grisa izatetik, lorez beteriko lorategi koloretsua izatera pasatzeko.
Maite ez dugunak ez gaitzala jan. Ez gaitzatela buru makur ikusi. Eta ez dezatela ahaztu askok eta askok ez dugula oraindik ahaztu sustraiak ez dauzkagula soilik gure ama lurrean. Ez dauzkagula Euskal Herrian soilik. Askok, gure sustrai, errail eta zainak, langile mugimenduan oinarria duen eraldaketa orotan daukagula eta halaxe izango ditugula ihes egindako keak, sugar itzalezin bezain sendoak sortu arte.
Ez dezagun ahaztu nora goazen….
…are gutxiago nondik gatozen!!
Ez dagoelako harri mugiezinik…
2015-12-22 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Joan zaizkidanak, etorri zaizkidanak, joatear dauzkadanak, etortzear dauzkadanak, begirada bota niena eskua bota beharrean, besarkada bat jaso nahi zutenak eta hutsari heldu ziotenak, hutsari heldu beharrean besarkada jaso zutenak… baina batez ere, azkenengo agurra izango ez zelakoan, konturatu gabe azken agurra alkarri eman genionak… eta honela, hutsa sentitzea zer den erakutsi didatenak. Nere burua aulki hutsa bezelakoa dela ikusarazi zitadenak.
Denbora azkar doa. Baina gu berarekin ere azkar goaz. Zoritxarreko garai hauetan soilik ohartzen gara, zein bidezidor hartu dugun pausu bakoitzeko, aldaba joka genuenean. Zaila da aurrera egitea, are zailagoa atzera begiratzera. Horregatik ospatzen ditugu urte berriak, eta ez urte zaharrak.
Urte zaharrak ospatzen hasten bagara, edo urte zaharrak ospatzen hasten garen momentuan, askok etxeko mahaiko aulki hutsak garela ikusiko dugulako. Aulkia betetzeko eta aulki osoa izateko, urte zaharrak oparitzat utzi dizkigun barruko lagunak ikutzen ditugulako: errukia, mina, damua, gorrotoa, haserrea, kezka, urduritasuna, kilometroak, dispertsioa, deserria…
Horrek bultzatzen gaitu urte berrira begira egotea. Biharrari begira egotea orainari begiratu beharrean. Aulki zaharrak utzi eta berriak laguntzat nahi ditugulako. Iragana eta oraina beharrean, biharra: zoriontasuna, maitasuna, askatasuna, osasuna, lana, justizia soziala, onarpenak…
Hala ere, hitz hauek idazten ari naizen bitartean, aulki erdi hutsa bilakatu naizela aitortu beharrean nago. Biharraren soinu hotsak belarritik bihotzera igaro zaizkidalako. Hitz hauek idazten ari naizen bitartean, kale bazterrak “hator, hator, mutil etxera” abestiaren soinuek besarkatu dituzte. Zorionekoa naiz, aulkiaren zati hutsetako bat betetzen hasi zitzaidalako. “Deserria” maiuskulaz josi zidatenak, “minuskulatu” egin didatelako. Erdia soilik naiz zoritxarrez oraindik. Abestia bukatu da, eta minuskulatu beharrean desagertzeko biharraren sokari heldu diot berriz. Nik ere, urte berriak ospatu nahi ditudalako.
Urte zahar zein berrian, aulki langabetuak, etxe desjabetzeak jasan dituzten aulkiak, sistema patriarkalaren aulkiak erahil dituztenak, eta batez ere dispertsioaren eta deserriaren aulkiak izango ditut gogoan. Ni ere aulki hauen zatia naizelako.
Gogoan izan beharrean soilik, mugitzen hasiko naiz. Harriak mugitzen hasiko naiz. Harriak mugitzen dituenak, ez delako inoiz harrizko bihurtuko. Harriak mugitzen dituenak, elkartasunaren aulkia bihurtuko delako, eta hutsa biharrarekin bete. Biharra ere iritsiko zaigulako.
Inork ez zigulako esan erreza izango zenik, eta bidea oinez eta oinutsik egiten delako, ni Urtarrilaren 9an elkartasunaren aulkia bihurtuko naiz, harriak mugitu eta begiak itxiz, behin betikoz askatasuna ametsetan bada ere besarkatu ahal izateko.
Esperoek ere krak egiten dutenean…
2015-11-30 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Esperoak dira gure ametsei jartzen dizkiegun abizena: Eguzki espero, Ainhoa espero, Jon espero, Itziar espero, Euskal Herria espero, atsedena espero, jolastea espero, Markel espero, Alazne espero, berdintasuna espero… beti espero!!
Espero dugu albokoek gu onartzea, espero dugu gure seme alabak matematika, edo fisikan onak izateak…. Edo gure ondorengoak, gu izan garen bezalako militante sutsu, gogor eta sendoak izatea. Gure lagunak inkondizionalki gu maitatzea eta behar dugunean telefonoa hartzea. Espero dugu guk besteak entzun ditugun bezela, besteak gu entzutea, edo ulertzea. Batez ere, beste guztiak guk nahi duguna izatera iristea.
Espero guztiak gu gara, eta gutako bakoitza esperoak gara.
Espero edo desioaren bideak ez dira errazak. Espero dugun bitartean, biktimaren papelaz baliatzen garelako gure hautuak justifikatzeko. Gure arazoei aurre ez egiteko. Gure umetasunaz baliatzeko, heldutasunetik gauzak ez ikusteko. Bestea errudundu eta auto konpasioaz baliatu inoiz ez iratzarri eta bizirik, hilik bizitzeko.
Espero izatea bizitzea da, eta askotan amestea. Bizitza gogorrari autoengainua gehitzen diogu biziraun ahal izateko. Hau egiten ez duela pentsatzen duenak altsa dezala eskua, ezagutzeko desiatzen egongo nintzateke. Iraganean esperoarekin aliatzeagatik, etorkizuneko esperoak xamurragoak izango lirateke niretzat eta momentu hauetan.
Esperoaz mintzo naizela, larunbat gauean izan nuen konbertsazio batetaz gogoratzen naiz. Hauxe esan zidaten: “Ni behia izango nintzateke, behiarengandik ezer espero ez delako”.
Nire erantzuna arineketan joan zitzaion: “Bai noski, behiarengadik ere baserritarrak edo ganaderoek espero dute”.
Orduan esplikatu zidan filosofia inklusiboa zer zen. Hala dio teoriak; baserritarrak egunero egunero ematen zion txerriari jana. Txerriaren esperoa, baserritarrak egunero jaten ematea zen. Egun hartan, labana zorrotz batekin azaldu zen arte.
Orain, nik teoria horri izena aldatuko nioke eta honelaxe deitu: Esperoek ere, krak egiten dutenean.
Gure esperoek krak egiten dute. Noiz amaitzen dira gure esperoak, noiz eraunsten ditu itsasoak, noiz mindu gure barrenak?
Krak egiten dugu gure aurrean dugun pertsonak guri gustatzen ez zaigun eran jokatzen baldin badute. Labana ateratzen diogu aurrean dugunari, ispilu aurrean ez jartzeagatik. Krak horiek gure buruarekin egiten ditugu. Hain zuzen, aurrean dugun pertsonaren jokabideak ez aguantatzearen arrazoiak, gure burua bertan erreflejatua ikustearen ondorioa dira. Gure buruak guretzat eduki behar ez dituen “akats” edo gustatzen ez zaizkigun “kualidade” ñimiño horiek bestearengan ikusten ditugunean egiten dugu guk krak.
Honekin jolasten dugu guk, gizaki jakintsuok, gure burua aldatu, onartu eta hobetu beharrean, gure umekeriak justifikatu eta norberaren burua ez aprobatu ahal izateko.
Nik ere espero dut. Asko espero dut gainera. Guztiongandik bezela, nigandik ere asko espero izan dutelako. Hala ere, ni esperoa naizen heinean, ez esperotzea espero dut. Eta amesten dudan bakarra da, espero nituenak, eta maite ditudanak eta batez ere maite dudan hori, gabonetako eguberriak baino lehen albora bueltatzea. Nire barneko itzal horiek onartuz, besteen itzalak ere onartuko ditudalako. Itzalak itzultzeko bidea, nik soilik eraiki dezaket eta.
Eta honela, nire buruari debekatutakoa onartzeaz batera, debekuaren zerrendak txikiagotuko direla.
Herrigintza: Irrigintza!!
2015-11-07 // Politika // Iruzkinik ez
Bizitza goxatzeko eta gaziak gozo bihurtzeko hartzen ditugun pausoak erabakiorrak izaten dira. Ostiral gauean pausoa ematera nindoala ezkerrerantz zuzendu ninduen gezia aurkitu nuen. Geziaren izenburua hauxe zen:
Itziartik Lasartera, herrigintzatik irrigintzara!!
Ostiral gauean, “mundu koloreak” zer diren erakutsi zidan pertsonak (berari dago eskeinia blogeko izenburua. Hain zuzen bera delako ni inspiratzen nauena. Bera da nire eredua), hitzaldi bat eman behar zuen nire egin dudan herrian. Porrotxek, Itziarren, bere bizitza pertsonaleko esperientzietan oinarrituta, hitzalditxo bat eman zuen. Bat egin zutenak bi herri izanda ere, Itziar eta Lasarte, eredu bakarra geneukala esku artean ikusi genuen: herrigintza.
Herrigintza ezagutu izan dudan praktikarik errezena da. Politena. Zoragarriena. Benetan bete izan nauena. Herrigintza uztartzeak norbera bere sentimenduekin kontaktuan egotera eramaten gaitu. Egin behar den bakarra? Bihotza eta sentitu dira. Burua, pentsatu, eskua eta ekin berehala etortzen direlako korrika atzetik.
Maitasun beharraren aurrean, herrigintza. Arazoen aurrean, herrigintza. Borroken aurrean herrigintza. Zapalketen aurrean herrigintza. Zoriontsu izateko herrigintza. Nortasuna lortzeko herrigintza. Enpatia garatzeko herrigintza. Herria lortzeko: Irrigintza!!
Hauxe bera da, batzuetan Joxe Mari Agirretxez mozorratzen den Porrotxek kontatu ziguna. Badagoela zerbait euskaldun denok amankomunean duguna. Amankomuna kultura da. Denok sortu gaituena. Denon nortasuna finkatzen duena. Zapalketa guztien gainetik fobiak arraskatik behera bota, eta enbidoak handira jokatzea bultzatzen gaituena.
Zergatik? Kulturak, guretzat, gure odolak garraiatzen duen oxigenoak bezain besteko garrantzia duelako. Batzuk kultura gastu iturri ikusten duten bezela, beste batzuk garena gara kultura garelako. Garena izango gara, soilik kultura estratejikoki erabiltzen hasten bagara eta era berean irri eginez, herrigintza uztartzen badugu.Tokian tokikoa landuz, kultura izango delako ideolojien gainetik benetan, euskaldun abertzale guztiak elkartuko gaituena.
Nola egin? Sentituz. Nola eraman aurrera? Elkar ulertuaz. Maiztasuna? Ahalik eta gehien helburua ondo pasatzea den bitartean. Garrantzitsuena ez da onartuak eta onak garela sentitzeko, erabateko profesionaltasunean, kulturako alorrak aurrera eramatea. Garrantzitsuena da, dantza egitea. Soilik egitea. Abestea. Soilik abestea. Euskera uztartzea. Soilik uztartzea. Muina ez da konpetibitatea edo profesionaltasuna. Muinak ondo pasatzea behar du izan. Itziarko turroiak ez ziren eskuez eginak izan. Itziarren etxez etxe banatutako turroiak bihotzek egin zituzten. Herrigintzatik irrigintza.
Herrigintza irrigintzatik sortuta, ideolojiak ahazten dira. Ideolojiaz haratago pertsonak ikusten hasten gara. Pertsonen arazoak ulertzen hasten gara. Laguntza behar duten eta bihotzak triste dituzten pertsonak gure gunera ekartzen ditugu, astean behin elkartzen gaituen dantza ensaioetan bada ere, dantza eginaz eta ulertuak sentituaz zoriontsu sentitzen garelako.
Kultura estratejia bezela erabilita, behar gehiago ikusteko gai izaten gara eta honela sare ezberdinak sortu. Hain zuzen kultura sentitzen dugunok eta behar bat bezela edo gastu bezela ikusten ez dugunok, daukagulako herria lortzea. Itziarren eta Lasarten bezela fronte zabala aurrera eramatea.
Ni neroni ere herrigintzaren parte izan naiz. Itziartarrek gonbitea eman zidaten beraien herrigintzan parte hartu nezan. Ohore handiz onartu nuen eskeintza. Eskerrak emateko nago, zailtasunen gainetik, dakidan apurra beraiengandik ikasi dudalako. Nire ideolojiaren gainetik, beraien eskubideak sentitzen erakutsi zidatelako. Irrigintzak ni ernaldu ninduelako eta herrigintzak ni sortu ninduelako.
Herrigintzak instituzioekin eduki beharreko lotura bideratzea? Ez da arazoa. Politiko izan aurretik, herritar izan behar delako. Herritarrek, politikoak politiko bezela ez ikustean dago gakoa. Baizik eta herritarrek ere, politikoak herritarrak direla sentitzean. Behar dutenean laguntzea, elkar ulertzea. Politikaren praktikari, sentimendua gailentzea. Enpatia bultzatzea eta denaren gainetik, bestearen borrokak eta gatazkak norberarenak egitea.
Itziartarrek beraien beharrak betetzeko derrigorrezkoa zuten auzo udala eta fronte zabala soilik ez dituzte lortu. Ez dute lortu soilik Gipuzkoako ereduetako bat izatea. Ez dute lortu soilik lagunekin itsasora begiratzea. Lortu dute, lagunekin, itsasoa eskuratzea. Beraien ametsa esna betetzea. Beraiek munduaren zai ez geratzeagatik, mugarik ez ipintzeagatik, enbidoa handira botatzeagatik, orain mundua dago beraien zain.
Herrigintzaren majiari esker, irrigintzaren bideragarritasunari esker, beraien naturaltasunari esker, beraien izaerari esker, beraien indarrari esker, historikoki ia ia ezinezkoa zena lortu dute. Ez dute lortu soilik neska Debarra beraien ordezkari bilakatzea. Ez dute lortu soilik neska Debarra betirako beraien zerbitzura egotea.
Itziartarrek, direna direlako, lortu dutena da, neska Debarra debar sentitzeaz gain….
itziartar ere sentitzea.
Itziartarrekin beti….. G R A K!!
Sláinte, Grá agus Saoirse.
2015-10-31 // Politika // Iruzkinik ez
S A O I R S E (ahoskeraz zirxa). Izen irlandesa. Gaelikoan du jatorria, esanahia unibertsala, nire bihotzean sentimendua. Hiru urteko umea. Egoera berezian jaioa. Begiak ireki orduko sufrimendua zer den ezagutu zuena. Etxetik urrun eta era berean, etxetik gertu. Saoirse, nire bizitzeko arrazoia, nire besoetako umea. Saoirse da… ASKATASUNA!!
Amaren bularraren beharra bizirauteko. Berak bularra, nik askatasuna. Askatasuna da, gizaki ororentzat bizitzako zutabea. Askatasuna pentsatzeko, sentitzeko, maitatzeko, gorrotatzeko, haserretzeko, zoriontsu izateko, amesteko… garena sentitzeko eta izateko. Gure erlaziorik sakonena gure askatasunarekin izaten da. Denok desio duguna eta kosta ala kosta lortzen saiatzen garena. Gure buruaren gainetik inork ezin duelako erabakirik hartu.
Hauxe bera gertatzen zaio nire bihotzeko Saoirseri. Kaiolan dagoela sentitzen du. Bahituta, askotan nahi duena lortu ezin duelako. Ukatua, ulertua sentitzen ez delako. Minduta, berari ohiu egiten zaionean, gure itzalak lepotik heldu eta bere ahotsa suntsitzen duelako. Preso, erabakitze eskubidea ukatu egiten zaiolako. Ez al dugu guk hau sentitzen, norbaitek guk egin edo sentitu nahiz ez dugun zerbait sentitzera edo egitera behartzen gaituenean?
Saoirsek bere izena harro darama soinean eta harri eta oztopo guztien gainetik, bere izenari ohore egin eta bere askatasun osoa bermatzen saiatzen da. Saoirsek bere izena du amets. Egia bilatu eta askatasuna duelako helburu.
Burbuila batean sartuta dago. Bitzitza krudel honetatik ihes egiteko. Dena den, bere senak badaki burbuilak apurtu eta bidea egiten doan heinean, oztopoak sahiestu beharko dituela. Jakin badaki ere, inoren inposizioaren gainetik, garrantzitsuena bere askatasuna dela. Helburua bere erabaki propioak edukitzeko aukera izatea da. Helburua erabakitze eskubidea da.
Umeak argi dakite zer den garrantzitsuena. Eta guk? Ba al dakigu beldurraren aurrean zer den garrantzitsuena? Prest al gaude gure burbuilak apurtu eta gure askatasuna defenditzeko?
Egungo kontextu sozio politikoa dela eta, askatasun prozesuak kanpotik begiratzen geratu nahi duten askoren galdera honakoa da: Independentzia soluzioa da? Independentziarekin gure arazoak konponduko dira? Independentziak mundu grisetik atera eta mundu koloretara eramango gaitu?
Saoirsek badaki erantzuna. Baita guk ere. Hala ere, errezagoa da ume txikiak izaten jarraitzea eta dena eginda izango dugula espero izatea. Amak bermatzen zigun babesa eta ongizatea bilatzen jarraitzea. Ez gara umeak, umea Saoirse da. Bere ongizateagatik borrokatzen duena. Zergatik guk gure buruari aukera hori eman ez? Zergatik guk ere gure ongizateagatik burrukatu ez?
Askatasuna edukitzeak ez du esan nahi aurrean aurkituko duguna erreza izango denik. Ez du esan nahi, aurrean izango dugun lorategian larrosak loratzeko, belar txarrak kendu beharko ez ditugunik. Baina Saoirsek dioen bezala, behintzat gu geure buruaren jabe izango gara. Gure etxean nahi duguna erabakitzeko eskubidea izango dugu eta erabakiak hartzeko ahalmena izango dugu. Gure ahalduntzeak ez du atzerabiderik izango.
Beldurrak beldur, eta iritziak iritzi, gehiengoaren erroa berdina da. Txikikeriei eskua luzatzen diegu, erroari ezkontzeko eskatu beharrean. Gure identidade/iritzi osoa konpartitzen duena topatzen hasten bagara, konturatuko gara, laranja erdirik ez dagoela. Irreala den zerbait bilatzen ari garelako. Aldiz, gure identitateen muinean murgiltzen hasten bagara, aurrean topatuko duguna sentimendua eta nahia izango dira. Erreala dena eta sortuta dagoena aurkituko ditugu. Gure buruaren jabe izatearen nahiarekin konektatuko dugu.
Hel diezaiogun beti amestu izan diogun horri. Bakoitzaren askatasunari. Guztion askatasunari.
Jo dezagun enbidoa handira, enbido txikiak ume ginela jotzen genituen eta!!
Jarrai ditzagun Saoirseren pausuak, inguruan dauzkan umeen ezberdintasunak ez ditu topatzen. Berdintasunen bila ibiltzen da erreala denak ez ihes egiteko.
Heldu ditzagun estu erroak, egin dezagun bidea oinutsik, eta apurtu ditzagun zapatak, harri koxkorrak suntsituaz batera; gure pirata txikiak, gure esfortzuarekin sortutako lorategian askatasuna besarkatu ahal izateko….
SLÁINTE, GRÁ agus SAOIRSE!!
OSASUNA, MAITASUNA eta ASKATASUNA!!
Fembrismoa.
2015-10-25 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Denbora da joaten dena, eta berarekin eramaten gaituena. Bitarte hortan bizi, ikusi eta irakurritakoak ordea, askotan, arrazoi batengatik edo beste batengatik buru barruan geratu eta hausnartzera eramaten gaituzte.
Badira pare bat hilabete sare sozialetan askok eta askok, gizarte berdintasunaren izen pean zehazpen taula bat partekatu genuela. Halaxe zioten definizioek:
-Matxismoa: Gizonezkoen lehentasuna aldarrikatzen duen ideolojia.
-Feminismoa: Emakumearen eta gizonaren eskubide berdintasunaren alde egiten duen doktrina.
-Hembrismoa: Emakumearen jarrera dominatzaile, harroputz edo errepresiboa gizonarekiko.
Definizio hauek irakurri nituenetik, beraien erabileraren inguruan (ez hitzetan, baizik ekintzetan) hausnarketa are sakonago bat egitera bultzatu nuen nire burua. Are sakonagoa diot, lehen ere egiten nuelako. Sistema patriarkalaren ondorioz, matxismoa azalean bizi dudalako egunerokotasunean.
Bizi dugunak, aldatzera bultzatzen gaitu. Sarri, gure minak besteek bizitzea nahi izaten dugu. Barruan daukagun ume txikia azaleratzen denean, errealitateko emakume sendoa kolkotik heldu eta amildegitik behera bultzatzen du. Arazoak errotik heldu beharrean eta arazoa amildegitik behera bota, guk geure burua bota eta otso handiarekin borrokatzeaz utzi (sistema) eta txakur txikiak (gizonezkoak) erruduntzen ditugu.
Bai, halaxe da. Oso azaleko ideia da pentsatzea hembrismoa ez dela existitzen. Edo guk, emakumeok, matxismoa ez dugula praktikan jartzen. Ez dela hala?
Manifestazio, bilgune edo bi trago hartu ondoren sortutako eszenetan entzun daitezkeenak lasai lasai (bizi izan ditudanak): “Gizonak, joan daitezela etxetik, ez dute ezer balio”, “has daitezela beraiek afaria egiten, nagi zikinak” edo “Manolo, ea zuri berdina gertatzen zaizun” (hauek dira entzun izan ditudanetatik goxoenak).
Beste kasu bat???? Udarako gau luze haietan, tabernako bero eta izerdi artean, kuadrilako neska panpoxa guztiak herriko mutil jator eta polittenaren ipurdia begiratzen ari ginen. Dantzan genituenak ez ziren hankak, dantzan genuena libidoa zen. Mutil desiratu hura guregana gerturatu eta kuadrilako neska arrakastatsuenari belarrira goxo goxo zerbait xuxurlatu ondoren, tabernako atea elkarrekin gurutzatu zuten, plazer momentu haiek elkarrekin igarotzeko asmoz. Betikoa!!… Bueno, gure mingainak lanean bapatean (emakumeok oso ondo egiten dugun lana. Mingain astinketak). A ze moteak atera genizkion neska hari. Noski, ez zeukan mutilik baina bere gorputzarekin nahi zuena egiten zuelako “golfilla” zela esaten genuen. Mutil hark, bizitza estilo bera. Hala ere, “el puto amo”… eta guretzat garrantzitsuena (bueno lehenengo, beste inortxok ere ez genuela berekin larrua jo)……… a ze ipurdia!!
Lehenengo kasua hembrismoa. Gizonei gure jeneroari egiten diotena egitea opatzeagatik. Feminismoaren lelopean hembrismoa bultzatzeagatik. Fembrismoa goratzeagatik. Gutxi balitz, ez ahaztu Manolok afaria ere egitea berdintasuntzat jotzen dugula, baina gure amatxo maiteak erakutsi diola ez dela bere papera mundu hontan, beraz txiki txikitatik errejistratu duela ez dela bere bizitzako prioridadea. Arazoaren sustraia: sistema patriarkalean. Enfokea non jartzen dugun: Gizonezkoetan.
Bigarrena fembrismoa bakarrik ez. Gizonezkoek emakumeei ipurdia begiratzen digutenean objetu sexualtzat gauzkatela kexatzen gara (ez ahaztu askotan guk tratatzen dugula gure burua objetutzat). Hau da matxismoa!! Eta zer da neska kuadrila oso batek mutil ponpoxo baten ipurdiaren gainera ia salto egitea?? Hau gutxi balitz, neska “golfilla” dela esan (bizkarrez, beti bizkarrez noski). Mutilak gainera neska laguna izan ez gero, hitzak entzun beharrean, ekintzak jasan beharko lituzke. Epaitua izango litzateke zer sentitzen duen jakin gabe.
Kasu hontan, ideolojiak arraskatik behera botatzen ditugu. Hirugarren pertsonak, erantzule aktiboak izan eta telesaileko protagonistetako bat bilakatzen dugulako. Gaiztoaren papera egiten du: denaren erantzulearena. Protagonista onak (feminista den historiako neska lagun gaixoa) minak denaren gainetik jartzen ditu kasu hontan. Barruko umearen mozorroa jantzi eta gurea den zerbait, eskuetatik kenduko baligute bezala (erlazioetan sortzen diren hutsuneen hausnarketa ezaren aurrean= jabegotasun nozioa/perspektiba)…. aktore gaiztoari lepoa moztu nahi dio. Ahoz filosofia erabiltzen dugu, feministak garela esatea politta geratzen da, baina filosofia barneratuta ez daukagu. Minak sentitzea zilegia. Heldua izatea derrigorra. Nire buruak zera dio kasu hontan: hirugarren pertsona mutila izango balitz, nolakoa izango litzateke denon jarrera? Arazoaren sustraia: sistema patriarkalean. Enfokea non: edozeinengan norberaren buruan izan ezik.
Honen aurrean, lan soziolojikoa ezin bestekoa. Feminismoaren inguruan sortzen diren tailerretara eta ekintzetara gizon zein emakumeak animatzea ezinbestekoa. Gizonezkoak, emakumeen mundura gonbidatzean dago gakoa eta noski, emakume bezela filosofía barneratu eta feminismotik ateratzen denari ostikoa ematea.
Emakumeak gara erditzen dugunak. Erakuts diezaiegun gure haurrei zein den bidea. Inungo papel edo “rol”-ik eman gabe. Sexu bereizketarik gabe. Erakuts diezaiegun bizitza hontan, sexu berdintasunetik gizartea eraikitzea askoz ere baliotsuagoa dela; maitatua sentitzeko, besteak zapaltzeko eta epaitzeko dugun jarrera erabiltzea baino.
Senti dezagun zer garen eta zenbat balio dugun, otsoaren aurrean haginak zorrozteko!!
Denaren gainetik, bortizkeria sistema patriarkalaren ondorioa delako eta ez delako inolaz ere justifikagarria, mila besarkada, muxu eta elkartasunik beroena adierazi nahi diet azken hilabeteetan sexu erasoak jasan dituzten emakumeei (eta ixilean dauden gizonezkoei), eta nola ez, bidean galdu ditugun larrosa more polit guztien familientzat.
…………………………..Z U E N T Z A T!!…………………………………….
MUNDU(ko)LOREAK
2015-10-18 // Mundua // Iruzkinik ez
Begiak isten saiatzen naiz, alegoriak benetakotasunean mantentzeko, koloreak sumatzeko, zoriontasuna igartzeko. Mundua nire egiteko. Laberintuetan barrena urperatzen naiz, fikziozko “mundu(ko)lore” a egiazko nola bilakatu arakatzeko.
Munduko loreak vs mundu koloreak. Begiak itxi eta usaimena garatu. Lorez betetako mundua, nabarra eta era berean, mundu koloretsua. Eguzkiak ematen digun energiarekin gure gorputzeko azken ehun eta zirrikituak ere gurutzatzen dituelarik. Bizirik eta pakean gaude.
Zoritxarrez, zabaldu beharra dauzkat. Gezurra izatea gustatuko litzaidakeen egiarekin aurrera egin ahal izateko. Orduan mundua ez delako anitza. Orduan loreak ez daudelako inguruan. Ihes egitea erabaki dute kikildurik. Arineketan atera dira, anparatuko ez ditugunaren ikaraz. Mundua grisa bilakatu da.
Grisa da Palestinako kolorea. Grisak ekarri zituen mundura. Gu ordea, zuriak. Zuriak grisa jaten duelako kasu hontan. Zuriak diot, ume palestinar haren bideoa ikusi genuenean eskuak burura eraman genituelako. Berehala, sentimendu negatiboak ate joka: tristura, mina, errukia…. Bai, horrelako erretratuen aurrean gure burua zuritzen dugu ardura faltsuak zendu ez gaitzan. Erruduntasunari pultsoa irabazteko. Erantzule izan beharrean eskuzabalak izaten jarraitzeko (eskuzabalak gu? ez ahaztu inoiz, geurekoikeria aita dela, zuria ama den bezala). Petroleoak gure erosotasuna bermatzen du, badakigu… baina ume gaixoa…
Munduko ipuinek ere, protagonista behar dute. Mundu koloreko protagonistak? Loreak.
Ipuin gris, beltz zein zuriko protagonistak? Herria. Gu guztiok. Prestu, ahal guztidun, zuzen, ulerkor, internazionalista, ez arrazista, edo feminista den gizakia. Ironian diot noski. Baten batek bere burua adjetibo horiekin identifikatzen duela sinisten badu, ondo nabil. Mundu zuriko errege edo erregina izango litzateke eta.
Herria da gu sortu gaituena. Gu kontutan hartzen gaituen bakarra (gure artean hori ez dugunez egiten, baten batek egin beharko du eta). Esker onekoak behar genuke izan herria izan delako enborra eta gu adaxka gazteak. Herriak ez duelako ideolojiaz ulertzen, ez kolorez, ez sexuaz… Herria da, garena garelako, ulertu eta onartzen gaituen bakar bakarra. Ordainetan eskatzen duen bakarra guk gure ingurukoei behin eta berriz eskatzen dieguna da: ondo zaintzea.
Bueno ez, barkatu, herria eta gobernuak. Gobernuak kontuan hartzen gaituela? Noski!!
Herriaren seme alabak, geroa, esperantza, herriko hazia garen bitartean, gu, gobernuarentzat muturren aurrean daukan ahulezia handiena gara. Ahulezia kontutan hartzen dugu guztiok, biziraun eta egunerokotasunean golak sartu ahal izateko ( gaizkinahia sentitzeko besteen ahuleziak aztertzen pasatzen dugula eguna badakigu, ezta? Eta gero, gobernua errudun…)
Zergatik gobernuaren ahulezia? Gobernuak ez duelako ez sozialismoaz, ez anarkiaz, ez segregazioez, ez ezertaz ulertzen. Herriak beraien loreekin desberdintasunak egiten ez dituen bezala.
Gobernuaren ahulezia beldurra da. Baina ez diote beldur ezkerrari, gobernuek herriari diote beldur. Horregatik begiak isten jarraituko dut eta mundu(ko)loreak marrazten. Bertan, norbanako egozentriko eta egoisten gainetik, herria bizirik mantentzen saiatzen garelako…
… porque sols el poble salva al poble, herriak bakarrik salba dezake herria!!
INKINA
2015-10-16 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Egunero, begiak ireki orduko, egunkariarekin egin dut topo. Bai, nere lagunik onenak egunkariak eta bertako notiziak dira. Orriak pasa eta notiziak irakurtzen noala, notizia denak asko dutela amankomunean ohartzen naiz. Denak dute “inkina” hitza (notizia guztiak erditzen dituen ama) beraien sustraietan. Hitz negatiboa bere osotasunean. Ingelerako hiztegian begiratu ez gero,“hatred, dislike, dudgeon” bezelako hitzak aurkituko genituzke. Espainolean eta euskal sinonimoetan erreparatuta ordea, esanahiak ez ezik, askok eta askok sentimendua ere bai.
Inkinari so egiten diodanean, zeraz ohartzen naiz. Denok dugula barruan hitzak duen esanahi hori eta nahiz eta bizitzari aurre egiteko gizaki askok erabili, beste askok beste zentzu batean erabiltzen dugula. Hitzaren zentzu “negatiboa” birmoldatzen dugu eta “positiboa” hartzen dugu bizkar gainean egunerokotasunari aurre egiteko.
Inkina, gorroto, ezinikusi edo gaizkinahia hitzengatik ordezkatzen dugu. Ez al dira hauek benetan gure barnean dauden sentimenduak? Ez al dira onartu nahi ez dugun gure izaeraren parte? Ez al gara gu, funtsean, gure osotasunean, inkina?
Nik neronek, inkina sortzen dut. Inkina sortzen (sentitzen) saiatzen naiz. Gorrotoa, ezinikusia eta gaizkinahia ditut bidelagun. Bai, gizakia naizen heinetik onartzen dut, ez naizela perfektua, eta nik ere sentimendu negatiboak ditudala. Noski, hori gutxi balitz, inkoherentzia daramakit odolean (guztiok bezela) eta bipolaritatea komeni zaidanean (guztiok bezela, beste behin ere).
Inkinari eskutik heltzen diot, besarkatu, begitara begiratu. Inkina sentitu!! Fusionatu!! Orduan, soilik orduan, nik, gizaki bipolar eta inkoherente honek, inkinari bizkarra ematen diot. Transformazioaren berotasuna ukitu eta asertibitateak zein enpatiak maitasunez betetzen naute. Lortzen dudana, gorrotoa muxukatu beharrean, ametsa maitalerik handiena bilakatzea da.
Ameslari bat naiz. Ametsez beteta daukat burua. Ametsak sortzeko, aurrera eramateko eta bidean ameslariak topatzeko jaio nintzen. Ni neroni, ametsa naiz. Erori eta jaikitzen dena. Trenak hartzen dituena, edo trena hartu eta bagoiez aldatzea hobe duela sentitzen duena.Bai, trena esan dut. Mantso doan trena (denborak ez du axola, denborari nola ateratzen diogun probetxu ordea, bai). AHTa hartuko banu, azkarrago iritsiko nintzateke. Azkarrago baina ez lehenago. Eraiki orduko sortuko lituzkeen ingurumen hondaketa eta klima aldaketaren ondorioz, agian ez nukelako bertan sartzeko ere aukerarik izango.
Naizena naiz, naizena izaten saiatzen naizena edo behintzat naizenaren negatibotasuna aldatzen saiatzen dena. Hitz gutxitan: gorputz zeharargitsua izatez utzi eta aurrean dudan isladari laztan egin, gardentasuna bide izateko eta etorkizuna helmuga.
Mila esker, idazteko aukera eman didazuenoi, eta batez ere, bagoi ezberdinetan eta helmuga berdinera naramaten bi izarrei.
Lehenengoari, inkinak elkartu gintuen momentuan, fusionatu eta amestu genuen helmuga eskutik helduta igaro genuelako. Gaur egun, eskutik helduta jarraitzen dugulako. Nire ameslari sena berpiztu zenuelako.
Eta zuri, bigarren horri, erreala ez den nere errealitatearen parte bilakatu zaren horri, idaztea eta amestea batera doazela gogorarazi zenidalako. Zuretzat ere bai, zure barruko ameslariarentzat.
Helmugan, egunen batean, hirurok eginen dugu topo.