Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Nork erabaki zuen erle txikia handitzea?

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Nork erabaki zuen erle txikia handitzea?

2008-04-10

Eztitan ari den profesional askok ez dakien arren, milioika urtetan iraun duen erlea gaur gure artean nagusi dena baino txikiagoa izan da. Hala diote ostera erle txikia landu beharra aldarrikatzen duten abeltzainek eta adituek, gaurko gaixotasun asko manipulazio horri egotziz. Menturaz oker ari ote dira ia erlezain guztiak?

Erlearen propagandistei sarritan entzun eta irakurri zaie –erlezain amateur hasiberria den kronista honi ere bai– zientziak Apis Mellifera deitu duen horren lana derrigorrezkoa dela munduko landare askoren iraupenerako. Harrotasunez diote erlezainek beraiek direla landarediaren polinizazioa bermatzen dutenak, eztia, jateko polena, erregina-jelea eta beste produktuak ekoizteaz gain. Ez hori bakarrik: kofoinetan Varroa Jacobsonii eta bestelako gaixotasunak orokortu direnean, erlezainak dirateke espeziearen iraupenaren bermatzaile.

Baina... egia horrek beste erdia ustela balu? Egia balitz erlearen gaixotasunak lotuta daudela azken ehun urteotan erlezainek xomorro hori oker manipulatu izanari? Frogatuko balitz planeta osoko erlezain gehienek gauzak aldrebes egiten dituztela beren aziendekin?

Hori diote, hain zuzen, erle txikiaren aldekoek, eta proposatzen dute gaur munduan nagusitu diren erleak baino txikiagoak haztera itzuli behar dugula. Ea esplikatu ditzakegun erlauntz baten barrunbeak sekula ikusi ez dituen edonork ulertzeko moduan.

Kofoin edo erlauntza barruan, erleak umeak eta eztia aberaska edo orrazeetan ipintzen ditu. Hau hexagono formako gela txiki dotorez osatuta dago, denek dakitenez. Naturan eta antigoaleko erlauntzetan animaliak bere gisan antolatzen zituen aberaskak, bi aldeetatik gelatxoz hornitutako opilak bailiran. XIX. mendean hasi ziren erledunak argizari edo ezkoz egindako laminak ipintzen, makinaz estanpatutako laminak, erleak lana azkarrago egin dezan. Kontua da abeltzain burutsuenak azkar ohartu zirela hexagono handiagoz estanpatutako laminak ipiniz gero erleek gelatxo handiagoak egiten dituztela, eta horietatik erle handiagoak jaiotzen zirela. Horrela egin zituzten batzuek gero eta erle handiagoak sortzeko esperimentuak.

Numerotan ipinita, kontuak honela geratzen dira: gaur munduko apikulturan gehienbat 5,4 edo 5,7 milimetroko diametroa duten gelaxkako laminak erabiltzen dira. Aldiz, erle txikiaren aldekoek 4,9 milimetroko gelatxoak dituen aberaska aldarrikatzen dute, jatorrizkoen tamainatik hurbilago dagoelako.

Dezima gutxi horiek hain inportanteak ote diren? Bai, antza denez. Batetik, gela handietako erleak txikietan sortu direnak baino heren bat handiagoak hazten dira bolumenez. Bigarrenik, 5,4 milimetrokoetan arrautzatik jaiotzen egun bat edo bi gehiago behar dituzte 4,9 mmkoetan baino. Bestalde, azalera berdineko aberaskan gela txiki gehiago sartzen da handi baino, eta erle txikiak askoz ugariago jaiotzen dira. Aberaska barruan, ondorioz, tenperatura pare bat gradu beroago egoten da 4,9koetan, gela handikoetan baino. Diferentzia horietan dakusate erle txikiaren aldekoek gaurko erle “modernotuaren” arazo askoren iturria. Horien ustez, erle hau berez naturaz dagokiona baino handiagoa egin da, eta aldiz genetika guztia txikiagoa izateko dauka programatuta. Horregatik gaurko kolonia gehienak estresatuta eta ahulduak daude.

Gainera, oharkabean bidea ireki zaie Varroa zorri famatuari eta beste gaixotasun gehiagori. Varroa erlearen gelatxo barruan hazten da umearekin batera, eta erle “modernotuei” arrautzatik jaio arteko epea kasik bi egunez luzatu zaienez, bizkarroiari garatzeko aukera handiagoak eman zaizkio. Bestalde, erle handien habietan tenperatura pare bat gradutan apalagoa da, eta honek ere mesede egiten dio Varroari.

Ordainetan, erle txikiarekin lan egiten dutenek diote animalia askoz sanoagoa daukatela, Varroa eta beste gaitz batzuei inolako botikarik gabe aurre egiteko gauza dena, eta etorkizuneko erlezaintzak derrigor hortik jo behar duela.

5,4tik 4,9ra tartea dago

Duela ehun urte hasi ziren erleak handiagotzen. Ordura arte aberaskari eztia argizari eta guzti kentzen zitzaion, baina koadro aldagarriak eta lamina estanpatuak erabiltzen hasi zirenean, horrela erleak lan gutxiago egin behar zuen ezkoa produzitzen, gero aberasketatik eztia zentrifugazioz kendu zitzaien, urte bateko aberaskak hurrengoan erabiltzen ziren.

Erlearen beraren manipulazioaz aritzerakoan beti aipatzen da jakintsu belgikar bat, Ursman Baudoux. Honek eta berak bezala biologia Lamarck-en begietatik ikusten zutenek uste zuten manipulatutako abereek ondoko belaunaldietan “hobetze” horiek gordeko zituztela beren genetikan. Ez da hala gertatu, Charles Darwin-en ikuspegiak arrazoi duelako: gaur gure erlezainek hazten dituzten animaliok beren gisan libre utziz gero, berriro aspaldiko neurrietara itzultzeko joera dute.

Azken urteotan munduko erlezain asko aritu dira gai honetan sakontzeko ahaleginetan. Ikerketarik famatuenak Ed eta Dee Lusby bikoteak eta Michael Bush-ek burutu dituzte. Lusbytarrek beren esperientzia enpirikoaz gain apikulturako literatura guztia aztertu dute, haiek dira erreferentzia teoriko nagusiak. Bushek lan handia egin du erlezaintza biologiko edo organikoan. Informazio gehiena ingelesez dago, baina berrikitan Kanariar Uharteetan bizi den Stephan Braun erlezain alemanak zati bat ipini du gaztelaniaz.

Europan badira erle txikiarekin ari diren abeltzain ugari, eta Suediako etxe komertzial batek saltzen ditu 4,9 mmko laminak. Erle txikiarekin ari direnek diote posible dela Varroa borrokatzea botikarik gabe, erleek beraiek hartzen dutela horretarako aski indar, eta koloniak askoz sanoago hazten direla. Garrantzia handiko gaia da, ezen eta gaur egun erlategiak bizirik irauteko urtean bi aldiz tratatu beharra baitago intsektizidaz. Ekologiaren ikuspegitik, zentzugabea dirudi munduko polinizazioaren arduradunetakoa den xomorroak bizirik iraun dezan gizakiaren intsektizida kimikoen beharra izatea.

Erleak 5,4 mmko gelatxoan jaio eta handiagoa izanik ere txikiagotzeko joera du, bidea libre uzten bazaio. Baina 4,9 mmraino txikiagotzeak badu zenbait zailtasun, aipatu adituek urratsez urrats esplikatzen dituztenak. 5,4mmko erleari uzten bazaio bere aberaska libreki egin dezan, lehen urratsean 5,1 mmraino txikiagotzen da. Bi belaunaldi, bi urrats, behar dira 4,9 mm arteko trantsizioa egiteko.

La Palma uhartean bizi den Stephan Braun hasi da saltzen “kit” bat, urrats horiek azkar eta erraz egiten laguntzeko. Beste askoren ildoari jarraiki, udaberri honetan Gipuzkoako hiru erlezain dira operazio horretan hastekotan, Braunen laguntzarekin.
Erle txikiaren gaiak aziendarik ez duen edozein herritarri naturaz eta ekologiaz hausnarketa egiteko puntua ematen dio. Baina XXI. mende hasierako erlezainek zorrotz aztertu eta eztabaidatu beharko dute kontu hau. Erlearen biziraupena kimikari lotuta daukan erlezaintza ez da jasangarria, iraultza eskatzen ari da.

(Honaino, ARGIAren 2008ko Apirilaren 13 zenbakian plazaratu dudan artikulua)

ARGIA astekaria irakurlego anitzarentzako egiten denez, erle txikiaren gaia oso modu orokorrean aurkeztera mugatu naiz.

Gainerakoan, erle txikiaren inguruan beste mila xehetasun daude aipatzeko. Hasteko, gelen tamainaren inguruan asko dago idatzita eta aztertuta. Erleek aberaska beren kasa egiten dutenean abao berean tamaina ezberdinetako gelaxkak egiten dituztela jakina da. Idatzita dago ere Apis Melliferak munduan leku batean eta bestean ez dituela neurri berdineko gelaxkak egiten. Eta abar luzea.

Lamina estanpatuak erabiltzean, bestalde, aditu batzuek garrantzia handia ikusten diote gela guztiak tamaina berekoak izateari, eta segun eta zein makinaz egin den inpresioa hori beti gertatzen ez dela diote.

Gainera, jakina da gelatxoak alde bitara dituen aberaska batean gelatxoen sakonean begiratzen badugu hondo edo ipurdian alde batean eta bestean forma ezberdina dutela, batean Y moduko bat eta bestetik begiratuta A modukoa. Koadroak alde batera edo bestera kokatu, horri ere garrantzia handia ematen diote batzuek.

Erle txikia eta gela txikia badira irtenbidea, esan gabe doa erlauntza barruko tamaina eta distantziak berraztertu beharra dagoela, batik bat koadroen artekoa.

5,4 mmko erleetatik 4,9mmkoetara egin beharreko transtizioa ez da beti erreza izaten. Lehen belaunaldia 5,1 mmra txikiagotzen da eta bigarren urratsa behar da 4,9ra pasatzeko.

Badira bide honetan hurrengo urratsak eman eta laminarik erabiltzen ez dutenak beren erlauntzetan, erleei utziz lan osoa, izan erlauntz koadrodunak edo koadrorik gabeak.

Puntu guzti horietaz eta beste xehetasun askotaz (erlamando kopurua dela, Varroak zergatik kaltetzen duen gutxiago erle txikia, eta beste) informazioa bilatzekotan, hona erreferentzia funtsezkoak:

- La Palma Miel. Stephan Braun-en gunea, gaztelaniaz.
- Ed eta Dee Lusby-ren lanak eta bibliografia osoa. Bikote hau izan da erleen tamainaren inguruan informaziorik zabalena bildu eta praktikan urrats handienak egin dituena.
- Michael Bush-en gunea, erle txikiaz gain, informazio oso praktikoak erlezainarentzako. Berezia “erlezain alferraz” egiten duen aldarrikapena.
- The Aerodynamics of Bee Flight, Erlearen Aerodinamikaz informazio berezi eta oso interesgarria.
- Organic Beekeepers, erlezaintza biologiko edo organikoaz foruma Yahoo-n.
- Bee Source Forums, atal ugari dituen foruma; erlearen neurria denetan azaltzen da, baina batez ere erlezaintza organikoaren atalean.
- Hans Otto Johnsen Norvegiako erlezainaren informea: Varroaren eragina erle handien eta erle txikien artean, bere esperientzia.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan