Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Charles Henry Turner: erlearen ikusmena deskribatu zuen jakintsua

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Charles Henry Turner: erlearen ikusmena deskribatu zuen jakintsua

2008-01-07

Erleak koloreak nola ikusten dituen ezagutu izanaren meritua -beste aurkikuntza askorena bezala- Karl Von Frisch famatuari aitortzen zaio munduan, baina aurretik hori beste norbaitek lortua zuen: Estatu Batuetako ikerlari beltz batek. Herritar beltzek eskubide gutxi eta nekea frango jasaten zuten garaietan, lan zientifiko garrantzizkoa egin eta publikatu zuen Charles Henry Turner-ek. Von Frischek bere liburua -1923an- plazaratu baino dozena bat urte lehenago argitaratu zituen bere lehen aurkikuntzak Turnerrek.

Charles Henry Turner (1867-1923) ezagutzeko moduko gizona izan zen, eta bere ohoretan Charles I. Abramsom doktoreak gune hau dauka Interneten. Aita sakristaua eta ama erizainaren semea izanik, Chicagoko unibertsitatean doktore egin zen lehenbiziko beltz amerikanoa izan zen, eta "Science" aldizkarian artikulua publikatu zuen lehen beltz amerikanoa ere bai. Hala ere ez zuen goren mailako ezein ikastetxetan lanik lortu, eta erdi mailakoetan aritu zen, lanordu askoren truke gutxi kobratuz, baina gainera ikerketa funtsezkoak burutu eta plazaratzeko gai ere izan zen. Abereen eta batez ere xomorroen jokabidea ikertu zuen.

Inork gutxik ezagutzen duen arren, Turnerrek aurrerapen handia ekarri zion erleen ikusmenaz daukagun ezagutzari. 1910ean plazaratu zuen "Experiments on color-vision of the honey bee" Biological Bulletin aldizkarian. Egindako esperimentuen lehen emaitza hor erakutsi zuen. Ordura arteko literatura zientifikoa aztertu ondoren, Saint Louis -Missouri- hiriko parke batean burutu zituen ikerketak, margotutako kaxa, disko eta bestelakoekin, 32 esperimentu denetara. Ondorioztatu zuen erleek koloreak ikus ditzaketela, koloreok bereizi ere bai, eta gainera inguruaren "argazkia" memorizatzen dutela, garai hartarako oso aurreratua zen ideia.

Bigarren idatzi batean erakutsi zuen nola ikusi eta bereizten dituzten erleek irudien formak, horretarako beste 19 esperimentu eginik. Erleak denboraz daukan ezagutza ere ikertu zuen.

"Ni penatzen nau -idatzi du Abramsom-ek- ikusteak zein gutxi ezagutzen dituzten erleari buruzko idatziok animalien jokabidearen zientzilariek. Ez dut uste nire idatzi hau irakurriko dutenetatik bakar batek ere entzungo zutenik Turner irakaslearen izenik edo bere lanen berri. Erlearen jokabideaz ari garenean, orain arteko literaturan, ez Karl Von Frischek eta ez bere garaikideek inoiz ez dute Turner irakaslea aipatzen. Aldiz, Turnerrek aipatu zituen Von Frisch eta besteak. Ez da errez sinestea Von Frischek sekula Turnerren berri izan ez zuenik, badakigunean hau Europan ezagunagoa zela AEBetan bertan baino. Turnerrek idatziak 1910an eta 1911an plazaratu ziren, Von Frischenak baino hamar urte lehenago. Askok uste dute erleei
helburu bati buruz hegan eginaraztea, irudi edo kolore jakin baten aldera, hori 'Von Frisch' teknika dela. Baina literatura zientifikoan ondo begiratuz gero bat ohartuko da ez zuela Von Frischek asmatu. Onarpen eta ezagutza falta hau harrigarria egiten zaigu Turner irakasleari dagokionean".

Erleaz gain, beste xomorroak ere ikertu zituen, inaurriak adibidez. Eta alor horretako ikerlarien artean askotan izan da aipatua Turner. Horiez eta hegaztiez, denetara 70 idatzi zientifiko plazaratu zituen. Gainera, beltz amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimenduan parte hartu zuen eta aktualitatezko gaiez ere idatzi zuen.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan