Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Guayakitarrak: eztiaren zibilizazioa Paraguayko oihanean

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Guayakitarrak: eztiaren zibilizazioa Paraguayko oihanean

2009-12-17

Haien lehen albistea Erland Nordenskiöld arkeologo eta antropologo suediarrak eman omen zuen 1929an (Eva Cranek The World History of Beekeeping and Honey Hunting erle-jakintzaren biblian kontatua da), Ameriketako indiarrez azterketa ugari egin zuenak. Hamar urte geroago, 1939an Jehan Albert Vellard antropologoak Gallimard-enean argitaratu zuen Guayaki-tarrak zabal sakon aztertzen zituen Une Civilisation du miel: les Indiens guayakis du Paraguay famatua.

Vellard hau, beranduago, gaur antropologia modernoaren aitapontekotzat jotzen den Claude Lévy-Strauss-en laguntzaile ibili zen honek Hegoamerikan barrena egin bidai gogoangarrian, zeinetatik sortuko baitzen "Tristes Tropiques" famatua. Baina ordurako urteak zeramatzan Vellardek Amerikako jatorrizko herriak aztertzen, haien artean biziz. 1931tik neskatiko indigena bat zeukan alabatzat, Marie-Yvonne Vellard, hau ere etnografian norbait izatera helduko zena.

Nordesnkiöldek eta Vellardek kontatua dutenez, Guayakitarrek ez zuten lurrik lantzen, ez txaluparik ekoizten enborrak hustuz. Zerabilten harrizko haizkora funtsean erle-habiak zulatzeko zen. Eztitik eta eztitarako bizi ziren Guayakitarrak, hortik haiek eman "Eztiaren zibilizazioa" definizioa.

Europarrek gure Apis Mellifera eztenduna haruntza eraman artean Ameriketan nagusi ziren Melipona erle txiki eztangabeen eztia biltzen zuten habiak zeudeneko zuhaitzetara igota eta jasotzen zuten argizariz inpermeabilizatutako otar handietan. Oso ezti mehea denez paraje haietakoa, hura manejatzeko esponja gisako bat usatzen zuten: palmondo berezi baten adaxkak ahoan murtxikatuz egina.

Hango ezkoak erretxin asko daukanez, oretu edo murtxikatu egiten zuten, ondoren su txikian beratu eta pilotatxotan bildu, behar zenean ostera urtzeko. Ezko horrekin babesten zituzten hezetasunetik Guayakitarrek ehizerako uztaiak eta geziak. Argizaria nahastuz zingiretako lokatzarekin fabrikatzen zituzten Guayakitarrek beren ontzi bakarrak, sutan egosi gabe.

Vellardek esplikatu zuen eztia zutela Guayakitarrek janari nagusi. Beste edozer falta zitekeen haien herrian, baina beti zegoen eztia eta ezkoa biltegietan. Talde batek kanpalekua lekuz aldatzen bazuen, arriskuaren beldurrez-edo, beti berekin eramango zituen eztia eta argizaria. Hona herri honen beste ezaugarri bat:  ezti-harrapaketa egiten duten beste herri gehienek ez bezala -ia denetan harrapatzaile gizonezkoek kontsumitzen baitute eskuratutako gozoa, emakumeei, zaharrei eta haurrei askorik utzi gabe- Guayakitarrek denen artean partikatzen zuten eztia.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan