Hasiera »
Geroa Galarragaren bloga - Mundu(ko)loreak
Geroa Galarraga
Idazterako orduan, arlo ezberdinak jorratzea gustatzen zait. Sail ezberdinak lantzea eta ikutzea, beste era batera esanda. Poesia edo bertsoak argitaratzea gustatuko litzaidake baina batez ere, iritzi artikuluak dira beti nire gustokoenak.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Geroa Galarraga(e)k Kapitalistoak. bidalketan
- Mikel(e)k Kapitalistoak. bidalketan
Denbora da poligrafo bakarra.
2019-04-25 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Bizitzako zikloan murgilduta bizi gara. Itsututa edo ez, beti ere norberaren erabakien arabera. Dena den, biologian jaio, ernaldu, hil erakusten diguten bezela, psikologian dena konplexuago marrazten digute.
Kotxean, lehiatila jaitsita dudalarik, musika topera, psikologian ikasitakoaren gainetik niretzat bizitzako paradigmak zer esan nahi duen galdetzen ari natzaio neure buruari.
Presak akabatzen nau askotan. Jakinminak urduritu eta ikasteak maitemindu…
Orduan denbora etortzen zaigu gainera. Gure minen salbatzailea izango balitz bezela. Noizbait, norbaitek, denborak guztia bere tokian jartzen duela esaten badizue ez egin kasurik. Mesedez, ez egin kasurik. Bost peztako esaldi txatxuak erabiltzen duen jendeari ez egin kaso. Ze bada zerbait ikasi ez dutena hori esandakoan. Beraiek sortutako egoeren erantzule ez egiten.
Eta orduan, denborari laguntza eskatzen hasten garenean …. neretzako berezia zara… dator bihotzera.
Halaxe da. Denborak guztia bere tokian jartzen duela esan nahi dugunean, momentu konkretu batean sortu dugun (ze minak guk sortzen dizkiogu gure buruari, ez beste inork) minari arnasa ematea esan nahi dugu… eta zai egon. Noiz abandonatuko gaituen zain. Ez zaigu gustatzen gu abandonatuak izatea, baina minak gu abandonatzea nahi dugu, zergatik egin digun bixita gure buruari galdetu gabe.
Ez zait abandonatu hitza gustatzen. Ez dugulako era zuzenean erabiltzen. Helduak garen heinean (ez gara eh… ez bazenekiten nik esaten dizuet. Lasai!), inork ezin gaituelako abandonatu. Hain zuzen, nahikoa baliabide izan beharko genituzkeelako egoerei aurre egiteko. Abandonatu dezakegu. Dugu. Beti izan dugu eta beti abandonatuko dugu.
Nik ere abandonatu izan dut niretzat hain berezia izan den hori, nere lagun handi hori, benetan maitemindu beharko lidakeen hori, benetan onartu eta zaindu beharko nukeen hori. Hori, hain zuzen, erreferentzia egiten diodan hori, nere burua da.
Tristea da, besteek agur esaten digutenean abandonatuak garela sentitzea, bizitza osoan abandonatuak izan garenean. Tristea da ere, gure buruari aukera bat eman eta neretzako berezia naiz esaten ez jakitea. Autoestima lantzeko eskaera egiten den gizarte zuri hontan, autoestima lantzeak altruistak garela aurpegiratzen digunean.
Gaur, etxera bueltan nentorrela, musika entzunaz, Orioko hondartzan arnastu dudan kresal freskoa etorri zait burura. Bertan konturatu naiz, azken urteetan hartu ditudan erabakiak zenbateko eragina izan duten. Askotan, beti erreproduzitzen ditugun egoerak (ez zaizkigu erreproduzitzen, ze erantzulea BETI norbera da) atzean utzi behar dira, berri batzuei ekiteko.
Bizitzak egoerak eta mezulariak ekarriko dizkigu. Den denek daukate zerbait esateko, zerbait erakusteko. Eskuak zabalik hartzea da gakoa. Datorrena datorrela, irakasgaia delako.
Egunero bezela, gaur beste mezulari batekin egin dut topo. Opari bat izan da neretzat gaurkoa. Bi gauza erakutsi dizkidalako:
Lehena, ez dagoela norbera ez abandonatzea baino gauza hoberik, bestela ez zitzaidan mezularia iritsiko. Bigarrena, gu garena eta gure norabidea zein den erreflejatzen dizkiguten mezulariak baino gauza hoberik ez dagoela; ze orduan, denborak ez ditu gauzak bere tokira eramaten, orduan, ikasitakoa desikasten ikasten da, maite dugunarekin maitasuna egiten da eta orduan, soilik orduan, denbora, poligrafo bihurtzen da.
¨Kresal usaina, Tolosa aldera irixte aldea¨
… iritsi da… eta ez da inoiz joango…
Mila esker!!
Zergaitik militatzen duzu?
2018-02-01 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ze politta den urteak betetzea!!
Opariak jasotzeaz gain, egun berean urte osoan jasoko ez dudan begirada jaso nuen.
Urtarrilaren 29a. Telefono deia. Dagoeneko, argi dago zertaz hitz egiten dugun soilik, ezta? Horixe bera: Politika. Elkar ez biluzteko erabiltzen den funtsik gabeko gaia (Izan daiteke ondarrutar futbolaria edo Klaudio Landaren betaurrekoen kolorea, berdin dio. Hau da, “txitxinabo” konbertsazioak. Nik ere horrelako eskaskeriak badauzkat. “Txitxinabo” naiz. Errealitatetik ihes denok egin behar izaten dugu…) Besteen aurrean erropa kentzea erreza da. Biluztea ez. Nola biluztu, besteen desgraziekin poztu eta informazioa besteak zapaltzeko gordetzen duen gizartearen aurrean aurkitzen bagara? Tira! batek nahi ez badu, bestea larrua jo gabe geratu behar…
Luze joan zitzaigun hizketalditxoa. Telefonoa eskegi bezain pronto, burua lanean jarri nuen. Hain zuzen, hauteskundeen atarian gauden honetan (hala gaude, ikusi nahi izan edo ez) galdera oso zuzena egin zidan:
In nomine patris et filii et Spiritus Sancti!! Lehenago kristau, ixilik baino. Hara!! Mutu geratu nintzen. Proiektuak jarraitu ditzazket. Baina benetakoak noski. Pertsonak inoiz ez. Ezta bera ere. Pertsonek egiten dituztela proiektuak? Badakit. Horregatik erortzen dira denak. Gizarte eskas honekin (baita neu ere) zer nahi dugu ba!!
Konbertsazioa aurrera joan ahala, betiko puntu amankomunean egin genuen topo. Herria egin gabe daukagu eta herria behetik egin gabe, funtsik gabeko proiektuak arraskatik behera erortzen dira. Hasteko, proiektua ez delako herriarekin egin edo ez delako herriaren benetako beharretatik hasi. (Beharrak ere sor daitezke, gaitasuna baldin badago behintzat). Beraz ez dago estrategiarik. Jarraitzeko, eta ondorioz, jendea proiektu hutsalekin ez da identifikatzen. Hain zuzen jendea ez delako tontoa. Laburtuta, herritarrentzat, herrian sinistea menudo rollo!!
Izenak bota zizkidan. Ez nengoen ados. Nola ba!! “Perfil politikoa” aipatu zuen. Perfil…. zer? Alarma gorriaaaa!!
Nik “perfil politikoa” definitzeko hitzak aurkitu baino lehen, honako galdera igorriko nioke. Niretzat pertsonalki, zulo amaigabearen hasiera delako:
Batzuk esango dute Euskal Herria maitatzen dutelako, eta behin maitatzen hasiz gero, aske eta libre maite dutela. Beste batzuk, batzokiko pintxoak gustatzen zaizkielako. Ezkertiar more “aurrerakoiak”, proiektu berria eskeintzen dutelako (zein da ba, hauen proiektua?) eta ciudadanosekoena denok dakigu… Ines Arrimadas sexya delako (partidu honen maila politikoa ikusita hauxe da ikusten dudan argudio sendoena).
Ni ez nago ados. Niretzat bilatzen duguna sakonagoa da. Niretzat, txikiak ginela eman ez ziguten tokia bilatzeko erabiltzen dugun tresnetako bat da. Txikiak ginenetik gaur egunera bitarte sortutako gabeziak estaltzeko erabiltzen dugun tresna da. Maitatuak sentitzeko, onartuagoak sentitzeko, admirazioa lortzeko, autoridadea lortzeko, protagonismoa lortzeko…. denaren gainetik, inoiz existituko ez den azaleko familia baten parte sentitzeko. Inoiz traizionatuko ez duguna. Disziplina eta fidelitate osoarekin defendituko duguna. Hala izan ezean, lortu ez dugun toki hori ere galdu dezakegulako. Norbait saiatzen al da odolekoa den “benetako” familiaren esana ez betetzen? Saiatzen denari zer gerta dakioke? Ba horixe!! Hemen berdin!!
Zer gertatzen da honekin? Norberak bere burua asetzea topatzen duen bitartean, inoiz ez da proiektua lehenetsiko. Alperrik da autokritikak egitea, norberak bere burua zergatik posizio horretan mantentzen jarraitu nahi duen aztertzen ez badu. Goazen egia esatera. BEHINGOZ. Norberak bere burua aztertu gabe autokritikarik egin daiteke? Edo hitz hori erabiltzen da zerbait egiten ari garela esan eta ezer ez egiteko? Prozesu berriak beraz, zertarako?
Horregatik, gure jarrerak mantentzen lagunduko diguten perfil politikoak aukeratzen ditugu. Guretzat harrotzak ez direnak. Kuestionatuko ez gaituztenak. Beraz, birprodukzio integralaren sorkuntza ematen da. Hori bai!! Egoera gogorren aurrean eta proiektuaren sendotasuna proban jarriko duten egoeren aurrean salvese quien pueda edo salvese mi culo egoera emango da.
Beraz, zer gertatzen da proiektuarekin? Zeinek sinisten du proiektuarengan, helburua gure burua elikatzea baldin bada militantziaren bidez? Zeini begirako perfil politikoak topatu behar dira, gure interesei begirakoak edo hegemonia batekin benetan konekta dezaketenenak?
Gaitasun emozional edo ikuspegi handiagoa daukaten jendearen parte hartzearen araberakoa izango da nire ustez birprodukzioa mozteko bidea. Zabalera lortzeko, malgutasuna behar da eta ondorioz, autokratak txokora pasatzen ditu. Dena den, honek ere, bere oztopoak eduki badauzkala iruditzen zait. Emaitzak lortu daitezke. Berriak. Epe ertainera begira. Baina egoerak kudeatzen ez badakigu, eta bidearen zein ondorioen analisia egiteko gaitasunik ez badago epe motzera emaitza hutsean geratuko da. Akabo.
Gure burua kudeatzen eta ulertzen ez badakigu, nola ulertuko dugu zein den gizartearen eta hegemonia baten norabide aldaketa konstantea eta honi dagozkion beharrak? Buelta ematea badago?
Ez nuke pentsatuko inoiz konklusio honetara iritsiko nintzatekeenik Laura Gutman ezagutu izan ez banu eta nik militatzeko beharra zergaitik neukan aztertu izan ez banu. Bizitza gogorra da, eta zaila da aurre egitea. Zaila bizirautea.
Batzuk militantzia, errealitate gordinari ihes egiteko tresna eraginkor bezela aukeratu genuen bezela, beste batzuek porroekin itotzea erabakitzen dute, edo arratsaldea polikiroldegian igarotzea, edo sexua kiroltzat jotzea, eta askok eta askok babuaren sindromea aukeratzen dute; soilik babua izatearekin nahikoa dute.
Bakoitzak ahal duena egiten du, eta eskubidean gaude nahi dugun tresna aukeratzeko hil artean bizirik mantendu eta noizbehinka errealitatetik ihes egin ahal izateko.
Hainbeste hausnartzearekin, pentsatzen jarria nago filosofia ikasi behar dudala. Bi “filosofo” ezagutzen ditut, lagunak dira beraien artean: bat X eta bestea X∞ , Zipi…. eta Hulk. Ezagutzen ditudan txukunenak. Ba atera kontuak, beraiek ezagututa filosofia ikastearen aurrean: Ezta erotuta ere, NO WAY!!
Ah!! eta bide batez, ez ditut Karl Marxen pajeoak irentsi nahi eta jarraitzaile itsu bihurtu. Amaren gonapetik ateratzea, beste baten gonapean sartzeko alperrik da. Edo amaren gonapetik atera ez naizelako sartzen naiz beste baten…. eta horregatik gonapeen beharra… eta… Motzean, aurrera begiratzeko, aurretik etorri dena ez kuestionatzen bizi nahi ez dudalako.
Tira, deskantso bat hartzera noa. Askotan objetiboki gauzak ikusteko eta pertsonalki hobetzeko ondo etortzen da eta. Itzultzen banaiz, niregatik izango da, nahi dudalako, kontsekuentzia guztiekin, eta ez, ni militantea izatea espero delako. Orduan agian, erabateko fidelitatea eta disziplina eskeintzeko prest egongo naiz. Garai batean izan nintzen bezela (baina oraingoan, era osasuntsuago batean). Azken hauek soilik, beste behin, herriari eta herritarrei eskeiniko niekelarik: “Denon Herria” -ri.
Nik ere beste askok bezela, Euskal Herria maite dut, eta behin maitatzen hasita, aske eta libre!!
Ile hori buru handi bihurriak behinola esan zidan bezala: Ondo gosalduta itzuli!!
Halaxe egingo dut. Bidean ikusiko dugu elkar!!
ASKE MAITE, ASKE BIZI!!!
The beautiful people.
2018-01-23 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Aspaldi da ez dudala txintik esan. Egia esateko, zerbait esateko dudala iruditzen zaidanean soilik idazten dut. Azkenengo bi urteetako nire norabidea aztertuta, disziplina eta obedientzia nere buruari bakarrik zor diodala erabakitzearen ondorioa da hori. Ea, badago nor nor “errespetua” eta “fidelitatea” diodana. Egiten dutena bokazioz egiten dute (beraz emaitzak lortzen dituzte) eta egindako ekintzen ondorioen erantzule egiten dira. Izaera handiko pertsonak, eta denaren gainetik kontzientziadunak. (Notizia ona: pertsona hauen artean ez da nire seniderik sartzen. Ebaluazioak ez ditut idealizaziotik eta kanpo errealitate batetik egin nahi izaten eta!!)
Hala ere, inoiz ez nuke aitortuko nor edo nortzuk diren. Artikulua irakurriz gero, erlazioaren norabidea bera ere aldatzeko arriskua egongo litzatekeelako eta eskubide – eginbeharren erlazioa aldatu. Hau da, “admirazioa” diedala ohartuta, agian, burutik behera kaka egiteko eskubidea eskeintzen ariko nintzatekeelako. Ondo ikasia daukat, ez noa berriz frogatzera.
Bokazioa da askotan faltan botatzen dudan kualitatea eta nire kasuan, ez dakit bokazionala den edo ez. Dakidana da, inoiz ez nuela pentsatuko irakaskuntzan bukatzeak pertsonalki horrenbeste irakatsiko zidanik. Materiaz haratago, nire helburua ez delako “irakastea” baizik eta “erakustea”; irakatsi beharrean (soilik), pentsatzen eta “izaten” erakustea, honek ekartzen duen ondorio guztiekin.
Ikasleek nerekiko dauzkaten kritikak onartu behar izaten ditut. Nola jakin zer pentsatzen duten? Hori egitea errexa da. Klaseak zer iruditzen zaizkien galdetzea nahikoa da. Dena den, erantzunak onartzea zaila izan daiteke batzuetan, kritika “negatibo” edo espero ez dena entzuten denean. Iritzia negatiboa izatea, galdetu ere egin ez dugunean zer esanik ez!! Hau onartu ere ez dugu egiten. Autoridadearen erabilera dator orduan, eta zigortzea, zapalkuntza, noski. Ondorioa? Umeen autoestimaren akabera.
Umeek gure gabeziekin kontaktuan jartzen gaituzte, horregatik da hain zaila heldutasunetik besteak ulertzea. Neri pertsonalki kostatzen zait, orduan ikusten dut zenbat falta zaidan niri izatea gustatuko litzaidakeen hortara iristeko. Askotan erren ere geratzen naiz, baina egiten ikasten da, bidea egiten. Guzti hau zaila da, baina beharrezkoa, eta bidea luzea, baina bakarra: autokritika.
Beraz, koherentzia mantenduz, norberarekin ere hala izatea onartu behar dut. Niri halako ikasleak gustatzen zaizkit. Zerbait gustatzen ez zaienean etorri eta konfiantza guztiarekin esatea. Orduan sortzen bait da benetako erlazio sakona. Nire “txiki eta handi guztiei” eskerrak emateko nago. Beraiei esker eta direna direlako egunetik egunera hazten nagoelako.
Egia esan, oso kezkatuta nago azken hilabeteetan, hezkuntza sistema ez eraginkor honek sortzen dituen ondorioak gizarteak pairatzen dituelako. Hezkuntzak sortzen bait du hein handi batean gizartea. Egia da, gurasoek hezi behar dituztela umeak. Baina egia da ere, umeek ikastolan igarotzen dituzten ordu kopurua kontutan hartuta, umeen erreferentzia irakasleak eta hezkuntza bera ere badirela. Hemen bi zutabe edo bi arlo bereiztuko nituzke: hezkuntza sistema bera, eta hezkuntza sistemak agindutakoaren aurrean irakasleen lanketa.
1. Hezkuntza sistema aldatu ezean, ume roboten aurrean aurkituko gara denbora gutxi barru (bagaude jada, gu gara). Sistemaren prozesua hamarkadeetan zehar honakoa izan da, eta da: esplikatu? (memoria ona duenak ondo, gainontzekoak bost. Memoria diot, ulertzen ez dutelako), ariketak egin? ,etxeko lan pila bidali (memoriz ondo ikasteko beste behin), bihar arte.
Lehenengo biei galdera ikurra jarri diet. Gehienetan ez direlako betetzen. Bigarren puntua ez betetzearen erantzuleak lehenengoa ondo betetzen ez dutenak dira (beti daude ikasle “alperrak”, ezta? Noski!! mila aldiz errepikatu alperra dela. Autoridadearen hitza betetzeagatik alperra izango da). Ondorioa: Gu izan garenaren birproduzioa bideratzen ari gara. Ikastola izena du baina ikasi gutxi egin genuen. Inoiz ez da ulertzen edo pentsatzen erakusten, baizik eta memoria lantzen. Beraz, gaitasuna hiltzen dugu.
2. Hezkuntza sistemak ezartzen du lan moldearen markoa. Baina inoiz ez “lanketa” era edo hezkuntzaren jomuga. Ulermena landu nahi badugu eta pentsatzen erakutsi, zintzoki eta interes pertsonalik gabe nahi dutena izaten lagundu behar diegu gure ondorengoei. Kritikotasuna eta hausnarketa gaitasuna bermatu eta landu behar dira. Suposatzen duen guztiarekin. Alegia, sarritan, umearen iritzia ez zapaltzeko, norberaren autoridadea albo batera uztea.
Autoridadearekin errespetua lortzen dela pentsatzen bada gaizki gabiltz. Errespetua bestea errespetatzen lortzen da. Inoiz ez, bestea zapalduta. Horretarako, gizarte heldu bat sortzeko gai ez diren pertsona ez helduak gaitasuna duen edo ez kuestionatu beharko litzateke (onartzen dut, gizarte ez helduaren sortzaileetako bat ni neu ere banaizela baina behintzat konsziente naiz eta erantzule sentitzen naiz).
Hortaz, zer da aldatu beharrekoa, edo kuestionatu beharrekoa? Hezkuntza eredua (publiko vs pribatu) eta klaseen dinamika soila edo baita hezkuntza integral baten jomuga (akademikoki prestatuagoa dagoen jendartea sortzea edo gaitasun, kritikotasun eta heldutasun handiagoa duen jendartea heztea, gizarte eredu berdinago bat lortzeko?) ?
Objetiboki gertatzen denarekin ikasi behar da beti. Akademikoki “izarrak” dauzkan gizartea badakigu nolakoa den. Zapaltzearekin eta autoridadea inposatuz badakigu zer lortzen den. Nik hautua egina dut eta behe behetik aldatzen hasi beharra dagoela iruditzen zait. Hain zuzen, emaitza, egungo gizartea delako. Gizarte eskasa. Kritikotasuna ez duen eta egoera zailei aurre egiteko izaerarik ez duen jendea:“The beautiful people ” .
“Capitalism has made it this way…” dio Marilyn Mansonek. Kapitalismoak egin du hau dena. Baina kapitalismoa guk egiten dugu, “beautiful people” , “itxuran eta irudian” (beraien osotasunean) baloreak dituen sinesgarritasunik gabeko gizarteak.
Utzi diezaiegun sortzen ari direnei sortu nahi dutena sortzen eta izan nahi dutena izaten. Utzi diezaiegun iritzia libreki ematen, eta garatzen. Beraiek dira eta “beautiful people” izan beharrean, “reasoning and intelligent people” eta “progressive society” sortzeko giltza.
Bizitzarekin dantzan.
2017-09-10 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Egia esan ez dakit nondik hasi. Lehenengo aldia da nire behatzek txintik ere esaten ez dutena. Dena den, nire barrena erretzen ari da eta egin beharra daukadala sentitzen dut.
Berriz ere geldiunea. Geldiunea gertatzen ari da idazten ari naizela. Ezin dut barrua askatu. Burmuina denboran atzeraka.
Larunbata, arratsaldeko 7ak. Negar malkoek inguratu zuten bi lagun haien besarkada luzea. Barruko minak, preso dagoen bihotza askatzen duen bezala libratu zuen berba lotsati hura: “Ez gaude honetarako prest, ez gaude heriotza onartzeko prest”. Berba eta irudia soinean daramazkit gaurdaino.
Egunerokotasunean bizi garenean, ez gara ohartzen zoritxarreko dei batek bizitza alda diezagukela eta egoera gogor horri aurre egiteko ere prestatuak ez gaudela. Batez ere, bapatean, ezer adierazi gabe, ezer esan gabe ezabatzen badira. Musika taldean lagun egin zenuen flauta jolea gehiago ez duzula ikusiko esaten dizuna; txikiak zinetela arratsaldeak konpartitzen zenituen ikastolako lagunaren anaia galdu duzula esaten dizuna; gertukoak ez direnak, baina biologikoki denbora baino lehen itzal bihurtu direla esateko mugikorrera iritsitako mezua… eta gaur goizean itsura txarra duen orbana daukala esateko jaso duzun pertsona berezi baten deia…
Jaio, bizi eta hil. Hala omen da bizitzako prozesua. Egunetik egunera azken egunetik gertuago, eta azken egunetik urrutiago egoteko nahia. Lehenengo bi eskailerak igotzeko prest gaude. Baina inork ez du nahi azken atea zeharkatu. Zer izango denaren ezjakintasun hori izan daiteke azken zerraila horri buruz inoiz ez hitz egiteko arrazoietako bat. Zeharkatu bitartean, ahal duguna egiten dugu. Bildurrei aurre egin ez. Heldutu ahal baldin bada ere ez. Sentitu ere ez, eta norberaren nahiak… zeintzuk dira norberaren nahiak? Ba al dakizki norberak???
Ez gara bizi. Inor ez. Hilda bizi gara. Biziraun egiten dugu. Ahal dugun bezela biziraun, norberaren aukerak naturalki onartu gabe, norberak bere patua onartu gabe eta heriotza bera ere, naturalki onartu gabe. Dena ixilpeak jaten gaituen bitartean, dena ixilpean egiten dugun bitartean eta nola ez, bildurrez.
Ixilpeko mamuak birrinduta egongo balira, atzoko hitz haiek ez lidakete barrua ziztatuko. Deseginda egongo balira, nik ere azken aldian joan zaizkidan izar disdiratsu horien uztea gaindituta izango nuke eta ez da hala.
Badira bi urte Irati albotik joan zinenetik eta gaur arte ez naiz ausartu hitz bat bera ere eskeintzera. Zu galtzearen mina hain zen handia, izoztuta pasa izan ditudala azkenengo bi urteak. Dena errezago izango zelakoan. Ez dala hala eta ez dauka izan beharrik ere, zurekin igarotako une bakoitza berezi egiten dutelako. Elkarrekin egindako egun pasak, parrandak, kontzertuak, afariak, barre algarak… Beti izan zinen berezia askorentzat. Beti izango zara.
Beti izango zara, joan diren beste asko bezela. Denak gogoratuko ditugu dantzan. Bizitzarekin dantzan. Dantza egiten ere jakin behar delako, baita dantza hori zein norabidetan egiten ari garen ere… eta batez ere naturalki, lasai, xuabe, goxo, sentituz eta biziz, ez biziraunez. Honela, dantzalekuko argiak itzaltzen direnean, ingurukoak negar egin beharrean irri egingo dutelako, maite ditugunen bizitzaren zikloa itxi dela ametituz.
Bitartean jarrai dezagun dantzan, heriotza baino txikiagoa den bizitzarekin dantzan, Debako zeru gainean dauden izar disdiratsuengana eramango gaituen atea ireki eta dantzalekuko argiak itzali arte…
………Zuentzat………..
Ez izan ibilgu, izan korronte.
2017-07-18 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Nomadak omen gara. Basamortu batetik bestera egindako bidean, norberak erakarritako egoeretara (batzuentzat destinu petrala) egokitzeko gaitasuna omen dugu. Basamortuaren erdian, zerbait izan nahiean eta ezinean, elikatuko gaituen subjetuak noiz zurrupatuko zain ibiltzen gara hutsune guztiak norberaren irudimenean soilik dagoen oasiak estaliko dituelakoan.
Oasia, barrunbearen ametsa. Zuloaren estalkia. Guztion ametsa, hondarrez beteriko eskuraezina den ikusmugaren aurrean. Oasia, atomoz betetako kimera.
Guztiontzat preziatuenak, oxigenozko bat eta hidrogenozko bi: ura.
Ura da oasiaren erdigunea. Basamortuaren erdian egarriz hiltzen ari garenean asetzen gaituen bakarra. Gu ere, ura omen gara. Bizirik egoteak zer suposatzen duen ezer gutxi erakutsi diguten ikastolan behintzat, halaxe esaten ziguten (konturatuko zineten atomoena wikipedian begiratu dudala. Normalena da, ikastolan buruz ikastera derrigortzeak sortzen duen ondorioetako bat da ezer ez gogoratzearena).
Nire gabeziekin arratsalde pasa haizea hartzera ateratzen naizenean beti itsasertzean egiten dut eserialdia. Nire maitalerik sutsuena den bakardadearekin barne bakarrizketetan hasten naizenean ohartzen naiz gure basamortuaren erdian, gu guztiok uraren norabidea inertziaz jarraitzen duten ibilguak garela. Bidean, harri, euri jasak eta hainbat fenomeno meteorologiko jasaten dituztenak eta bidearen bukaeran, itsasoari gure izatea eskeintzen diogunak. Halako batean, guztiok itsasoratzean hil egiten gara…
Gaur arratsaldean, beste behin, bakarrizketan itsasoari begira nengoela behe ibilguaren atarian nengoela konturatu naiz. Sedimentazio prozesuan. Eguzkiaren indarrarekin, udan gertatzen den bezala, barneko ura lurruntzen ari zitzaidala konturatu naiz. Agortzen. Ibilguko bide guztiak obedienteki jarraitzen.
Txintxo txintxo betetzen. Beti betetzen. Gu guztiok beti betetzen. Gure ibilguek diotena irmoki baieztatzen, gure korrontea berriz akabatzen. Esentzia ahultzen eta ibilguaren zurruntasunari eusten, eta ez barruan sortzen dena ernaltzen. Barruko korronteak dioena apaltzen saiatzen, hala egingo ez bagenu, ibilguaren bidetik agian kanpo geratuko ginatekeelako. Inoiz ez garena babesten. Inoiz ez bide zidor berriak topatzen. Inoiz ez basamortuari oasia eskeini beharrean, basamortuan bertan, potzuak sortzen. Inoiz ez.
Euria hasi da. Baina ez dut ihes egin. Orduan konturatu naiz, ni ere ibilgua izateari uzten ari naizela eta bidea jarraitzea espero izatetik, poliki poliki bidea sortzen hasi naizela. Zer dagoen ondo edo gaizki sentitzearen gainetik (hau nork ezartzen du? “La todopoderosa” izan daiteke? norberak hausnartu dezala. Edozein motatako epaiketak gorroto ditut, ez naiz ANko parte, beraz utikan epaile lanak! ) nire barruko basamortuan norberak soilik onartu behar dituen putzuak gauzatzea onartzen hasi naiz. Aske izan nahiak korrontea sortu duelako. Korronterik gabe, ez dagoelako askatasunik. Errekak jada ez dit inoiz gehiago gainezka egingo… inoiz ez… korrontea sortzeko erabakia hartu nahi izan dudalako.
Ah!! Etxera nindoala kaktus bat erosi dut. Izan dudan azkena hil egin da eta txikiago bat erostea pentsatu dut. Nire basamortuan ugari izan ditut. Maitagarriak dira. Batez ere azkena. Arantzak zituen arren, inoiz ahaztuko ez dudanez izena jarriko diot… eta zuk badakizu zein den.
Urtea dut errepasatzen.
2016-12-18 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Denbora da igarotzen dena,
ximurrak sortzen dituena,
bizitzari dio amaiera ematen,
bidean aukerak eskeintzen,
baina aurten ere aldaketarik ez ekartzen.
Denborak ez badu ezer egiten,
zergatik ez dugu guk ezer mugitzen?
Udazken, uda, udaberri eta neguko epeltasunak ekarri dizkigun soinuak,
txoriek kantatuak,
itsasoak irudikatuak,
Gipuzkoako mendiek aldarrikatuak,
gurasoek oihukatuak,
ke beltzak apainduak
eta egun erreala den aldaketa klimatikoak sufrituak.
Gu gaude jada, kondenatuak.
Urteak ditu gauza asko garraiatu,
baina esango dizuet nik zer duen eta zer ez duen ekoiztu.
Langabezi, etxegabetzeak ditugu pairatu eta justizia ditu ahaztu,
kapitalismoari dio sakatu ta ezberdintasunak ditu bulkatu.
Paretak ditu txuritu, proklamoak ditu mututu,
baina inoiz ez, sinismen eta identidadeak zapuztu.
Gure buru barruko kaxan gordetzen ditugun oroitzapenak,
eta lau paretek osatzen duten kaxan aurkitzen diren oroituak,
aulkiak dituzte itxaroten eta kandelak dituzte izekitzen.
Hasi gara kartzelak hustutzen, herrira dira gerturatzen
eta barruko sua hasi zait tinkotzen,
nire lagun maitea den Garikoitz dudalako berriz ere alboan sentitzen.
Ongi etorri Gari, animo barruan eta erbestean zaudeten guztiak
aipamen berezia dute nigandik merezia,
Tolosako gazte inputatu eta Galarragak
horregatik dira nire azken hitzak beraiei eskeiniak.
Maite duguna nahi izaten dugu babestu
eta egiten digu gure izana osotu.
Gazteak dira niretzat ahaztezin eta berezi,
beste askorengandik dira bereizi,
ilusioa eta lana dutelako hezi
eta egiten dutelako nire barnea hazi.
36 urte etxetik kanpo, 18 ihesi, 18 preso
eta zuri gaude asko eta asko egunero so.
Aulkia duzu zai, eta kandela duzu pizten
baina inoiz ez da gure esperantza hiltzen.
Denborak omen zaitu guregana ekarriko
eta guk zaitugu herrian besarkatuko
eta bitartean inoiz ez zu ahantziko.
Bat, aspaldidanik etxera itzultzeko zai,
besteak aulkiak okupatzez uzteko bidean,
denak dira nire lagun, denak nire senide.
Denak dira ezberdin, denak partikular
baina denak dira historia honen zatia.
Liburu honen itxieran har dezagun guztiok parte
eta aldarrikatu eskubidea daukagula izateko independiente.
Jarrai dezagun salatzen eta giza eskubideak eskatzen,
guztiok Urtarrilean gara elkartzen.
Egin dezagun lana kaleak bete eta behingoz kartzelak hustutzeko,
kandelak betirako amatatzeko
eta askatasunari betirako hatsa emateko.
Historiaren parte direnei,
historiaren parte izango direnei,
maite ditugunei,
aulki hutsei,
kandelei,
amaren malkoeri…
Zuri, Gari,
Aitor, Ibai eta batez ere zuri Unai,
Galarragari,
zuri, Euskal Herri maitia,
eta zure askatasun haizeari!!
Ixileko beltxarga beltzak.
2016-12-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Musika notek dei egiten diote nire arimari. Beraien atzetik noa, lurra ikutzez utzi eta arima galdua izango banintz bezela, partitura guztiko ixiluneetaz ere maitemindu arte. Arnasa ere gelditu egin zait oboearen lehen notek bultzatzen hasi zaizkidanean. Nota gozoen izurriteak bere egiten nau. Hegan nagoela sentitzen dut. Heroina piko bat sartu eta ondorengo adrenalina txutea biziko banu bezela. Hankak airean ditudala, oboearen doinu leunak ikutzen nauen bitartean, biolontxeloaren kordek estutzen nautela dirudi, Vienako dantzalekuaren erdian obra amaitzearekin batera izan dudan orgasmo handiena lortzen dudalarik.
Tcahikovsky. Konpositore errusiarra. Historian zehar, sorrera eman zaion ballet klasikoko obra onenetakoaren egilea: “The Swan lake” (El lago de los cisnes). Nire klarinetearen ahoari putz egin eta bizitza ematen nion garaiean, obra hau jotzea besterik ez nuen nahi. Pentagrama hauei ibilbide propioa ematen genienean baino plazer eta satisfazio handiagorik ez dakit bizitzan sentitu dudan. Obra goren hau bera ere entzuten dudanean sentitzen dudana azaltzeko ere hitzik ez dago hiztegian.
1877. urtean ballet honi eszenifikazioa jarri zitzaionetik, hainbat eta hainbat dantza klasikoko konpainiak aurkeztu izan dute. Denek ere, gidoiaren izaera errespetatuz, obraren eszenifikazio zatiaren erritmoak markatuz. Bukaera ordea, aldakorra izan da. Dantza konpainien araberakoa; batzuek, Disneyko marrazki bizidunen bukaera eman dioten bitartean, beste batzuek, errealitatera gehiago hurbildu daitekeena eskeini digute.
Amaierak amaiera, obra berezko jatorrian eta ezaugarri guztiekin subliminala denez, ballet konpainiak aldatuta ere, benetan mantentzen direnak pertsonaien rollak dira. Inertziaz ezartzen direnak, norberak apurtzea ere zaila dituenak: Sigfrido printze erromantiko gihartsu eta ederra, Odette printzesa zisne hauskor eta goxoa, Rorthbart, mago gaiztoa…
Hala ere, hausnarketa sakonago batera eraman ninduena, 2010.urtean Natalie Portman protagonistatzat zuen “The black swan” (El cisne negro) filma izan zen. Bertan, beltxarga edo zisne zuria zein beltza antzeztuko zituena pertsona bera zen: Nina Sayers (Natalie Portman).
Nina, bere amak bere garaian bezala, balleta ikasteari ekiten dio. Ballet konpainia bateko frogak pasa ondoren, “The swan lake” obra antzezteko protagonistatzat aukeratzen dute. Dantzariak, bi paper eta era berean, roll ezberdinak bete beharko ditu. Lehenengoa, beltxarga zuri birjina eta gardena. Bigarrena, beltxarga beltz oldartsu eta gordina.
Ninaren berezko izaera, zisne txuriaren antzekoa da. Birjin garden garbia. Amak, bere alaba hazi dela ez onartzearen zeinuak ditu neskaren portaerak, kontrola jazarri zaiona bere beharren gainetik eta erabateko gehiegikeriazko babes inposatua eskeini zaionarena. Ezer bere kabuz erabakitzeko gai ez, ezer benetan sentitzeko gai ez.
Horregatik, hasieran zisne beltzaren papera (oldarkorra, sentimenduz betea, errebeldea, sexuala…) betetzea ezinezkoa egiten zaio. Ezinezkoa egiten zaio, zisne beltzaren rollak Nina bera jan arte. Bukaera izugarria da (ikusi nahi duenak behe beheko link-ean izango du aukera. Ez omen dira amaierak kontatu behar. Nik ere, zisne beltza barruan dudanez, bihurrikeria egitea egokitu zait). Izugarria baina ez berezia, norbanako guztion bukaerak bezala, aldez aurretik idatzita dagoelako, aldez aurretik aldatu nahi izan ez dugulako Ninaren antzera. Ninak inertziaz jokatu zuen. Guk guztiok egiten dugun bezela. Chaikovskyk egin zuen bezela. Homosexuala zela zioten mingain luzeek baina hori ere jan egin behar izan zuen garai hartan, eta musikan itotzen jarraitu zuen bere gabezi eta hutsuneekin akabatzeko.
Ninak berdina egin zuen. Bere amak, bizi ezin izan zuena bizitzeko sortu zuen dantzari gaztea eta azken honek, hala egitea erabaki zuen, bere umetako beharrak erabat zanpatuta zituelako eta inertziaz amari zion obedientzia ezin zuelako ezbaian jarri. Beharrek, ezintasunek, minek, eta berarengan ezarritako itxaropenek Nina jan egin zuten. Bere itzalak, barruan zeuzkan bizirauteko herraminta ixilak, bere izate osoa jan zuten.
Hau guztia egia balitz, buruko bonbila txikia piztu eta ondorengo galderak datorzkit burura: Askeak al gara? Gure erabakiguneak eta beharrak errespetatuak izan al dira? Guztiok al daukagu beltxarga beltza barruan? eta zergatik? Nori zor diogu obedientzia? Ondo ezagutzen al dugu gure burua? Eta hala ez balitz, konturatzen al gara sor dezakegun kaltea?
Tronboi, tronpeta, biolin, kontrabaxu eta orkestra guztiaren doinu batuarekin oheratuko naiz. Zisne beltzari nire babesa emanez. Barruan zegoen/daukagun zisne beltzari. Bere garaian aske izaten utzi ez, eta kartzelatik ihes egin zuenean, eztanda egin zuen horri.
Ixileko beltxarga beltz guztiengatik…
The black swan: “I was perfect”
Ametsak hauspotzen…
2016-11-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Liburua irakurtzen jarraitu dut. Egun pare bat da hasi nuela. Gaur bukatzea erabaki dut. Nire barruari begiratu diot eta ez dakit zehazki zergatik gaur bukatu nahi izan dudan liburua. Agian, guztiok bezala, amestea gustatzen zaidalako. Agian, denok bezela, nigan bakarrik pentsatzen dudalako. Nire minetan, nire iritzietan, nire ikuspegietan… nire zilborrean. Denok diot, gizaki garen heinetik, beste jokabiderik ez daukagulako egunerokotasunean. Norberak bizitakoa edo pentsatutakoa, besteonak baino gehiago balio izatea: ninismoa. Agian, horregatik neronek ere, liburua bukatzeari ekin diot. Edo agian, gaixo daukadan nire ama ameslariari ere, liburua hospitalera eramateak indarra eman eta ilusioa egingo diolako. Agian horregatik izango da.
Gogorra egin zait liburua irakurtzea. Malkoekin busti ditut askorek idatzi dituzten parrafoak. Bustita geratu dira, eta parrafoa sekatzen denerako, jada ez da ezer berdina izango. Baina izaten ditugun gora beherei irtenbidea emateko ere balio izan dit liburuak. Arnasgunea sortu dit barnean eta era berean, etorkizunari begira jarri nau.
Askotan galdetzen diot nire buruari, ea zergaitik aukeratu ditudan bide batzuk eta ez beste batzuk eta zergaitik daukadan ohitura benetan sinisten dudana nire indar guztiarekin defenditzeko. Izan daiteke, ez daukadalako bide politiko nahikoa nire burua defenditu eta hoztasunez elikatzeko; eta helburua lortzeko sortzen diren oztopo guztiak sahiesteko indar guztiak jartzen ditudalako. Kontsekuentziei begiratu gabe. Izan daiteke, benetan sentitzen ditudan proiektuak oso sakonetik bizi ditudalako. Izan daiteke, “odol beroa” naizelako. Baina izan daiteke ere, nire amari obedientzia diodalako.
Ez naiz amaren esanari men egingo dioten horietakoa (onartu beharra daukat: ez amarena, ez inorena). Ez naiz amaren hitz guztiak kontutan hartuko dituen horietakoa. Nire hautuak, nire barruak, nire sentimendu eta nire niak askotan amaren barruak baino gehiago balio duelako niretzat. Askotan ez diot ulertzen nola eman diezaiokeen hainbeste garrantzi helburuak lortzeari, helburuak lortzeko bideak jorratzeari. Inurri lana egiteari.
Baina orain dela hilabete batzuk “ametsen liburua” bezalaxe, oraingo hontan “zarauzko ametsen liburua” daukat eskuetan. Orain ikusten dut, amaren izaeraren parte baten nondik norakoak. Nirekiko erabiltzen dituen hitz eta jarreraren nondik norakoak. Zergatik bide eta proiektuak bermatzearen garrantzia. Kolektiboki lana egitearen garrantzia. Berriz sortzearena: birfundatzearena.
Ametsen helburua ulertzen dut: askatasuna.
Zaila da helburuak lortzea. Ametsetatik errealitaterako bide taktikoak sortzea. Batak bestea errespetatzea. Ohitura ez emankorrak albo batera uztea. Zaila da ezkerreko printzipioak izanda gizarte honetan bizirautea. Baina berandu baino lehen, ondorengoen onerako, “ametsen liburuen” azken kapitulua idazteko garaia iritsi zaigu. Horretarako bidean aspaldi hasi ziren. Buka dezagun orain, guztiok, gure ondorengoek “ametsen liburuak” etxeko egongeletako apaletan itxita eduki ditzaten.
Bitartean, jenerazio ezberdinak inurri lanak egiten jarraitu behar dugu. Bide zidorrak egin dituztenek, bide zidorra nola ondo eraiki erakusten. Sua mantentzen. Sua hauspotzen: ama hospitalean “zarauzko ametsen liburua” irakurtzen dagoela,
…nik, bitartean, ametsak besarkatuko ditut…
#Kapitalhumanoareniraultza.
2016-09-21 // Sailkatu gabea // Iruzkinak desaktibatuta daude #Kapitalhumanoareniraultza. sarreran
Etxea eraikitzeko, etxe sendo eta gihartsua izateko, lur zorua edo basea ondo finkatuta eduki behar zela esan zidan amak. Etxe barruko egoera, erlazio, zutabe, zimentu eta zutoi guztiak gertatzen dena gertatzen dela, beheko solairu horrek eusten dituelako. Etxea eroriko balitz, guztiok lurrean egingo genuke lo, beherago ezingo ginateke jeitsi, azken hau izanik, babesik gabe egonda ere, zainduko gintuena. Nik, zaindu zure etxea esan beharrean, zaindu zure basea esaten ikasi dut.
Etxeko zapailek kolore ezberdina izaten dute. Baita teilatuek ere. Bizileku guztiak toki berdinetik eratorriak dira, eta toki horiek babesten dituzte gure tximinietatik ateratzen diren kolore ezberdinetako etxe barruko historiak. Bukatuko ez diren historiak, erdi bidean daudenak, edo nere etxeko ke tartetik gertatzen diren bezelakoak; hastear dauden historiak.
Kalera atera, begiak itxi eta goruntz begiratzen dudala, bizi toki ezberdinek, nire etxetik eratorritako ke mota berdina jario dutela ikus dezaket. Ke horrek, izen eta kolore ezberdinak hartzen ditu: gorria, morea, berdea, laranja, sozialismoa, feminismoa, burujabetza, presoak… Kolore grisa ere ateratzen da. Horiek ez dira base berdinekoak ordea, horiek ez dute ez baserik nahi, ezta etxerik ere. Horiek txaletak nahi dituzte.
Kolore guzti horiek, proiektu bat osatzen dute. Naizena izaten lagundu didaten jendartearen izena daraman proiektu bat: Denon Herria. Zutabe, zimentu, pareta, erlazio, sentimendu, eta etxe osoa eraikitzeko beharrezkoak diren osagai guztiekin. Irabiatzen jarraituko duen osagai amaiezinen zerrenda, osagai horiek guztiok izanik.
Etxea sortzen laguntzeko, nere txikitik ere eragiteko, inoiz ere arkitekto ez nintzela izango erabaki nuen. Nik igeltsero izatea erabakia hartu nuen, eta nagoen tokian egonda, igeltsero izango naizela erabaki dut. Igeltsoa mugitu, landu, egonkortu, forma eman, eta batez ere, igeltsoa aztertu, begiratu eta entzun, sendotu eta inoiz ez apurtzeko. Igeltsoa da basea, igeltsoak eusten duelako etxea.
Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen, ni ere, gazte langabetu bat naizen heinetik, gazte langabetua izatez utzi nahi nuelako. Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen emakume bortxatu bat gehiago ere ikusi nahi ez nuelako. Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen, justizia soziala eta estatu dezente bat izateko burujabeak izaten laguntzeko. Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen etxean falta zaizkigunak etxera bueltatzen laguntzeko….
Baina batez ere nere txikitik lanean jarraituko dut eta zailtasunak zailtasun, inoiz ere etsi gabe, borrokan jarraituko dut, ez soilik etxea nahi dudalako, igeltsero izatea erabaki nuelako soilik. Igeltsero izateak gure etxean daukagun militantzia basea eta kapital humanoa zein den ikusarazi dit. Ilusioa duena, zailtasunen aurrean etsitzen ez duena, maitasuna sortzen duena, elkartasuna zer den dakiena, humiltasuna daukana, koloretsua dena, alaia dena, eta txaletak maite ez dituena.
Artikulua idazten nagoela whatsapa iritsi zait. EH Bilduk “ezpain gorrien iraultza” deituriko bideoa argitaratu du. Feminismotik, emakumeon indarra goraipatu eta parlamentuan ere presente egon dadin. Niretzat oso berezia den pertsona batek bidali dit bideoa. Egoera gogor eta zail baten aurrean ezagutu gabe, babesa eman zidan eta ni bezala, igeltseroa den horrek, igeltsoari oso ondo ematen dio forma. Ezpain gorriekin ezagutu ninduen, eta ezpain gorri horiek asko zeukatela emateko behin baino gehiagotan esan izan dit, ni ere, nere ahultasun guztiekin, emakume militante bezela, ameslari bezela, igeltsu puska gogor bat naizelako.
Kasu egingo dizut Beñat, eta Igande hontan, ezpainak gorriz margotuta joango naiz bozkatzera. Bozka sartzen dudanean, azken bi aste hauetan Gipuzkoako herri ezberdinetan ezagutu ahal izan dudan pertsona guzti horiengan pentsatzen egingo dut. Beraiek direlako gure espiritua, beraiek direlako gure esentzia, naturalidadea eta bizi poza ematen digutenak. Beraiek gure arrazoia, beraiek gure izatea. Beraiek etxea eusten dutenak.
Nik argi daukat. Nere bozka Denon Herriarentzat da. Nire bozka hegemoniarentzat da. Ezberdinen artean dagoen batasunarentzat. Ezberdinetik ikastea baino aberatsagorik ez dagoelako. Nire bozka, zuentzat da, EH Bilduko igeltsero eta igeltsuarentzat. EH Bilduko kapital humanoarentzat. Zuentzat…
… Ze gertu egongo litzateke etorkizuna…
2016-07-22 // Politika // Iruzkinik ez
Goizeko errituala betetzen ari nintzen egunero bezala: soja esnezko ebakia gosaltzeko egunero errepikatzen diren egunkarietako albisteez lagunduaz. Nire eguneko momenturik sakratu eta bereziena izaten da.
Egunari ondo ekiteko, ez dago gauza hoberik mundua ze ongi doan ikustea baino. Eskerrak nire aukera beti ere errealitatea askok iragartzen digutena baino gordinagoa ezagutarazten digun egunkaria den. Atzerriko albiste sentsazionalista (niretzat atzerrikoa. Askorentzat nazionala. Espainola, noski) eta matxistetatik at.
Gustatu edo ez, errealitatea den bezalakoa irudikatzen digun egunkaria. Batzuk ikusi nahi ez duten errealitatea. Onartuz gero, kaosaren partaide sentitu gaitezke eta erruduntasuna gizakiok gure hiztegitik ezabatzen dugunez besteenean txertatzeko, hobe dugu atzerriko egunkariak irakurtzea.
Bide batez…. Nik atzerriko egunkariak irakurtzen ditut, sekula santan esaten dutena kontutan ez hartzeko bederen eta ez lehenengo nire idealekin bat datorrena irakurri baino lehen. Dena den, eskerrak bigarren egunkaria ere irakurtzen dudan. Beroni esker nekizkien Donostiako Ondarreta hondartzako harrien joan etorriak eta ez dakit zergatik, baina bueltatu ez direnak. Jada ez dira agertzen bertako orrietan eta.
Goiz hartan hala ere, nire unerik kuttunena etxe alboko tabernan igarotzea erabaki nuen. Egunerokotasunetik ihes egitearren agian edo aspaldi zapaldu ez dudan nire herriko betiko jendearekin topo egitearren.
Kafea hartzen ari nintzela, aspaldi ikusi gabeko lagun bat gerturatu zitzaidan. Besarkada luze bat elkarri eman ondoren, euskaldunok gure odolean dugun eskuzabaltasunaz baliatuz, bere gosaria ere ordaintzea erabaki nuen. Ondoren entzuten dena eskerrik asko izaten omen da. Kasu hontan, egunkari nacional horrek lasai asko bere orrietan ezarri zitzakeen hitzak izan zitezkeen: “Bai neska!! Ordaindu zuk!! Gipuzkoarrok ordaintzen dizugu soldata eta!!”
Hau esan bezain pronto, aldizkariak zeuden tokira bota zuen eskua eta munduko toki ezberdinak aipatzen zituen astekaria hautatu zuen (dagoeneko, katolikoek biblia santua bezela, aldizkaria aukeratu baino lehen, zein egunkari irakurri zuen lehenengo argi izango duzue, ezta?). Liburuaren azalean letra larriz “Uruguay” jartzen zuen.
Momentu hartako nire begirada eta hausnarketa sakonak, ni ere Uruguayra eraman ninduten eta bertako erreferente maitatuenetako baten hitzak inguratu ninduten, gure errealitatera beste era batera aplika daitezkeenak noski:
Hitz hauek oso ondo deskribatzen digute gizartearen sintomatolojiaren muina. Komunikabideen ondorioz sortutako hausnarketa gaitasun ezak ernaldutakoa.
Egoera guzti honek, “reality check” bat egitera eraman ninduen. Herria ahalduntzeko sortu beharreko bideak harriak izan beharrean, harkaitzak izango dituela konturatu nintzen.
Erabakitze eskubideak alor ezberdinetan aplikatzeak lagundu dezake eta egungo egoeran, bide zuzena izan behar du herritarrak beraien iritzia eman eta baita beraien tokia bilatzeko prozesuan. Hala ere, ez du funtzio osoa beteko politika ikusteko era aldatzen ez bada. Politika herritarren eskura egoteaz gain, herritar guztiok, politika geure egin beharko genuke.
Sistema kapitalistak sortutako politikagintza elitista (once again, thank you establishment) ulertzeko era ezabatu eta onartzeari uzten ez badiogu, herritarren ahalduntzea eta parte hartzeak mugatua izaten jarraituko du. Batak bestea elikatzeko era kaltegarria eraldatzera jo beharko genuke. Herritarrak bozken bidez ardura guztia politikoengan utzi, eta politikoak hontaz baliatu, herritarren kontzientzia eta ahalduntzea ez bideratzeko. Beste era batera esanda, politikari vs herritar, herritar vs herritar bilakatzea lortu beharko genuke.
Kultura politikoa sortu beharrean gaudela iruditzen zait, zorionez edo zoritxarrez, eta gustatu edo ez, jaiotzen garenetik hil arteko burokrazia guztia politikaren zati bat dira. Denok gara honen ondorioz, egunerokotasunean zuzen zuzenean aplikatzen zaizkigun lege eta erabakien erantzule eta baita ondorengoei etorriko zaizkien egoeren erantzule ere. Gure jarrera eta ekintzekin ari gara beraientzat etorkizuna sortzen… edo etorkizuna desegiten…
Dena den, errealitatea ikutuz eta aurrera egin behar badugu, gizakiok epaitzeko ohitura erraustegira bota eta biak batera ezabatuko bagenitu, garen bezalakoak izanda, gure akats eta onurekin, elkar onartuko genuke. Esku artean daukagun gizartearekin lan egiten ikasi beharra daukagu. Txarra onartu eta amankomuna uztartu hegemoniak sortzeko bidean. Horrela dena errezago litzateke, eta aldaketa sakonak eta pedagogiak, guk gure herria sortuta daukagunean landu. Lehenago edo beranduago, gure herria sortuko dugu eta.
Berriz ere, bidaien aldizkariei so egin eta hegemoniaz gogoratuz, txikia nintzela, osaba izebek jartzen zidaten abesti kubatar batekin gogoratu nintzen. Honela zioen Carlos Pueblaren abesti hark: “ Se acabó la diversión, llegó el comandante y mandó a parar”. Abestian aipatutako gizon honekin erlazioa zuen beste batez gogoratu nintzen berehala. Azken honek, arbaso euskaldunak zituen eta bere garaian, zeharka bada ere, hegemonia aipatu zuen bere hitzetan. Entzun diezaiegun historia egin duten gizon eta emakume horiei. Ikas dezagun beraien esperientzietatik eta aplika ditzagun tokian tokikoa errespetatuz. Egin ditzagun beraien hitzak gure. Ni behintzat, azken hauekin geratzen naiz…