Kapitalistoak.
Itzaltzen hasi da. Desagertzera doa. Errauts bilakatuko da beste behin begiak kliskatu bezain pronto…. eta kea izanez berpiztuko da. Itzalak sortzen dizkigun kea. Gure aurpegiak putz egin bezain pronto ezabatzen dituena. Garena isilarazten diguna eta bizirauteko zoriontasuna ematen diguna: auto-iruzurra.
Eskuetatik ihes egiten dit keak. Korrika alde egin. Ahoan neukan zigarroa desegitear daukat. Zuzen zuzen begiratzen ari natzaiola, ea gu ere desegiten ari garen galdetzen hasi naiz neure buruari. Bizitzako irteera ate errezenak hartzera ez ote ari garen behartzen geure buruak, sortzen ari garen bizi esparruetan biziraun ahal izateko. Zer garen ahaztuta, nondik gatozen eta nora goazen ere ideiarik izan gabe.
Ezer ez daukanak. Ezer sentitu ez duenak. Ezer jaso ez duenak, ezerezaz elikatzen da. Airez betetzen ditu birikak asma sortu arte. Ezerezak alarma gorria piztuaz. Beldur naiz agian (edo ez hain again) gu ere ez ote garen izan nahi ez dugunaz gehiegi elikatu. Aireaz elikatu. Ezerezaz edo auto-iruzurraz. Nahi ez dugunak eta onartzen ez dugunak ez ote duen izan influentzia gehiegi gugan. Auto-iruzurra dugula esatea eta inguruak influentzia sortu digula esatea euskaldun abertzaleontzat onartezina baita.
Susmoa dut guk ere ez ote dugun sozialisten bidea hartu. Sozialistak sozialistok bilakatu diren bezala, gu ere ez ote garen kapitalista izatetik kapitalisto izatera pasa. Biziraun ahal izateko ez ote garen gu ere kapitalista bihurtu. Asko eta asko beti izan gara. Izaten jarraituko dugu. Nahiz eta “panpoxismoaz” baliatu sozialismoa dugula maite esateko.
Patatak. Patata gordinak. Frijituta ere murtxikatu ezin diren patatak. Norberak berea eginda berriro ere berea konpontzen saiatuko diren patatak. Horixe bilakatzen hasi gara. Norberak bere lana bermatu eta albokoa kaleratze prozesuan dagoela ikusita ere beste aldera begiratuko duen patata gordin, huts eta dijeri ezinak. Gutako asko kapitalismoaren esparru guztiak bermatuko dituen alferrikako gizaki hutsalak gara.
Gizaki hutsalak. Irteera errezeko ate hutsalak. Kea besterik sortzen ez dutenak eta kearen atzean ezkutatzen direnak. Baina kearen beste aldean zerrautsa ageri da. Haizeak eramango duena. Sugarra berpiztuko duen haizeak daramana. Askori eta askori behinola nondik etorri ginen eta nora joan nahi dugun gogoraraziko digun haizea. Langile mugimenduaren haizea. Sozialismoa ekarriko digun haizea. Hutsala, kea, eta auto iruzurra ezabatuko dituen haizea. Eraldaketaren haizea.
Independentziak ez baitu ezertarako balio estatu kapitalista bat bermatzeko baldin bada. Independentzia delako sozialismoa bideratu behar duena, helburu gorena azken hau izanik. Langile mugimendu eta herrigintzak, eraldaketa soziala mamituaz sor dezakeen sozialismoa. Kapitalistoak eraldatu beharko dituena. Patataz beteriko baratza grisa izatetik, lorez beteriko lorategi koloretsua izatera pasatzeko.
Maite ez dugunak ez gaitzala jan. Ez gaitzatela buru makur ikusi. Eta ez dezatela ahaztu askok eta askok ez dugula oraindik ahaztu sustraiak ez dauzkagula soilik gure ama lurrean. Ez dauzkagula Euskal Herrian soilik. Askok, gure sustrai, errail eta zainak, langile mugimenduan oinarria duen eraldaketa orotan daukagula eta halaxe izango ditugula ihes egindako keak, sugar itzalezin bezain sendoak sortu arte.
Ez dezagun ahaztu nora goazen….
…are gutxiago nondik gatozen!!
Erabat ados nator zure idatziarekin. Nik ere antzeko susmo txarra dut. Geure artean ere jende gehiegi daukagula “ideologia utzikerian” eta ez dakit zein arrazoi diren tarteko (adinarekin konformismoa, estatus pertsonalaren arabera ideiak moldatzea, edo auskalo). Baina, hamarnaka batzuetan ezker abertzalean militante izan den jendeari, sinestezina egiten zait bere kaxa pentsatu eta iritziak emateko… mm “daukaten gabezia” (esango dut). Iruditzen zait jende gehiegik “Bixenterena” egiten ari direla. Hau da, “¿ A donde va Vicente? -a donde va la gente!”. Gordinago esatekotan, bere buruak ezkutatzen. Gaur egun aurkezten zaigun “tesia”ren aurrean isiltasuna da batzarretan gehiengoa. Ez dut zalantza dun askorik ikusten, are eta gehiago gehienez gaizki ulertuak. Baina behin puntua argituta gero ez daude eztabaida garrantzizkorik. Askotan aipatzen da herri emantzipatua izan behar dugula, ni erabat ados. Baina kideengan ikusten den formakuntza gabezia, eztabaidarako ez jakintasuna edo autozentsurak burumakur uzten nau. Hortxe ikusten dut nik gure “dekadentzia”.
Amaitzeko esan, sutan jartzen nautela gero entzuten diren balorazio positibista eta optimista horiek. Geure buruak, zuk diozun bezala, auto-engainuan erosotasunaren bila?
Ziur nago errealitate kapitalista honek eta ez beste inork, koloreak atera araziko dizkigula horrela jarraitzezkotan.
Besarkada iraultzaile bat.
Mikel. (Zarautz).
Mila esker Mikel!!
Beste besarkada bat zarautza. 😉