Geroa Galarraga
Idazterako orduan, arlo ezberdinak jorratzea gustatzen zait. Sail ezberdinak lantzea eta ikutzea, beste era batera esanda. Poesia edo bertsoak argitaratzea gustatuko litzaidake baina batez ere, iritzi artikuluak dira beti nire gustokoenak.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Geroa Galarraga(e)k Kapitalistoak. bidalketan
- Mikel(e)k Kapitalistoak. bidalketan
Ez dagoelako harri mugiezinik…
Atalak: Sailkatu gabea
Joan zaizkidanak, etorri zaizkidanak, joatear dauzkadanak, etortzear dauzkadanak, begirada bota niena eskua bota beharrean, besarkada bat jaso nahi zutenak eta hutsari heldu ziotenak, hutsari heldu beharrean besarkada jaso zutenak… baina batez ere, azkenengo agurra izango ez zelakoan, konturatu gabe azken agurra alkarri eman genionak… eta honela, hutsa sentitzea zer den erakutsi didatenak. Nere burua aulki hutsa bezelakoa dela ikusarazi zitadenak.
Denbora azkar doa. Baina gu berarekin ere azkar goaz. Zoritxarreko garai hauetan soilik ohartzen gara, zein bidezidor hartu dugun pausu bakoitzeko, aldaba joka genuenean. Zaila da aurrera egitea, are zailagoa atzera begiratzera. Horregatik ospatzen ditugu urte berriak, eta ez urte zaharrak.
Urte zaharrak ospatzen hasten bagara, edo urte zaharrak ospatzen hasten garen momentuan, askok etxeko mahaiko aulki hutsak garela ikusiko dugulako. Aulkia betetzeko eta aulki osoa izateko, urte zaharrak oparitzat utzi dizkigun barruko lagunak ikutzen ditugulako: errukia, mina, damua, gorrotoa, haserrea, kezka, urduritasuna, kilometroak, dispertsioa, deserria…
Horrek bultzatzen gaitu urte berrira begira egotea. Biharrari begira egotea orainari begiratu beharrean. Aulki zaharrak utzi eta berriak laguntzat nahi ditugulako. Iragana eta oraina beharrean, biharra: zoriontasuna, maitasuna, askatasuna, osasuna, lana, justizia soziala, onarpenak…
Hala ere, hitz hauek idazten ari naizen bitartean, aulki erdi hutsa bilakatu naizela aitortu beharrean nago. Biharraren soinu hotsak belarritik bihotzera igaro zaizkidalako. Hitz hauek idazten ari naizen bitartean, kale bazterrak “hator, hator, mutil etxera” abestiaren soinuek besarkatu dituzte. Zorionekoa naiz, aulkiaren zati hutsetako bat betetzen hasi zitzaidalako. “Deserria” maiuskulaz josi zidatenak, “minuskulatu” egin didatelako. Erdia soilik naiz zoritxarrez oraindik. Abestia bukatu da, eta minuskulatu beharrean desagertzeko biharraren sokari heldu diot berriz. Nik ere, urte berriak ospatu nahi ditudalako.
Urte zahar zein berrian, aulki langabetuak, etxe desjabetzeak jasan dituzten aulkiak, sistema patriarkalaren aulkiak erahil dituztenak, eta batez ere dispertsioaren eta deserriaren aulkiak izango ditut gogoan. Ni ere aulki hauen zatia naizelako.
Gogoan izan beharrean soilik, mugitzen hasiko naiz. Harriak mugitzen hasiko naiz. Harriak mugitzen dituenak, ez delako inoiz harrizko bihurtuko. Harriak mugitzen dituenak, elkartasunaren aulkia bihurtuko delako, eta hutsa biharrarekin bete. Biharra ere iritsiko zaigulako.
Inork ez zigulako esan erreza izango zenik, eta bidea oinez eta oinutsik egiten delako, ni Urtarrilaren 9an elkartasunaren aulkia bihurtuko naiz, harriak mugitu eta begiak itxiz, behin betikoz askatasuna ametsetan bada ere besarkatu ahal izateko.