Hasiera »
Gorka Gonzalez de Zarateren bloga - Gasteizkeriak
Gorka Gonzalez de Zarate
Euskadiko Jazzaldien denboraldia hastear denean, zuzeneko emanaldien inguruko iruzkinak, gogoetak, nahiak eta hasarreak adierazteko txokoa duzue hau. Gasteiztik idatzita gaiztakeriren bat ere kontatzen saiatuko naiz. Guztia musika kreatiboaren inguruan: batez ere, Jazza.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- JM Segurola(e)k Jaietan ere musika entzuteko aukera bidalketan
- gasteizkeriak(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
- JJ(e)k Jazz Zaharrean, aperitifa moduan bidalketan
- gasteizkeriak(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan
- JM Segurola(e)k Jazzaldien etorreraz bidalketan
Berriro Gregory Porter
2013-08-08 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Jarraian uzten dizuedan loturan Gregory Porter abeslariaren taldearen saioa dago, EEBBetako Newport Jazzaldian aurtengo abuztuaren hasieran emandakoa da. Taldea eta egitura uztailan Donostiako Jazzaldian oso antzekoa da. Horretan Yosuke Sato saxo jotzaileak parte hartzen du.Pena merezi du.
Gozatu¡¡
http://www.npr.org/event/music/208276829/gregory-porter-live-in-concert-newport-jazz-2013
Jaietan ere musika entzuteko aukera
2013-08-07 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Gasteizko jaien zarataren inguruan, badago musika ederra entzuteko txokoa. Txoko euskalduna deitzen diote eta Aiotz Plazan kokatua dago zurrunbilo alkoholikoaren erdi-erdian. Leku lasaia, musika eserita entzuteko aukera eskaintzen duena eta, zoritxarrez, inoiz betetzen ez dena. Jaietako hirugarren egunean, hilak 6, ezusteko bat ikusi-entzuteko aukera izan nuen. Ezusteko hori Busturialdeko baina Gasteizen bizi ei den bizkaitar abeslaria da: Antton Aranburu.
“Goraka” diska argitaratu omen du dagoeneko. Ez dut horren berri, baina Aiotz Plazako taularen gainean entzun ahal izan nuen emanaldia asko gustatu zitzaidan. Antton Aranburu laguntzen duten musika jotzaile guztiak ederki eta graziarekin jotzen dituzte bere instrumentuak. bateria (ederra), bauxu elektrikoa, teklatuak, abeslari laguntzailea eta Anttonen kitarra akustikoa eta ahotsa. Horien gainetik Raül Vera kitarra jotzaile katalanaren lana azpimarratu nahi nuke: laguntzaile fina eta abeslariaren lana aberasten duena, baina, era berean, bere bakarreko parte-hartzeetan giroa berotzen du, maisuki.
Antton Aranbururen taldeak pop, rock mistura euskalduna jorratzen du, zorionez, musika sormen aberats bat bide bazterrean uzten ez duena, alderantziz. Taldearen amaitza borobila gertatzen da.
Gustatu zait ezusteko horren emanaldia eta jarrituko dut haren bidea, laster argitaratuko omen duten diskari begira.
www.anttonaranburu.com
Jazzaldia amaitu da. Gora Jazzaldia¡¡
2013-07-26 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Gasteizko Jazzaldiaren 37. edizioa amaitu da eta Donostiako Jazzaldiari ekin baino lehen, hausnarketarako une dugu hau. Gure Jazzaldi patateroaren azken egunak kontrajarritako gogoetak eragin dizkit: egun horretan bi musikari bikainen taldeak aritu ziren Mendizorrotzako taularen gainean. Lehen zatian, Chick Corearen azken proiektua: “The Vigil”. Bere hitzetan aldez aurretik inoiz jorratu ez duen eta entzun izan ez dugun musika egiten duena. Bigarren zatian, Paco de Lucia flamenkoaren maisuaren talde bikaina, besteen artean, honako musikari dotore bezain aparte hauek lagunduta: Piraña perkusio eta kajoi flamenkoa, Alain Pérez baxu elektrikoa; Antonio Serrano armonika eta teklatuak, Farru konpasa eta dantza flamenkoa.
Talde bakoitzaren emanaldiak ederrak izateaz gain, hirugarren saio bat gozatzeko aukera izan genuen: Chick Corea taularatu zen Paco de Luciaren taldearekin bat egiteko pianoan. Elkarrekin Paco de Luciaren “Entre dos aguas” (1976) eta Chick Coreak konposaturiko “Spain” (1972) jo zituzten.
Jendez gainezka zegoen kiroldegiak ia lehertu arte dantzatu zuen jaialdiaren amaiera zoro batean.
Ezin ukatu ondo pasa genuela. Ezin. baina lasaiago ikusita, sortzen zait kezka hau: hau al da jazzaldi batengandik espero behar dugun emaitza? Chick Coreak egin zigun eskaintza ez da batere berria berak kontrakoa sinestarazi nahi bazigun ere. Are gutxiago, bere azken proiektuetan Corea unibertsotik atera ezinik dabilen artista honek Return to Forever talde mitikoaren kutsu nabarmena darion beste taldea eratu digu, kitarra, saxo eta guztiz. Eta ezin ukatu musika hori atsegin dudala. Nola bada musika horrek jazzaren ateak ireki zizkidanean?
Hala ere, zergaitik ari gara arras ezagunak ditugun hautsak etengabe harrotzen? Zergatik ez ditugu bide berriak esploratzen? Ez al dugu esaten Miles Davis miresten dugula? Miles Davisek ez zuen egokia ematen jorratutako zer edo zer berriro jorratzea; aurrera egiten baitzuen etengabe.
Aurtengo Jazzaldia amaitzeko artistek hautatu zute 70.ko hamarkadean idatzitako bi abesti: Luciak gehien saldutako disken zerrendetan flamenkoa jarri zuena eta Coreak Joaquin Rodrigoren “El Concierto de Aranjuez”en lehen mugimenduak hasiera ematen dion konposizio zoragarria.
Finean, berrogei urte egin genuen atzera. Har dezagun Donostiako Jazzaldirako bidea.
Amaierako bidean
2013-07-20 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Begiratu ezazu argazki hau:
Gizon zahar bat dager. Zaharra? 67 urte ditu. Ez horrenbeste. Mendizorrotzako taularen gainean dago. Ikuslego inportante bat dauka bere aurrean, baino ez die begiratu ere egin. Hor dago. Geldirik, bere taldekide batek bere saioa bukatzen duen bitartean, bere aukeraren zain. Hor ez da nabaritzen, baina libre ikusten zaion eskua dardarka ari da, etengabe.
Orain, ikus dezagun hobeto bere aurpegia:
Ez du aurpegia mugitu ere egin beste jotzaileak bere saioa amaitzen duen bitartean. Gizon honen ahora badaramagu gure arreta tronpetaren ahokoak ezpainetan sortu dizkion markak antzeman ditzaiokegu. Musikari honek hainbat borroketetan aritu denaren seinale garbia.
Orain, zatozte honetara:
Hemen musikariak bere tronpeta dauka eskuetan eta musika egiteari ekin dio, maisuki, indarrez, eragozpenik gabe.
Gasteizko Jazzaldiaren ostiraleko ekitaldian Tom Farrell hainbat musikari haundiekin aritutako tronpeta jotzaile amerikarrak indarrez beteriko emanaldia eskaini zigun. Lehen zatian gizon zuri batek gidatzen zuen hainbat gizon beltzez osatutako talde bat. Bigarren zatian, berriz, gizon beltz batek, Brandford Marsallis, beste gizon beltzen artean piano jotzaile zuri batek, Joey Calderazzo izugarria, osatutako taldea gidatzen zuen. Eta hau idazten dudan bitartean, Tom Farrellen Facebook-eko orria irakurtzen ari naiz. Interesantea da, zeren eta Farrellek (edo bere laguntzaile batek, ez du axola) eguneratuta baitauka eta gauza erakargarriak sartzen baititu. Oraingo honetan atzoko Gasteizko emanaldiko hainbat argazki eskegi ditu. Horietan, bera eta Brandford , aurrez-aurre agertzen dira, zuria beltzaren aurrean. Eta hau dator harira zeren eta orrialde horretan ikusi baitut jarraian zuentzako eskegiko dudan lotura interesgarri hau. Horretan Nicholas Payton (beste tronpeta jotzailea, beltza oraingoan ) Brandford Marsallisekin, prezisamente, bizirik duen eztabaidaren berri ematen digu, jazz musikarenizenaren inguruan edo BAM Black American Music delakoaren inguruan:
http://nicholaspayton.wordpress.com/2012/10/16/an-open-letter-to-branford-marsalis/
Jazzaldi patateroaren alde txarrak, eta baita onak ere (eta II)
2013-07-19 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Adi¡¡: Gasteizko Jazzaldiak dagoeneko badauka bere emanaldi arrakastatsuena¡¡
Baina, ez egin kasu haundirik inork pentsarazi nahi badizu Melody Gardot izan dela (orain arte bederen) Jazzaldi patateroaren garailea. Edo, hobeto pentsatuta: bai sinetsi iezaiozu . Zeren eta, azken finean, artista horrek ez zuen baino eskaini jaialdi honen ikuslego eta antolakuntza tristeak atsegin dutena: musika errezaz osatutako unetxo bat (ordu t´erdi gehinez jota, ez pentsa), txaloz jarraitu ahal den erritmo irentsigarria eta dantza egiteko artistarengandiko baimena.
Modaren ikurra izatera deituta zirudien Gardot hau abestera bideratu omen zuen zoritxarreko istripu batek. Eta, egia esanda, era ez oso zintzo batean, saldu nahi izan digute abeslari honek jazzaren dama haundien taldean sartu ahal izateko betebehar guztiak betetzen ari zela. Baina, Melody Gardotek american show eta entertaintment delakoaren ikurra bihurtzen ari dela baino ez zuen erakutsi, emanaldi zapuzgarria eskainiz erabat zoratutako ikuslegoari. Lan horretan Mendizorrotzan ikusi eta entzun ahal izan dugun saxo jotzaile hutsenak lagundu zion.
Gardotek europan musika ulertzen den era goraipatu bazuen ere, eskema amerikanoetan mugatu zuen bere eskaintza. Jacky Terrassonen taldeak, berriz, eskaini zuen era europear batean ulertutako musika amerikarra. Eta pozik nago, zeren eta aurreko egunetan idatzitako sarreretan aurrikusitako Jazzaldiaren alde onak gauzatu baitira. Bejondeiola sormen artistikoari eta musikaren osasunari.
Asteazkeneko lehen zatian ez ziguten hutsik egin talde horretako kideek. Horien artean, Cécile Mclorin-Salvant abeslari gaztea (25) aipatu behar da ezinbestez. Estatu Batuetan jaioa, ama frantsesa eta aita Haitiar dituen bitxi hau Billie Hollidayri keinu zintzoak egiten dizkion ahots eder baten jabea da. John Lennonen “Oh my love” hunkigarri baten bidez agertu ziguna. Cécilek bai benetako aitormen zintzoa egiten die jazzaren historiaren zehar izandako dama haundien ahots zoragarriei.
Jacky Terrassonek piano jotzaile erritmikoak oso proiektu borobila jorratu du “Gouache” izenarenpean. Bere emanaldian ez genuen ezer faltan bota, ezta soberan ere. Indar erritmikoa, sormenaren aberastasuna, une lirikoak (“Mother” abestia Stéphane Belmondoren fliskornioarekin mundiala izan zen). Emaitza hori lortzeko, Terrassonen gidaritzapean gogoz aritu zieren taldekide guztiak, batez ere Michel Portal baionarra. Hamaika guduetan borrokatu duen honek, klarinete baxuaz, gehien bat, eta saxo sopranoz armaturik, zera irakatsi zigun: pieza zentzudunak eta pollittak jorratzeko ez dira nota ugari erabili behar, baizik eta erabiltzen direnak zentzuz jarri.
Haundia Frisell
2013-07-18 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ezusteko galanta Jazzaldian lehen gau “serioan” izan nuena. Aitortu behar dut ez dudala oso gustoko Bill Frisellen unibertso sonoroa. Saiatu nintzen bere azken lana “Big Sur“ maitatzen, baina oso, oso latza egin zitzaidan. Hala ere, asteartean zintzo zintzo geratu nintzen bere emanaldi ikustera, erlojuak gaueko hamaikak laurden gutxi emanak zituenean (egoera ez oso egokia biharamunean goiz lanera joan behar duzunean). Gauzak horrela, Bill Frisellek zuzendutako Big Sur seikoteak (kitarra elektrikoa, bi bibolin, biola eta biolontxelo bana eta bateria batek osatzen zutena) taularatu zenean eta bere lehen notak bota zituenerako, harrapatuta nengoen. Aurreko egunean baino jende gutxiago bertaratu zen. Eta horietako erdiak baino gehiagok ez zuen belarri onez onartu Frisellen soinu proposamena. Ezin esan jazza denik, musika askotariko mistura baitauka barruan (country, pop, blues, …) baina azken finean soinu dotore bezain fina isladatzen du.
Ordurako, Ibrahim Maaloufen eskaintza atseginaz gozatu genuen lehen zatian. Horretan bere azken proiektuaren berri eman zigun, “Wind” . Eta emanaldiak René Clair-en ‘La Proie du Vent’ 1927ko soinu gabeko filmean hasiera izan bazuen ere, Louis Malleren “Ascenseur por l´échafaud” filmararte jarraitu zuen. Filma horretako musika Miles Davisek idatzi zuen. Bide horretan, Maurice André tronpeta jotzaile klasiko frantziarra bere izena aurkitu ez dudan tronpeta jotzaile klasiko errusiar bat eta Serge Gainsbourg eta Julliete Grécco agertu ziren. Azken finean, Maalouf erakutsi zigun zein izan den bere unibertso bitala.
Gaueko momenturik onena izan zen Serge Gainsbourgen, Julliette Grécorentzako idatzitako “Le Javainese” jo zuenean.
Badatorkigun Jazzaldi patateroaren gauza onak (I)
2013-07-15 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Jazz Zaharrean, aperitifa moduan
2013-07-01 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Gasteizko Jazzaldiaren aperitifa izango dugu laister, uztailaren 5etik 12rarte, Gasteizko alde zaharreko hainbat taberna eta aretotan. Belarriak berotzeko aukera paregabea, jarraian doakizue honen berri Hirineteko lagunek eskaintzen diguten informazioa:
http://www.hirinet.net/kultura/berriak/jazzaharrean-alde-zaharreko-jazz-jaialdia (gehiago…)
Jazzaldien etorreraz
2013-06-26 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Uztailero legez, iristear dira Euskadiko hiru aste jazzistiko-turistiko ospetsuak. Hortik abiatuta, musikaren inguruan, eta musika kreatiboaren inguruko zuzeneko emanaldiak abiapuntu hartuta, batez ere, saiatuko naiz ene gogoetak adierazten Argiako lagunek kudeatutako blog honek eskaintzen didan aukera paregabearen bidez. (gehiago…)