2011-02-14
Artikulu interesgarria eskaini du Hernaniko Kronika egunkariak liztor asiatiko edo Vespa Velutinaz. Bi ataletan banatuta dator, oso argazki ikusgarriz horniturik. Batak Julian Urkiolaren esaldi bat dakar izenburu: "Julian Urkiola - Gipuzkoako Erlazainen Elkarteko lehendakaria: «Etxean bezala dago liztorra hemen: mendia, basoa, hezetasuna...»". Bigarrena: "Erleak hil, kumeei emateko".
Liztor asiatikoa Hernanin da
Erleak hil, kumeei emateko
«Erlea erdibi egiten du. Hankekin heldu, eta aurreko bi pintzekin zatitzen du, gero kumeei emateko». Julian Urkiola Epelen bizi den usurbildarrak azaldu dizkio xehetasunak Hernaniko Kronikari. Urkiola, Gipuzkoako Erlazainen Elkarteko lehendakaria da. Erleari buruz gehientsuena dakienetako bat izango da Urkiola, eta buru-belarri ari da, liztor asiatikoa geldituarazteko bideak bilatzen.
Hernanira iritsi da
Gipuzkoara iaz iritsi zen. 14 liztor kabi aurkitu dituzte Gipuzkoa ekialdean. Hernanin, Portu inguruan bota dute bat. Lasarte-Orian, 17 metroko alturan bilatu zuten beste bat. Agiñagan, Urnietan, Irunen... Bidasoa, Oarso, Donostia ingurura iritsi da, oraingoz, eta Nafarroan, Bortziriak eta Baztan ingururaino. Ez dirudi hortik pasa denik. Pirineoak gainditu ditu, 6 urte eta gero. 2004an iritsi zen Frantziara, Bordele ingurura, eta hegoalde osoa kolonizatu du, ordutik. Frantzian gogor saiatu dira, baina erremediorik ez dute bilatu.
Erlauntza ‘setiatzen’ dute
Liztor asiatikoak erle-hiltzaileak dira. Erleak airean harrapatzen dituzte, polenez karga-karga eginda datozenean, erlauntzara sartu baino lehen. Bi zati egin, eztena eta benenoa apartatu, eta kumeei eramaten dizkiete. Erlauntza baten aurrean 30 liztor jartzen badira, erleak ez dira ateratzen, bildurrez. Ondorioz, erlauntzako probisioak bukatzen zaizkie, eta goseak hiltzen dira. «Erlauntza setiatu egiten dutela esan liteke. Erleak ez dira ateratzen, eta goseak hiltzen dira». Gero, barrura sartu, kumeak hartu, eta euren kabira eramango dituzte. Kalteak izugarriak dira erlazainentzat. Frantzian erlauntza osoak galdu dira, eta beste asko erdira etorri. Erleak nola jokatuko du? Ez dakite erleak nola jokatuko duen. 40 miloi urteko historia du erleak, eta beti aurrera atera izan da. Baina erlazainek ez dakite noiz eta nola erremediatuko duten erleek arazo hau. «Badakigu, asiako erleak aurre egiten diola liztorrari. Defentsa metodoak garatu dituzte. Liztorrari banaka eraso beharrean, taldeka erasotzen diote; 100 erle, liztor baten kontra. Lurrera botatzen dute, eta 45º-ko beroa sortzen dute hegoei eraginez. Liztorra ito egiten da». Badirudi, Frantzian dagoeneko, erleak jokaera hori bera hartzen ari direla. Hemengo erleak nola jokatuko duen, ez dakite, oraingoz.
Erremedioa, liztorra ondo ezagutzea
5.000 liztor klase baino gehiago daude munduan. Liztor asiatikoa edo erle-hiltzailea da horietako bat. Vespa velutina nigritorax du izen zientifikoa. Hemengo Vespa crabro liztorra adinakoa da, 4-5 cm-koa, eta joera berdintsuak ditu. Txina, India, eta Indonesiakoa da Vespa velutina. Liztorrak nola jokatzen duen ezagututa, erremedioa bilatu litekeela uste dute erlazainek.
Liztor guztiak hil egiten dira, erreginak izan ezik
Liztor kabi batetik 10.000 liztor berri jaioko dira urtero. Neguan, denak hil egingo dira, eta erreginek bakarrik iraungo dute hurrengo udaberrira arte. Kabi bakoitzetik 10 erregina ateratzen dira. Horregatik, suposatzekoa da, Gipuzkoan 140 erregina inguru egongo direla, nonbait, lurrean edo enbor-zuloren batean, edo kabi zaharrean, negua pasatzen.
«Erreginen arteko borroka, laister hasiko da»
Udaberria ateetan dugu, eta erreginak laister esnatuko dira neguko lo-zorrotik. «Sahatsa loratu da; urritza ere bai, San Jose loreak, txikori-belarrak... mugitu dira. Liztorrak laister esnatuko dira. Esnatu, eta lehenengo, beren arteko borroka hasiko dute, lurralde bat harrapatzeko. Hamarretik bik edo hiruk egingo dute aurrera, eta kabi berriak egiten hasiko dira. Hor jo behar dugu euren kontra», dio Julian Urkiolak.
Kabiak detektatu, GPS bidez markatu, eta tranpa onak jarri
Erlazainek diote, erreginak kabi zaharraren inguruan egongo direla hibernatzen. Horregatik, kabiak GPS bidez markatuko dituzte, lehenengo. Gero, tranpak jarriko dizkiete inguruan, eta inguruko erlauntzetan. Eta saiatuko dira erregina guztiak harrapatzen, gero beranduegi izan litekeelako. Tranpa horiek oso sinpleak dira, oraingoz. Erlazainek Insalus botilekin egin dituzte tranpak: «Inbutu bat egin behar zaio. Sartu dadila, baina atera ez. Barrura sartzeko, ontzi barruan zerbeza, glukosa edo horrelako zerbait jartzen zaie». Etxean egindako tranpa horiek arazo bat dutela dio Urkiolak, «liztorrak sartzen dira, baina erleak ere bai, eta baita beste zomorroak ere. Selektiboagoa behar dugu». Horregatik, Diputazioari eskatu diote, tranpa selektiboagoa prestatzeko, liztorra bakarrik harrapatzeko. Hilabete gutxi barru hasiko da beraz, liztorren kontrako gerra.
Hiltzaileari, tranpa
Liztorra harrapatzeko tranpak eginak dituzte dagoeneko hemengo erlazainek. Iaz jarri zituzten proban. Barruan zerbeza, glukosa, edo tankerakoak bota, eta liztorra hara sartzen da. ‘Inbutu’ moduko bat egiten diote, sartu ahal izateko, baina atera ez. Eta barruan hiltzen dira. Arazo bat du: erleak eta bestelako zomorroak ere sartzen direla. Horregatik, tranpa selektiboagoak eskatu dizkiote Gipuzkoako Diputazioari.
Julian Urkiola - Gipuzkoako Erlazainen Elkarteko lehendakaria: «Etxean bezala dago liztorra hemen: mendia, basoa, hezetasuna...»
Globalizazioak ekarri omen du liztor asiatikoa Europara. «Bestela, ez zen inoiz iritsiko. Ez liztor hau bakarrik, baita landare edo animalia gehiago ere; orain sartzen ari dira. Adibidez, aurkitu berri dugu Agiñagan, beste liztor inbasore bat, arriskurik ez daukana, Sceliphron curvatum; munduaren beste muturreko liztor bat da, Vespa velutina bezala, eta esanguratsua da hona orain iristea. Europa osoan zabaldu da, eta Euskal Herrian lehenengo aldiz aurkitu dugu». Arrazoi bategatik edo bestegatik, kontua da, liztorra hemen dagoela, eta etxean bezala aurkitzen dela, klima honetan:  «han ere leku menditsuetan bizi da, baso eta hezetasun asko daukan lekuan. Paraje hau paregabea du bizitzeko».
Neguan, kabiak bistan
Negua iritsi denean hasi dira liztor kabiak aurkitzen. Orain agerian geratu dira, baina liztorra ez da orain iritsi, lehengo urtean baizik. Arbolan egiten du kabia, eta, osto-artean tapatuta egon dira, jendearen bistatik urruti. Kabi horiek hutsak daude, eta berriak egiten ekaina-uztailean hasiko dira erreginak. Erreginek, bakar-bakarrik egiten dute kabiaren hasiera. Zelulosa edo paperezkoa egiten dute (hemengo liztorrek bezala), eta lehenengo generazioa hortik jaiotzen da. Haiek jarraituko dute kabia egiten (70 cm luze eta 55 cm zabaleko pelota bat osatu arte). Erreginak arrautzak jarriko ditu 10.000 exagono txikietan (erleak bezalako exagonoak egiten ditu liztorrak; haundiagoak).
3 aldiz haundiagoa
Liztorra etsai gogorra du erleak, eta ez da gutxiagorako: hiru aldiz haundiagoa da (hemengo liztorra bezala), eta pintza indartsuak ditu aurrean (bi zati egiten du erlea horiekin). «Erleak etsai gogorra dauka aurrean. Ez dakigu nola erreakzionatuko duen. Erleak bi modutara jokatzen du. Batetik, informazio genetiko izugarria dauka: historian zehar tankerako arazoren bat izan badu, berriz berdin jokatuko du. Bestela, erremedioa bilatzen saiatuko da. Frantziakoak ari dira erreakzionatzen».
Hernaniko 300 erlauntzak arriskuan
Tranpak jarrita, eta erlearen erreakzioaren zain, erlazainak kezkatuta daude aurten zer gertatu behar duen. Hernanin, 14 erlazain badira, eta gutxi edo gehiago, 300 erlauntza inguru izango dira (erlauntza bakoitzak 50.000 edo 80.000 erle izan ditzake). Naparralden, Aparrainen, Uxokoerrekan, Epelen, Osiñagan, Akarregin, Jauregin... Polinizazioa erleek egiten dute, neurri haundi batean, eta beraz, epe ertainean, uzta eta produkzioetan antzeman liteke, etsai berriaren eragina.
Liztor hiltzailea
(Vespa velutina nigritorax)
Jatorria: Asia (India, Indonesia, eta Txina).
Generoa: Vespidae,
liztor haundia.
Tamaina handiena: 3 cm langileek eta 5 cm erreginak.
Itxura: beltza, ertz hori-laranjak. Hanka muturrak horiak. Aurrean bi pintza indartsu. Eztena, 6 mm-koa.
Abitata: leku menditsuak, baso eta hezetasun haundiko lekuak.
Kabia: lurretik 15 metrora egiten du, zelulosazkoa. 70 cm luze, 55 cm zabal. 10.000 liztor kabitzen dira.
Janaria: frutetako glukosa eta erleak ematen dizkiete kumeei.
Liztor alfareroa, arriskurik gabeko liztor kanpotarra
Liztor alfareroa ‘ontzigilea’, Sceliphron curvatum aurkitu du Julian Urkiolak Agiñagan, bere lurrezko kabi eta guzti. Espezie hau inbasorea da, ez da bertakoa, eta Euskal Herrian ez dute beste inon aurkitu. Egur zerra edo zerrategi baten ondoan aurkitu zuen Urkiolak. ‘Inbasorea’ da, Europako lurralde asko konkistatu dituelako, baina ez dirudi bestelako arriskurik duenik. Lurrez egiten ditu kabiak, 25 mm ingurukoak, lurrezko-ontzi itxurakoak ˆhortik bere izena. Armiarma hilak sartzen ditu ontzi barruan, kumeentzat jatena. Izatez, Asiakoa da (Kazajistan, Tayikistan, Kirguisia, Uzbekistan, Afganistan ekia, Pakistan, India eta Nepaleko iparrak). Europa osoa konkistatu eta gero, 1999an, Gironan aurkitu zuten, ustez pirineoetatik sartuta; geroztik, Aragon, Avila, Soria, Teruel, Valladolid, Burgos, Guadalajara, Madril eta Segovian aurkitu dute. Orain, Gipuzkoan.
© ARGIA.com