Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Eva Crane hil da, erleetan munduko aditu nagusietakoa zena

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Eva Crane hil da, erleetan munduko aditu nagusietakoa zena

2007-09-17

Ingalaterrako Slough hirian hil da Eva Crane, erle jendeaz munduan gehien dakitenetakoa, 95 urtetan. Berak apalki komentatzen omen zuen adin horretara iristea eztiari zor ziola. Erlezaina ere bazen, jakintsuaz gain. Munduko 60 herrialdez goiti bisitatu zituen, erleaz gehiago jakin nahian, eta oso ezaguna zen. Liburu andana utzi du publikatuta -gehienak zahartzaroan- eta famatuenetakoa hau da: “The World History of Beekeeping and Honey Hunting” (Erlezaintzaren eta Ezti Harrapaketaren Munduko Historia). Eva Craneri zor diogu historia aurretik hasi eta Babilonia eta antzinako erresumetatik paseaz, zibilizazioak erlearekin izan duen loturari buruzko informazio asko. Bestalde, antzinako erlezaintza eta ezti harrapaketa tekniken gaur eguneko arrastoak bildu eta dokumentatzen ere denbora asko eman zuen, uste baitzuen -arrazoi osoz- berea zela teknika zahar horiek denak bizirik ikusi ahal izango zituen azken belaunaldia.

Eva Widdowson jaioa -abizen bereko ahizpa Elsie ere famatua izan da Britainia Handian, elikadura alorrean egindako lanengatik, eta janarien osaketaren entziklopedia eguneratuak nutrizionista horren izena darama- Mekanika kuantikoa eta fisika nuklearra ikasi zituen. Unibertsitatean irakasle lana eskuratu zuen 1941ean eta gerra betean ezkondu zen orduan armadan zegoen James Crane-rekin. Ezkontzarakoan, gonbidatuetako batek opari bitxia egin omen zien: erlauntza bat erle eta guzti, gerrako estualdietan -azukrea gutxi eta garesti zen orduan- laguntzeko.

Erlea ezagutzeko ikasketetan hasi, erlezainen aldizkarien harpidedun egin eta laster deitu zioten Britainia Handiko Erlezain Elkartearen zuzendaritzarako. 1949an International Bee Research Association fundatu zuen ikerketarako. 1960ko hamarkadatik aurrera Journal of Apicultural Research eta Bee World aldizkarien animatzaile izan zen. Historian erlezaintzaz eta erleaz publikatu diren liburu eta aldizkarien bilduma aberatsa antolatu zuen, eta berak utzitakoa da gaur ere data-base onena. Historiaurreko harpeetako arteak erleari eskaintzen zion lekuak liluratuta zeukan Eva, eta munduko herrialde asko bisitatu zituen irudion bila; “The Rock Art of Honey Hunters” publikatu zuen informazio horrekin 2001ean. Bere hil-oharra "The Independent egunkarian" argitaratu du Peter Marren-ek eta beste bat Douglas Martin-ek "The New York Times"en. 

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan