Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Erlekumea nola saihestu (1)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Erlekumea nola saihestu (1)

2009-04-14

Michael Bush da AEBetako erlezain ospetsuenetako bat. Erle txikiaren eta erlezaintza organikoaren alorretan erreferentzia da. Bere webgunean Bushek eskaintzen duen informazio aberatsetik hemen euskaratu ditugu “Swarm Prevention” atala eta”Esperiment in Swarm Control” atalaren zati bat.

Erlekumea sortzen da erregina zaharrak eta erleen multzo batek ihes egiten dutenean kolonia berri bat sortzeko. Erregina atera ondoren lehengo eultzan oraindik erle gehiegi baldin bada, erlekume gehiago atera daitezke, ernaldu gabeko erregina birjinekin batera alde eginez. Kofoin batek batzuetan eman dezake erlekume bat eta bi bino gehiago.

Gehienetan erlekumea botatzea txartzat jotzen da, erle galera eragiten duelako. Baina ondoren harrapatzen badituzu, zuretako saria izan daitezke, jakina baita erlekumeak azkar handitzen direla. Erleek horretarako joera dute, berezkoa dute eta. Antzina gauza ontzat zeuzkaten erlekumeak, erlategiak ugaritzeko aukera ematen dutelakoz.

Erlekumearen zergaitiak

Ohartu behar dugu erlekumea dela erle kolonia baten arrakastaren ondorioa. Adierazten du taldea ondo doala eta ugaritzeko adinako indarra daukala. Erleak berezkoa du kumea. Hala ere, erledunarentzako eragozpena izaten da, eta horregatik komeni da aztertzea zerk bultzatzen dituen erleak erlekumea botatzera. Bi motatakoak dira erlekumeak: ugalkortasunari dagozkionak eta kofoinetan erle ugariegi egoteak eragindakoak.

Jende gehiegigatikoak

Errezen gertatzen dena da eta edozein momentutan suertatu daiteke. Badirudi faktoreok lagundu dezaketela:
- Nektarra pilatzeko lekurik eza eta, ondorioz, ezti biltegitzat umeentzako habia erabili beharra. Nola saihestu daitekeen? Altxagarria ipinita.
- Eztia edo polena gainezka egotea ume habian, erreginari uzten ez zaiolarik arrautzak ipintzeko lekurik. Arazoa saihesteko: kendu eztiz betetako laukiak eta gehitu orrazerik gabeko lauki hutsak, horrela erleek lana dukete ezkoz abaraska egiten, erreginak lekua aurkituko du arrautzak erruteko eta talde guztiak toki gehiago aurkituko du umesabiaren inguruan pilatzeko.
- (...)
- Trafiko handiegia habian. Hori saiesteko: erlauntzari goiko aldean sarbide bat irekitzeak bidea erraztuko die bilketara joan-etorrian dabiltzan erleei, umeen habia zeharkatzen aritu beharrik gabe.

Oinarrian, altxagarriak ipintzen badituzu eta aireztatzea bermatzen, orduan saihestuko dituzu jende gehiegi egoteagatiko erlekumeak.

Ugaltzeko erlekumeak

Erleek helburu honen bila (ugaltzea bermatu nahian) aritu dira lanean azken negualditik: saiatu dira negura iristen nahikoa janari soberakin pilatuta, hurrengo udaberrian eztialdia baino lehen ugaritu eta erlekumea botatzeko, honek aukerarik onenak eduki ditzan ugaritu eta hurrengo negua gainditzeko.

Erlekumea ekiditeko askok uste du, oker, aski dela erlauntzari altxagarriak jartzearekin. Baina kumea bota egingo du. Bai, ondo dago eztia non pilatua edukitzeko khobainan lekua egitea, altxagarriek lagundu egiten dute, baina behin erleek erabaki dutenean taldea erdibitzea altxagarriek ez diete asmoa galeraziko.

Film honetan atzera egiten badugu, audaberria baino lehenagora, ikusiko dugu erleek neguan umealdi saio txikiak egin dituztela. Erreginak arrautza batzuk jartzen ditu neguazkenean eta erleak hasten dira horiek zaintzen, baina ez dute ume gehiago haziko lehenbiziko kolpeko horiek jaio eta atsedenaldi bat hartu arte. Ondoren beste saldo txikia haziko dute. Eta polena iritsitakoan, orduan bai, orduan ume gehiago haziko dute ugaritzeko asmoz. Metaturik daukaten eztia jaten ere hasiko dira. Honekin elikatuko dituzte umeak eta aldi berean erreginak arrautza gehiago errun ditzan lekua libratuko dute.

Erleek uste dutenean aski talde handia osatu dutela, ekingo diote berriro dena eztiz betetzeari, horrela erreginak ez dezan arrautza gehiago errun eta eztialdia oker baldin badator biltegiak osatuta edukitzeko ere bai. Bestalde, umeen habia eztiz betetzen doan heinean, orduan eta erle inude gehiago daude lanik gabe. Inude hauek hasten dira halako txirritxio bat egiten, erlategian gehienetan entzun ohi den burrunbatik oso bestelakoa. [Itzultzailearen oharra: Jean Pierre Duvoisinek “Laborantzako liburua”n (1958) honela dio hots honentaz: “Berorik handienean atherako da umea. Ezagun da aintzinetik noiztsu ilkhiko den; ordu hetan erleak gogotik kantatzen du”.]

Habiaren zati handiena eztiz bete dutenean, erleak hasten dira erregina berrientzako gelatxoak eraikitzen. Hauek estaltzeko garaia iritsi denean, erregina zaharrak alde eginen du erle mordo handi batekin. Erlekumea harrapatzea lortzen baduzu ere, ordurako erlaluntzan ume produkzioa geldituta dago eta gainera zatiketarekin erle asko galdu ditu. Nekez emango dizu eztirik erlauntza horrek. Gainera, oraindik aski erle gelditu badira, erlekume gehiago aterako dira erregina birjin banarekin.

Erleek iadanik deliberatua dutelako ez banaiz garaiz iristen erlekumea sortzeko prozesua gelditzera, erabakia eragotzi ezina denez, orduan neuk zatikatuko dut kolonia. Erregina-gelatxoak haustearekin ez da lortzen seguru badatorrena atzeratzea besterik eta sarritan, erreginarik gabe uzten da kofoina. Nire iritzian, horretaz gain, erlezaina erregina gelatxoak hausten hasterako gehienetan oharkabean erlekumea alde egina dago.

Konturatzen bazara erleak hasita daudela erlekumea egiteko ahaleginean, eztialdi nagusia baino pare bat aste lehenago, orduan hori saihesteko modu polita duzu erlauntza erdibanatzea: beste eultza batera eraman erregina zaharra gehi operkulatu edo estali gabeko ume-laukiak bat ez guztiak; lehengo erlauntzan bertan erreginarik gabe utzi ume estalia daukaten lauki guztiak, gehi arrautzez eta ume estali gabez betetako lauki bakarra, gainean altxagarria ipinita. Horrela eginda, gehienetan erlauntza zaharrak ez du kumerik botako, ez baitauka erreginarik, eta ageriko ume estali gaberik ere apenas. Erlauntza berriak ere ez du kumerik botako, uzta-biltzailerik ez daukalako. Operazio hau egiteko unea eztialdi edo loraldi nagusia hasi aurreko tartea da.

Nik erregina-gelatxoak dauzkan lauki bakoitza ipini ohi dut eztiz betetako laukiarekin bi laukiko nukleo banatan, horrela erregina onak eskuratu ahal izateko.

Baina, esan gabe doa, helburua da erlekumerik ez botatzea eta erlauntza erdibitu beharrik ez izatea (baldin eta ez baduzu nahitara zatitzeko asmorik, jakina), erlauntza sendoak edukitzea eta ezti gehiago eskuratzea.

Erlekumea egitea nola saihestu

Erlekumeak harrapatzea maite dut, baina nork dauka denborarik haiek noiz aterako zain egoteko ondoren harrapatzeko asmoz? Eta hainbeste denbora baldin badaukazu, erlekumeak saihesteko ere eduki behar duzu.

Hori da nik lortu nahi dudana. Gertakizunen katea etetea da kontua. Horretarako modu errezena ume habia nahitara bete gabe edukitzea da. Lortzen baduzu ume habia eztiz ez betetzea eta lan eragiten badiezu zereginik gabe dauden inudeei, orduan bai aldatu dezakezula erleen erabakia. Erlekumetu nahian ari direla ohartzen bazara, haiek erregina-gelatxoak egiten hasi aurretik, ipini itzazu lauki hutsak habian. Hutsak, bai. Argizarizko laminarik gabeak. Laukiak hutsik, deus gabe. Bat hemen eta bestea haruntzaxeago, tartean umea daukaten bi lauki utziaz.

Bestela esanda, honelako zera bat osatu behar duzu: BBHBBHBBHB (B dira lauki umez Beteak eta H lauki Hutsak). Zenbat lauki huts jarri, erle pilaren indarrak erakutsiko dizu. Erleek hutsuneok erlez bete beharra daukate, eta hala egingo dute: erle inudeak kokatuko dira hutsuneetan, txirikordatan bildu eta laster ezkoz abaraska eraikitzen hasiko dira. Erregina abao berri horietara joango da eta orrazeari sei milimetroko sakonera eman orduko bertan hasiko da arrauzak erruten. Orduan esan ahal izango duzu “habia irekitzea” edo “habia libratzea” lortu duzula. Urrats bakar batean lanean jarri dituzu
erlekumea prestatzen ari ziren erleak, hasieran argizaria egiten eta gero inudetzan;habia handitu ere egin duzu eta erreginari non errun eskaini diozu. Ez baduzu lauki hutsak sartzeko aski leku, orduan gehitu habiari altxagarri bat.

Prozedura honek badu alderdi on bat gehiago ere: berezko neurriko (erle txikiaren neurriko) ume habia eskuratu dugula.

Ez ahaztu erlekumerik bota ez duen erlauntzak askoz ezti gehiago ematen duela erlekumea bota duen beste batek baino.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan