Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Azukre-hautsa astindu Varroak kanporatzeko, Randy Oliver-en sistema

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Azukre-hautsa astindu Varroak kanporatzeko, Randy Oliver-en sistema

2010-01-12

Kimikarik gabeko erlezaintza iraunkorraz Eric Osterlund suediarrak idatzitako informazio interesgarrien (ikus artikuluaren 1., 2. eta 3. zatiak) haritik tiraka,  beste erlezain garrantzia handiko batengana iritsi gara.  Randy Oliver-ek  ScientificBeekeeping.com gune aberatsa dauka sarean, bertan esplikatzen duelarik zehaztasun handiz eta argazkiz osatuta nola erabili azukre-hautsa Varroaren kontrako borrokan. Hartatik euskaratu dugu, laburtuta, "The Oliver 15-second sugar dust method" atala.

Randy Oliverren 15 segunduko azukre-hauts sistema

Honako materialak behar ditugu:
1.- Azukre-hautsa. Merkeago aterako zaizu auzoko okin-pasteleroari erosita.
2.- Katilu edo antoxina kirtenduna, gutxienez 100 gramo azukre-hauts kabitzeko adinakoa.
3.- Erletarako eskuila.
4.- Erlauntzaren luze-zabaleko sare estua, lau aldeetan zurezko markoa duena: goiko aldeko koxkak balioko du azukreak ertzetatik ihes egin ez dezan eta beheko aldekoak aberasken eta sarearen artean tartea uzteko, azukrea hobeto zabaldu dadin.
5.- Erlauntzak azpiko aldean oinarri sareduna eduki behar du, Varroak hortik kanpora eror daitezen.

Azukrea zabaltzeko teknika
1.- Erlauntza keztatu.
2.- Kanpoko eta barruko estalkiak kendu eta erlauntza bera keztatu.
3.- Sarea ipini aberaska gainean eta erlea pilatzen den koadroen goikaldean 100 gramo azukre-hauts ixuri; neurri sakonagoko umetegia baldin badauka (Dadant edo sakonagokoa) 200 gramo.
4.- Eskuilarekin azukrea iragazi sarean barrena, ondo zabalduz.
5.- Sarea kendu eta aberasken gainean geratu den azukrea eskuilarekin laukien arteko pasabideetatik eroriarazi.
6.- Tapak jarri berriro. 15 segundutan bukatu duzu lana.
7.- Varroak berehala hasiko dira erortzen. Erlauntzaren azpiko aldean lamina bat ezarri baldin baduzu vaselinaz igurtzia, ordu bete barru zenbatu ahal izango dituzu Varroak.

Hona zenbait ohar:
1.- Bada ezpada ere, hobe azukre gehitxo botatzea gutxitxo baino. Soberakinak azpiko saretik barrena eroriko dira.
2.- Txekeatu sistemaren martxa: ateratzen baduzu laukiren bat, erleek hautsez zurituta egon behar dute.
3.- Azukre-hautsa epelean eta lehor eduki behar duzu, pikorrik eta pinportarik osatu ez dadin.

Eztabaidatzeko kontu batzuk
Hain erreza eta merkea den sistema honetaz esperientzia zabala bilduta daukate erlezain askok eta ikerketa zientifikoak eginak daude berataz, azukre-hautsaren eraginkortasuna esplikatzen duen eredu matematikoa barne. K. Fakhimzadeh finlandiarrak 2000.ean demostratu zuenez, azukre-hautsa erasten zaio Varroari anka txikietan ("ambulacra" deitzen direnetan) eta hauek galtzen dute erlearen gorputzari itsasteko ahalmena. Gainera, Macedo eta Ellis-ek 2002an erakutsi zuten hauts honek handiagotu egiten duela erleek elkar garbitzeko duten joera.

Ikusten denez, azukre-hautsa metodo kimikoa baino gehiago mekanikoa da. Ez ditu Varroak hiltzen, baizik eta erleetatik askatu eta eroriarazi. Fakhimzadehen ikerketaren arabera, azukre gehiago usatzeak eragiten du Varroa gehiago erortzea eta teknika honek ez dauka ondorio kaltegarririk erlauntzako arrautzen eta kumeen dinamikan.

Azukreztatzearen inguruan arreta jarri behar da arazootan:
1.- Eguraldi ona aprobetxatu behar da, txarrarekin ezin da.
2.- Txingurriak erakar ditzake erlauntzara.
3.- Ezti garai betean usatzen baldin bada, erleen arteko lapurretarako irrika piztu lezake. Hori dela eta, hona Oliverren aholkua: azukrea botatzerakoan erlategiko kofoin guztiak zabaldu, eta horrela batzuk besteei lapurretan hastea ekiditen da.

Gainerakoan, erlezain batzuek diote azukreztatu ondoren komeni dela erlauntzak alboetan kolpeka astintzea, barruan hautsa hobeto zabaldu dadin.

Bestalde, noiz eta zenbat azukreztatu? Ez dago arau finko bat. Hona Oliverren gomendioa: Varroa asko baldin baduzu, astero bota azukrea. Gutxi baldin badaukazu, hilabetero. Badira gomendatzen dutenak udaberrian behin edo bitan azukreztatzea eta udazkenean beste bitan. Batzuen ustez une kritikoa udako eztialdiaren ondorengo asteetan datza, irailean, umeak ere gutxitu eta sortuko direnak negua gainditu beharko dutenak direnean.

Azukre-hautsaren eragina ondo ulertzeko

Azukre-hautsak (eta, egia esan, Varroak erauzteko beste edozein metodok) daukan eragina ondo neurtzeko, ezagutu behar da Varroaren populazio dinamika. Izan ere, erlezainen artean asko eztabaidatu da teknika honek emaitza onak eskaintzen ote dituen ala ez, horretarako erabiliz azukre-hautsa astindu ondorengo egunetan egingako Varroa kontaketak. Alegia: nola defenditu dezakezu azukre-hautsa astintzeak funtzionatzen duela, baldin eta ondorengo egunetan berriro Varroa mordoa aurkitzen baduzu?

Kontua da Varroa egun bakan batzuetan dabilela "foretiko" edo "foresis" fasean, hau da, egun gutxi batzuetan ikus dezakegula erlearen bizkarrean edo kopetan itsatsita. Aurreko egunetan erle jaioberriarekin egon da gelatxo barruan eta 5 egun foretiko horien ondoren berriro beste gelatxo batean sartuko da, erlearen arrautzaren edo puparen ondoan bere arrautza propioak erruteko. Egunak pasatakoan, erle berriarekin aterako da kanpora, berriro foretiko egongo da, hurrengo gelatxoa bilatu eta hartan sartu berriz arrautza gehiago erruteko... eta horrela lauzpabost aldiz.

Randy Oliverren kontuetan, azukre-hautsa astindu ondorengo lehen orduan Varroa foretikoen herena (1/3) erortzen da, eta denetara 24 ordutan %50. Jakina, biharamonetik agertuko dira Varroa berriak erle jaioberrien bizkarretan, eta gehiago ondoko egunetan. Orduan, non dago hobekuntza?

Bi esplikazio paralelo dauzka Oliverrek. Batetik, azukre-hautsa urteotan usatu duten erlezainen esperientzia. Horietako askok zera diote garbiki: aste batzuetan astero azukreztatzeak erlategian Varroak kopuru txikietan atxikitzen dituela eta hilero egiteak (edo maiztasun gutxiagoz, inkluso) maila jasangarrian mantentzen dituela.

Baina beste aldetik, Oliverrek eredu matematikoa osatu du gaiaren inguruan. Hona zer dioen hitzez hitz: "Osatu dut Varroa populazioaren ugaltze sinplearekin kurba bat (ikusi Oliverren grafikoa), hasita 100 Varroatatik eta eguneroko ugaltze tasa arrazoizko bat (Martin 1998) aplikatuta: %2,4. Ondoren azukreztatze bakoitzarekin hil ditut Varroa guztien 1/6 , zeren eta hiltzen baititut Martxotik Iraila bitartean (tratamenduen garaian) foretikoak diren 1/3en erdiak. Modelo hau gutxi gora beherakoa da, ez baititut kontutan hartu ez erlamandoen umekiak eta ez bestelako infestazio anizkoitzak, ez bestelako aldagaiak ere. Baina onartu beharra daukat harritu egin nintzela ikusirik zein hurbil dauden zifra hauek eta erlategietan neukan esperientziak erakusten zizkidanak.

Garbi esateko, azukre-hautsa astintzeak Varroa kontrolatzen duela demostratuta dago bai erlategietan ikusiagatik eta bai eredu matematiko honek erakusten duenagatik.

Azpimarratu dezadan irudian (ikusi berriro irudia) tratamendurik gabeko (grafikoan No Treatment) erleen kurbak erakusten duela Varroa kopuru hilgarria Irailaren hasiera ingururako. Martxotik hilero (grafikoan Monthly dusting) azukreztatzeak eredu honetan zorriak atxikitzen ditu 3.000 aleen azpitik eta hamabostero (grafikoan Twice monthly) azukreztatzeak 1.000ren azpitik: kopuru hau ontzat emango lukete osasungintzako agintari guztiek. Astero (grafikoan Weekly dusting) azukreztatzeak, berriz, Varroa kopurua hasierako zenbakietatik jaistea dakar.

Hori guztia gutxi baliz,  esan behar dut kurba horiek bajutik jotzen dutela azukreztatzearen eragina, zeren eta egia izanik ere aldi bakoitzean Varroa guztien 1/6 hiltzen duela, hildako zorriok baitira ugaltzeko moduan bizirauteko ahalmen gehien  zeukatenak. Hau da, Varroa iritsi denean foretiko izatera horren berezko hilkortasuna %0,6koa da eguneko, askoz txikiagoa gelatxotik lehenbizikoz atera berria den zorriaren aldean, honen hilkortasun tasa %20 edo %30ekoa baita (Martin 1998). Kofoin bateko Varroa guztien 2/3 gelatxo estalietan bizi dira eta horregatik ondo babestetuta edozein tratamendutatik, baina proportzio hori asko urrituko da baldin badakigu horien laurdena (%25) ez dela bizirauteko gai izango gelatxotik ateratakoan. Horregatik, zorri foretikoen mortalitatea garrantzia handiagokoa da hasiera batean kopuruak ikusirik pentsa litekeena baino.

Gogora dezagun, Varroaren populazio dinamika kontutan hartuta, zorri eme batek 2 edo 3 ugaltze ziklo osatu behar dituela baldin eta Varroak ugarituko badira inongo zainketarik gabe ikusten ditugun kopuru eta erritmoan. Azukre-hautsa astintzeak zorria garaiz akabatzen baldin badu, eme hori ez da gai izango ziklo horiek osatzeko. Azukrea astintzearen eraginkortasun harrigarria baliteke izatea zorri batek osatu ditzakeen ugalketa zikloen kopuruan daukan eraginagatik".




© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan