Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Erleak txistuka menderatu eta erabili

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Erleak txistuka menderatu eta erabili

2008-05-18

Hilda M. Ransome antropologoak "The Sacred Bees in Ancient Times and Folklore" liburu zoragarria plazaratu zuen 1937an, berrikitan birrargitaratu dutena. Erudizioz betetako obra horretan, pasarte batean Ransomek aipatzen du zenbait herritan erlezainek erleak txistuka erabiltzeko omen zeukaten ahalmena. Zati hau euskaratu diogu ingelesetik.

"Batzuek uste izan dute Isaias profetak (Kristo aurreko VIII. mendean) pasarte honetan aipatzen  duela erleak erakartzeko txistuka aritzeko edo burrunba egiteko ohitura:

(Bibliaren gaztelerazko bertsiotik itzuli du blog honen egileak, euskarazkoa eskueran ez edukitzeagatik) 'Egun hartan Yaveh-k txistu eginen die Egiptoko ibai urrunetan dauden euli multzoei eta Asirian dauden erleei, eta etorri eta guztiak pausatuko dira lur gainean eta harrien artean'

Alejandriako Patriarka Zirilok, Kristo ondorengo 444. urtean hil zenak, beste tarte honetan idatzi zuen:

'Isaiasek irudi hori hartu zuen Asirian erlezainek zeukaten ohitura batetik, horiek bai baitzekiten nola deitu erleei beren erlauntzetatik atera eta atzetik jarrai ziezaieten. Ekialdeko ohitura oso ezaguna da, eta neuk ere nire begiz sarritan ikusi izan dut'.

Zalantza asko uzten ditu interpretazio honek. Hala ere esaten da Daniel Wildman ingelesak, Ekialdetik asko bidaiatu zuelarik, ahalmena zuela erlauntza osoak hezi eta erlekumeak nahi zituen lekura bidaltzeko. Europan zehar bidaiatu zuen eta arte hori erakutsi zuen hainbat Gortetan. Bere agindupean erlekume osoa pausatzen zen berak nahi zuen lekuan, berdin bere bizarrean, ilean edo edozein ataletan.

Esaten da Siberian ere badela erleei txistu egiteko ohitura, eta Eki Afrikan bada klan bat totemtzat erlea duena, zeinetako kideek dirudienez baibaitute erleei haien atzetik joanarazteko ahalmena"

Liburuaren azken atalean, honakoa kontatzen du Ransomek:

"Afrikan, erlea eta igela dira Nandi tribuaren totemak. Klan honetako gizonek erleak kontrolatu ditzaketela dirudi. Hollis jaunak Nanditarren kontakizuna egitean, aipatzen du behin bai berak eta bai bere garraio-gizonek ihesi joan behar izan zutela erleengatik, puskak atzean utzita. Nanditar bat saiatu zen haiek lasaitzen, esanez erlea beren totema zela eta erleak bereak zirela. Gainera esan zien Hollis eta bere gizonak zirela erasoaren errudun, aberaska zegoen zuhaitzaren azpian sua egiteagatik. (Nanditarrek erlauntzak zuhaitzetan zintzilikatzen dituzte). Gizona larrugorritan zegoen, baina joan zen puskak geratu ziren lekura bidean txistua joz. Erleak bere gainean pausatu ziren eta berak ez zuen inolako minik nozitu, baina txistuka segi zuen aberaska zegoen zuhaitzera joan arte. Minutu gutxiren bueltan itzuli zen eta guk gure pusken bila joan ahal izan genuen".

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan