Azken urteetako telesail handienak, agur esan digu. Oraindik ikusi gabe?
Ahozabalik uzteko moduko hiru denboraldi. Etengabeko oilo-ipurdia jartzeko gai izan diren 28 atal. Azken segundoraino bere buruari leial izaten jakin izan duen istorio bat. Igandean amaitu zen betiko, azken urteetako telesail ausart, desberdin, misteriotsu, ikaragarri, baina batez ere deskribaezinena. Breaking Bad amaitu zenetik, pantaila txikiak eskaini digun harribitxi distiratsuena ziurrenik. Oso jende gutxik ikusi duen, baina mundu guztiak ikusi beharko lukeen “The Leftovers” telesailaz ari naiz.
Gaur hasi eta ikasturtea amaitu baino lehen, nire helburua, #EuskalSeriezaleak, #TheLeftovers ikusi dezazuen izango da! Txio horrekin ekin nion orain egun batzuk, nire gurutzada pertsonalari. Ez dakit lortuko dudan, baina saiatu egin beharko dut behintzat.
Harira. Bat-batean munduko biztanleriaren %2a desagertu egin da. Inork ez daki non dauden, zer gertatu den. Hala, maite dituztenak galduta, gainontzeko %98ak egoerari aurre egin beharko dio.
Telesail hontara gerturatzeko intentziorik baduzue, hori da argi izan behar duzuen gauza bakarra, berdin diola desagerturiko pertsonak horiek non dauden, garrantzitsuena bertan gelditu direnak direlako. Nola birmoldatuko dute bizitza, maite dituzten pertsonak ondoan izan gabe. Premisa horretatik tiraz, telesail hau bitxia bezain erakargarria dela esango nuke, misterioz eta suspensez beteta, atal bakoitzetik hainbat eztabaidagai eta irakurketa atera daitezkeena. Mina, bakardadea, suizidioa eta desorientazioa gutxitan landu dira telesail batean hain modu indartsuan.
Lehen oharra. Ikusleak bi mutur ezberdinetan banatzeko gaitasuna duen istorio horietako batean zaudetela. Zuen esku zein muturretan kokatu, telesaila, gorroto ala maitatu? Hori bai, oso garrantzitsua telesailean sinestea eta barruraino murgiltzea. Intentzioa, hasieratik gillotina eskuartean duzuela ikustea bada, hobe ez gerturatzea. Bestalde, HBO-ren zigilu hori ikuste hutsarekin, gerturatzeko argudio nahiko indartsua dirudi, baina egin dituen ekoizpen mordoen artean, gutxi batzuk dute honen anbizio, ausardia eta originaltasuna. Hainbat uneetan Lost datorkit burura, misterio ulertezin batez inguratua dagoelako guztia eta batez ere hark piztu zizkidan antzeko sentsazioak sentiarazi dizkidalako. Ez da kasualitatea beraz, sortzaileen artean, Damon Lindelof aurkitzea.
Nabarmentzekoa baita ere, telesailaren sendotasuna, oso tinko mantenduz, ahultasun sintomarik erakutsi gabe. Istorioa Tom perrota-ren liburu batean oinarriturik dagoen arren eta lehen denboraldian, horren eduki oso moldatu, bigarren eta hirugarren denboraldiak ikaragarriak izan dira, ekoizpen hau historiako telesailen onenen olinpoan kokatuz.
Eskaintzen dizkigun, pertsonaia horien aurkezpena eta garapena ere bikaina izan da, zoragarria. Aipaturiko min, bakardade eta desorientazio guzti hori ezin hobeto itsatsirik ageri direlarik pertsonaia bakoitzean. Horietako batzuk, transformazio ikaragarri bat jasaten dutelarik. Azpi-geruza eta sakontasun miresgarria duten pertsonaiak guztiak. Honi zuzenean lotua, jakina, aktoreen lan itzela. Guztien gainetik nabarmentzekoa,-niretzat agian sorpresa izan delako-, Nora Durst (Carrie Coon) aktore erraldoia. Pertsonaia suntsitu baten bitartez une ahaztezinak utziz eta jakina Kevin Garvey (Justin Theroux). Atalak pasa hala indarra hartuz doan pertsonaia eta misterio nagusiaren giltzarri bihurtu dena. Ikaragarri biak.
Beste ezinbesteko pertsonaiak ere erakutsi dizkigu jakina : Christopher Eccleston aktoreak gorpuztiruko, Matt Jamison adibidez. Biziko dituen hainbat uneetan, Lost telesailaren Desmond datorkit burura. Ikaragarria eta latza, emaztearekin bizi duen istorio hori. Meg Abbott (Liv Tyler), Tom Garvey (Chris Zylka), Laurie Garvey (Amy Brenneman), Jill Garvey (Margaret Qualley), Patti Levin (Ann Dowd), Mary Jamison (Janel Moloney)m Erika Murphy (Regina King). John Murphy (Kevin Carroll) eta abar.
Dena den, aktoreen lan paregabe horretaz gain, hiru euskarri nagusiei esker mantentzen da tinko istorioa. Alde batetik, Todd McMullen-en argazkia, bikaina, ikusgarria. Maisua den Max Richter konposatzaileak, soinu banda zoragarri bati esker, eskaintzen duen erakustaldi paregabea. Abesti zerrenda ezagunak ere ageri dira, ikusgai ditugun irudiekin tartekatuz sekuentzia brutalak sortuz. Eta jakina gidoia. Hainbat uneetan, idazkera oso fineko uneak biziarazi dizkigu, zineman, maisulan handienen esku soilik dauden horietakoak.
Azken finean, ikuslea pertsona inteligentetzat hartzen duen ekoizpena izan dela uste dut eta irudiaren indarra elkarrizketa hutsen aurrean aldarrikatzen duen horietakoa. Garrantzitsuena, trama nagusiaren esanahia ezkutu hori, pantailaren eta ikuslearen artean sortzen den elkarrizketa ikusezin moduko horretan geratu delako. The Leftovers-ek, ez ditu ikuslearen galderak guztiak erantzun, galderak sortu egin ditu. Baina barrenean piztu dizkidan sentsazio eta sentimenduak, hain dira bakarrak eta bereziak, zeharo maitemindu nauen telesaila izan dela.
Onerako ala txarrerako, The Leftovers bakarra da. Ziur nago, urteen poderioz kultuzkoa bilakatuko den telesaila izango dela. Hasieran esan dudan bezala, oso jende gutxik ikusi duen, baina mundu guztiak ikusi beharko lukeena. Agur eta eskerrik asko hiru urte zoragarri hauengatik!
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- (esn)Ametsetan – etzi.pm - […] genuen Justin Theroux aktorea. Azkeneko hilabeteetan, berriz, gauak partekatu ditugu Therouxekin, The leftovers telesailaren 28 ataletan (Kevin Garvey protagonistarena egiten…
Ze oroitzapenak ! The Lofteversekin egantxatuta egon nintzen, itxututa barreneraino , zer nolako emozio eta sentipenak, musika pertsonaien minaren garraoibide eta guztiak aztoratutako munduari irtenbide bila bIkaina. Zaletuok baino ez dakigu ze ona den
Asko pozten naiz zale amorratu batekin topo egitea