Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Bernadette Darchen irakasleak laburbildu ditu Vespa Velutinaren kontra gaur dauden metodoak

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Bernadette Darchen irakasleak laburbildu ditu Vespa Velutinaren kontra gaur dauden metodoak

2011-08-25

Gaur 71 urte dituen emakume hau, Bernadette Delage-Darchen, Frantzian erleez eta batik bat txingurriez gehien dakiten zientzialarietakoa da. Dordoña-Perigord eskualdean, La Bugue herrian, berak eta beste batzuek antolatuta daukate Maison de la Vie Sauvage et Musée de la Paléontologie (http://www.tourisme-vezere.com/fr/fiche/Musees-Dordogne/Maison-de-la-Vie-Sauvage-et-Musee-de-la-Paleontologie/PCUAQU024FS0003J/?id_categorie=) museo famatua. Darchen andereak 15 minutuko video bat dauka egina Vespa Velutinaz: Dans l’intimité du frelon asiatique (http://albuga.free.fr/fr/avenir/vespa_velutina/article.html). Hemen euskaratu dugun artikulua Frantziako Santé de l’Abeille (http://www.apiculture.com/sante-de-labeille/) aldizkarian publikatu zen 2010eko abuztuan, titulu honekin: Le cycle annuel du frelon asiatique Vespa velutina - Ce qu’on peut en tirer pour essayer de le juguler (http://www.apiculture.com/sante-de-labeille/anciens_sommaires_2010.htm) (Vespa Velutina edo Asiako Liztorraren urteroko zikloa. Zer ikasi dezakegu hartaz liztorra akabatzen saiatzeko).

Bernadette Delage-Darchen Paris VI unibertsitateko irakasle ohorezkoa da. Berarekin egindako beste elkarrizketa bat, aspaldi Liberation egunkariak egina, irakur daiteke 1 (http://www.liberation.fr/sciences/0101169251-bernadette-darchen-59-ans-specialiste-des-fourmis-puis-avec-son-mari-des-abeilles-delaisse-parfois-ses-insectes-sociaux-pour-de-plus-grosses-betes-elle-a-reunit-une-etonnante-collection-de-naturalises) eta 2 (http://www.liberation.fr/sciences/0101169253-bernadette-darchen-son-musee-particulier) zatiotan. Ondorengo lerroetan, irakaslearen artikulua.

Vespa Velutina edo Asiako Liztorraren urteroko zikloa. Zer ikasi dezakegu hartaz liztorra akabatzen saiatzeko
.
Bernadette Darchen, Paris VI unibertsitateko irakasle ohorezkoa.
Ondorio praktikoak

Asiako liztorraren urteroko zikloaren analisi sakon batek ikusarazten dizkigu inbaditzaile honen ugaritzea mugatzeko modu batzuk.

Xomorro hori gure artean finkatu denez, ezingo dugu gehiago desagerrarazi. Noizbait aurkituko dira hartatik babesteko medioak, arrazionalak eta eraginkorrak, baina hori iritsi bitartean hona hemen martxan jarri ditzakegun erremedioak. Horretarako kontutan hartu ditugu tranpak jartzen ari direnen esperientzia batetik – erlezainena gehienbat- eta bestetik entomofauna [xomorroen ekosistema] babesteko nahia.
Laburbildu dezagun orain artean tranpen kontuan esandakoa.

I -. Tranpak
1.- Udaberrian: tranpak fundatzaileentzako

Noiz jarri: negu bukaeratik (sarritan otsaileko lehen egun epeletatik) apiril bukaera arte.
Nolako tranpak: liztorrentzako lehendik dauden tranpak, edota  besterik gabe ur botila plastikozkoekin egindako xinpleenak.
Beita edo karnatak: azukre eta alkoholdunak, esate baterako garagardoa + ziropea (granadaren ziropea modukoak) – emaitza onak sagar ziropearekin. Liztorrak erortzen direnean tranpetan, beita horiek hartzitu edo fermentatzen hasita, are hobeto funtzionatzen dute.
Tranpak non jarri: zuhaizpeetan (ahal bada haritzen gerizpean, lurretik 1,5-2,5 metrora edo erlauntzen tartean edo aurrean, edota erlategi inguruetan, eskualde bakoitzaren arabera).
Udaberriko tranpa jartze ez selektibo hau apiril bukaeran eten behar da [data hauek Dordoñako eguraldiari dagozkio].

2.- Udan: langile inudeentzako tranpak
Noiz jarri: liztor asiarrak erlauntzetara hurbiltzen hasten direnetik, normalean uztaila bukaeratik aurrera.
Nolako tranpak: udaberrikoak berak.
Beita edo karnatak: proteina dutenak. Onena arrain-haragia da, baina azkar usteltzen da eta orduan ez zaie erakargarria egiten. Alternatiba: katuentzako pate edo kroketak (arrainez eginak). Tranpan eroritakoan, liztorrak ezin dira atera barrutik eta bertan hiltzen dira (baina ito gabe). Erabat baztertu azukre-alkoholak, inguruko beste xomorroak ez izorratzeko.
Tranpak non jarri: erlauntzen inguruan, erleak zaintzeko. Erlauntzen tartean eta hauen altuera berean.

3.- Udazkenean: liztor heldu hegalariak harrapatzeko eta erlauntzen atariak zaintzeko tranpak
Noiz jarri: irail bukaeratik negu hasiera bitartean.
Nolako tranpak: aurrekoak berak.
Beita edo karnatak: berriro alkohola eta azukrea dutenak. Segun eta nola doan urtea, liztor asko erori daitezke tranpetan eta, aldiz, bestelako xomorroak gutxi.
Erlauntzen atari edo pikerak: udazkenean liztorrak erlauntzetan sartzen dira. Hori saihesteko, neguko atakak jarri, sarbidea 5,5 mm.ko altuerara mugatuz. Horrela erleak sartu-irten ahal izango dira baina erleak ez. Ez ahaztu neurri hau.

II Liztorren habiak suntsitzea
Banakako liztorrak tranpetan harrapatzeaz gain, habiak harrapatzea da (ahal denean) haiek suntsitzeko sistema eraginkorra; zeren eta, gure artean ezaguna den Vaspa Cabroren alderantziz, asiarrek gehienik kanpoan kokatzen baitute habia. Sistema bat baino gehiago erabiltzen da:
Habia ttikiak suntsitzea
Errez suntsitzen dira habia txikiak. Segun eta zein tamainatakoak diren, edo intsektizidaz igurtzi daitezke (liztorrak akabatzeko bonba bereziak badira oso erradikalak direnak) edo habiari sarrera itxi dakioke (paperez, kotoiz, belar iharrez, goroldioz, poliuretanoz…) eta ondoren intsektizidaz igurtzi. Beti ere, lantegi hori ilunabarrean berandu edo goizean oso goiz egin, liztor guztiak habian daudela segurtatzeko.

Habia ertain eta handiak suntsitzea

Liztor habia aurkitu duen jendeak, ez dakienez norengana jo, hauei deitzen die:
- Suhiltzaileei: hauek sartzen dute eskua beste inor okupatzen ez denean, baina baldintza batekin, habia leku arriskutsuan egotea inguruko jendearentzako (eskola baten inguruan, esaterako).
- Desinsektatzaile profesionalei: baina hauek eskua sartzen dute baldin eta beren ekipoa habiara ailegatzeko moduan baldin badago (batzuetan altuegi dago). Jende askok nahiago du hauei ez deitzea, pagatu egin behar zaielako. Eta orduan zer egin?
- Ehiztariak. Erlezain asko ehiztariak ere badirenez, habiak suntsitzeko modu bat antolatu dute orain artean oso emaitza onak eskaini dituena. Honatx: perdigoi oso txikizko kartutxoekin egin tiro habiari, txiki-txiki eginda lurrera erori arte. Baina hau lortzeko 4-9 fusil behar dira elkarrekin tiroka, ehiztari koadrila. Berrogei kartutxo inguru behar izaten dituzte. Ez da, beraz, bromako kontua. Ezin da egin ehiza baimenduta ez dagoenean. Eta hasi aurretik, herriko alkateari abisua eman behar zaio; gainera, leku egokietan egin daiteke, arriskutsua ez den tokietan. J. Quintois erlezain-ehiztariak [Perigord eskualdekok gizon batez ari da] 2009an 60 habia birrindu zituen bere koadrilarekin: batere istripurik gabe. Hau da, bestalde, habiak oso altuera handian (30 metro) daudean erabil daitekeen sistema bakarra.  Batzuetan lana lurrean bukatu behar da, erori diren zatiei intsektizida boteaz. Hori egitekotan, kasu eman behar da triku, mika, satain eta bestelako animaliekin, hondakinak jatera etor daitezkeenekin. Horregatik gomendatzen da habiaren azpian plastiko bat zabaltzea, eroritakoa hartan bilduta (batik bat intsektizida usatu baldin bada) ondoren erretzeko asmoa dagoenean.

Gas sulfurosoa
Teknika hau asko usatzen du Girondako Groupement de Defense Sanitaire des Abeilles GDSA elkarteak eta prestatua izan da aurre egiteko habien ugaritze izugarriari, askotan hiriguneetan.
Gas sulforosoa ardotarako upelak tratatzeko usatzen dena bera da. Usai nazkagarria du baina naturan ebaporatzen denez, ez du beste xomorroentzako kalterik.
Gas sulfurusoa ardogintzan usatzen denez nekazarien kooperatibetan eros daiteke [Perigord eta oro har Dordoña mahastiz beteta da, ardo famatuak dauzkate bertan] eta konprimitituta dago likido moduan balbulaz hornitutako boteiletan. Boteila irekitakoan, balbula likidoz betetzen da eta hau irekitakoan tubo luze berezi batetik botatzen da gas moduan.
Tuboa makila luze bati lotuta dago, tuboa eramateaz gain liztorren habia zulatzeko balio duena.
Gasa horrela sartzen da habian. Gasak oso hotz handia eragiten du eta liztorrak lokarrarazten. Gas dosi bat baino gehiago bota behar zaie, liztorrak esnatu ez daitezen. Xomorroak ondo “lokarrarazi” direnean, makilarekin habia erori arazten da lurrean jarritako plastiko baten gainera, dena zaku batean bildu eta ondoren erretzeko. Kontuz ibili, gerta daitekeelako liztorrak lokartuta besterik ez egotea. Beraz, ondo txikitu habia eta dena bildu. Makilatarako erabili daitezke leihoak garbitzeko usatzen diren kirten luze horietakoak; bata besteari lotuta hiruk 6 metro egiten dute. Makila hori baino luzeagoa balitz balantza egingo luke muturrean.
Beraz, sei metrotara dauden habietaraino iristen gara horrela. Gorago ere posible da, eskailera batez lagunduta! Traktore batek igoarazitako plataforma batetik ere egin daiteke. Udal askok daukate horrelako tresna bat.
Kalkulatu dugu sistema merke honekin suntsitu ditzakegula habia guztien hiru laurdenak. Gaur arte, teknika hauen erabiltzaileek ez dute istripu bakar bat jasan txikitu dituzten ehunka habiekin.

Vespa Velutinaren heldua
Hitz pare bat, amaitzeko, liztor honen helduez.
Xomorro hau ez da agresiboa habiatik irtenda patruilan dabilenean, hori esan behar da hasteko.
Aldiz, habiaren inguruan sortutako edozein nahasmenduk (bibrazioek) langileen erreakzio bortitza  eragiten dute; eta hauek egin dezakete bai heldu edota pozoia bota (kontuz begiekin!).
Liztor honen heldua oso mingarria da eta luzez irauten du (egun oso batez, esaterako). Heldu mordoxka bat nozituz gero, ospitalera jo behar da. Dordoñan pertsona bakar bat hil da honengatik, baina osasun ahuleko gaztea zen.

Liztor asiarraren kontrako borrokaren etorkizuna
Espero gabeko inbasio honi erantzun diogu –hau da, nagusiki erlezainek erantzun diote- ahal zen moduan, eskueran dagoenarekin sistemak asmatuz. Baina borroka metodoak hobetuko dira etsaiaren biologia gero eta hobeto ezagutzen dugun heinean. Denborarekin, lortuko dira modurik merketan bai denboratan eta bai dirutan. Aurkitu beharra dago erlategiak zaintzeko behar dena, eta horretan ari gara.

Lehen ahalegina, Véto Pharma laborategiak (http://www.vetopharma.com/) atera du aurten [2010ean] liztorrarentzako tranpetan erabiltzeko erakargarri bat, baita plastikozko tranpa hori-beltzak ere, Japonian Vespa Mandarinia harrapatzeko usatzen direnak. Gaurkoz esan dezakegu liztorren erakargarri hau ez dela Vespa Velutinarentzako oso berezitua, baina formula hobetu ahal izango da. [Ikusi produktu honetaz www.apivet.eu blogak emandako albistea: “Veto-Pharma va distribuer des pièges et des attractifs à frelons dans le cadre de la lutte contre Vespa velutina” (http://www.apivet.eu/2010/01/vetopharma-va-distribuer-des-pieges-attractifs-frelons.html)]

Bukatzeko, orain beren eskualdeetara bisitari berri hau iritsi zaien guztiei dedikatzen dizkiet bereziki informazio guztiok, probetxua aterako dietelakoan.

Berriro eskerrak eman nahi dizkiet informazioak eta muestrak pasatu dizkidaten erlezainei, haiei esker burutu ahal izan baitut ikerketa.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan